Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2004ko martxoaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Garraio eta Herri Lan Saila
1217

EBAZPENA, 2004ko otsailaren 9koa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, Mutrikuko portuko itsas sarbidea, Mutrikuko portuko plan berezia garatzeko proiektu-multzoa eta proiektu horien ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanak jendaurrera ateratzeko dena.

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren ustez, gure kostaldearen ezaugarri naturalek arras zailtzen badu ere, portuen arloko politikaren helburu baztertezina da portuek ahalik eta babes eta segurtasun ezaugarri onenak izan ditzaten behar diren inbertsioak egitea.

Ildo horretatik, beharrezko jotzen da Mutrikuko portuan ere behar bezala babesturiko itsas sarbidea eta ainguratzeko tokia, moila edo atrakalekutarako instalazioak, izatea, portuak orain arte bezain eraginkor izaten jarrai dezan, erabiltzaileen segurtasuna kinkan jarri gabe.

Esan beharra dago Mutrikuko portuaren bokalearen neurriak eta taxukerak, batetik, eta ekaitza denean kanpo aldeko itsaso gaiztoak, bestetik, ikaragarri zailtzen dutela portuan sartu eta bertan egotea, behin baino gehiagotan ezinezko ere gertatzen delarik.

Horiek horrela, Administrazio honek, azkeneko urteotan egindako azterlan teknikoen ondorio gisa, Mutrikuko portuko itsas sarbidea hobetzeko proiektua eta –egun hasierako onespeneko fasean dagoen– portuko plan berezian zehaztutako azpiegituren proiektu-multzoa idazteko lanari ekin dio, proiektu horiek gauzatuz gero arestian aipatutako egoera horri nolabaiteko aterabidea emateko eta aurrerantzean Mutrikuko portuaren garapen-bide izango diren oinarriak finkatzeko asmoarekin.

Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 11.1.e eta 7.g artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuaren 15.1.f artikuluan xedatutakoaren arabera, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariari dagokio portuetako obra eta instalazioen proiektuak onartzea.

Proiektu horiek izapidetzeari dagokionean, eta Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko azaroaren 24ko 27/1992 Legea erregelamendu bidez garatzen ez den artean, portuko agintaritzak burutu beharreko proiektuak Kostari buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 45. artikuluan araututako prozedurari, eta Lege hori garatzeko Erregelamenduaren 97. artikuluan eta horrekin bat datozenetan ezarritakoari jarraituz izapidetu behar dira. Erregelamendu hori abenduaren 1eko 1471/1989 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta proiektua onartu aurretik jendaurrean hogei egun balioduneko epean izan behar dela agintzen du.

Bestetik, eta Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen 21.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, portuak handitzeko proiektuek, portuen taxukera eta kanpo aldeko mugak nabarmen aldatzen badituzte, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana jaso beharko dute, eta, obraren garrantziagatik ingurumenean ere aldaketa nabarmenak eragiteko modukoak direnean, ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioaren prozeduraren mende egongo dira. Gainera, Kostari buruzko Legearen 42.2 artikuluak eta haren Erregelamenduaren 85.2 artikuluak ezartzen dutenez, proiektuan aurreikusitako jarduerek itsas eta lehorreko jabari publikoan aldaketa garrantzitsuak eragin dezaketela ikusiz gero, horren gaineko eraginen ebaluazio bat egin beharko da.

Ildo horretatik, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41.1 artikuluak ezartzen du, derrigorrezko izango dela ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluaziora jartzea lege horren I. eranskinean jasota Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu nahi diren plan eta proiektuak (publiko zein pribatu izan).

Lege horren 47. artikuluak ezartzen du, lege beraren I. eranskineko B.1.3 paragrafoan jasotako proiektuak egiteko, hau da, itsas eta lehorreko jabari publikoan oraingo azaleraren %50eko okupazioa edo handiagoa izango duten edo 5 Ha-ko okupazioa baino handiagoa izango duten portuetako hedapen edo sarbideak egiteko, proiektuek banakako ebaluazioaren prozedura bete beharko dutela eta ebaluazio hori ondorio lotesleak izango dituen ingurumenaren gaineko eraginen deklarazio batekin amaituko dela, eta kasu honetan halaxe da.

Ingurumenaren gaineko eraginaren banakako ebaluazioaren prozedura hori ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretuan dator araututa, eta 2. artikuluak xedatzen duenez, prozedura hori bete beharra daukaten proiektuek ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana jaso beharko dute (edukia artikuluan berean zehazten da), eta izapide hori dagoeneko burutu da. Alde horretatik adierazi beharra dago, ingurumeneko eraginaren ebaluazioa ikuspegi orokor eta integratu batetik egitea erabaki duela Administrazioak, eta hortaz bi direla jaso diren ingurumeneko eraginaren azterlanak: bata, portuko itsas sarbidea hobetzeko proiektuari buruzkoa, eta, bestea, plan bereziak aurreikusitako azpiegituren proiektu guztiak hartzen dituenaren gainekoa.

Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana dela eta, arestixean aipatutako Legegintzako Errege Dekretua betearazteko Erregelamendua onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuak 15. artikuluan berariaz xedatzen du azterlana, kasuan kasuko proiektua egiteko edo baimena emateko prozeduraren barruan eta proiektuarekin batera atera beharko dela jendaurrera, eta prozeduran ezartzen diren bestelako txostenak ere eskatu beharko direla.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak ikusirik, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzeko urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuak ematen dizkion eskumenak erabiliz eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 86.1 artikulua kontuan izanik,

EBATZI DU:

Mutrikuko portuko itsas sarbidea, Mutrikuko portuko plan berezia garatzeko proiektu-multzoa eta proiektu horien ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanak jendaurrera ateratzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hogei egun balioduneko epean proiektuen edukia dela-eta bidezko jotzen diren alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen.

Jendaurreko erakustaldian jarriko den espedientea honako agiri hauek osatzen dute:

1.– Mutrikuko portuko itsas sarbidea hobetzeko proiektua, Gipuzkoako Portuen Lurralde Zerbitzuak 2002ko otsailean egina.

2.– Mutrikuko portuko itsas sarbidea hobetzeko proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlana, IBERINSAk 2002ko otsailean idatzia.

3.– Mutrikuko portuko plan berezian jasotako azpiegituren proiektu-multzoaren ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana, Mutrikuko Kaiak aldi baterako enpresa-elkarteak 2003ko abuztuan egina.

4.– Mutrikuko portuaren zabalgunearen kanpoko dartsenaren proiektua, Mutrikuko Kaiak aldi baterako enpresa-elkarteak 2003ko irailean idatzia.

5.– Mutrikuko portuko Burumendi aldean hondartza berria eta igerilekua antolatzeko proiektua Mutrikuko Kaiak aldi baterako enpresa-elkarteak 2003ko irailean idatzia.

6.– Mutrikuko portuaren zabalgunearen barruko dartsenaren proiektua, Mutrikuko Kaiak aldi baterako enpresa-elkarteak 2003ko urrian idatzia.

7.– Mutrikuko portuaren zabalgunearen kanpoko dartsenaren proiektua, Mutrikuko Kaiak aldi baterako enpresa-elkarteak 2003ko irailean idatzia.

Ezarritako epe horretan Garraio eta Herri Lan Saileko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzan (Vitoria-Gasteiz, Donostia kalea, 1, Lakua I, 7.a) eta Gipuzkoako Portuen Lurralde Zerbitzuan (Donostiako Kaiko kaleko 23an) ikusi ahal izango dira agiriak, laneko orduetan.

Guztiek horren berri izan dezaten jakinarazten da.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 9a.

Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,

GUILLERMO GARATE URCELAY.


Azterketa dokumentala