45. zk., 2004ko martxoaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
1215
AGINDUA, 2004ko otsailaren 25ekoa, Kultura sailburuarena. Honen bitartez, beharrezko egokitzapenak egiten dira museoak sustatzeko eta kultur ondarearekin eta zabalkundearekin zerikusia duten museo-jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duen agindua 2004ko ekitaldian aplikatu ahal izateko.
Euskadiko aurrekontu-araubideari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren IX. Tituluan ezarritakoari jarraituz, abenduaren 23ko 317/2003 Dekretua eman zen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako laguntzak eta diru-laguntzak arautzen dituzten xedapen batzuen indarraldia luzatzeari buruz. Horren arabera, Jaurlaritzak, sailek eta erakunde autonomiadunek epeak, baldintzak eta eskakizunak egokitu ditzakete agindua 2004ko ekitaldian aplikatu ahal izateko.
2003ko ekitaldian, Museoak sustatzeko eta kultur ondarearekin eta zabalkundearekin zerikusia duten museo-jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duen Kultura sailburuaren maiatzaren 28ko Agindua eman zen (2003ko ekainaren 6ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 111. zka.). Beraz, bidezkoa da epeak eta baldintzak egokitzea agindu hori 2004ko ekitaldian aplikatu ahal izateko.
Ondorioz, hauxe
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
2003ko maiatzaren 28ko Aginduan zehaztutako laguntzetarako aurtengo deialdian parte hartu nahi duten pertsona edo entitateek agindu honek eragina sortzen duen egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak. Epea 2004ko apirilaren 6an bukatuko da.
Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari zuzendu behar zaizkio eta agindu honetako I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko dira, bertan zehazten den dokumentazioarekin batera, Kultura Sailean (Donostia-San Sebastián kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Kulturako Bizkaiko edo Gipuzkoako lurralde zerbitzuetan (Kale Nagusia 85 - Bilbo eta Andia 13 - Donostia-San Sebastián), zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetatik edozein erabiliz.
2. artikulua.– Ekonomi baliabideak.
Agindu honetako laguntzetarako, bostehun mila (500.000) euro erabiliko dira, EAEko Aurrekontu Orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-sailetik atereak.
Artikulu honetan jaso den guztirako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, eskatutako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak ahitu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da eta horren berri emango da Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen baten bitartez.
3. artikulua.– Datak eta epeak eguneratzea.
2003ko maiatzaren 28ko Aginduan 2002, 2003 eta 2004 urteei egiten zaizkien aipamenak aurtengo deialdian 2003, 2004 eta 2005 urteei egiten zaizkiela ulertuko da, hurrenez hurren.
AZKEN XEDAPENA
Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, agindu argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 25a.
Kultura sailburua,
MIREN AZKARATE VILLAR.