Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2004ko martxoaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1214

AGINDUA, 2004ko otsailaren 25ekoa, Euskadin Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko jarduerak garatzen dituzten antolakunde eta gizarte-mugimenduek helburu horrekin sustatzen dituzten ekimenei laguntzak emateko deialdia egin zuen Agindua 2004ko ekitaldian aplikatzeko egokitzen duena.

Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruzko lege-xedapenen Testu Bategina onartu zuen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren IX. Tituluan ezarritakoaren babesean, abenduaren 23ko 317/2003 Dekretua eman zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako laguntza eta diru-laguntzak arautzen dituzten zenbait xedapenen indarraldia luzatzeari buruzkoa. Dekretu horretan zehaztutakoaren arabera, Jaurlaritzak eta sail eta erakunde autonomoek aipaturiko xedapenak 2004ko ekitaldian aplikatzeko beharrezko diren betebehar, baldintza eta epeak egokitu ahal izango dituzte.

2003ko ekitaldian, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2003ko otsailaren 28ko Agindua eman zen, Euskadin Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko jarduerak garatzen dituzten antolakunde eta gizarte-mugimenduek helburu horrekin sustatzen dituzten ekimenei laguntzak emateko deialdia egin zuena (2003ko martxoaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 51 zk.); hori dela eta, bidezko ikusten da beharrezko diren betebehar eta epeak egokitzea, Agindu hori 2004. urtean aplikatu ahal izateko.

Horiek horrela, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak 2003ko otsailaren 28an emandako Aginduak Euskadin Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko jarduerak garatzen dituzten antolakunde eta gizarte-mugimenduek helburu horrekin sustatzen dituzten ekimenei laguntzak emateko deialdia egin zuen. 2004ko ekitaldian, Agindu horretan ezarritako laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten erakundeek, 2003ko otsailaren 28ko Aginduaren I. eranskinean ageri den eredu normalizatuaren arabera betetako eskabideak aurkeztu beharko dituzte, eskatutako agiriekin batera. Diru-laguntzak jasotzeko eskabide horiek Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzarako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan finkatutako bideetatik edozein erabiliz.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

2004ko ekitaldian bostehun mila euro (500.000 euro) emango dira Agindu honetan adierazitako laguntzetarako; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritakoaren kontura emango da diru hori.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena. – Administrazio-bideari amaiera ematen dion Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa ezar dezakete interesatuek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aurrean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzietako Salan, agindua aldizkari horretan argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko otsailaren 25a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala