Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2004ko otsailaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
738

AGINDUA, 2004ko urtarrilaren 28koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, 2003ko irailaren 29ko Aginduan zehaztutako hainbat debeku kendu dituena. Izan ere, agindu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko uretan itsaskiak biltzea, eta, alga eta arribazoiak hartzea debekatu zituen.

2002ko azaroan izandako istripuaren ondorioz "Prestige" petroliontziaren hidrokarburoek sortutako kutsadura dela-eta, ikerketa zientifiko eta teknikoak egin dira kutsadura horrek ur barruko arrantzari, itsaki-bilketari eta akuikulturari nola eragin dien aztertzeko.

Ikerlan horien arabera, gomendagarria da kautelaz eta zuhurtziaz jokatzea aurretik aipatutako ekintzei dagokienez. Hori dela-eta, besteak beste, 2003ko irailaren 29ko Agindua eman zen. Agindu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan itsaski-bilketari buruzko debekua zabaldu zen, eta alga eta arribazoi hartzea eta biltzea debekatu zen.

Nolanahi ere, kutsaduraren bilakaerari buruzko azken datuak eta kutsadurak arrantza mota horietan izandako ondorioak ikusita, bidezkoa da agindu honen bidez murriztapen horiek kentzea, muskuiluaren (mutilus edulis) kasuan izan ezik. Izan ere, muskuiluari buruz egindako ikerketa zientifikoen arabera, oraingoz ez da gomendagarria muskuilurik hartzea.

Beraz, agindu honen bitartez itsaski-bilketa eta alga eta arribazoi hartzea eta biltzeari buruz indarrean zeuden debekuak bertan behera geratu dira, aurretik aipatutako kasua salbu.

Horiek horrela, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– 2003ko irailaren 29ko Aginduan zehaztutako debekuak kentzea, muskuiluari buruzkoa izan ezik (mutilus edulis). Debeku horrek indarrean jarraituko du harik eta kontrakorik xedatu arte. Izan ere, agindu horren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko barruko uretan itsaski-bilketari buruzko debekua zabaldu zen, eta alga eta arribazoi hartzea eta biltzea debekatu zen.

Bigarrena.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta beraren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtso aurkeztu ahal izango diote Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2004ko urtarrilaren 28a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SAENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala