Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

7. zk., 2004ko urtarrilaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
137

AGINDUA, 2003ko abenduaren 9koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, "euskal antzara" hegazti-arrazaren arauketa zehatza onesten duena.

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuak, Euskal Herriko bertako abere-arrazei eta hauek sustatzeaz arduratzen diren erakundeei buruzkoak, Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Katalogo Ofiziala ezarri zuen, eta arraza-estandarrak onesteko oinarrizko baldintzak ere bai, besteak beste. Gainera, Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Kontseilua sortu zuen.

Dekretu horrek 3.2 artikuluan dioenez, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu baten bidez zehatz-mehatz arautu behar dira dekretuan aipatzen diren arrazak, bertan adierazten den moduan arautu ere; beste alde batetik, 4. artikuluan, arrazen araudiek izan behar dituzten oinarrizko edukiak finkatzen ditu, eta azkenik, 6.3 artikuluan, Arrazen Kontseiluari eginkizun hau ezartzen dio, beste batzuen artean: aginduzko txostenak egitea Katalogoan sartutako arrazen araudi zehatzei buruz eta haien aldaketei buruz.

Horrenbestez, eta Euskal Herriko Bertako Abere-Arrazen Kontseiluarekin bat etorrita, honakoa

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– "Euskal antzara" hegazti-arrazaren araudi zehatza onestea, agindu honen eranskinean dagoena.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko abenduaren 9a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA
"EUSKAL ANTZARA" HEGAZTI-ARRAZAREN ARAUDI ZEHATZA
1.– ARRAZAREN EREDU EDO ESTANDARRA.

1.1.– Arrazaren definizioa.

Arau hauetan zehazturiko arraza-ereduarekin bat datozenak hartuko dira "euskal antzara" hegazti-arrazakotzat.

1.2.– Arrazaren barietateak.

Ez dago barietaterik "euskal antzara" hegazti-arrazan.

1.3.– Arrazaren ezaugarri morfologikoak.

1.3.1.– Ezaugarri orokorrak.

Ezaugarriei eta itxura orokorrari dagokienez, lepaperik eta mototsik gabeko antzara da, sabelaldeko poltsak ondo garatuak dituena.

Lumajea ugaria, sarria eta estua du bizkarraldean eta bularraldean, baina ez hainbeste ipurtxuntxurrean eta izterretan.

1.3.2.– Ezaugarri zehatzak.

a) Burua:

Burua sendoa eta nahiko handia da, bekokia apala, burezurra biribila. Masailak nahiko estuak dira, eta arrakala leuna dute; begien parean hasten da, begi azpian du sakonerarik handiena, eta bi barailen artean berriro nabarmentzen da.

Mokoa ertaina da, ondo finkatua, beheko aldea laburtxoagoa du, goiko aldeak bekokiarekin lerro zuzena egiten du eta punta kakoa du. Mokoaren kolorea laranja argia da, puntan arrosa-zurixka.

Begiaren irisa gaztaina-kolorekoa da, eta begi-sarea, laranja argia.

Lepoa luzera ertainekoa da, emearena laburragoa. Ia erabat zilindrikoa, baina oinarrian apur bat zabalagoa burezurrarekin lotzen den muturrean baino. Tente darama eta gorputz-enborrean ondo sartuta dauka.

b) Gorputz-enborra:

Gorputz-enborrak forma biribilak ditu eta eite apur bat goratua.

Bizkarraldea gehiago da zapala biribila baino.

Bularraldea zabala da, biribila, ondo betea eta gutxi goratua.

Sabela nahiko zabala da, bularraren luzapen modukoa, eta ondo garatutako poltsa bikoitzean amaitzen da. Poltsa biak tamaina berekoak dira eta lurretik gutxienez lau hazbetera daude.

Buztana nahiko laburra da, apur bat altxatua eta zertxobait irekia.

c) Gorputz-adarrak:

Hegoak estuak eta luzeak dira. Ez dute buztan-punta gainditzen, baina apur bat gurutzatzen dira buztanaren gainean.

Izterrak ezkutuan daude eta tamaina ertainekoak dira.

Tartsoak proportzionatuak dira, ertainak eta nerbiodunak, laranjak, lau behatzekin. Behatzak luzera ertainekoak dira eta behatzarteko mintzaz lotuta daude. Mintza ere laranja da.

Eraztunen diametroa: 27 mm sexu bietan.

d) Lumajearen kolorea:

Burua, lepoa, bularraldea eta hegoen gainaldea grisak dira.

Lepoa eta burua gris ilunagoak dira bularraldea baino.

Hego gainetako lumek zerrenda ilunagoak osatzen dituzte, beste zerrenda estuago eta argiago batzuekin txandakaturik. Arraun-luma sekundarioek ere horrelako zerrendak osatzen dituzte, baina hauek bizkarraldearen lerroari jarraitzen diote eta hego gaineko zerrenden perpendikularrak dira. Bularraren alboetan ere badaude zerrendak. Sabelaldearen hasieran nabarmenagoak dira eta paparorantz igo ahala lausotu egiten dira erabat deuseztatu arte.

Sabelaldea eta buztana zuriak dira.

e) Neurriak:

"Euskal antzara" arrazak Europa hegoaldeko antzara-arraza ertainen tamaina du.

f) Pisua:

Antzara arrak 7-9 kg-ko pisua du, eta emeak 6-8 kg-koa.

g) Beste batzuk:

Arrautzek gutxienez 160 g-ko pisua izan behar dute eta oskola zuria dute.

1.3.3.– Izaera eta portaera.

Ibilera bizkorreko antzarak dira, itxura dotorekoak baina apur bat txaparroak.

Ez dira oldarkorrak.

1.3.4.– Ezaugarri baztertzaileak.

Oro har, ezaugarri baztertzailetzat hartuko dira tara hereditario edo malformazio fisiko nabari guztiak, eta arrazarenak ez diren ezaugarriak.

2.– ABEREEN SAILKAPEN MORFOLOGIKOA.

2.1.– Kalifikaziorako baremoa.

Arraza-estandarraren betekizunen arabera, puntuazioaren bidez egingo da kalifikazio morfologikoa. Eskualde anatomiko bakoitzari puntu bat emango zaio gutxienez, eta hamar gehienez, ondoko baremo honen arabera:

Kalifikazioa Puntuazioa

Ezin hobea 10 puntu

Bikaina 9 puntu

Oso ona 8 puntu

Ona 7 puntu

Onargarria 6 puntu

Nahikoa 5 puntu

Onartezina 5 puntu baino gutxiago

Baloratu beharreko edozein eskualderi 5 puntu baino gutxiago emanez gero, aberea deskalifikatu egingo da, gainerako eskualdeek lortutako puntuazioa kontuan hartu gabe.

2.2.– Kalifikatu beharreko alderdiak eta haien ponderazioa.

Jarraian adierazten da kalifikatu behar diren alderdiak zein diren. Haietariko bakoitzerako, gainera, ponderazio-koefizientea adierazten da.

Eskualde bakoitzari esleitutako puntuazioa bider eskualdeari dagokion koefizientea egingo da, ondoko taularen arabera, eta hala aberearen behin betiko puntuazioa lortuko da:

Koefiziente biderkatzaileak

Kalifikatu beharreko eskualdeak Arrak Emeak

Burua eta lepoa 1,5 1,5

Sorbalda eta soinkurutzea 1 1

Bularraldea eta saihetsaldea 1 1

Bizkarraldea eta gerrialdea 1 1

Zerra eta buztana 1 1,5

Gorputz-adarrak eta hanka-jarrera 1,5 1,5

Sexu-ezaugarriak 0,5 0,5

Izaera eta itxura orokorra 2,5 2

Guztira 10 10

Azken puntuazioa horrela lortuta, abereak kategoria hauen arabera sailkatuko dira:

Kategoria Lortutako puntuak

Ezin hobea 100

Bikaina 91 - 99,99

Oso ona 81 - 90,99

Ona 75 - 80,99

Onargarria 70 - 74,99

Nahikoa 60 - 69,99

Eskasa 55 - 59,99

Txarra 55 baino gutxiago

3.– GENEALOGIA LIBURUA ETA ERREGISTRO LIBURUA.

3.1.– Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 2. artikuluko e) eta f) idatz-zatietan ezarritakoaren arabera, "euskal antzara" arrazaren Genealogia Liburua erregistro liburuetatik hartutako datuez osatuko da.

Euskal Autonomia Erkidegoan "euskal antzara" arrazaren hazkuntzan diharduten hegaztizainetako bakoitzak erregistro liburu bat izango du eta bertan jasoko du bere haztegian jaiotzen diren antzaren zerrenda.

Gainera, hegaztizainek eraztun bana jarriko diete "euskal antzara" arrazako antzarei, zenbaki banarekin.

3.2.– Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 5.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, dekretu horren arabera ofizialki onartuak diren sustapen erakundeei baimena eman ahal izango zaie, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez, genealogia liburuak kudeatzeko, ebazpenean bertan adierazten den eran.

4.– ABEREEN ONARPENA ETA KALIFIKAZIOA.

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 6.4 artikuluan eta azken xedapenetariko bigarrenean ezarritakoaren arabera, Genealogia Liburuaren Batzordeak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:

a) Arraza katalogatuaren Genealogia Liburuan animaliak inskribatzeko eskabideak aztertzea, araudi zehatz honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.

b) Animaliak kalifikatzea. Batzordeak bere eginkizun hori pertsona eskudunei eman ahalko die, beti ere berak gainbegiraturik.

c) Kalifikatutako animaliak onar daitezela erabakitzea, bidezkoa bada.

d) Genealogia agiriak ematea; eginkizun hori onarpen ofiziala duten erakundeen esku utzi ahalko du.

e) Genealogia Liburuaren funtzionamenduari jaramon egitea eta gorabeherak konpontzea.


Azterketa dokumentala