149. zk., 2003ko uztailaren 31, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4441
AGINDUA, 2003ko uztailaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleei sail honetaz kanpoko prestakuntza-jardueretan parte hartzen laguntzearren, hainbat motatako banakako diru-laguntzetarako deialdia egiten da.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, GARATU programaren urteko planen bitartez, etengabeko prestakuntza-jarduerak sustatzen ditu, jardunean dauden irakasleak espezializatzeari, prestatzeari eta eguneratzeari begira lehentasunezkotzat jotzen baititu.
Sail honek sustaturiko edo diruz lagundutako eskaintza osatzeko, egokitzat jotzen da banakako diru-laguntzetarako deialdi hau egitea, jardunean dauden irakasleei prestakuntza-jardueretan parte hartzen laguntzearren. Sailaren sustapenik edo diru-laguntzarik ez badute ere, horrelako jardueren bidez irakasleak hobeto prestatzen dira eta horrek, azken batean, hezkuntza-sistema eta ikasleei eskainitako irakaskuntzaren kalitatea hobetzea ekartzen du.
Arlo horren inguruan dabiltzan erakundeek eskainitako jarduerak, irakasleak etengabe prestatzekoak, ugariak direnez eta irakasleen interesak ere desberdinak direnez, bidezkotzat jotzen da irakasleen kidegoak diru-laguntzez nola baliatu zehazteko sistemaren bat arautzea, jarduera-motaren arabera. Sistema horri jarraiki ezarriko dira eman daitezkeen gehienezko diru-kopuruak; hori dela bide, laguntzak hobeto banatu eta jasotzaileen arteko txandakatze egokiagoa lortu nahi da.
Horregatik guztiagatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legeko testu bategineko VI. tituluko xedapen gehigarrietan zehaztutakoarekin bat (testu hori azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen bidez onartu zuten, eta titulu hori, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko dirulaguntzak arautzeko da), honako hau
XEDATU DUT:
DEIALDIAREN XEDEA ETA
LAGUNTZA-MOTAK
1. artikulua.– Banakako diru-laguntzetarako deialdia egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleentzat, 2002ko urriaren 1a eta 2003ko irailaren 30a bitartean amaitu diren edo amaitzen diren prestakuntza-jardueretan parte har dezaten. Horretarako, 464.000 euro emango dira.
2. artikulua.– Prestakuntza-jarduera zein den eta non garatzen den kontuan hartuta, diru-laguntzak honela sailkatzen dira:
A.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoetan edo pribatuetan, dagokion titulazio akademikoa lortzeko aukera edo dagozkion gaiak irakasteko gaikuntza ematen duen edozein ikasketa-mota egiteko laguntzak.
B.– Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntzako jarduerak egiteko laguntzak, baina A multzoan sartu ez direnak (ikastaro laburrak, biltzarrak, etab.).
C.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo, baina Espainian, prestakuntza-jarduerak egiteko laguntzak. Lehentasunik ez dutela jotzen da.
D.– Espainiatik kanpo, baina Europar Batasuneko kide diren estatuetan, prestakuntza-jarduerak egiteko laguntzak, eta INEBI 8-12 edo INEBI 12-16 hezkuntza berriztatzeko proiektuetan parte hartzen duten edota ikastetxe eleaniztunetan plaza duten irakasleek egindako eskaerek dute lehentasuna
3. artikulua.– Aurreko artikuluan adierazitako laguntza-moten arabera jaso daitezkeen gehieneko diru-kopuruak hauexek izango dira:
A multzoko laguntza	600 euro	
B multzoko laguntza	400 euro	
C multzoko laguntza	900 euro	
D multzoko laguntza	2.000 euro	
4. artikulua.– Laguntzak bateraezinak dira beren artean, eta, beraz, ezin daiteke laguntza bat baino gehiago jaso deialdiko eta pertsonako. Bateraezinak dira, gainera, beste bideren batetik jaso litekeen beste edozein laguntzarekin, hots, europar programetakoekin eta bestelakoekin.
BETEBEHARRAK
5.– artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko erregimen orokorreko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan –edozein mailatan eta motetakotan, prestakuntza-zikloetan izan ezik– lantokia duten irakasleek eska ditzakete laguntza horiek, baita ikerketari eta irakaskuntzari laguntzeko zerbitzuetan beren funtzioak betetzen dituzten irakasleek ere (Hezkuntzako Ikuskaritza, Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroak, Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea, Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegiak, Itsuen Baliabidetegiak, Iraleko zentroak eta Euskal Girotze Barnetegiak), baldin eta hurrengo baldintzak betetzen badituzte:
a) Jarduera egin bitartean, eskatzaileak lehen aipatutako edozein ikastetxetan jardutea irakasle.
b) Eskatzaileak antzeko beste prestakuntza-jarduerarik eskurago ez izatea.
c) Eskatzaileak parte hartzeko moduko eta Hezkuntza Administrazioak berak antolatutako beste antzeko prestakuntza-jarduerarik ez izatea edo, antolatu bada, eskabidea aurkeztu baina onartu ez izatea.
d) Eskatzaileak egiten duen lanarekin edo espezialitate-arloarekin zuzeneko lotura duen prestakuntza-jarduera izatea
Ondorio horietarako, egonkortasun-akordioetan sartuta dauden bitarteko irakasleek eta, ikastetxeko plantilla berrantolatu beharra dela-eta, ordezkapenak egin behar izan dituzten karrerako funtzionarioek azken bi ikasturteetan jardun-eremutzat izan dituztenak alegatu ahal izango dituzte, beti ere egoera hori egiaztatzen badute.
e) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jarduera antolatzen duen erakundeari diruz lagundutako jarduera ez izatea.
f) Prestakuntza-jarduera 2002ko urriaren 1a eta 2003ko irailaren 30a bitartean –bi egunak barne– amaitzea.
g) Ekitaldia lanorduetan egin beharrekoa bada, horretarako baimena izatea.
h) Jarduera-programaren helburuak bat etortzea Sailak curriculum-arlo bakoitzeko ezarri dituen helburuekin.
i) D motako jardueretan, egiten den prestakuntza-jarduera ikastaroa bada, diru-laguntza jasotzeko, baldintza hauek bete behar dira:
Gutxienez bi asteko iraupena izatea.
Metodologia edo metodologia eta hizkuntza lantzea.
Gutxienez astean 20 eskola-orduko iraupena izatea.
DEIALDITIK KANPO GELDITZEA
ETA DIRU-LAGUNTZEN ZENBATEKOA
6. artikulua.– 1.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira jarduera egiteko denboraldian ikasketa-lizentzia duten irakasleak.
2.– Horietaz gain, ezin izango dituzte A motako diru-laguntzak eskuratu eskatutako espezialitateari dagokion egokitzapena duten irakasleek, herri-ikastetxeetan irakasten badute, eta lanbide-prestakuntza bera daukatenek, ikastetxe pribatuetatik badatoz.
3.– Era berean, deialditik kanpo geratuko dira prestakuntza-jardueren eskabideak, Prestakuntza Proiektuen deialdiko baldintzak betetzen badituzte eta ikastetxe bereko hainbat irakaslek aurkezten badituzte. Orobat, deialditik kanpo geratuko dira ikastetxe itunduen elkarteen/federazioen deialdian onartutako prestakuntza-jarduerei dagozkien eskaerak.
4.– D motako jardueretarako, azken bi ikasturteetan (00/01 edo 01/02) atzerrian antzeko laguntzaren bat jaso duten irakasleak kanpoan geratuko dira.
7. artikulua.– 1.– Laguntzagai den kopurua kalkulatzerakoan, matrikula, izen-ematea, joan-etorriak, mantenua eta ostatua hartuko dira kontuan hurrengo irizpide hauen arabera:
a) Matrikula edo izen-ematea oso-osorik kontabilizatuko da, baina matrikularen kopuru horretatik, gainditzen ez diren irakasgaiei dagokien matrikulako zatia kenduko da.
Tituluak edo prestakuntza-jardueretako materiala emateagatik ordaindu beharrekoak ez dira inolaz ere laguntzagai izango.
b) Joan-etorriei dagokienez, lantokiko herriaren eta prestakuntza-jarduera egiten den herriaren arteko garraio-kostua joko da laguntzagai. Gastua garraio publikoko txartelean oinarrituz edo kilometro bakoitzeko 0,10 euro ordainduko dela kontuan izanik kalkulatuko da, eta bi horietatik txikiena dena ordainduko da. Ekitaldia gauzatzen den herri berean bizi direnei ez zaie garraioagatik lagunduko.
Laguntzagai izango den gehieneko bidaia-kopurua:
Laguntzagai izango den bidaia-kopurua honako hau da, laguntza-motaren arabera:
A mota: gainditutako ikasgaien kredituen bi halako izango da.
B mota: jardueraren ordu-kopurua bostengatik zatitzearen zatidura osoa izango da.
C mota: bidaia bat.
D mota: bidaia bat.
c) Mantenua C eta D motatan baizik ez da laguntzagai izango, eta 20 euro emango dira jarduerak irauten duen egun bakoitzeko.
d) Ostatuari dagokionez, benetan sortzen den gastua joko da laguntzagai, baina gau bakoitzeko gehienez 36 euro emango dira (gau bakoitzeko 48 euro Europar Batasuneko beste estatu batzuetan egindako jardueretarako). Ostatu-gastuek, laguntzagai izateko, ezinbestekoak izan behar dute, hau da, eskatzailearen bizitokitik edo lantokitik ekitaldia egiten den lekuraino dagoen tarteak hala eskatu beharko du. Eguneroko garraioko edo ostatuko gastuen artean, txikiena ordainduko da. Ostatuagatik diru-laguntzan ordainduko diren egunak, gehienez ere prestakuntza amaitu bitartekoak eta bat gehiago izango dira.
8. artikulua.– 1.– Jasoko den diru-laguntza, gehienez ere, laguntzagai den guztiaren %100 izango da, 1. eta 3. artikuluetan ezarritako mugak betez.
2.– Eman beharreko laguntzen zenbatekoaren guztizkoak aurrekontuko baliabideak gaindituz gero, kenketa proportzional bat aplikatuko zaio eman beharreko laguntza bakoitzari. D motako lehentasunezko jardueretarako, kenketa proportzionalaren ehunekoa erdia izango da, beste jarduera batzuenaren aldean.
ESKAERA EGITEKO PROZEDURA
9. artikulua.– Eskaera I. eranskinaren arabera bete behar da, eta honako agiri hauekin batera aurkeztu behar da:
a) Jardueraren deialdia, gutxienez honako xehetasun hauek bertan jasota: erakunde antolatzailea, jardueraren izenburua, hasiera- eta amaiera-egunak, tokia, matrikula-saria eta egitaraua zehatz-mehatz azalduta. Balio akademikoko ikastaroetan ez da dokumentazio hori aurkeztu beharrik izango.
b) Jardueran (jardunaldietan, biltzarretan, ikastaroetan…) parte izanaren ziurtagiriaren fotokopia. Ikasturte osoko unibertsitate-ikasketa bukatuak, diplomaturak eta hizkuntza-eskola ofizialetako ikastaroak kalifikazio-ziurtagiri akademikoen bidez egiaztatuko dira.
c) Matrikularen frogagiria, ordainketaren jatorrizko frogagiriarekin edo frogagiri horren fotokopia konpultsatuarekin batera.
d) Garraio publikoa erabiltzen bada, bidaiaren gastuaren frogagiria.
e) Ostatuko gastuen jatorrizko faktura.
f) Norberaren iritzi-txosten laburra (orri batekoa edo bikoa), jarduera nola gauzatu den azalduta.
g) Ikastetxeko idazkariaren ziurtagiria, zuzendariaren oniritzia izan behar duena, II. eranskinaren arabera egina, edo aurtengo ikasturteko koadro pedagogikoaren kopia, idazkariak behar bezala alderatua, eta, behar izanez gero, prestakuntzako jarduerak 5. d artikuluak zehaztutakoa betetzen duela frogatzen duen egiaztagiria. Laguntza-zentroetako irakasleek zuzendariaren ziurtagiria aurkeztu behar dute, Pedagogia Berrikuntzarako lurraldeburuaren oniritziarekin batera.
Hezkuntzako Ikuskaritzan lanean aritzen diren irakasleek dagokien barrutiko buruaren ziurtagiria, Ikuskaritzako lurraldeburuaren oniritzia behar duena, aurkeztuko dute; ziurtagiri horretan, prestakuntzako jarduera 5. d artikuluak zehazten duenarekin bat datorrela egiaztatuko da.
h) Deialdi honetara aurkezten den jarduera hori bera egiteko beste inongo laguntzarik jaso ez dela dioen zinpeko adierazpena.
i) Jarduera lanorduetan egiten bada, bertan parte hartzeko baimena ematen duen agiri idatzia aurkeztu behar da.
10. artikulua.– Eskaera behar bezala beteta, goian adierazitako agiriekin batera, 2003ko urriaren 6a baino lehen —egun hori barne hartuta— aurkeztu behar da eskatzailearen lantokiko Pedagogia Berrikuntzarako Lurralde Burutzan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan.
Aurkeztutako eskabidean hutsuneren bat edo zehaztugabetasunik atzematen bada, interesdunari eskatuko zaio zuzen dezala hutsune hori edo aurkez dezala nahitaezko dokumentazioa hamar eguneko epearen barruan; orobat, ohartaraziko zaio, hori egin ezean, eskabideaz etsi egin duela joko dela; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko da aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legearen 71.1. artikuluak ezarritakoari jarraituz.
EBAZTEKO PROZEDURA ETA DIRU-LAGUNTZA ORDAINTZEA
11. artikulua.– 1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du deialdiaren behin-behineko ebazpena. Horretarako, batzorde batek aztertuko ditu eskabideak eta ebazpen-proposamena egingo dio zuzendari horri. Honako hauek izango dira batzorde horretako kideak: Irakasleen Hobekuntzako Administrazio Ataleko burua, batzordeburu-lanetan, Pedagogia Berrikuntzarako lurraldeburuak edo haien ordez doazenak, Irakasleen Hobekuntzako Administrazio Ataleko beste bi funtzionario eta irakasleen ordezkariak, baina, betiere, unibertsitatekoak ez diren irakasle publikoentzako hitzarmenaren baldintzak betez.
2.– Behin-behineko ebazpenak Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan emango dira ezagutzera urriaren 31 baino lehenago, eta guztietan honako xehetasunak jasoko dira:
a) Laguntza ematea bidezkoa bada, eskuratuko den zenbatekoa.
b) Laguntza ematea bidezkoa ez bada, laguntza ez emateko izan den arrazoia.
c) Falta diren agiriak, hori izan bada ebazpenik ez hartzeko arrazoia.
3.– Ebazpen horien aurka, erreklamazioa jarri ahal izango zaio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari 10 egun balioduneko epean, ebazpena jakinarazten denetik.
12. artikulua.– 1.– Behin-behineko ebazpena argitaratu eta handik hilabetera hartuko du behin betiko ebazpena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak. Behin betiko ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, eta honako hauek adieraziko dira:
a) Laguntza ematea bidezkoa bada, eskuratuko den zenbatekoa.
b) Laguntza ematea bidezkoa ez bada, laguntza ez emateko izan den arrazoia.
2.– Ebazpen horiek ez dute administrazio-bidea agortzen, eta horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntza sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita.
3.– Azaroaren 30a baino lehen ebazpenik emango ez balitz, aurkeztutako eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal da.
13. artikulua.– Behin betiko ebazpena eman ondoren egingo da diru-laguntzen ordainketa, dena batera.
14. artikulua.– Jasotzaileak diru-laguntza eskatu eta eman zen helbururako erabiltzen ez badu, diru-laguntza emateko zergatia izan zen jarduera burutzen ez badu, finkaturiko xedeetan erabili duela justifikatzen ez badu, edo, modu batera edo bestera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan, agindu honetan edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako eginbeharrak betetzen ez baditu, jasotako diru-kopurua itzuli egin beharko du, baita sortutako lege-interesak ere. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan eman diren diru-laguntzen bermeak eta itzulketak arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakundeen baldintzak, araubidea eta eginbeharrak finkatzen dituen Dekretuan ezarritako prozedurari jarraitu beharko dio. Hori guztia, bidezkoak izan daitezkeen gainerako ekintzen kaltetan joan gabe. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Lehenengoa.– Lehen artikuluan deialdi honetarako jarritako guztizko diru-zenbatekoa aldatu egin daiteke, ebazpenak erabaki aurretik, eskatutako laguntza-kopuruaren arabera eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste diru-laguntzen programetan erabili gabe geratzen den dirua kontuan hartuta. Kasu bakoitzean Hezkuntza sailburuordeak eman beharko duen ebazpena EHAAn argitaratuko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du. Haren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bigarrena.– Prozedura-gaien inguruan Agindu honetan ezarri ez den guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea hartuko da aintzat.
Hirugarrena.– Agindu hau garatzeko eta erabiltzeko behar diren jarraibide guztiak emateko baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari.
Laugarrena.– Agindu hau argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2003ko uztailaren 16a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
ANJELES IZTUETA AZKUE.
I. ERANSKINA
ESKAERAREN EREDUA. BANAKAKO DIRU-LAGUNTZAREN ESKAERA. 2003. URTEA
NORBERAREN DATUAK
Abizenak: 	
Izena: 	NAN: 	
Bizilekua (helbidea): 	Telefonoa: 	
Herria: 	Posta-kodea: 	Herrialdea: 	
BANKUKO KONTUAREN KODEAK
Erakundea	Bulegoa	KD	Kontu-zenbakia	
															 						
ZEIN JARDUERA EGITEKO ESKATZEN DEN DIRU-LAGUNTZA
n A.–	Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateko ikastaroak egiteko.	
n B.–	Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntzako jarduerak egiteko.	
n C.–	Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo, baina Espainian, prestakuntza-jarduerak egiteko.	
n D.–	Espainiatik kanpo, baina Europar Batasuneko estaturen batean, prestakuntza-jarduerak egiteko.	
	 Lehentasuna BAI n EZ n
PRESTAKUNTZAKO JARDUERARI BURUZKO DATUAK
Izena: 	
Egunak: Hasiera: ../../.. Amaiera: ../../.. Guztizko orduak:
Erakunde antolatzailea: 	
Tokia: 	
ADMINISTRAZIO- EDO LAN-EGOERA
n 1.– Karrerako edo praktikako 	n 5 – Sare pribatuko lan-kontratu mugagabeko
funtzionarioa	 langilea
n 2 – Sare publikoko lan-kontratu 	n 6 – Sare pribatuko aldi baterako lan-kontratuko
mugagabeko langilea	 langilea
n 3 – Egonkortasuna duen bitarteko funtzionarioa	n 7.– Beste batzuk (zehaztu)
n 4 - Egonkortasunik ez duen bitarteko funtzionarioa	
LAGUNTZAGAI DEN KOSTUA
Matrikula eta hilerokoak: 	 euro
Mantenu-egunak: .... x 20 euro) 	 euro
Ostatua: .... gau x 36 euro (48 euro atzerrian) 	 euro
LAGUNTZAGAI DENA, GUZTIRA 	 euro
HONEKIN BATERA AURKEZTUTAKO AGIRIAK
n Jardueraren deialdia edo ikasketen ziurtagiria	n Ikastetxearen ziurtagiria, II. eranskinari jarraiki	
n Jardueran parte hartu izana egiaztatzeko ziurtagiria	n Norberaren iritzi-txosten laburra	
n Matrikularen ordezkagiria, ordainketaren 	n Baimena, jarduera lanorduetan egiten bada.
frogagiriarekin batera		
n Ostatu-gastuen jatorrizko faktura	
Behean sinatzen duen honek hitz ematen du gorago agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla, eta deialdi honetara aurkezten duen jarduera egiteko ez duela beste inongo laguntzarik jaso.
.......................(e)n, 2003ko ...............(a)ren ....(e)an
	Eskatzailearen sinadura
HEZKUNTZA BERRIZTATZEKO ZUZENDARIA
II. ERANSKINA
IKASTETXEKO IDAZKARIAREN ZIURTAGIRIA
IKASTETXEAREN DATUAK
Izena: 	Kodea: 	
Helbidea:	Telefonoa: 	
Herria: 	Posta-kodea: 	Herrialdea:	
Ikastetxe-mota ............. Publikoa n Pribatua n
Nik,
EGIAZTATZEN DUT
1) ......................................................... jauna/andrea (NAN-zk.: .................) jardunean dagoela irakasle ikastetxe horretan, eta bere administrazio-egoera edo lan-egoera honako hau dela:
n 1.– Karrerako edo praktikako funtzionarioa
n 2 – Sare publikoko lan-kontratu mugagabeko langilea
n 3 – Egonkortasuna duen bitarteko funtzionarioa
n 4 – Egonkortasunik ez duen bitarteko funtzionarioa
n 5.– Beste batzuk (zehaztu)
2) 2002-2003 ikasturtean ikasgai hauek eman dituela, ondoren zehaztutako orduetan eta mailetan:
IRAKASGAIAK	MAILAK	ASTEKO ORDUAK	
			
			
			
			
			
			
.......................(e)n, 2003ko .................(a)ren
O.E.
Ikastetxeko zuzendaria	
Idazkariaren sinadura eta ikastetxeko zigilua