133. zk., 2003ko uztailaren 8a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
3997
137/2003 DEKRETUA, ekainaren 24koa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan dauden eta I. eranskinean zerrendatu diren Estazio Megalitikoak Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko eta babes-araudia ezartzeko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2000ko maiatzaren 19ko Ebazpenaren bitartez (ekainaren 12ko EHAA, 110.zk.–a) I. eranskinean zerrendatutako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Estazio Megalitiko bakoitza Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Hasiera emate honek babestu beharreko ondasunen deskripzioa baino ez zuen egin.
Gero espedientea Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 12.1 artikuluak ezartzen dituen ezaugarriekin osotu zen, hau da, zegokion mugaketa eta babes-araubidea. Halere, zenbait monumenturen zenbaki eta kokalekuei buruzko akatsez ohartuta, hauek zuzendu, eta Estazio Megalitiko batzuei buruzko datuak osatu ziren ere. Horrela, behin osotua, espedientea jendaurrean jarri eta interesdunei entzunaldia eman zen, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2001eko otsailaren 5eko Ebazpenaren bidez (martxoaren 5eko EHAA, 45.zk.), aipatu den Legearen 11.artikuluaren arabera.
Azken ebazpen honen aurka honako hauek alegazioak aurkeztu zituzten: Soraluze-Placencia de las Armas-ko eta Urnietako Udalek, Gipuzkoako Partzuergoak, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Kontsumo saileko Energia Zuzendaritzak eta Eólicas de Euskadi enpresak.
2003ko apirilaren 8ko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bidez (maiatzaren 2ko EHAA, 84. zk.) alegazioei erantzuna eman zitzaien, espedientean zegozkion aldaketak egin ziren, eta geratu zen espedientea jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapidetza egin zen.
Jendaurreko informazioaldia eta interesduna entzuteko izapideak burutu dira, eta 2003ko maiatzaren 22an Eólicas de Euskadi enpresak alegazioak aurkeztu ditu. Bertan aurretik egindakoetan berresten da. Alegazioa hauek aipatu den 2003ko apirilaren 8ko Ebazpenaren bidez erantzuta direla irizten da. 2003ko ekainaren 12an, epetik kanpora, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Kontsumo saileko Energia Zuzendaritzak txosten bat aurkeztu du. Hau ikusirik, babes erregimenaren 8.c.1 artikulua zehaztu egin da.
Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik eta Kultura sailburuaren proposamena kontuan hartuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko ekainaren 24ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– I. eranskinean zerrendatzen diren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan diren Estazio Megalitikoak, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea.
2. artikulua.– Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako ondasunaren deskripzio formala egitea, dekretu honen II. eranskinean agertzen den moduan.
3. artikulua.– Dekretu honen III. eranskinean agertzen den babes-araubidea onestea.
4. artikulua.– Ondasunaren mugaketatzat dekretu honen IV. eranskinean agertzen dena hartzea.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Kultura Sailak Gipuzkoako Estazio Megalitikoak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitutako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.
Bigarrena.– Kultura Sailak Jabego Erregistroari dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Era berean, interesdunei, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari eta ondorengo udal eta erakundeei jakinaraziko zaie: Abaltzisketa, Aduna, Aia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Andoain, Antzuola, Aretxabaleta, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Beizama, Berastegi, Bergara, Bidegoyan, Deba, Donostia-San Sebastián, Elduain, Elgoibar, Errenteria, Errezil, Eskoriatza, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaztelu, Getaria, Hernani, Hondarribia, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Leintz-Gatzaga, Lizartza, Enirio-Aralar Mankomunitate Batasuna, Oiartzun, Oñati, Orio, Gipuzkoako Partzuergoa, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoa, Segura, Soraluze-Placencia de las Armas, Tolosa, Urnieta, Usurbil, Villabona, Zaldibia, Zegama, Zerain, Zestoa, Zizurkil eta Zumarraga.
Hirugarrena.– Kultura Sailak aipatu diren udalei eskatuko die udaleko hirigintza-araudia Monumentu Multzoen babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2. artikuluan ezarritakoa betez.
Laugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Monumentu Multzoen mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanetarako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko da. Baimen hori, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarritakoa betez, udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, interesdunek, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, dekretu hau azkenengoz argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean.
Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2003ko ekainaren 24an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Kultura sailburua,
MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.
I. ERANSKINA, ekainaren 24ko 137/2003 Dekretuarena, Gipuzkoako Lurrralde Historikoan dauden eta I. eranskinean zerrendatu diren Estazio Megalitikoak Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko eta babes-araubidea ezartzeko dena.
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOAN KOKATUTAKO ESTAZIO MEGALITIKOEN ZERRENDA
1.	AIZKORRIKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
2.	ALTZANIAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
3.	ANDATZAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
4.	ARALARKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
5.	ARATZ-ALSASUAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
6.	ATAUN-BURUNDAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
7.	BELABIETAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
8.	BRINKOLA-ZEGAMAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
9.	ELGEA-ARTIAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
10.	ELOSUA-PLAZENTZIAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
11.	ERNIOKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
12.	IGELDOKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
13.	IGOIN-AKOLAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
14.	IRUARRIETAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
15.	IZARRAIZKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
16.	JAIZKIBELGO ESTAZIO MEGALITIKOA.
17.	KURUTZEBERRIKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
18.	MEAGAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
19.	MURUMENDIKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
20.	OIARTZUNGO ESTAZIO MEGALITIKOA.
21.	ONYI-MANDOEGIKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
22.	ORKATZATEGIKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
23.	OTSABIO-ZARATEKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
24.	PAGOETAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
25.	SATUI-ARROLAMENDIKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
26.	TXORITOKIETAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
27.	UDALA-INTXORTAKO ESTAZIO-MEGALITIKOA.
28.	URKITAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
II. ERANSKINA, ekainaren 24ko 137/2003 Dekretuarena, Gipuzkoako Lurrralde Historikoan dauden eta I. eranskinean zerrendatu diren Estazio Megalitikoak Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko eta babes-araubidea ezartzeko dena.
ESTAZIO MEGALITIKO BAKOITZAREN BAKARREKO DESKRIBAPENA
1.– AIZKORRIKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Oñati, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoa.
Monumentuak: 10.
Funtsean Urbian kokatzen bada ere Estazio Megalitiko hau, bere osagai batzuk erdigunetik aldentzen dira. Gipuzkoako lurralderik altuenak dira, baina bertako trikuharriak 1.100 metro inguruan kokatzen dira, salbuespen batzurekin.
Egun Gipuzkoako artzaintza jarduera gehien duen eremua da. Artzaintza larrez-larre burutzen den jarduera bezala ulertzen da.
Maiz agertzen dira eta leku askotan silexko materialak solte, Urbia inguruan garai hartako jardueraren adierazgarri.
10 elementu edo osagai kokatzen ditugu hemen: 6 trikuharri, menhir bat eta hiru tumulu.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak dira:
– Aizkorritxo, Artzanburu, Gorostiaran Mendebalde, Kalparmuñobarrena, Pagarreta eta Pagobakoitzako trikuharriak.
– Gorostiaran Ekialde, Malla eta San Adriango tumuluak.
– Zorrotzarriko Menhirra.
2.– ALTZANIAKO ESTAZIO MEGALITIKOA
Udalerriak: Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoa, Gipuzkoako Partzuergoa, Idiazabal, Segura, Zegama.
Monumentu kopurua: 8.
Alde batetik Ursuaran eta Oria ibaiek eta beste aldetik Otzaurte eta Altzania ibaiek mugatutako estazioa da. Lurra hareharria da eta 800 metro inguruan kokatzen da, 8 monumentu megalitiko biltzen dituelarik bertan.
Estazio honetakoak dira ondorengo monumentu megalitikoak:
– Bidaarte I, Garagarza, Otsaarte, Tartaloetxeta, Trikamuñoota, Zorroztarri eta Etxegarateko trikuharriak.
– Bidaarte IIko tumulua.
3.– ANDATZAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Aduna, Aia, Andoain, Donostia-San Sebastián, Usurbil, Zizurkil.
Monumentu kopurua: 11.
Estazio Megalitiko hau 11 monumentuk osatzen dute, denak trikuharriak direlarik Andatza IIIko kutxa izan ezik. Beraien altuerak txikiak dira, itsasotik gertuago dagoen kokapen bati dagokion moduan. Kokatuta dauden lurraren materiala hareharrizkoa da.
Trikuharrietako batzuetan eskabazioak burutu dira, materiale litiko interesgarria lortuz.
Estazio honetakoak dira ondorengo monumentu megalitikoak:
– Andatza I eta II, Arkutxa, Beldarrain, Belkoain, Karramiolotz, Loatzu I eta II, Olaiko eta Zarateko Bentako trikuharriak.
– Andatza IIIko kutxa.
4.– ARALARKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Abaltzisketa, Amezketa, Ataun, Enirio-Aralarko Mankomunitatea, Lazkao, Zaldibia.
Monumentu kopurua: 27.
Trikuharriak edukitzeari dagokienez mendirik garrantzitsuena da. Gaur egun Gipuzkoako artzantza gunerik aberatsena da. Hemen aurkitu zen 1879an gipuzkoar lehen trikuharria eta hemen burutu ziren baita ere multzo megalitikoen lehen eskabazioak. Estazio honetan daudenetako zati haundi bat Nafarroako muga administratiboan aurkitzen da, nahiz eta gipuzkoar lurretan zenbateko haundi bat ere badagoen.
Estazioko megalito kontzentrazio haundiena mendiaren mendebaldeko eremuan agertzen da, hogeiren bat elementu direlarik bertan.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Aranzadi, Argarbi, Arraztarangaña, Ausokoi, Ausokoi II, Erremedio, Igaratza ipar eta hegoalde, Jentillarri, Labeo, Matxitxane, Txotxeta, Uelogoena ipar eta hegoalde, Uidui, Uidui II, Urritza eta Zearragoenako trikuharriak.
– Igaratza eta Larrondoko tumuluak.
– Arrubi, Atauru Gañe, Igaratza III, Irazustako Lepoa, Jentillarri, Saltarri eta Supitaizko menhirrak.
5.– ARATZ-ALSASUAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Gipuzkoa eta Arabako Partzuergoa.
Monumentu kopurua: 2.
Estazio honetan Arrobigaña eta Atxuko Aldaiko trikuharriak soilik daude.
6.– ATAUN-BURUNDAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Ataun, Idiazabal, Gipuzkoako Partzuergoa.
Monumentu kopurua: 14.
Idiazabaldik Lizarrauztira iristen den mendia da Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga eratuz. Luzetarako eremu proiekzio haundi bat izan arren ez du inoiz 1000 metrotik gorako kotarik lortzen. Sailkatzeko elementu kopurua 14koa bada ere, estazio hau egoki adierazteko Nafarroako mugetan beste hainbat monumentu daudela kontutan hartu behar da, mendi honek lurraldearen eraketan izan duen garrantzia erakusten duelarik, hain zuzen ere, Gipuzkoa Burundarekin lotzen duen hainbat bidek zeharkatzen baitu.
Lurra hareharrizkoa da.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Aitxu, Argonitz, Balenkaleku hegoalde, Bernoa, Igartza mendebalde, Intxusburu, Larreluze, Muñaan, Napalatza, Urrezulko Armurea eta Atxurbiko trikuharriak.
– Igartza ekialde, Praalata eta Unanabiko tumuluak.
7.– BELABIETAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Berastegi, Elduain, Villabona.
Monumentu kopurua: 9.
Berastegi Tolosarekin elkartzen duen katean sortzen da, hain zuzen ere, Ipuliñotik Uzturreraino doan eta San Lorenzo, Urdelar eta Belabietatik igarotzen den katean. Katearen ia puntu batek ere ez du lortzen 900 metrotako altuera. Estazio honetako monumenturik gehienak mendi lepoetan kokatzen dira, bat ezik, zeina mendi gailurrean kokatzen baita. Mendiaren hareharrizko guneetan kokatzen dira monumentu guztiak.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Basaburu, Belabieta Txiki, Loa, Oindolar I, II eta IIIko trikuharriak.
– Itxupeaka, Loa I eta Moako tumuluak.
8.– BRINKOLA-ZEGAMAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Gabiria, Legazpi, Oñati, Segura, Zegama, Zerain.
Monumentu Kopurua: 9.
Aizkorriren iparraldetik irteten den adaska txiki batean kokatzen da, Brinkola auzoa eta Zegamaren artean, hauek estazio honi izena emanaz. Estazio honetak monumentuak, orotara bederatzi, 800 metrotatik gora garatzen dira.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Aizaleku, Amutxanda, Arratolagaña, Oamendi eta Urietagañako trikuharriak.
– Irumugarrieta, Txoritegi eta Antolarreko tumuluak.
– Irumugarrietako IIko kutxa.
9.– ELGEA-ARTIAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Oñati.
Monumentu Kopurua: 9.
Altueran berdintsua den mendi bat da, gehieneko maila desberdintasuna 400 metro eskasekoa delarik. Estazio hau osatzen zuten hainbat elementu deseginda aurkitzen dira lurberritze edo baso pistak direla eta.
Arlabango mendatetik sortu eta bere izeneko menditik Artiaraino doan mendikatean kokatzen da, Gipuzkoako hegoaldeko muga eratuz eta beste kate eta beste estazio batzurekin elkartuz lurraldearen ekialdea.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Artaso, Elgea I eta Urkitzako Lepoako trikuharriak.
– Alabitarte, Elgea II, Gallerdi eta Isikoaitzako tumuluak.
– Mugarriaundi eta Mugarriluzeko menhirrak.
10.– ELOSUA-PLAZENTZIAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Azkoitia, Bergara, Elgoibar, Soraluze-Placencia de las Armas.
Monumentu Kopurua: 15.
Zumarragako Irimotik Maltza eta Soraluzeraino iristen den mendilerro bat da Elosua eta Agerreburutik igarotzen delarik. Eremu honetan zenbait elementu ez badaude zehaztuta ere, hogeiren bat megalito daude bertan, trikuharri eta tumuluak zenbatuz. Lur hauen izaera, Deba eta Urolako aranen arteko zeharbide bezala historian zehar nabaria izan da, beste maila batzutan monumentu megalitikoekin edo hauen ingurunearekin erlazionaturik orain gutxi arte burututako hileta errituak ere ezagutzen direlarik.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Agerreburu, Aitzpuruko Zabala, Atxolin, Iruiya, Irukurutzeta eta Keixetako Egiya hegoaldeko trikuharriak.
– Aizkoin, Atxolin Txiki, Keixeta, Keixetako Egiya iparralde, Kutzebakaar, Maurketa, Naasiko Goena, Pagobedeinkatu eta Gizaburuako tumuluak.
11.– ERNIOKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Aia, Alkiza, Asteasu, Errezil.
Monumentu Kopurua: 6.
Hiru tumulu eta beste hainbeste trikuharrik osatzen dute Estazio Megalitiko hau. Litologikoki kareharria da, baina trikuharrietako batzuk hareharrizko lurren mugetan daude, bere konposaketaren testigantza emanaz.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Otagain, Zaingo Bizkarra eta Zaingo Ordekako trikuharriak.
– Belanburu, Itxurain eta Munaingo tumuluak.
12.– IGELDOKO ESTAZIO MEGALITIKOA
Udalerriak: Donostia-San Sebastián, Orio, Usurbil.
Monumentu Kopurua: 9.
Igeldoko trikuharriz osatutako estazioa 10 monumentuk osatzen dute. Beraien desberdintasunak berebiziko interesa ematen die, trikuharriz, tumuluz eta bi harrespilez osatuta dagoelarik Piriniar gune geografikoei dagokien bezala. Guzti hori Kontxako Badiatik Oriora doan kostaldeko katean dago. Tertziario aroko hareharriz osatutako lurra da.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Aitzazate I, Arrobizar eta Iturrietako trikuharriak.
– Tontortxiki I, II, III eta IVko tumuluak.
– Aitzazate I eta Mendizorrotz Ieko harrespilak.
13.– IGOIN-AKOLAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Astigarraga, Donostia-San Sebastián, Errenteria, Hernani.
Monumentu Kopurua: 14.
Estazio hau elementu multzo zabal batek osatzen du. Altuera gutxiko mendi bat da. Aitzbitarteko kobetatik Hernaniko Fagollagara iristen da. Egun pinu landaketak azalera haundia estaltzen badu ere, honek azpian historian zehar eremu horretan gailena izan den artzantza jarduera ezkutatzen du. Estazio honetako zenbait osagaik oso kontserbazio-egoera ona agertzen dute.
Lurraren konposaketa hareharrizkoa da.
Estazio hau ondorengo monumentu megalitikoz dago osatua:
– Akolako Lepua I eta II, Arritxieta, Igoingo Lepua I eta II, Landarbaso I, II, III, IV, V eta VI, Sagastietako Lepua I eta II ko trikuharriak.
– Langagorriko kutxa.
14.– IRUARRIETAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Azkoitia, Azpeitia, Zumarraga.
Monumentu Kopurua: 8.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Iruarrieta, Iruarrieta I eta IIko trikuharriak.
– Aantzetako Gaña, Arzabal, Elorrieta, Oleta eta Pagobakarrako tumuluak.
15.– IZARRAIZKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Azkoitia, Deba, Zestoa.
Monumentu Kopurua: 3.
Estazio honetan hiru elementu ezagutzen dira, denak altuera txikian agertzen direnak, 600-700 metrotan, 1.000 metroko altuera gainditzen duen mendikate honetan. Mendi-lepoetan aurkitzen dira kareharrizko lurretan.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Marikutx I eta IIko tumuluak.
– Arluzeko menhirra.
16.– JAIZKIBELGO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Hondarribia.
Monumentu Kopurua: 5.
Gipuzkoako iparrekialdean dago, Pasaiatik Higerrera doan mendian. Estazio hau osatzen zuten monumentuetako batzuk desagertu badira ere (Santa Barbar trikuharria eta Jaizkibel I harrespila), oraindik interesgarriak diren lau trikuharri eta harrespila bat gelditzen dira. Estazio hau hareharritan kokatzen da balio abstolutoak kontutan hartuta kota oso altua ez duen leku batean, itsasoarekiko duen hurbiltasunagatik.
Kate honetan bertan beste hainbat leku dagoela adierazi beharra dago silexko aztarnak dituztenak aurkikuntza maila haundiaren adierazgarri, gaur egun oso gizatiartuta ez dagoen gune batean.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Iskulin, Jaizkibel III eta IV eta Atxiñarko trikuharriak.
– Jaizkibel IIko harrespilak.
17.– KURUTZEBERRIKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Eskoriatza.
Monumentu Kopurua: 3.
Zenbait ikerlanek Elgea-Artiako estazioaren barruan sartzen dute, nahiz eta azken urteotan burututako ikerketa eta lan arkeologikoen bidez berak bakarrik estazio bat osatzen duela kontutan hartzera iritsi diren. Monumentu megalitikoak espoloi batean aurkitzen dira, menditik hasi eta iparraldeko norabidean Kurtzeberrira iritsi arte honen mendebaldeko magalean hiru tumulutako multzoa agertuz, harearrizko lurrean eta 600 eta 700 metro arteko altueran.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Asuntzeta ekialde, mendebalde eta Puntiagako tumuluak.
18.– MEAGAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Getaria.
Monumentu Kopurua:1.
Estazio honetan Arriaundi Ieko tumulua dago soilik, bere garaian Arriaundi II bezala izendatutako tumulua gaur egun desagertuta baitago.
19.– MURUMENDIKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Beasain, Beizama, Bidegoyan, Ezkio-Itsaso.
Monumentu Kopurua: 7.
Mandubiatik Bidaniako eremura Murumendi zeharkatuz iristen den katean aurkitzen da. Hemen 9 monumentu megalitiko kokatu ziren, 4 tumulu eta 5 trikuharri. Tumuluetatik batzuk, konkretuki Basagaingoa, jadanik desagertua daude.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Larrarte, Maramendi ipar eta hegoaldea, Trikumuttegi eta Mandubi Zelaiako trikuharriak.
– Trikuaizti I eta IIko tumuluak.
20.– OIARTZUNGO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Oiartzun.
Monumentu Kopurua: 13.
Gehienez ere harrespilez osatutako estazio bat da, kopuru haundia delarik, hauetatik zenbait gainjarritako harrespilak direlarik, hauetako batzuk multzoaren barruan menhir bat dutelarik. Lurraren izaera bikoitza da, granitozkoa eta kareharrizko gunez osatua.
Estazioa Oiartzun inguruan hasten da, bertatik Bianditzeraino igoz.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Arritxulangaña, Arritxurieta, Basate, Egiar, Elorritako Gaña, Kauso I, II, Munerre, Oianleku ipar eta hegoa, Urkullu Txiki Egia eta Arritxurietako Gañako harrespilak.
– Gainzabalgo trikuharria.
21.– ONYI-MANDOEGIKO ESTAZIO MEGALITIKOA
Udalerriak: Andoain, Berastegi, Elduain, Urnieta, Hernani.
Monumentu Kopurua: 22.
Estazio hau kokatzen den katea Onyiren gailurrean sortzen da Hernanin, gero Etenetara zuzentzen delari Adarratik eta puntu honetan gira eginez Mandoegi eta Urepeleraino. Leizaran eta Urumea aranak banantzen ditu. Urepelen 1.000 metro lortu arte igotzen da.
Kate horren zati bat, eta baita Estazio Megalitikoaren zati bat, Nafarroako lurretan dago.
Brontze-aroko historiaurreko elementuen banaketa geografikoan zedarri bat da, hau izanik mendebaldeko muga, garrantzirik gabeko salbuespen batzuk ezik, piriniar eremuan hain maiz agertzen diren kromletx hedadurena. Hamarka hauetako elementuz hitz egin daiteke, besteekin elkarturik megalitismoak aurkez dezakeen tipologia multzo eratzen dutelarik. Lurraren oinarrizko konposaketa hareharrizkoa da eta kuartzitaren bat aurkezten du.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Aballarri, Altxista, Otsolepo eta Pozontarriko Lepoko trikuharriak.
– Altxista, Arleorko Zabala, Elurzulo, Eteneta I eta II, Etzela, Etzela mendebaldea, Etzelako Arritxuriak, Ezioko Soroa, Ezioko Tontorra, Mulisko Gaina, Tximistako Egia eta Unamene, Amunola, Tximista eta Deskargako harrespilak.
– Usobelartzako menhirra.
– Onyiko kutxa.
22.– ORKATZATEGIKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Oñati, Aretxabaleta.
Monumentu Kopurua: 6.
Elgeako menditik iparralderuntz irtetzen den espoloi bat da. Geologikoki Kurtzeberriko estazioa hartzen duen espoloi bera bada ere, paisaia mailak bereizten ditu. Estazio honek 4 tumulu eta trikuharri bi ditu.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Aitzgain II eta Urtapotolueta Ieko trikuharriak.
– Aitzgain, Linatza, Urtao eta Urtapotolueta IIko tumuluak.
23.– OTSABIO-ZARATEKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Altzo, Gaztelu, Lizartza, Tolosa.
Monumentu Kopurua: 3.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Añi eta Otsabioko trikuharriak.
– Pagoaundiko tumulua.
24.– PAGOETAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Aia.
Monumentu Kopurua: 9.
Estazio honetan 9 elementurekin topatzen gara, gehienak tumuluak, Olartetako trikuharria ezik. Estazio hau Erniokoaren jarraipena da, geografikoki horrela delarik baita ere. Lurzoruaren konposaketa litologikoa kareharrizkoa da.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Olartetako trikuharria.
– Arreta, Murugil I eta II, Saberriko Haitzak, Urruztume I, II, III eta IVko tumuluak.
25.– SATUI-ARROLAMENDIKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Antzuola, Legazpi, Oñati.
Monumentu Kopurua: 4.
Legazpi inguruko Deskarga eta Udana. Litologikoki hareharrizkoa da eta bertan kokatzen dira estazio honetako 4 megalitoak.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Arrolamendi I, II, III eta Jentiletxeko tumuluak.
26.– TXORITOKIETAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Astigarraga, Errenteria.
Monumentu Kopurua: 7.
Orain dela oso denbora gutxi aurkitutako menhir bat, lau trikuharri eta zenbait harrespilez osatutako multzo bat da. Gipuzkoako altuera gutxieneko Estazio Megalitikoa da, 275 metrotako maila kurba baina beherago. Lurzorua Behekretaziko kareharrizkoa da, nahiz eta triasikoaren kareharrizkoa izan monolitoa. Era honetako lurzoruetan, hurbilagoak direnak, bere kokalekutik ordu beteko bidean aurkitzen direnak, berez horrek berak interes historikoa izanik.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Aitzetako Txabalako, Berrozpin I, II eta III trikuharriak.
– Arreginea eta Ermañaldeko harrespilak.
– Txoritokietako menhirra.
27.– UDALA-INTXORTAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerriak: Bergara.
Monumentu Kopurua: 4.
Kanpanzartik Angiozar ingurura doan eremuan aurkitzen dira estazio honetako trikuharriak. Hareharrizko lurrean daude. Hasiera batean sei monumentu ezagutzen badira ere, beraietako bi desagertutzat ematen dira, ziurrenik ere bere deseginketagatik.
Estazio honetan ondorengo monumentu megalitikoak daude:
– Goinzari Zelaia, Irutontorreta III, Lasartegain eta Tranpaluarriko tumuluak.
28.– URKITAKO ESTAZIO MEGALITIKOA.
Udalerria: Lizartza.
Monumentu Kopurua: 1.
70. hamarkadaren erdialdean aurkitua, trikuharri soil bat besterik ez du estazio honek, Axurdariokoa. Araxes eta Orexako sakanetik sortzen den errekaren artean kokatzen da. Kareharrizko gune batean dago, 500 bat metrotako altueran, hau ez delarik oso haundia modu horretako elementuentzat.
III. ERANSKINA, ekainaren 24ko 137/2003 Dekretuarena, Gipuzkoako Lurrralde Historikoan dauden eta I. eranskinean zerrendatu diren Estazio Megalitikoak Monumentu Multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko eta babes-araubidea ezartzeko dena.
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA: XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. - Aplikazio-esparrua.
Babes-araubide honetan jasotako aginduetara lerratu beharko dira 2000ko maiatzaren 19ko Ebazpenaren I. eranskinean (2000ko ekainaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko 110. zenbakia) adierazitako eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan Monumentu Multzo izendatutako barruti megalitikoen inguruak, egiturak eta eraikuntzak.
2. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-araubide hau, alegia, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz idatzitakoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Estazio Megalitikoen izendapenaren baitan sartzen da, hain zuzen ere, monumentu-multzo izendatutako kultur ondasun legez, eta hirigintza-planeamenduarekiko izaera loteslea du, hala ezartzen baitu Lege horren 28.1 artikuluan xedatutakoak.
Horrexegatik, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Estazio Megalitikoak monumentu-multzo izendatutako ondasun modura jaso beharko dira kokatuta dauden udalerrietako planeamendu-tresnetako kultur ondarearen katalogoan. Era berean, planeamendu-tresna horiek babes-araubide honetan artatze eta babes zuzen baterako berariaz zehazturiko ezaugarrietara egokitu beharko dute. Nolanahi ere, horiek onesteko Kultura Sailaren aldeko txostena beharko da.
Beraz, planeamenduko tresnak dagokigun kultur ondasun horren babes-araudia egin aurretikoak baldin badira, tresna horiek aldatu egin beharko dira aurreikusitako babes-araubide honetan ezarritako neurriekin bat egiten ez duten heinean edota neurri horietako edozeinen aurka egiten duten heinean.
3. artikulua.– Eremu-sailkapena.
Gipuzkoako Estazio Megalitikoen babesa bermatuko duen erabilera- eta jarduera-araubide orokorra ezartzerakoan, hiru eremu bereiztu behar dira:
1. eremua. Monumentu megalitikoak kokatuta dauden azalerak. Berariaz zehaztuta ageri dira IV. eranskineko planoetan, dagozkien zenbakiekin eta idaztoharrekin.
2. eremua. Monumentu megalitikoen hurbileneko inguruneak (babes bereziko azaleren edo 1. eremua deritzonaren inguruan). Gutxienez 5 metroko itzulingurua barnebildu beharko dute monumentuok, kanporen dauden ertzetatik hartuta. Dena dela, neurri hori hamar metrokoa izan ahalko da, monumentua artatzeko beharrezkoa baldin bada.
3. eremua. Monumentu megalitiko horiek osorik barnebiltzen dituzten alde zabalagoak dira. Mendi-kordalekin zuzeneko harremana duten heinean, Estazio Megalitikoa osatzen dute. Bada, eremu horren nondik norakoa mugatu ahal izateko, ikus IV. eranskinean 3. eremu legez zehazten dena.
4. artikulua.– Babes-maila.
Hiru dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Estazio Megalitikoei emandako babes-mailak, eta honela banatzen dira: 1. eremua edo babes bereziko azalera deritzona, 2. eremua edo babes ertaineko azalera deritzona, eta azkenik, 3. eremua edo oinarriko babeseko azalera deritzona, hirurak ere IV. eranskineko planoan zehazturikoak.
1. eremua. Babes bereziko azalerak.
Gune horretan, aztarnategia ikertzeko eta zabaltzeko jarduerak soilik egin ahal izango dira. Hortaz, bertako erabilerek zientzia- eta kultura-jarduerak izan beharko dituzte helburu, hau da, erabilera horien bitartez, babestutako ondasunaren zabalkundea eta ezagutza egokia bultzatu beharko dira. Horregatik, egitarau zehatzak prestatuko dira elementu horiek artatzeko.
2. eremua. Babes ertaineko azalerak.
Eremu honetan ez da onartuko ondasunaren artapenari kalte eragiten dion inolako jarduerarik. Bai, ordea, aztarnategia dagokion naturgunean integratzera bideratutakoak, baldin eta integrazio horren bitartez, artatu beharreko kultur ondasunean funtsezko aldaketarik eragiten ez bada. Hori horrela, kulturarekin, turismoarekin eta aisiarekin zerikusirik duten erabilerak sustatuko dira.
3. eremua. Oinarriko babeseko azalerak.
Alde horietan, urteetan sendo errotutako erabilerei eta jarduerei eutsi ahal izango zaie, baina ñabardura batzuekin.
II. KAPITULUA: ERABILEREN ETA JARDUEREN ARAUBIDE OROKORRA
5. artikulua.– Irizpide orokorra.
1.– Soilik babes-araubide honetan jasotako erabilerak eta jarduerak onartuko dira. Beraz, eskainitako babesarekin bateraezinak izango dira ondorengo manuetan jasotzen ez diren erabilerak eta jarduerak.
2.– Hala ere, babes-araubide honetan agindutakoari lerratuz eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak horretarako berariaz emaniko baimenarekin bat, bestelako erabilerak eta jarduerak egin ahal izango dira, baldin eta babestutako lur-zatietako lurrak iraultzen ez badira edota bertako arkeologia-hondakinei kalte egiten ez bazaie.
6. artikulua.– 1. eremuko erabilerak eta jarduerak.
1. Irizpide orokorra:
Oro har, eremu honetan jarraitu beharreko irizpidea honakoa da: erabat murriztea babes-maila honetako ondasunen egoera aldaraz dezakeen edozein giza jarduera, hau da, agerian dauden ondasun higiezinen hondakinak suntsi edo aldaraz dezakeen erabilera zein jarduera oro saihestea.
Honakoak dira ondasun higiezinetako hondakin: egungo tamaina edo artatze-egoera dela eta, batetik bestera erabil daitezkeen hondakinak, alegia, ondasun higikortzat har daitezkeenak baina, jatorrian, ondasun higiezina zenaren osagai baino ez direnak.
Adierazitako horrekin bat etorriz, eremu horietan onartutako erabilerek zientzia- eta kultura-izaerakoak izan beharko dute, bestelakorik ez. Beraz, proposatutako jarduerek sendotzea, artatzea eta/edo zaharberritzea izan beharko dute helburu, bai eta arkeologia-indusketa ere.
2. Onartutako erabilerak eta jarduerak: batetik, eraikitzeko asmorik ez duten zientzia-jarduerak, eta bestetik, aztarnategiaren zabalkundea helburu dutenak.
2.1. Zientzia-jarduerak eta hondakinak in situ mantentzeko lanak.
Aztarnategiko lurrak iraultzeko jardueren artean, zientzia-ikerketara bideratutakoak baino ez dira onartuko eta, nolanahi ere, lan horiek egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako egitasmoa aurretik dela.
Bada, eremu horretako zientzia-jarduerek (arkeologia-indusketak, azterketak, ikerlanak etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, beronen ezagupena ere zabaldu beharko dute, gerora begirako balorazioa ahalbideratzeko. Hortaz, eremu horretan edozein jarduera burutuz gero, garbi izan beharko da arkeologi metodologiaren bidez aurkitutako arkeologia-ondasun higiezinak, dauden toki berean artatu beharko direla.
Aurkitutako hondakinak sendotzeko, in situ artatzeko eta zaharberritzeko, aldiz, egitasmo bat prestatuko da, horrela ziurtatuko baita hondakinon degradazio-prozesuen aurkako mantenimendua eta artapena.
2.2.– Kultur jarduerak eta aztarnategiaren zabalkundea.
Aztarnategiko hondakinak artatzearekin bateragarriak diren kultur jarduerak garatu eta sustatu ahal izango dira, hain zuzen ere, tokia nahiz bertako ondarea ezagutzera bideratutakoak. Beraz, babestutako eremu hori kultur ibilbideetan sartu ahal izango da eta, horretarako, zenbait egokitzapen egin beharko dira: batetik, bisitak egiteko aukerari dagokionez, sendotze-egitasmo txikiekin eta azalpen egoki bezain ulergarriekin; bestetik, eremu horretako gune jakin batzuk atontzeari dagokionez, etab.
Dena den, 1. eremuan kultur jarduera horietako edozein gauzatu nahi izanez gero, nahitaezkoa izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak aldez aurretiko baimena ematea, hau da, arkeologia-lanbidean diharduen aditu baten kontrol, zuzendaritza eta gainbegirada zorrotza tartean dela, kultur jarduera horiek aztarnategia artatzearekin bateragarriak direla ziurtatuko duena.
3. Onartutako jarduerak.
Aurretik adierazi bezala, 1. eremuan edo babes berezikoa deritzonean, honako hauek dira onartzen diren jarduera bakarrak: arkeologia-indusketa, sendotzea eta/edo zaharberritzea. Jarduera horiek, berriz, honakoari jarraituz egin beharko dira:
a) Arkeologia-indusketa. Arkeologia-indusketa deritzo, Kultur Ondarearen 7/1990 Legearen 45.2 artikuluan jasotakoari jarraituz, sedimentuen estratigrafiari atxikiz arkeologia- eta paleontologia-hondakinak ikertzeko, dokumentatzeko eta erauzteko jarduerei. Nahitaezkoa da aztarnategiko hondakinak zaharberritzeko egitamuei ekin aurretik egitea, horrela, horren historia ezagutu baitaiteke eta, bide batez, aztarnategia baloratzeko orduan nola jokatu jakin.
b) Zaharberritzea. Nekez mintza daiteke zaharberritzeaz baldin eta, aurretik, zaharberritu nahi den horri buruzko ikerlan zehatza egiten ez bada arkeologia metodologikoaren bitartez. Bada, ikerlan horren bitartez, monumentuok berreraikitzeko eta baloratzeko oinarriak eta irizpideak zehaztu beharko dira, eraikitze-historiarekin, errituekin eta okupazioarekin bat etorriz (ikerlanaren eta azterketaren emaitza), monumentuoi arrotz zaizkien irizpideak ezarri gabe, hain zuzen.
Interes handikoak diren edota artapen-maila ona duten aztarnategi-zatietatik hasiko dira zaharberritze-lanak, arkeologia-azterketak amaitu eta berehala. Beraz:
– Zaharberritze-prozesu oro aztarnategia baloratzeko egitarau oso baten barruan egon beharko du. Horretarako, zuzendaritza-talde horretan gaian aditu diren arkeologia-profesionalak izan beharko dira, azken batean erabakiorrak izango baitira lanak arautuko dituzten irizpideak finkatzerakoan.
– Erabilitako teknikak eta materialak aztarnategian aplikatuko den edozein tratamendurekin itzulgarriak izan beharko dira, tratamenduaren aztarnarik gera ez dadin.
– Aztarnategia interpretatzeko beharrezkoak iritziz gero, aztarnategiko zati suntsituak berreraiki ahal izango dira eta berreraiki beharko ere, baina berreraikitakoa aztarnategiaren ikuspegiari gailentzea saihestuz.
Nolanahi ere, berreraikuntzak jatorrizkoaren egitura megalitikoari jarraitu beharko dio estu-estuan, arkeologia-azterketak ezarritako ildoekin bat etorriz. Horretarako, aurrena, jatorrizko materialak erabiliko dira, eta galduz gero, hurrena, kolorean, itxuran, ehunduran etab. antzekoak direnak. Hala eta guztiz ere, jarraitu beharreko arau nagusia jatorrizko egituraren eta berreraikitakoaren artean zeharo bereiztearena izango da, adibidez, bi zatiak bereiztuko dituen marran materiala ezberdin kokatuz.
– Era berean, egitura horietatik ezabatu ahalko dira, eta beharko ere, egitura horiek eraiki eta gerora jarritako elementuak, ez direlako jatorrizko erabilpenarekin lotzen, baizik eta denboran geroxeagoko erabilerei dagozkienekin. Hortaz, soilik mantenduko dira, kokatuta dauden inguruneko usadioak ezagutzera emateko aztarnategi-zatitzat jotzen badira. Hala dagokionean, behar den moduan arrazoitu beharko da.
c) Sendotzea eta artatzea. Arkeologia-aztarnategietako egiturak, materialak, etab. (tumulua, ganbara, materialak etab.) artatzeko erabilerak, tratamenduak eta jarduerak dira. Elementu horiek indartu egiten dituzte, bai eta beren sendotasuna bermatu ere, narriadura saihestuz eta ikusgarriagoak eginez. Horrela, ulerterrazago egiten dituzte eta horien zabalkundea hedatu.
Era berean, monumentu megalitiko horietako bakoitzean egin beharreko ekintzak egituratzen dituzten sendotze- eta artatze-egitarauak sustatu beharko dira, alegia, aztarnategia artatzea bermatuko duten egitarauak, hala arkeologia-indusketa prozesua gertatu aurretik, gertatu bitartean nola gertatu ostean.
Egitarau horiek gaian adituak direnek gauzatu beharko dituzte, hori bai, arkeologia-profesionalen aholkuak lagun dituztela. Halaber, prozesu horiek itzulgarriak izan beharko dute beti.
7. artikulua.– 2. eremuko erabilerak eta jarduerak.
1. Irizpide orokorra.
2. eremuari dagokionez, bertako erabilerak eta jarduerak murriztu egingo dira. Beraz, ezin izango da zuhaitzik landatu. Bai, ordea, larre eta zelaiak. Eremu horretako erabilerei dagokienez, kultur alorrekoak izango dira ohikoenak.
2. Onartutako erabilerak eta jarduerak: eraikitzeko asmorik gabekoak.
2.1. Kultur jarduerak eta aztarnategiaren zabalkundea.
1. eremuan onartutako berberak (6. artikulua, 2.2 idatz-zatia) eta aztarnategia modu egokian seinalizatzeko behar direnak, baina aurkitutako hondakinak okupatzen duten azaleraren mugak aintzat hartuz eta turismo-gidetan jasotakoa aintzat hartuz, horrela, ezagutzera ematen baitira. Horrek, monumentuoi zor zaien begirunea eta mantenimendua bermatuko du, maiz.
2.2. Baso-erabilerak eta baso-jarduerak.
Gaur egun, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Estazio Megalitikoen 2. eremuko alde handi batean zura ustiatzeko jarduerak nagusi direnez, orain arteko baso-ustiategiekin jarraitzea onartzen da, baina beren-beregi debekatzen da baso-azalerak gehiago handitzea edota eremu horretan birlandatzea.
Landareak ebakitzeko eta erauzteko lanak honako baldintza hauekin bat etorriz egin beharko dira:
a) Sustraia erauzi gabe eginiko ebaketak bakarrik onartuko dira, hau da, motzondoak jatorrizko eran uzten dituztenak.
b) Erauzketa-lanak egiteko, makineri astuna eta poleak erabiliko dira. Lanok eskuz ere egin ahal izango dira, baldin eta eremu bakoitzean piezak alde batetik bestera erabiltzeak aztarnategien egiturari kalte egiten badie. Baldintza horiek guztiak arkeologia-lanbidean diharduen aditu batek aurrez eginiko txosten batean adierazi beharko dira. Era berean, erauzketa-lanak egin ahala, aditu horrek bertatik bertara gainbegiratu beharko ditu erauzketa-lanok.
c) Edozelan ere, jarduera horiek gauzatu aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak dagokion baimena eman beharko du.
Era berean, hala erakundeetatik eta toki erakundeetatik, nola esparru zabalagoko erakundeetatik, eremu horiek garbi egon daitezela sustatu beharko da, esaterako, monumentu megalitikoetara heltzea oztopatzen duen landaretzarik eta sasirik ez egotea, beti egon dadin bidezidor ireki bat monumentua artatzeko.
2.3.– Abeltzantzarako erabilerak eta jarduerak.
Babestutako eremua zelai- eta larre-eginkizunetarako erabili ahal izango da, baldin eta jarduera horien bitartez lurra iraultzen ez bada edota lurzoruko arkeologia-hondakinetan aldaketarik eragiten ez bada.
3. Onartutako erabilerak eta jarduerak: eraikitzekoak.
Eraikitzekoak diren erabilerak eta jarduerak onartuko dira soilik, hala eremua babesteko direnak, nola kultura ikertzeko eta/edo zabaltzeko nahitaezkotzat jotzen diren eraikuntzak eta instalazioak. Horiek guztiak soilik onartuko dira, baldin eta arkeologo teknikari eskudun batek aztarnategia ikertzeko, artatzeko eta baloratzeko izenpetutako egitasmo batek beharrezkoa eta egokia baderitzo.
8. artikulua.– 3. eremuko erabilerak eta jarduerak.
1. Irizpide orokorra.
Eremu horretan aplikatuko den irizpide orokorra urteetan gauzaturiko erabilerei eta jarduerei eustea da, jarraian zehaztuko diren ñabardura eta betebehar batzuk ezarriz.
2. Onartutako erabilerak eta jarduerak: eraikitzekoak eta eraikitzeko asmorik ez dutenak.
Ohiturari jarraituz alde horretan gauzaturiko erabilera eta jarduera guztiei eutsiko zaie, edota aurrerantzean litezkeenei, jarraian datozen ñabardurekin:
a) Eremu honetan proposatutako edozein proiektu egiteko baimena eman eta hori egiten hasi aurretik, prospekzio-programa bat egin beharko da proiektuak ukitutako eremuan, gaur egun oraindik aurkitu ez diren arkeologia-aztarnategi berriak aurkitzeko helburuarekin. Kontuan izan behar da, probabilitate handia dagoela toki horretan egoteko Estazio Megalitiko horiek, bertan lurperatuak izateko asmoarekin, eratu zituztenen kokalekua edo herri-gunea; gaur arte gutxi ezagutu izan direnak. Horien kokalekua zehaztea zaila da, gainaldean aztarna gutxi daudelako. Bestalde, erraz hautsi daitezkeen hondakinak izanik, ezinezkoa da obrak kontrolatzeko fasean horiek antzematea.
Aztarnategi berririk aurkitzen bada, berriz, proposatutako proiektuak horiek ez dituela ukituko bermatu beharko da. Horretarako, proposatutako proiektuaren ezaugarrien eta aurkitutako aztarnategiaren garrantziaren arabera, kasuan-kasuan egokien jotako neurri zuzentzaileak hartuko dira. Modu horretara, posible izango da aztarnategia babestea ahalbideratzen duten aldaketak proiektuan sartzea planteatzea, edo proiektuaren hedaduraren araberako indusketari hasiera ematea.
b) Artikulu horren idatz-zatian adierazitakoa betetakoan, eremu horietan onartutako edozein jarduera Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari jakinarazi beharko zaio, jarduerei ekin baino hamabost lehenago. Kultura Sailak egoki baderitzo, berriz, jarduera horren arkeologia-kontrola hartu ahal izango du bere gain, monumentu-multzo horretako kultur ondasunak ukituta geratuko ez direla bermatuz.
c) Eremu horretan inolako instalaziorik edo eraikuntzarik egin nahi bada eta Monumentu Multzoaren balio azpimarratzeko ez bada eta lurraren gaina gainditzen badu, hurrengo honi jarraitu beharko zaio:
c.1.– 1, 2, 3, 4, 6, 7, 10, 12, 13, 14, 16, 19, 20, 21, 22, 24, 25, 26 eta 27.zk.a duten Estazio Megalitikoen 3. bezela adierazi diren guneetan diren lurrak ezartzen duen hilada beran lau edo gehiago monumentu megalitiko badira, honako formula hau jarraitu beharko da:
"Monumentu megalitiko horien kanpo aldeko edozein ertzetik edozein instalaziora edo eraikuntzara egon beharko duen aldea, egin nahi den eraikuntzaren edo instalazioaren garaiera bider hogei izango da (Adibidea: megalito batetik 20 metrora, gehienez metro bateko garaiera duten egiturak eraiki ahal izango dira)".
Formula gauzatzerakoan den gehienezko emaitzak ez du inoiz 3. guneko mugak gaindituko. Emaitza gunearen mugaren gainetik bada, orduan 3. guneko muga emaitza aplikagarritzat joko da.
c.2.– Estazio Megalitikoen 3. bezela adierazi diren guneetan c.1. atalean diren ezaugarriak betetzen ez badira, beti monumentu megalitikoa eta jarri nahi den instalazioaren artean 75 metrotako gutxienezko aldea gorde beharko da, egitura megalitikoaren kanpokaldeko mugatik neurtuta.
III. KAPITULUA: BESTELAKO XEDAPENAK
9. artikulua.– Gizarte-interesa.
Gizarte interesekotzat joko dira Gipuzkoako Lurralde Historikoko Estazio Megalitikoen artean, honako hauek: etengabeko indusketa-prozesuak jasan ostean, lurrazpiko egiturak eta arkeologia-hondakinak agerian dituztenak, Kultur Ondarearen 7/1990 Legearen 21. artikuluarekin bat etorriz, beroriek sendotzeko, zaharberritzeko eta baloratzeko ikusgai jartzea egokitzat jotzen bada.