133. zk., 2003ko uztailaren 8a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3994
AGINDUA, 2003ko ekainaren 25ekoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena. Honen bitartez, merkataritza-banaketaren arloan integrazio estrategikoak sortu eta garatzeko laguntzak arautzen dira.
Euskadiko merkataritza-enpresen tamaina txikiak, haien atomizazioak, merkataritzako dentsitate handiak eta elkartzeko duten joera murriztuak merkataritza-egituren zaurgarritasuna eragiten dute.
Ahulezia hori gainditzeko bideetariko bat honakoa da: eskala-ekonomiak garatu eta egungo enpresa-egiturak sendotuko dituzten egitura bateratuak sortzea.
Argi dago merkataritza tradizional izenaz ezaguna den merkataritzaren iraupena, besteak beste, baterako ekintzan dagoela. Baina are nabarmenagoa da gaur egun aurre egiten zaiola enpresa-kudeaketako arloak goragoko egitura integratuari uzteari.
Horren guztiaren ondorioz, 2000. urtean integratze estrategikoak bultzatzeko osoko programa gauzatu zen. Programa horretan sartzen dira hasierako sentikortzetik hasi eta merkataritzako egitura integratua abiarazi eta garatzerainokoak. Osoko izaera hori medio, prozesu horretan parte har dezaketen erakunde guztiei laguntza egokiak eman nahi zaizkie, bai hasierako bultzadan (merkatari-taldeei, kasu) bai gauzatzean (adibidez, integraziotik sortutako enpresa ertain eta txikiak, edota frankizia-lagapeneko jarduera egiten duten enpresak).
Merkataritzako integratze estrategikoei laguntzeko 2000. urtean hasi zen programaren emaitzak azterturik, ikusi da beharrezkoa dela programa horrek jarraitzea, eragin onuragarria izan baitu. Hala ere, argi geratu da programa aldatu beharra dagoela, ekonomiaren errealitatearen bilakaera kontuan izanda, eragingarriagoa izan dadin. Bestalde, funtzionamenduan izan den hiru urteetako esperientziari esker, integratzeak nahiz haien zenbatekoak pizteko erabili diren tresnak zehaztu dira.
Horrek guztiak beharrezko egiten du beste agindu bat, merkataritza-banaketako arloan integratze estrategikoak sortu eta garatzeko laguntzen programa garatuko duena; betiere, ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz. Dekretu horren bidez, ekonomia sustatzeko laguntzak ezarri dira, eta lehendabiziko azken xedapenean, dekretu hori garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko ahalmena eman zaio Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari.
Eta horregatik guztiagatik, hau
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Merkataritza-banaketako arloko integratze estrategikoak sortu eta garatzeko laguntzen programa orokorra aurrera ateratzea da agindu honen xedea.
2.– Laguntza-programa horrekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden merkataritzako integratze estrategikoak sortu eta garatzeko proiektuei laguntzak emango zaizkie. Merkatari-taldeen, merkataritza integratzetik sortutako enpresa ertain eta txikien edota frankizia-lagapeneko jarduera hasten dutenen merkataritzako egitura integratuak bultzatu eta gauzatzeko jarduerak eta inbertsioak lagunduko dira.
Arau honen ondoriotarako, merkataritza-jardueratzat joko da helburu horrekin eskuratutako produktu edo merkantziak, funtsezko aldaketarik gabe, merkatuaren eskura jartzea, bai eta zuzenean ekoizleek, artisauek edo industrialariek azken kontsumorako ondasunak saltzea ere; halako ondasuntzat jotzen dira hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko, ekoizteko edo merkaturatzeko prozesuetan integratzeko ez direnak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurreko artikuluan adierazitako helburura zuzendutako ekonomia-baliabideek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituak. Ekitaldi bakoitzeko emakida deialdian esleitzen diren zenbateko guztiak aldatu egin ahal izango dira, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan izanda, eta honako aurrekontu hauen gorabeheran: Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programa batzuk aurrera eramatean agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen gorabeheran, alegia. Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearen ebazpenaren bidez, halako aldaketen berri zabalduko da.
2.– Administrazio-ebazpen baten bidez laguntzak ukatuko dira, baldin laguntza horiek emateko erabili beharreko aurrekontuan helburu horretarako kreditu egokia eta nahikoa ez badago. Horregatik guztiagatik, programa hau indarrean den bitartean, baldin ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko esleitutako kreditua bukatzen bada, horren berri zabaltzeko, administrazio-ebazpena emango du Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak. Ebazpenean, kreditua zein egunetan bukatu den adieraziko da. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Dena dela, ekitaldi bateko aurrekontu-kredituari eslei dakizkioke aurreko ekitaldietan aurkeztutako inbertsio-proiektuei buruzko laguntza-eskariak. Horretarako, nahitaezkoa da proiektu horiek agindu honetan laguntzak lortzeko araututa dauden betekizunak bete ditzaten, eta gainera, proiektu horiek hasi ziren ekitaldietako aurrekontu-kredituekin laguntzerik ez izatea. Lehentasunak erabakitzeko, ukatutako lehenengo eskariaren data gorde egingo da.
3.– Laguntzak ordenan emango dira, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.
4.– Agindu honetan araututako laguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta daude.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak ondorengo hauek eskura ditzakete:
a) Merkataritza-banaketaren arloan integratze estrategikoaren ondorioz sortutako enpresa ertain eta txikiek. Enpresa ertain eta txiki horiek honakoak bete beharko dituzte:
– Haiek osatzen dituzten enpresen aldean, legezko nortasun independentea izatea.
– Egitura berria izatea. Ez da onartuko dagoeneko existitzen diren elkartze egituretan edo baltzuetan partaidetzak hartzea.
– Gutxienez 5 enpresa ertain edo txikik osatzea. Gehienek merkataritzakoak izan behar dute, eta gehienek Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute. Beren artean independente izan behar dute, eta ez da onartuko osatzen duten enpresen artean kapitalean partaidetza gurutzatua izatea.
– Agindu honi jarraituz egindako deialdi-ebazpenak argitaratzen diren ekitaldiari dagokion urtean eratzea, edota eratu zenetik 3 urte baino gehiago igaro ez izatea; betiere, integratzeak xede duen jarduera gauzatzen ari badira.
b) Frankizia-lagapeneko jarduera hastekotan diren edo hasten duten enpresa ertain eta txikiek. Frankizia-lagapeneko jarduera hasten dela joko da baldin deialdiaren aurreko urtean merkataritza-formula horren bideragarritasunari buruzko azterketa egin bada eta gauzatzear dagoenean, edota deialdiaren aurreko urtean hasi bada frankiziatzen. Edonola ere, enpresak aldez aurretik 2 urteko esperientzia izan behar du frankiziatzekotan den jardueran, eta hala badagokio, Frankiziatzaileen Erregistroan izena emanda izan behar du. Gainera, honakoak izan behar ditu gutxienez: 3 salmenta-puntu propio, kudeaketa-eredua, negozioaren potentzialtasuna eta merkataritzako tipologia bereiztua.
Enpresa ertain eta txiki horiek frankizia-lagapeneko jarduera hasi eta lehenengo 2 urteetan jaso ahalko dituzte laguntza horiek.
Agindu honen ondoriotarako, honako baldintzak betetzen dituen enpresa hartuko da enpresa ertain eta txikitzat:
– 250 langile baino gutxiago izatea.
– Urteko negozio bolumena 40 milioi euro baino gehiagokoa ez izatea. Edo, bestela, urteko balantze orokorra 27 milioi euro baino gehiagokoa ez izatea.
– Aurreko betekizunetakoren bat betetzen ez duen (edo duten) beste enpresa batek (edo batzuek) enpresa horretan %25eko partaidetza edo handiagoa ez izatea, zuzenean edo zeharka.
Aurrez adierazitakoari buruz beste edozer interpretatzeko, 1996ko apirilaren 3ko Batzordearen 96/280/CE Gomendioan (1996ko apirilaren 30eko DOCE, L107) enpresa ertain eta txikien definizioaz esandakoa, edo hori ordezkatzen edo aldatzen duten xedapenak hartuko dira kontuan.
c) Merkataritzako estrategia integratzeen sustatzaile gisa diharduten gremioen elkarteek, behar besteko ordezkaritza badute.
d) Enpresa arteko egiturek, nortasun juridikoa dutenek nahiz ez dutenek, gehienbat merkataritzako enpresa ertain eta txikiek osatzen dituztenek, elkarren arteko mendekotasunik gabeek, merkataritzako estrategia integratzea sustatzea dutenek oinarrizko helburutzat.
Legezko nortasunik ez badu, enpresa arteko egiturak behar beste ziurtatuta geratu beharko du konpromiso baten bidez. Konpromiso horretan, argi zehaztuko dira xehetasun hauek: egiturak laguntzak eskatzeko zein ordezkaritza duen; diru-laguntzak araututako xedeetarako erabiliko direla ziurtatzeko bermeak; onuradun guztien zerrenda; onuradunen konpromisoak; eta jardueraren kostua onuradunen artean nola banatu den.
2.– Agindu honetan araututako laguntzak nahiz diru-laguntzak enpresa onuradunei onartu eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaitu egin behar dira prozedura hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako antzeko laguntzak edo diru-laguntzak direla kausa laguntzak itzultzeko edo zigortzeko hasi diren prozedurak, baldin halako prozeduraren baten izapideak aurrera badoaz une horretan.
3.– Enpresa onuradunak agindu honetan jasotzen diren baldintza objektibo eta subjektibo guztiak mantendu beharko ditu maileguak edo finantza-errentamenduak bizirik dirauen artean.
4. artikulua.– Sartzerik ez duten erakundeak.
Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira enpresa eta baltzu publikoak.
5. artikulua.– Modalitateak.
Agindu honetan araututako laguntzak gauzatzeko, honako modalitate hauek erabiliko dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten finantza-erakundeek, agindu honen babespean eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailarekin eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin sinatzen dituzten lankidetza-hitzarmenen babespean, gauzatzen dituzten maileguen edota finantza-errentamenduko eragiketen finantza-kostua murriztea.
b) Itzultzekoak ez diren diru-laguntzak.
II. KAPITULUA
LAGUNTZAK
I. ATALA
MERKATARITZA BANAKETAKO SEKTOREAN
AKTIBO FINKOETAN INBERTITZEKO
PROIEKTUEN FINANTZA ERRENTAMENDUKO ETA MAILEGUKO ERAGIKETEN FINANTZA
KOSTUA MURRIZTEKO LAGUNTZAK
6. artikulua.– Diruz lagun daitekeen inbertsioa.
Atal honen ondorioetarako, honako betekizunak betetzen dituzten inbertsioak hartzen dira diruz lagun daitezkeen inbertsiotzat:
1.– Integratze estrategikoetan oinarrituta eratu diren enpresek gauzatzen dituztenak, edota berariaz frankizia-lagapeneko jardueraren ustiaketarako direnak, baldin berezko duten jarduera modu ezin hobean kudeatu eta aurrera ateratzea ahalbidetzen dieten egiturak eratzen badira.
Inbertsioak enpresaren aktiboan sartu behar dira, eta zuzenean erlazionatu behar dute enpresa ertain eta txiki horiek aurrera ateratzen dituzten jarduerekin.
2.– Inbertsio-proiektuek Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute, eta bideragarri izan behar dute teknikaren, ekonomiaren eta finantzaren aldetik.
3.– Inbertsio-proiektuek, diru-laguntza jaso ahal izateko, deialdia egiteko ebazpena indarrean sartzen den ekitaldian gauzatutako inbertsioak baino ez ditzakete beren baitan hartu. Emakida-ebazpena egokitzen den ekitaldian egotziko dira laguntzak.
Inbertsioak ekitaldi horretan erosi direla joko da, baldin ekitaldi horretako behin betiko eskariaren edo fakturaren bidez justifikatzen badira.
4.– Agindu honen ondorioetarako, honako baldintzak betetzen dituztenak hartzen dira diruz lagun daitezkeen aktibotzat:
a) Ondorio horietarako, Kontabilitate Plan Orokorrak ezartzen duen definizioaren arabera, hurrengo epigraferen batean sar daitezkeenak:
215: Aplikazio informatikoak.
221: Eraikuntzak.
222: Instalazio teknikoak.
223: Makineria.
224: Tresneria.
225: Bestelako instalazioak.
226: Altzariak.
227: Informazioa prozesatzeko tresneriak.
Aktiboen preziotzat haien balio "garbia" hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.
b) Estreinakoz erabiltzen diren edo funtzionatzen duten tresnak izatea. Erabilitako eraikinak edo eraikuntzak erostea izanez gero, berritzat hartuko dira eraikin edo eraikuntza horiek.
c) Gutxienez hiru urteko amortizazioaldia ezarrita izatea. Gutxienez, hiru urtez izatea enpresaren aktiboan, dagokion fakturaren datatik hasita.
d) Oro har, hirugarren pertsonen edo erakundeen esku utzita ez egotea, ordainaren trukean izan edo ez.
e) Enpresa eskatzaileak fabrikatuak, eginak edo garatuak ez izatea.
f) "Eraikuntzak" epigrafean inbertituz gero, eta eraikinak badira, dagokion eskrituran azaltzen den balioa hartuko da oinarritzat.
7. artikulua.– Finantza-eragiketak.
1.– Atal honetan araututako laguntzak honakoei dagozkie: alde batetik, finantza-erakundeekin gauzatzekoak diren maileguko nahiz finantza-errentamenduko eragiketei; betiere, agindu honen eta finantza-erakundeek eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren babespean sinatutako eragiketak izan behar dira, edota Kreditu Ofizialeko Institutuak eta finantza-erakundeek, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Kreditu Ofizialeko Institutuaren arteko Lankidetza Protokoloaren esparruan, sinatutako finantzatze kontratuaren babespean sinatutakoak. Eta, bestetik, sail haiek eta finantza-erakundeek, Erkidegoko finantzaketa lerroen oinarriaren gainean, hitzar ditzaketen hitzarmenen babespean gauzatutako eragiketei.
2.– Dagokion finantza-erakundeak Kreditu Ofizialeko Institutuan irekita eta eskuragarri duen linean saldoa baldin badu, eragiketak esparru horretan gauzatu behar dira.
3.– Atal honetan araututako finantza-eragiketak eurotan edota edozein dibisatan gauzatu ahalko dira; betiere, hurrengo artikuluetan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte.
Dibisetatik eurotarako truke tasa, finantza-eragiketa baimentzeko baldintzen dokumentua sinatzen den datakoa izango da; edota, hala badagokio, eragiketa gauzatzeko polizaren datakoa.
8. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen maileguak.
a) Diruz lagun daitekeen mailegutzat joko da honako hauetatik txikiena den zenbatekoa:
– Diruz lagun daitekeen inbertsioaren %70.
– Finantza-erakundeak baimendutako maileguaren zenbatekoa.
b) Epea: gutxienez 5 urte eta gehienez 7 urte, hasierako gabealdia barne. Gabealdiak, gehienez, honakoa izan behar du:
– 7 urterako maileguak: 24 hilabete.
– 6 urterako maileguak: 18 hilabete.
– 5 urterako maileguak: 12 hilabete.
Espedienteko organo instrukzio-egileak horiez bestelako epeak onartu ahalko ditu, baldin formalizaturiko maileguan berariaz jaso bada mailegua agindu honetan zehaztutako laguntza-programan sartuta dagoela. Horrek ez du aldatuko emango diren laguntzen zenbatekoa. Zenbateko horrek inola ere ez du gaindituko 7 urterako maileguei dagokiena, eta gehienez 24 hilabeteko gabealdia izango du.
c) Mugaegunak: gutxienez, hilabetekoak.
d) Aplika daitekeen gehieneko interes-tasa:
– Kreditu Ofizialeko Institutuaren (KOI) lerroa erabilita gauzatzen diren eragiketetan, indarrean den KOI hitzarmenaren arabera dagokiona izango da.
– Gainerako eragiketetarako, agindu honetako 7. artikuluan zehazten den hitzarmenari jarraituko zaio.
e) Eragiketa Hitzarmena sinatu duen elkarren bermerako baltzuren batek bermatzen badu, interes-tasa hori 0,25 puntu murriztuko da.
9. artikulua.– Diruz lagun daitekeen finantza-errentamendua.
1.– Finantza-errentamenduaren bidez finantzatutako aktibo finkoek, 26/1988 Legeko (uztailaren 29koa, kreditu-erakundeen esku-hartzeari eta diziplinari buruzkoa) zazpigarren xedapen gehigarrian zehazten denez, agindu honetan zehazten diren laguntzak jaso ahalko dituzte, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:
– Enpresa onuradunak dagokion unean erosketa-aukera gauzatuko duela hitz eman behar du, eta gauzatu; betebehar hori dagokion formalizatze dokumentuan jaso behar da.
– Finantza-errentamendua, eragiketak finantza-errentamenduaren bidez finantzatzeko hitzarmena sinatu duen erakundeak egitea.
2.– Finantza-errentamenduko eragiketen ezaugarriak:
a) Diruz lagun daitekeen finantza-errentamendutzat joko da honako hauetatik txikiena den zenbatekoa:
– Diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 70.
– Finantza-erakundeak baimendutako finantza-errentamenduaren zenbatekoa.
b) Epea: gutxienez bi urte eta gehienez bost urte.
Espedientearen organo izapidegileak lehen zehaztutakoez bestelako epeak onartu ahalko ditu, baldin formalizatutako leasing-ean edo finantza-errentamenduan berariaz jaso bada agindu honetan zehaztutako laguntza-programan sartzen dela. Horrek ez du aldatuko eman beharreko laguntzen zenbatekoa. Zenbateko horrek inola ere ez du gaindituko 5 urterako finantza-errentamenduei dagokiena.
c) Mugaegunak: gutxienez, hilekoak.
d) Aplika daitekeen gehieneko interes-tasa:
– KOI lerroa erabilita gauzatzen diren eragiketetan, indarrean den KOI hitzarmenaren arabera dagokiona izango da.
– Gainerako eragiketetarako, agindu honetako 7. artikuluan zehaztutako hitzarmena ezarriko da.
e) Eragiketa Hitzarmena sinatu duen elkarren bermerako baltzuren batek bermatzen badu, interes-tasa hori 0,25 puntu murriztuko da.
10. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa interesetarako hobarian.
Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak hobaria emango du diruz lagun daitezkeen finantza-eragiketetako tasetan, hurrengo zenbatekoekin:
– Interes nominaleko tasaren 1,75 puntu, oro har.
– Elkarren bermerako baltzu batek bermatutako eta finantza-erakundeekin sinatu beharreko hitzarmenean jasotzen diren eragiketa guztietan, beste 0,25 puntuko diru-laguntza.
– Finantza-eragiketen interes nominaleko tasaren 1,75 puntu gehigarri, I. eranskinean jasotako zonetan gauzatzen diren proiektuak badira.
Edonola ere, interes-tasaren hobariak ezingo du izan eragiketan baimendu edo gauzatu den interes-tasa nominala baino gehiagokoa.
Interes-tasa aldakorra duten eragiketen interes-tasa nominala zehazteko, deialdia argitaratzen den dataren aurreko 6 hileetako urteko EURIBORaren batez bestekoa hartuko da erreferentzia-baliotzat.
Eragiketa bakoitzari dagozkion diru-laguntzen puntuak zehaztutakoan, diru-laguntzaren zenbateko eguneratua kalkulatuko da. Kalkulu horretarako, Europar Erkidegoetako Aldizkari Ofizialean argitaratutako eta indarrean diren erreferentzia eta eguneratze tasak erabiliko dira.
11. artikulua.– Maileguen gehieneko zenbatekoa.
Enpresa onuradun batek eskura ditzakeen maileguen edota diruz lagundu beharreko errentamenduko finantza-eragiketen urteko gehieneko kopurua, bi kontzeptuak batera hartuta, ezingo da 1.500.000,00 eurotik gorakoa izan.
II. ATALA
ITZULTZEKOAK EZ DIREN DIRU LAGUNTZAK
12. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
Itzultzeko ez den diru-laguntzaz lagun daitezkeen jardueratzat hartzen dira:
a) Sentikortzeko ekintzak.
1.– Merkataritzako integratze estrategikoak eratzera zuzendutako sentikortze ekintzak. Sentsibilizazio- eta hedapen-jarduerak bermatuko dira, kasurako. Inola ere ez dira bermatuko erakunde sustatzailearen jarduera propiotik eratortzen diren gastuak.
2.– Laguntza hauek jaso ditzakete agindu honetako 3. artikuluko c) idatz-zatian jasotzen diren onuradunek.
b) Bideragarritasun-estudioak.
1.– Integratze estrategikotik eratorritako enpresa sortu baino lehenago bideragarritasun-estudioa egiteko enpresa kontratatzea bermatzen da.
Estudioek, diruz lagundu ahal izateko, honako alderdiak jaso behar dituzte gutxienez:
– Estudioaren helburuak.
– Aurrera atera beharreko proiektuaren azterketa metodologiko xehekatua.
– Sistema ezartzeak dituen abantailak eta eragozpenak.
– Sortzeko aukerak identifikatzea.
– Aukerak hautatzea, balorazioaren eta lehentasunen bidez.
– Sistema ezartzetik eratorritako onura ekonomikoen kuantifikazioa.
– Jarduera-proposamenak, honakoari lotuta:
. Merkataritza-orientazioak.
. Euskarri fisikoa. Kokapena eta ezaugarriak.
. Administrazio- eta kudeaketa-ezaugarriak.
. Giza baliabideak eta kualifikazioa.
. Enpresaren nortasun juridikoaren azterketa.
. Ekonomia- eta finantza-bideragarritasuna.
– Ekonomia-zenbatespena eta proiektuaren aldi guztiak gauzatzeko epe hobezinak.
– Sorrera eta ezarpena planifikatzea: edukiak, kostua eta gauzatze epea.
– Ezarpenaren gastua arrazoitzea, aurreikusten den etekinaren arabera.
– Estudioaren ondorioak eta proiektuari aplikatutako jarduera proposamenak.
2.– Laguntza hauek jaso ditzakete agindu honetako 3. artikuluko b), c) eta d) idatz-zatietan jasotzen diren onuradunek.
c) Eraketa-gastuak.
1.– Kontabilitate Plan Orokorreko 20. azpitaldean jasotzen diren eta jarduera hastean aldi bakarrean egiten diren eskriturak, izen-emateak, administrazio-baimenak, baimenak eta bestelako gastuak.
2.– Laguntza hauek jaso ditzakete agindu honetako 3. artikuluko c) idatz-zatian jasotzen diren onuradunek.
d) Inbertsioak.
1.– Agindu honetako 6. artikuluan jasotako baldintzak betetzen dituzten inbertsioak; inbertsio horiek, betiere, xede hauetarako izango dira: edo integrazio estrategikotik sortutako enpresa aurrera ateratzeko beharrezko diren egiturak gauzatzeko, edota frankizia-lagapeneko jarduera garatzeko.
2.– Laguntza hauek jaso ditzakete agindu honetako 3. artikuluko a) eta b) idatz-zatietan jasotzen diren onuradunek.
e) Gerente bat kontratatzea modu esklusiboan, enpresa integratzaileekiko independentea.
1.– Egitura integratuko gerentearen ordainsariak bermatuko dira, bai eta Gizarte Segurantzarako kotizazioak ere. Ez dira barne hartzen komisioak, ordezkaritza-gastuak eta agenteak.
Gerentearen ordainsariaren zenbatekoak koherentea izan behar du haren esperientzia profesionalarekin, dituen betekizunen edukiarekin, haren kudeaketari ezarritako helburuekin eta lortutako emaitzekin. Orobat, haren ordainsariak bat etorri behar du enpresa-eremu berean ezaugarri berekiko langileenarekin.
Lanegun osoko kontratazio kostuak 12 hilabetez bermatuko dira.
Bermea 3 urtez luzatuko da, eta denboran murriztuz joango da, 13.5 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz.
2.– Laguntza hauek jaso ditzakete agindu honetako 3. artikuluko c) idatz-zatian jasotzen diren onuradunek.
f) Sustapen-gastuak:
1.– Diruz lagun daitezkeela joko da:
– Enpresa hedatzeko eta sustatzeko materiala: katalogoak, liburuxkak, kartelak, gainerako material inprimatuak eta ikus-entzunekoak. Material hori guztia egitura integratuaren edo enpresa frankiziatzailearen markarekin eta izenarekin editatu behar da, eta kasu honetan, frankizia-lagapeneko hedatze jarduerara zuzendu.
– Azokak: partaidetzak. Espazioa alokatzeko eta stand-a dekoratzeko gastuak bermatuko dira. Frankizia-lagapeneko jarduera hasten duten enpresen kasuan, azoken xedeak jarduera horrekin izan beharko du lotura.
2.– Laguntza hauek jaso ditzakete agindu honetako 3. artikuluko a) eta b) idatz-zatietan jasotzen diren onuradunek.
g) Aholkularitzako gastuak:
1.– Diruz lagun daitezkeela joko da:
– Merkataritza-integrazioa bermatzera edo babestera zuzendutako aholkularitzen lan-orduak, sortzen den enpresa abian jarri ostekoak.
2.– Laguntza hauek jaso ditzakete agindu honetako 3. artikuluko a) eta b) idatz-zatietan jasotzen diren onuradunek.
13. artikulua.– Itzulketarik gabeko diru-laguntzen zenbatekoa
1.– Merkataritza elkartuko egiturak eratzera zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak.
Diru-laguntzaren ehunekoa: aurrekontu-defizitaren % 100.
Gehienezko diru-laguntza 1.100,00 eurokoa da antolatutako ekintza bakoitzeko, eta 5.400,00 eurokoa gauzatutako ekintza guztiengatik.
2.– Bideragarritasun-estudioak.
Diru-laguntzaren ehunekoa: kostuaren %50.
Gehieneko diru-laguntza: 12.000,00 euro.
3.– Eraketa-gastuak
Diru-laguntzaren ehunekoa: kostuaren %50.
Gehieneko diru-laguntza: 1.500,00 euro.
4.– Agindu honetako 12. artikuluko d) idatz-zatian zehaztutako inbertsioak.
Diru-laguntzaren ehunekoa: kostuaren %20.
Gehieneko diru-laguntza: 60.000,00 euro.
5.– Gerentea kontratatzea
– Kontratazioko 1. urtea:
Diru-laguntzaren ehunekoa: kostuaren %75.
Gehieneko diru-laguntza: 24.000,00 euro.
– Kontratazioko 2. urtea:
Diru-laguntzaren ehunekoa: kostuaren %50.
Gehieneko diru-laguntza: 18.000,00 euro.
– Kontratazioko 3. urtea.
Diru-laguntzaren ehunekoa: kostuaren %25.
Gehieneko diru-laguntza: 9.000,00 euro.
6.– Sustapen-gastuak.
Diru-laguntzaren ehunekoa: kostuaren %25.
Gehieneko diru-laguntza: 9.000,00 euro.
7.– Aholkularitzako gastuak:
Diru-laguntzaren ehunekoa: kostuaren %100.
Gehieneko diru-laguntza: 20 ordu eta 72 euro orduko
III. ATALA
LAGUNTZAK PILATZEA
14. artikulua.– Laguntzak pilatzea.
1.– II. kapitulu honetako I eta II. ataletan ezarritako laguntzen modalitateak elkarrekin bateragarriak izango dira, atal horietan zehazten diren baldintzetan eta salbuespenekin. Orobat, ondoko artikuluetan ezartzen denarekin bat etorri beharko dute.
2.– Inbertsio-proiektu berari dagokionez, agindu honek gain hartzen dituen enpresa ertain eta txikientzako laguntzak xede berbereko beste laguntzekin pilatzean, ezingo da inbertsioaren % 75 gainditu, kopuru garbitan. Salbuespen dira eratu aurretiko sentikortze ekintzei bideratutako diru-laguntzak, % 100era iritsi ahal izango baitira.
III. KAPITULUA
PROZEDURA
15. artikulua.– Prozeduraren hasiera.
Agindu honen bidez araututako laguntzen jendaurreko deialdia egingo da urtero. Diru-laguntzak ematean, oinarri hauek erabiliko dira: publizitatea, lehia eta objektibotasuna.
Merkataritza eta Kontsumo sailburuordearen ebazpenaren bidez egingo da deialdia, eta datu hauek zehaztuko dira deialdiko iragarkian: ekitaldi horretan diru-laguntzak emateko aurrekontu zuzkiduraren zenbatekoa; agindu honetan jasotako zenbatekoak eguneratzeko adierazpena (eguneratuz gero), eta diruz lagundu beharreko maileguen eta finantza-errentamenduko eragiketen balioaren urteko gehieneko zenbatekoa, kontsumorako prezioen indizearekin (KPI) bat; halaber, eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren zehaztu, eta eskaeraren eta formularioen modeloak non jaso daitezkeen adieraziko da.
16. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.
1.– Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzak eskuratzeko eskariak eta gainerako dokumentazio gehigarria Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Merkataritza zuzendariari igorriko zaizkio, eta urteko deialdiaren ebazpenean adierazitako lekuetan aurkeztuko dira.
Eskabide-orria erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonak sinatuko du.
2.– Erakunde eskatzaileek, horretarako araututa dauden formularioez gain, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
a) Agiri hauen fotokopia: pertsona eskatzailearen ordezkaritza ahalmenarena, eratze eskriturarena, geroztik eskriturak izandako aldaketena eta, azkenik, ordezkatzen duen pertsona juridikoa dagozkion erregistroetan sartuta dagoela egiaztatzeko agiriak.
b) Pertsona juridikoaren identifikazio fiskaleko txartelaren edo eskatzailearen nortasun-agiriaren fotokopia.
c) Elkartearen ordezkariaren nortasun-agiriaren eta ahalorde-agiriaren fotokopia, hala badagokio.
d) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan sartu edo irtendako aldien egiaztagiria, edo —hura ordezkatzen bada—, haren ordezko agiria, enpresa hori jardueran ari bada. Proiektu berriak badira eta oraindik agiri hori ez badute, inbertsioen kostua egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da dokumentu hori, proiektua amaitzen denean.
e) Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura emandako diru-laguntzen onuradunek beren zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzea arautzen duena) ezarritako baldintzak betetzen badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, diru-laguntzen eskatzailearen berariazko baimena badu betiere, eskatzaileak zerga-betebeharrak bete dituela egiaztatzen duen agiria ematea eskatuko die zuzenean zergen arloko organo eskudunei.
Espedientean interesdunen berariazko baimenik jaso ez bada, interesdunek dagokien egiaztagiria aurkeztu beharko dute. Legezko nortasunik gabeko eta enpresen arteko taldea edo egitura denean, talde edo egitura horretako kide guztiek berariazko baimena eman beharko dute edo Ogasunarekin egunean daudela ziurtatzen duen dokumentazioa eskaini.
f) Beste erakunde publiko nahiz pribatuei eskatutako edo
haiengandik jasotako laguntzei buruzko zinpeko adierazpena.
g) Finantza laguntzak eskatuz gero, mailegu-eragiketaren baimenaren kopia edo, edukiz gero, eragiketa gauzatzeko poliza.
h) Hala badagokio, eskabidearen xede den proiektuan sartutako aktiboen pro forma edo behin betiko fakturak eta ordainketa egiaztatzen duen dokumentua.
i) Gerentea kontratatuz gero:
– Gerentea kontratatu dela egiaztatzen duen dokumentua.
– Gerentearen curriculuma.
– Eskaera aurkeztu denean ez bada oraindik gerentea kontratatu, gerenteak izan beharreko profila eta kontratazioa zein fasetan dagoen zehazten dituen azalpena. Zeinahi gisaz, laguntzen deialdiaren ebazpena publikatzen den ekitaldiko abenduaren 31 baino lehen kontratatu beharko da gerentea, eta horixe egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu.
j) Integratze estrategikoa egin bada, proiektuaren finantza- eta ekonomia-arloetako bideragarritasun-plana eta lehen bi urteko jarduera plana.
k) 3. artikuluko b) idatz-zatian adierazitako enpresen kasuan: Frankizia hedatzeko hurrengo bi urteetako plana.
l) 3. artikuluko c) idatz-zatian adierazitako enpresen kasuan, lege nortasunik gabeko merkatari-taldeak edo enpresen arteko egiturak duen konpromisoa.
3.– Lehendik Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean dauden agiriak ez ditu berriro aurkeztu behar izango interesdunak, baldin eta oraindik indarrean badaude. Halakoetan, eskabide-orrian noiz eta non aurkeztu diren adierazi beharko da; betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 35. artikuluko f) idatz-zatian ezarritako baldintzak eta edukia errespetatuz.
17. artikulua.– Zuzenketa.
Aurkeztutako eskabidean Industria, Merkataritzako lurralde-ordezkaritzak okerren bat edo zehaztasun eza ikusten badu, enpresa eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango dio zuzentzeko. Eta gainera jakinaraziko dio eskabidea bertan behera utzi duela joko dela, baldin epe horretan zuzenketak aurkezten ez baditu. Epe hori igarota, zuzenketak egin ez badira, eskabidea bertan behera geratu dela adierazteko ebazpena emango da, honako lege-testu honetan araututakoari jarraituz: azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena), 42. eta 71.1 artikuluetan, alegia.
18. artikulua.– Eskabideak aztertu eta balioztatzea.
1.– Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-ordezkaritzek egin behar dituzte aurkeztutako eskabideak aztertu eta balioztatzeko lanak. Eskabide horiek egoki ulertzeko eta balioztatzeko, beharrezko deritzen argibide eta agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango dizkiote erakunde eskatzaileari.
2.– Eskabide bakoitza aztertu eta balioztatu eta gero, ebazpen-proposamena aurkeztuko du, eta diru-laguntza eman dela edo ukatu dela adierazi; orobat, eman den diru-laguntzaren zenbatekoa eta diru-laguntza kalkulatzeko onartu diren gastuen zenbatekoa ere azalduko du.
19. artikulua.– Laguntza emateari buruzko ebazpena.
1.– Merkataritza zuzendariak, aurreko artikuluan esandako proposamena ikusita, ordenari jarraituz ebatziko ditu eskabideak, eta espedientea osatuta dagoen unearen arabera, agindu honetako 2. artikuluko hirugarren idatz-zatian ezarritakoari jarraituz.
Sei hilabeteko epea gainditu baino lehen, ebazpen hori eman eta enpresa interesdunari jakinarazi behar zaio. Dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da sei hilabeteko epe hori.
2.– Eskatzaileei diru-laguntzak emateko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian onuradunen zerrenda eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
3.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordeari, azaroaren 26ko 30/1992 Legean (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea) xedatutako epea eta era errespetatuz.
4.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) 44. artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpena emateko epea amaitu, eta enpresa interesdunari ez bazaio horren berri eman, laguntza-eskabidea ukatu egin dela ulertu beharko da.
20. artikulua.– Lagundutako inbertsioa egiaztatzea.
1.– Enpresa onuradunak, gauzatutako inbertsio-proiektuei buruzko behar besteko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu dagokion lurralde-bulegoan, betiere, inbertsio-proiektuak gauzatu ostean, eta deialdiaren ebazpena argitaratu eta hurrengo ekitaldiko otsailaren 28a baino lehen.
Epe hori ez da gerentea kontratatzeari buruzko egiaztagiria aurkezteko, kontratua egiten denetik 12 hilabeteko epea amaitzean aurkeztuko baita egiaztagiri hori.
Dena dela, aski justifikatutako zergatiengatik proiektua ezin denean deialdiaren urte berean gauzatu, Merkataritza Zuzendaritzak gehienez sei hilabeteko luzapena onartu ahal izango du, proiektua erabat amaitzeko eta egiaztatzeko. Horretarako, behar bezala egin beharko da eskaria, ezarritako epea edo mugaeguna iritsi aurretik, eta indarrean dagoen araudiari jarraikiz.
Inbertsioa egiaztatzen duten agiriekin (jatorrizko ordainagiriekin edo fotokopia konpultsatuekin) batera, laguntza eskatzerakoan aurkeztu ez zuen (eskura ez zuelako) dokumentazio guztia aurkeztu beharko du enpresa onuradunak. Orobat, hala badagokio, enpresa ertain edo txikia dela frogatzen duen zinpeko adierazpena aurkeztu beharko du —3.2 artikuluan araututakoarekin bat—; edota gauzatutako mailegu-polizaren edo -polizen kopia; edota finantza-errentamenduaren edo -errentamenduen kopia.
2.– Diruz lagundutako ekintzak egin direla egiaztatuko dute lurralde-ordezkaritzek, gastuen analisia egiaztatuz eta material euskarria erantsiz, horrela agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen baitira. Halaber, lagundutako inbertsio-proiektua ikuskatzeko bisita egingo dute lurralde-ordezkaritzek.
3.– Azaldutako datu horiek guztiak egiaztatu ostean, lurralde-ordezkaritzek txostena emango dute eta Merkataritza Zuzendaritzara igorriko. Txostenean, egindako gastuari dagokion diru-laguntzaren likidazioa proposatuko da.
21. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-ordezkaritzak ikuskaritzatik eta jasotako dokumentaziotik ateratako emaitzak eta egiaztatzeak oinarritzat harturik, txostena emango du. Bertan, hala badagokio, inbertsioak gauzatu direla egiaztatuko da; halaber, inbertsioak nola egin diren azaldu, eta egindako gastuaren arabera diru-laguntza nola kitatu proposatuko da.
Merkataritza Zuzendaritzak txostena jaso bezain laster, dagokion diru-laguntza kitatzeari ekin diezaion balioko du.
2.– Interes-tasa diruz laguntzen denean, onartutako proiektuak egiaztatu eta gero ordainduko da diru-laguntza, finantza-erakunde bakoitzari aldi bakarrean. Finantza-erakundeak mailegu eragiketaren kapital bizia murriztuko du, diru-laguntzaren zenbateko berean.
3.– Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzetan, berriz, aldi bakarrean ordainduko dira, lagundutako inbertsioak justifikatu ostean. Salbuespen izango da, ordea, gerentea kontratatzen bada; izan ere, kasu horretan, aldeko ebazpena eman bezain laster, kopuruaren %75 ordainduko da, enpresaren eta gerentearen arteko kontratuaren kopia konpultsatua aurkeztu ostean.
4.– Ordainketa izapidetzen den datan, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura emandako diru-laguntzen onuradunek beren zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzea arautzen duena) ezarritako baldintzak betetzen badira, agindu horretako 16. artikuluko 2.e) idatz-zatian zehazten den moduan egingo da aipatutako egiaztagiria.
22. artikulua.– Inbertsioak aldatzea.
Inbertsio-proiektuek, nahitaez, eskabidea egiteko unean aurkeztutako txostenean jasotako jarduerak gain hartu behar dituzte. Merkataritzako Zuzendaritzak jarduera horiek aldatzea baimen dezake, baldin inbertsioaren izaera eta helburuak indargabetzen ez badira.
23. artikulua.– Amortizazioak.
Diruz lagundutako mailegu-eragiketa edota finantza-errentamendua —zati batean edo osorik— aldez aurretik amortizatzeko, berariazko baimena eman beharko du Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak. Hala, bada, sail horrek, enpresa onuradunaren eskaria jaso eta gero, Merkataritza zuzendariak ebazpenaren bidez, ordainduko duen diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztuko du. Zenbateko hori bat etorriko da enpresak jasotako eta haren xedeari aplikatu gabeko diru-laguntzaren zatiarekin.
Nolanahi ere, agindu honetako 8. artikuluan ezarritako amortizazio-epeak gainditzen dituzten eragiketa onartuak direnean, gehieneko epe horiek igaro ostean, ez da beharko inolako baimenik aldez aurretik edo haien zati bat amortizatzeko.
Zeinahi gisaz, eragiketaren zati baten amortizazio aurreratua diru-laguntza eguneratutik eratorria bada, horrek ez dio gasturik eragingo enpresa onuradunari.
24. artikulua.– Ikuskatzea.
Gauzatutako inbertsioaren gainean ikuskatzea egiteaz gain, diruz lagundutako proiektuak aurrera nola doazen ikusteko egoki deritzen ikuskatze eta egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak. Hartara, eskatzen dizkion argibide osagarri guztiak eman beharko dizkiote enpresa onuradunek.
25. artikulua.– Beste laguntzekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak bateraezinak izango dira Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak xede bererako eskaintzen dituen beste laguntzekin.
2.– Agindu honen bidez ezarritako laguntzetan, minimis laguntzei buruz urtarrilaren 12ko Komisioak (EB) emandako 69/2001 zenbakiko araudian (edo horri buruz Europar Batasunean emandako beste arteztarau nahiz xedapenetan) zehaztutako minimis arauak bete beharko dira.
3.– Agindu honetan araututako laguntzak hartzen dituzten enpresen inbertsio-proiektuek ez dute beste laguntzarik jaso ahal izango, edozein dela ere beste laguntza horien izaera eta eman dituen organo edo administrazioa, baldin, agindu honetatik eratorritako laguntzei batuta, Europar Erkidegoko araudian laguntzak metatzeari buruz jarritako mugak gainditzen badira.
4.– Agindu honetan xedatutakoan oinarriturik emandako laguntzetatik zuzenean kentzekoak izango dira beste organo edo administrazioek emandakoak, baldin diruz laguntzeko aktiboei dagokienez helburu bera badute, aurreko zenbakian adierazitako gehieneko mugetara iristen badira.
26. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Merkataritza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan araututako laguntzak kudeatzea, agindu honetan bertan berariaz beste organo batzuen esku uzten diren gaietan izan ezik.
27. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen onuradunek ondorengo betebehar hauek izango dituzte, betiere:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Hartara, diru-laguntza eman zaiola jakinarazteko agiria jasotzen duenetik hamabost egun igarotakoan, onuradunak berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egin ez badio, diru-laguntza onartu duela joko da.
2.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun, Ekonomia eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.
3.– Helburu berarekin beste edozein Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik laguntza, diru-sarrera edo -baliabiderik jasoz gero, horren berri ematea.
4.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak jakinaraztea.
5.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, aurkeztutako eskabideak egoki balioztatu eta ebazteko egoki deritzen agiri eta argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.
6.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak, diruz lagundutako proiektuak garatu eta gauzatzeari buruz, egoki deritzen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
28. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan edozein aldaketa izanez gero, laguntza emateko erabakia aldatu ahal izango da, baldin diru-laguntzen arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira. Betiere, aintzat hartu beharrekoak dira honako aldaketa hauek: aldi berean, beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batek emandako laguntzaren bat jasotzea, edo helburu bererako beste sarrera edo baliabide batzuk jasotzea.
Halakoetan, Merkataritza Zuzendaritzak aldaketarako erabaki egokia emango du, onartutako diru-laguntzen zenbatekoak berregokitzeko.
29. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
1.– Gerta daiteke onuradunak ez betetzea diru-laguntza emateko ebazpenean, agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritako baldintzaren bat. Ebazteko aginpidea duen organoak, halakoetan, onuradunak jasotzeke duen kopurua jasotzeko eskubidea galdua duela adieraziko du, eta jasotakoa (dagozkion legezko interesekin batera) Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra duela. Gainera, egoki diren beste ekintza guztiak ere egingo dira, lege-testu hauetan xedatutakoari jarraituz: urtarrilaren 19ko 1/1997 Legegintzako Aginduan (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legearen eraberritutako idazkera onartzen duena), eta abenduaren 17ko 698/1991 Aginduan.
Kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, legezko ondorio egokietarako.
2.– Halaber, baldintzak ez direla bete joko da enpresa onuradunek finantza-entitateekin zituzten kontratuak hausten badituzte. Halakorik gertatuz gero, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari jakinarazi beharko diote, nahiz eta horrek finantza-eragiketa ebaztea ala ez baldintzatu. Baldintza-hauste horien artean, interesen edo printzipalen zati bat edo guztia ez ordaintzea sar daiteke.
3.– Diru-laguntza eman zenean ezarri ziren baldintzak ez direla betetzen adierazten duen prozedura, indarrean dagoen araudian ezarritako epean eta eran egingo da.
4.– Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak onuradunak ez dituela baldintzak bete argudiatu ahal izango du diru-laguntza emateko ebazpenaren datatik hasi eta hurrengo bost urteetan, eta, betiere, proiektuagatik lortutako kredituek eta diru-laguntzek indarrean jarraitzen duten bitartean.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Agindu honetako 5. artikuluan aurreikusitako hitzarmenak edo horien ordezkoak indarrean baldin badaude eman egingo dira Aginduko II. kapituluko I. atalean araututako laguntzak.
Bigarrena.– Merkataritza eta Kontsumoko sailburuordeari aginpidea ematen diot I. eranskinean ageri diren udalerriak edo esparruak zehazteko eta —hala badagokio— eguneratzeko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bakarra.– Agindu hau indarrean sartzean indargabetu egingo da 2000ko ekainaren 30eko Agindua, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena (merkataritza-banaketaren arloan integrazio estrategikoak sortu eta garatzeko laguntzak arautu zituena eta 2000ko uztailaren 14ko EHAAren 135. zenbakian argitaratu zena).
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi errekurtsoa ezar daiteke Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2003ko ekainaren 25a.
Industria, Merkataritza eta Turismo Sailburua,
JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.
I. ERANSKINA
1.– Ibaizabaleko Ezkerraldea
Abanto y Ciérvana/Abanto-Zierbena
Alonsotegi
Barakaldo
Erandio
Muskiz
Ortuella
Portugalete
Santurtzi
Sestao
Valle de Trápaga/Trapagaran
Zierbena
2.– Pasaiako badia
Lezo
Oiartzun
Pasaia
Errenteria
Pasaiako badiako isurialdean dagoen Donostia-San Sebastiángo lurraldea.
3.– Bilbo Zaharra, San Frantzisko