Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2003ko maiatzaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2663

EBAZPENA, 2003ko martxoaren 12koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Güeñesko (Bizkaia) Andra Mari Eliza monumentu izendapenaz Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea Euskal Kultura ondareari buruzko 7/1990 Legera osatu denez gero, espedientea berrirekitzeko eta jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egiteko dena.

Uztailaren 17ko 265/1984 Dekretuaren bidez (abuztuaren 4ko EHAA, 132 zk.) Güeñesko (Bizkaia) Andra Mari Eliza monumentu historiko-artistiko izendatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluak jasotakoaren arabera, Kultura Ondarearen gaineko eskumen esklusiboa beraganatu zuen. Bere gain hartutako eskumen esklusibo horrez baliaturik onartu zen Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea. Lege horren Lehen Xedapen Gehigarriaren arabera, aurreko araudiaren arabera interes kulturala izendatu zitzaien ondasunak Sailkatutako Kultura Ondasun bihurtuko dira. Bestalde, interes kulturaleko ondasun izendapena 7/1990 Legea indarrean jarri baino lehenago egin zitzaien ondasunen espedienteak ere lege horren menpe daude Bigarren Aldi Baterako Xedapenean ezartzen denaren arabera.

Güeñesko (Bizkaia) Andra Mari Eliza sailkatzeko den espedienteak Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen ez dituenez eta Lege hori baino aurrekoa denez, ondasunaren izendapena legearen 12.1 artikuluaren arabera egokitu behar da.

Guzti horren ondorioz, honako hau,

EBATZI DUT:

Lehena.– Güeñesko (Bizkaia) Andra Mari Eliza monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun izendatzeko espedientea berriro zabaltzea. Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera espedientea osatu ondoren espedientearen I. eranskinean ondasunaren mugaketa jaso da, II. eranskinean deskripzioa eta III. eranskinean bere babesteko araubidea.

Bigarrena.– Espedientea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan ezarritakoa betez, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea irekiko da, nahi duenak egokitzat jotzen dituen alegazioak egin eta dokumentuak aurkeztu ahal izan ditzan. Hori egiteko 20 eguneko epea emango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena.– Osatu den espedientea dela-eta, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.3 artikuluan ezartzen denaren arabera, interesdunei lege horren 12. artikuluan aipatzen diren ezaugarriak jakinaraztea, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita 15 eguneko epean euren eskubideak defendatzeko egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta dokumentuak aurkeztu ahal izan dezaten

Laugarrena.– Espedienteak aurrera jarraitu dezala, indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena.– Ebazpena interesatuei, Güeñesko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari jakinaraztea.

Seigarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila, guztiek honen berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko martxoaren 12a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

IMANOL AGOTE ALBERRO.

I. ERANSKINA
MUGAK

Mugaketaren eremua.

Babestutako inguruak muga hauek ditu:

– Iparraldera: eliza ondoan dagoen kalexka.

– Hegoaldera: Euskadi plaza.

– Ekialdera: Galdemeserako errepidea.

– Mendebaldera: Arangurenerako errepidea.

Mugaketaren justifikazioa.

Plazak ondo zehazten duen gune publiko bateko ardatza da eliza. Bertara iristeko errepideek babesgune bat sortzen dute eta egin daitezkeen eraikuntzetatik bereizita geratzen da monumentua. Atzeko kalexka mugaketaren itxiera naturala da.

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

Güeñesko Andra Mari parrokia Arangurenera eta Galdamesera doazen errepideen bidegurutzean dago kokatuta. Elizaren aurrean plaza eder bat dago eta plazak atari aurreko funtzioa betetzen du, elizaren zabalera guztia hartzen duelarik.

Oraingo eliza XVI. mendean hasi zen eraikitzen, lehendik zegoen beste eliza baten orubearen gainean. Barruko espazioa angeluzuzen handi bat da eta horri absidea eransten zaio. Hiru nabek eta lau tartek osatzen dute espazio hori; lehenengo tartea besteak baino laburragoa da. Absideak poligono forma du.

Absideak, lehenengo tarteak eta portada nagusiak altuera ezberdinak dituen hiru nabeko eliza baten gotiko berantiarreko ezaugarriak dituzte. Hala ere, XVI. mendearen erdialdera, kabildoak proiektua aldatzea erabaki zuen eta alboetako nabeak nabe nagusiaren altueraraino igo zituen. Gaur ezagutzen dugun elizak areto-nabea du, altura bereko hiru naberekin, lehenengo tartean izan ezik, lehenengoan albokoak askoz ere baxuagoak dira eta.

Hiru zutabe lodiz osatutako bi lerrok bereizten dute nabe nagusia alboko nabeetatik. Kapitelak arkuen abiaduretan kokatuta dauden moldura sinplez osatuta daude. Alboetako hormetan erdi zutabeak daude atxikita. Zutabe nagusien antzekoak dira. Parpain-arkuak karpanel motakoak dira eta arku formeroak erdi-puntukoak, hirugarren tartekoak izan ezik, horiek arku zorrotzak dira eta.

Gangak gurutzeriakoak dira konplikazio ugarikoak, bata bestearengandik ezberdina, alboko nabeetako ganga simetrikoak izan ezik, horiek binaka berdinak dira eta. Alboko nabe bakoitzeko lehenengo, hirugarren eta laugarren tartea tertzeletak dituen ganga batez estalia dago; trazeria zuzenekoa da. Bigarren tartean nerbio batzuk erditik kanpora doaz.

Ansidearen ganga sei puntako izarraren itxurakoa da eta nabe nagusiko lehenengo tartearekin lotzen da. Bigarren tartekoa polarra da, zirkulu txiki bat eta karratu itzuli handi bat daukan tertzeletea. Hirugarrenak angeluzuzen ertaina dauka poloaren inguruan. Laugarrenak tertzeletak eta konbatuak dauzka.

Koruak nabe nagusiko azken tartea hartzen du; arku eskartzano baten gainean dago. Korua XVII. mende hasierakoa da. Beheko korua tertzeleteak eta kontratertzeletak dituen gangaz osatzen da.

Argia bao txaranbeldunetatik sartzen da; bigarren tartekoak arrosa-leihoa dauka.

Sakristia absidera erantsita dago; absidetik hel daiteke sakristiara. Bi tarte dituen ertz-gangarekin eraiki zen XVIII. mendean.

Elizak bi sarrera ditu; albokoa da sarrera nagusia: oso ederra eta lerdena. Eguzkiaren portada du izena eta bertako dekorazioan errenazimentua eta gotiko loretsua nahasten dira. Arku zorrotzekoa da, arkiboltak eta hiru multzo baketoi dauzka, sokaz lotutako dekorazioa eta bolak dituelarik. Bi bao dauzka, arku karpanelean. Baoak mainel batekin bereizten dira eta Ama Birjina umearekin erakusten duen harrizko irudi bat dauka mainelak. Bao bakoitzean aingeru figura bana dago. Ama birjinaren gainean drosel gotiko filigranatu bat dago. Tinpanoa apainduta dago. Arku zorrotzaren gainean erremate konopial bat dago. Albokoak oso zutabe mehez errematatzen dira, orratzak bailiran. Zutabeen kuspidean loroiak antzematen dira. Goiko aldea bolak dituen ilara batean kokatzen da.

Beste sarrera, elizaren oinetan dagoena, diseinu klasistagoarekin egin zuten, XVII. mendean. Bi gorputz dauzka: behekoak sartzeko baoa dauka, erdi-puntukoa. Lau zutaberen artean kokatzen da; zutabe horiek taulamendu bati eusten diote. Taulamendua ertzetan pinakuluez errematatuta dago. Gorputz biak elkartuz pinakuluak goiko oineko taulamenduarekin lotzen dituzten erroleoak daude. Oin horrek nitxo laua dauka tinpanoaren azpian eta bola-erremateak.

Kanpaien dorreak, harlanduzkoa bera, lau gorputz eta zokalo bat dauzka. Kanpaien gorputzak erdi-puntuko lau bao dauzka, kanpaiak edukitzeko, eta gainean harlanduz errematatutako kupula, albo banatan pinakuluak dituela.

Eraikin guztia dago harlanduz eraikia: hormak, kontrahormak, dorreak...

III. ERANSKINA
BABESTEKO ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
BABESTEKO ARAUBIDEAREN
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Babesteko araubidearen helburua.

Babesteko araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz idatzi da, Güeñeseko Andra Mari eliza monumentu izendapenaz sailkatutako kultura ondasun izendatzeko espedientea lege horretara egokitu behar delako, monumentua adierazpen horretakoa baita.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Eraikuntzaren deklarazioa uztailaren 3ko 7/1990 Euskal Kultur Ondarearen Legera egokitzeko akordioko I. eta II. eranskinetan jasota dagoen mugatze eta azalpenaren arabera kalifikaturiko ondasunerako aplikatuko da jarraian zehaztuko dugun babesteko araubidea.

3. artikulua.– Bereziki babestu beharreko osagaiak zein diren.

Sailkatutako eraikinean babes berezia behar duten elementuak ondorengo hauek dira:

– Bolumetria eta bere espazio antolamendua.

– Eraikinaren ingurukaria, eraikinaren kanpoko fatxadak osatzen dituzten perimetro-paretak eta horien osagai diren elementu anitzak: kontrahormak, portadak, leihateak, dorreak...

– Bolumenen kanpoko antolaketa; bertan eraikin anitzak eta eraikuntzaldi anitzak antzematen dira.

– Nabe nagusiaren barruko espazioaren antolaketa eta sakristia, eta bai elementu apaingarriak eta egiturakoak ere, hala nola: gangak, nerbioak, leihateak, hormak...

4. artikulua.– Izaera loteslea.

Babesteko araubide honetako preskripzioak lotesleak dira, eta eraikina arau horiek errespetatuz kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako preskripzioek lotu egiten dituzte hirigintza-plangintzako tresnak, eta, beraz, horiek ere bete egin beharko dute babesteko araubide hau, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatutako arau hori betetzeko, babesteko araubidearen helburu den eraikinari aplika dakiokeen hirigintza-plangintzak onartu aurretik nahitaezkoa izango da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.

5. artikulua.– Agindu orokorrak.

1.– Babesteko araubide honek babesten duen eraikina Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezartzen denaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.– Babesteko araubide honen eraginpean dauden ondasunaren jabeek Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20. eta 35. artikuluek eta Lurzoruaren 6/1998 Legeko 19. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.

3.– Ondasunaren zatiren bat edo ondasuna osorik eraitsi behar izanez gero, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo da, baita azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuaren arabera ere. Dekretu hori kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta ondasun horiek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa da, eta aurretik aipatutako aginduak garatzen ditu.

II. KAPITULUA
ERABILERAK

6. artikulua.– Baimendutako erabilerak.

1.–Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondorengo erabilerak baino ez dira baimenduko: eraikinaren ezaugarrietara egokitzen direnak eta eraikina modu egokian zaintzen uzten dutenak, eta horrekin batera, babesteko araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren osagaientzako babes zuzen eta berezia eskainiko duten erabilerak.

2. - Debekatuta egongo dira aurreko paragrafoan aipatzen ez diren gainerako erabilera guztiak.

7. artikulua.– Honako arau hauen arabera egin beharko da egokitzea: irisgarritasun legea, eraikuntzako oinarrizko arauak, instalazioen erregelamenduak, jarraibide tekniko osagarriak eta beste arau batzuk.

Eraikina edozein erabilera berritara moldatzeko eta ondasunaren gain egin nahi den edozein esku-hartze burutzeko, dagokion gaiaren inguruan indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen betebeharrak bete egin beharko dira, beti ere babesteko araubide honetako III. kapituluak eraikinarentzat ezartzen dituen mugen arabera.

III. KAPITULUA
ESKU HARTZEKO ERREGIMENA
1. ATALA. ESKU HARTZEKO IRIZPIDE
OROKORRAK

8. artikulua.– Esku hartzeko proiektuak.

Babesteko araubide honen xede den ondasunaren gain edozein esku-hartze egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua burutu beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:

a) Egungo egoerari buruzko dokumentazio grafiko zehatza. Solairuak, 1/50 eskalan eginak; fatxada eta sekzioak, xehetasun arkitektonikoekin (1/20 eskalan azalduta), argazki-dokumentazio osoarekin, plano historikoekin eta abar; eta, bereziki, egitura-sistemaren altxaera zehaztua, neurtua eta akotatua.

b) Honako hauek deskribatuko dituzten dokumentu grafikoak: zer egin behar den, zein material erabiliko den, lanak burutzeko egongo diren aldiak eta proiektua amaieran nola geratuko den, lehen aipatutako eskala berak erabilita.

c) Kontserbazio-egoeraren azterketa. Azterketa horretan, besteak beste, honakoak jasoko dira: egitura-sisteman eragiten duten edo eragin dezaketen patologiei buruzko azterketa bat eta osagaiak babesteko erabaki diren neurriak.

d) Ondorengoak azalduko dituzten idatzizko agiriak: zein lan egingo diren, zein teknika erabiliko diren, zein kalitatetako materiala erabiliko den, erabilitako materialak zenbateraino diren egokiak, eta material horiek gainerako osagaiekin nola lotzen diren eta zer-nolako eragina duten elkarrekiko.

e) Eraikinaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala zaintzeko zein teknika eta baliabide behar diren zehaztea.

f) Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babesteko erregimen honek ezarritako aginduen arabera burutzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak barne hartzen dituena.

Obren edo esku-hartzeen ondorioen eragina jasaten duen eraikin-zatiari buruzkoa izango da proiektuen dokumentazioa.

9. artikulua.– Debekatutako esku-hartzeak.

Eraikinean egin daitezkeen esku-hartzeak mugatuta daude, eraikinaren balore historiko-arkitektonikoak babeste aldera. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko osagaien ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatu egin dira, ezaugarri horiek ematen baitiote balioa eraikinari, eta hain zuzen ere babesteko araubide honetako 3. artikuluan aipatzen diren osagaiak dira.

Orokorrean, ondorengo esku-hartzeak galarazi egingo dira, babestutako higiezinaren balio historiko-arkitektonikoei kalteak edo galerak ekar diezazkienak eta baita babesteko araubide honen edozein zehazpenen aurka doazenak ere. Horretarako, jarduera hauek debekatuta egongo dira berariaz:

1.– Eraikinaren bolumena aldatzea.

2.– Eraikinak hartzen duen eremuan aldaketak eragitea, aldaketa horiek jatorrizko eraikinari eraikin gehiago eranstea badakarte, edo eraikinaren oina luzatu edo zabalagotzea.

3.– Fatxadak, fatxada horietako osagaiak eta baoen jatorrizko kokagunea eta kopurua aldatzea. Baoen jatorrizko tamaina, proportzioa eta itxura mantendu egin beharko da.

4.– Teilatuaren jatorrizko itxura aldatzea, esate baterako etxea jasotzeko obrak, edo malda nahiz faldoiak aldatzea bai antolaketan bai kopuruz.

5.– Barruko banaketari edozein motatako aldaketa egitea, elementu higigarriekin ez bada.

2. ATALA. ESKU HARTZEKO IRIZPIDE
ESPEZIFIKOAK

10. artikulua.– Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

1.– Babesteko araubide honetako 3. artikuluan babes bereziko modura aipatutako elementuen gain, 317/2002 Dekretuan Berriztapen Zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikiaren birgaitze-jarduketa babestuak arautzen ditu.

2.– Eraikina beste zerbaitetarako erabili behar bada, egokitze-lanak ahalik eta txikienak izango dira: mantentze-obrak izango dira, hain zuzen.

3.– Baimendutako lanak egiterakoan, ondorengo baldintza hauek bete beharko dira nahitaez:

a) Ez da erabiliko eraikinaren kanpo-egitura edo akabatuen osaera era berreskuraezinean alda dezaketen garbiketa tratamendurik. Garbiketa egin aurretik, materialen osaera aztertu ondoren, osagairik ahulenak babestu egingo dira eta juntura eta arrakalak itxi egingo dira.

b) Hormak, orokorrean: gaizki badaude, sendotzeko erabil daitezkeen teknikak aztertuko dira. Desmuntatzea eta berriro eraikitzea azken aukera izango da. Hormetako junturak kareorearekin berdinduko dira.

c) Instalazioak: instalazioen bideratzeak egiterakoan kontuan izango da iristerrazak izan behar dutela, eta, gainera, ez direla nabarmen geratu beharko. Ezingo dira karga-hormen barruan egin.

d) Ondare babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizuneko birgaitzeko esku-hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna zaharberritzeko lanak enpresa espezializatuei esleituko zaizkie, lan horiek berme guztiekin burutzeko behar besteko gaitasun teknikoa badaukatela behar bezala egiaztatzen duten enpresei, alegia.

11. artikulua.– Eraikuntzako esku-hartze baimenduak.

Baimendutako esku-hartzeak ondorengoak izango dira, baina eraikinaren osagai tipologiko eta formalak errespetatzekotan beti:

– Eraikinaren egokitze funtzionala, baldin eta emango zaion erabilera, babesteko araubidean araututakoaren arabera, kanpoaldeko fatxadarekin eta eraikinaren egiturarekin bateragarria bada.

– Fatxadak zaharberritzea. Kareorearekin egingo dira beharrezkoak diren juntura berdintzeak.

– Eraikina finkatzea, berreskuratu ezin diren zatiak ordezkatuz, edozein elementuren posizioa edo kota aldatu gabe:

– Gangak eta kupulak zaharberritzea.

– Oraingo ataria eraistea edo ordeztea.

12 artikulua.– Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku-hartzeak.

Aurreko artikuluak esandakoa betez beti, ondasuna hondatuta badago, ondorengo lanak edo integrazioak onartzen dira:

1.– Dokumentu bidez egiaztatutako egitura-zatiak leheneratzea. Horretarako, kasuaren arabera, edo leheneratu beharrekoaren ingurunea argi zehaztuko da, edo bestelako materiala baina harmonikoa dena erabiliko da, lehen begiratuan zaharretik bereizteko modukoa, batez ere zati zaharrekin bat egiten den puntu horietan.

2.– Zatikatuta edo puskatuta dauden elementuen dekorazioa berrosatzea, eta zatiren bat galdu duten lanak finkatzea; hutsune txikiak berreraikitzeko, lehen begiratuan erraz bereizteko moduko teknikak erabiliko dira, edo jatorrizko zatiekin maila ezberdinetan lotzen diren gune neutroak jarriko, edo jatorrizko euskarria agerian utziko. Zonalde figuratiboak ez dira inoiz "ex novo" leheneratuko, ez eta obraren figurazioaren elementu nagusiak sartuko ere.


Azterketa dokumentala