Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2003ko maiatzaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2661

89/2003 DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, Energiaren Euskal Erakundeari Euskal Autonomia Erkidegoko gas sektorea pribatizatzeko prozesua amaitzeko beharrezko baimenak ematen dizkiona.

Energi politikan aurreikusitako jardun-ildoen artean, Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako daukan programan, eta energia sektorearen liberalizazioaren baitan, gas sektorean dauden partaidetza publikoak pribatizatzeko prozesua garatzea dago. Prozesu horrek enpresa-proiektu lehiakorra bermatu behar du, Euskal Autonomia Erkidegoan oinarritutakoa izan behar da, baina estatuan nahiz nazioartean hazteko proiekzioarekin, eta partaidetza publikoa garantista izango da. Dena den, programan jasota dagoen konpromiso hori arlo horretan aurreko ekitaldietan egindako jarduketen artean sartu behar da.

Hain zuzen ere, aurreko legegintzaldian, 3E-2005 Planak (Euskadiko Estrategia Energetikoa) funtsezko printzipio moduan berretsi zuen enpresa-ikuspegi lehiakor eta pribatua duten energi azpiegituren sustapena eta garapena, eta sektorean jarduteko estrategia moduan euskal gas taldea indartzea jaso zuen; halaber, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak definitutako estrategia-interesen kontrol eta babeserako zeregina eman zien herri botereei talde horren finkatze estrategikorako prozesuan.

Zentzu berean, Eusko Legebiltzarrak, Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordeak 2000ko urriaren 10ean onartutako ez-legezko proposamenean, gas sektore publikoa pribatizatzeari buruzkoan, iritzi zuen pribatizatzeko prozesuak etorkizuneko enpresa-proiektua bermatu behar zuela, enplegu-maila gorenarekin eta egoitza eta erabaki-gunea Euskal Autonomia Erkidegoan dituela; eta proiektu horrek, inbertsioari dagokionez beharrezko esfortzua eginda, enpresen lehiakortasuna eta bideragarritasuna bermatu behar zuela, eta proiektu horretan, finkatzen den artean, kontrolerako eta akzioetan partaidetza izateko mekanismo egokiak mantendu beharko lituzketela euskal herri administrazioek.

Horrela, manu horiek betetzearren, gas sektore publiko pribatizatzeko prozesua abiarazi zuen Energiaren Euskal Kontseiluaren Zuzendaritza Batzordeak 2000. urteko abenduan, eta horretarako Pribatizazio Batzorde bat eratu zuen, prozesu hori gainbegiratzeko betebeharrarekin.

Helburu hori lortzeko, lehen urrats moduan, eta pribatizatzeko prozesuan erabakiak hartzea erraztearren, prozesu horrek afektatutako sozietate-partaidetzen berrantolaketa egin zuen Energiaren Euskal Erakundeak, eta Naturcorp Multiservicios, S.A. sozietate publikoan integratu zituen horiek guztiak. Hori egin ahal izateko nahitaezkoa den baimena eman zion Jaurlaritzaren Kontseiluak maiatzaren 8ko 82/2001 Dekretuaren bidez (2001eko maiatzaren 28ko EHAA, 100 zk.). Aipatutako sozietate hori Energiaren Euskal erakundeak sortu zuen, bazkide bakar moduan, Jaurlaritzaren Kontseiluaren nahitaezko baimenarekin (320/1996 Dekretua, abenduaren 24koa —1997ko martxoaren 17ko EHAA, 11 zk).

Ondoren, aipatutako Pribatizazio Batzordearen ikuskaritzapean, sozietate horren pribatizazioa prestatzeko egokiak ziren jarduketak egin zitzala agindu zion Energiaren Euskal Erakundeko lehendakariak Naturcorp Multiservicios, S.A.ren Administrazio Kontseiluari.

Pribatizatzeko prozesuan zehar eta hori ebazteko fasea hasi aurretik, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2002ko abenduaren 26an, eta Pribatizazio Batzordearen proposamena ikusita, erabakia hartu zuen: Energiaren Euskal Erakundeak pribatizatzeko prozesuan izango zuen bazkide estrategikoa hautatzeko irizpideak ezartzea, eta baimena ematea Naturcorp Multiservicios, S.A. sozietatearen akzioak besterendu behar izanez gero Euskadiren Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legean aurreikusitako besterentze zuzeneko prozedura erabiltzeko.

Bestalde, jarduketa horien barruan, akordioa lortu zuten Energiaren Euskal Erakundeak eta Donostia-San Sebastiango Udalak Donostigas, S.A.ren %51a ordezkatzen zuten akzioak —Udalaren jabetzakoak— Naturcorp Multiservicios, S.A.ren kapital sozialeko %6,9149ko partaidetzarekin trukatzeko. Eragiketa hori azken sozietate horren kapital-zabalkuntza baten bidez egingo litzateke, eta hori erabat harpidetuko luke Donostia-San Sebastiángo Udalak, gas sozietatean dituen akzioekin diruzkoa ez den ekarpena eginez.

Ondoren, Energiaren Euskal Erakundeko organo artezkariek fase honetarako interesa zuten eta hautatu ziren enpresek eskaini behar zituzten alde legal eta ekonomikoak, Jaurlaritzaren Kontseiluak ezarritako irizpideei jarraiki ezarri beharreko legedi merkataritza- eta ondare-legediarekin bat datozenak, jasotzen zituzten agiriak onartu eta gero, hautaketarako behin betiko prozesua hasi zen. Xede horrekin, esleipenerako beharrezko prozedura egin zen, zeina Pribatizazio Batzordeak egin eta Energiaren Euskal Erakundeko artezkaritza organoek onartu zuten proposamenarekin burutu baitzen, alegia, Hidrocantábrico, S.A.ren eskaintza onartzea. Eskaintza horren ondorioz, Energiaren Euskal Erakundeak Naturcorp Multiservicios, S.A. sozietatean dituen akzioen zati bat eskualdatuko zaio esleipendunari, eta Energiaren Euskal Erakundeak aukera izango du esleipendunak etorkizunean horretarako eratuko duen sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta bertan, Naturcorp Multiservicios, S.A. sozietatean dituen akzio guztien ekarpena egingo du.

Merkataritza-eragiketa horiek denak egindakoan, eratuko duen sozietate berrian Hidrocantábrico, S.A.k izango duen partaidetza sozietate horren kapital sozialaren %62 izango da, beraz, Energiaren Euskal Erakundeak parte-hartzaile maioritarioa izateari utziko dio erakunde horrek partaidetza duen gas-sozietateetan, hortaz, sozietate publiko izaera galduko dute du Naturcorp Multiservicios, S.A. sozietateak, Sociedad de Gas de Euskadi, S.A.k —parte-hartzaile maioritarioa Naturcorp Multiservicios, S.A. da—, eta Naturgas Comercializadora, S.A.U., Naturgas Participaciones, S.A.U. eta Gas de Euskadi Transporte, S.A.U. sozietateek, azken hiru horien partaidetza guztia Sociedad de Gas de Euskadi, S.A.k dauka. Azkenik, prozesua amaitzeko, eratuko den sozietate berriak xurgapen bidez bat egingo du Naturcorp Multiservicios, S.A. sozietatearekin, hortaz, azken merkataritza-sozietate hori desagertuko da.

Hala ere, eragiketa horiek egin aurretik, nahiz eta elkarren jarraian egin, eta horrela erabaki duten toki-erakundeek gas sektore publikoaren pribatizazioan parte hartzea bultzatzearren, Naturcorp Multiservicios, S.A. sozietatearen kapitala zabaldu beharko da, Donostigas, S.A.ren kapital sozialaren %51 ordezkatzen duten akzioak —Donostia-San Sebastiángo Udala da horien titularra— Naturcorp Multiservicios, S.A. sozietatearen aktiboan sartzeko. Horren ondorioz, aldi baterako, Donostigas, S.A.ren akziodun bakarra izango da Naturcorp Multiservicios, S.A. sozietatea. Hori dela eta, sozietate hori, eta Gas Hernani, S.A. eta Gas Pasaia, S.A. sozietateak —bi horien parte-hartzaile maioritarioa Donostigas, S.A. da— sozietate publikoak izango dira, eta, ondoren, galdu egingo dute izaera hori aurretik azaldutako sozietate-eragiketak direla eta.

Arrazoi hori bera dela eta, kontuan hartuta aurreikusitako sozietate-eragiketak ondoz ondokoak izan eta lotuta daudela, eta sozietate horiek guztiak sozietate publiko izatea behin-behinekoa dela, ez da beharrezkoa ez egokia izango Donostigas, S.A., Gas Hernani, S.A. eta Gas Pasaia, S.A.ren aurrekontuak onartzea, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen bateratutako testuko —irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa— bigarren xedapen gehigarriak Eusko Jaurlaritzari ematen dion ahalmena erabiliz, hain zuzen ere, Aurrekontuen urteko Legeak indarrean sartu ondoren sortzen diren sozietate publikoen aurrekontuak onartzekoa.

Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko gas-sektorea pribatizatzeko prozesua amaitzearren, Energiaren Euskal Erakundeak Jaurlaritzaren Kontseiluari bidali dio akzioak saldu eta zenbait sozietate-eragiketa egiteko baimenerako proposamena. Eragiketa horiek, ogasun-araudiarekin bat datoz, orokorrean, eta bereziki, ondare-araudiarekin.

Horri dagokionez, lehenengo, Euskadiren Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legeko 49 artikuluko 3. paragrafoak xedatzen du sozietateen kapitala ordezkatzen duten tituluak besterentzea Eusko Jaurlaritzak onartu behar duela, Ekonomia eta Ogasun sailburuak proposatuta. Orobat, arau bereko 44 artikuluak adierazten du Jaurlaritzak baimena eman ahal izango diela zuzenbide pribatuko ente publikoei beren aurrekontuen kontura edozein motatako sozietateak sortu eta horietan parte hartzeko, Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta ente instituzional hori menpeko den Saileko sailburuak batera egindako proposamenarekin eta Dekretu bidez; era berean, ekarpen gisa dirua edo jabetza pribatuko ondasunen ekarpena adostu daiteke, horien balioa edozein dela ere.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu Bategineko —1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa— sozietate publiko bat desagertzeko kausatzat adierazten ditu, batetik, sozietate publiko modura kalifikatuta dagoen merkataritza-sozietatea desagertzea, eta bestetik, merkataritza-sozietateak publiko izateari uztea. Baina horrek, dagokigun kasuan, ez dakar merkataritza-sozietatea desagertzea, artikulu bereko laugarren paragrafoan ere adierazten den bezala. Modu berean, artikulu bereko hirugarren paragrafoak xedatzen du sozietate publikoak desagertzeko eta ente instituzional batek parte-hartzaile maioritario izaera galtzeko Eusko Jaurlaritzaren dekretua beharko dela.

Azaldutakoarengatik, hautatutako eskaintza Jaurlaritzaren Kontseiluaren jarraibideekin bat datorrela egiaztatuta, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko apirilaren 15eko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren,

XEDATU DUT:

1. artikulua – Batetik, baimentzea Naturcorp Multiservicios, S.A. sozietate publikoaren kapital-zabalkuntza, Donostia-San Sebastiángo udalak Donostigas, S.A. sozietatean dituen akzioen balioaren kopuru baliokidean, eta bestetik, Energiaren Euskal Erakundeak uko egitea akzio berrien lehentasunezko harpidetza-eskubideari, akzio horiek guztiak Donostia-San Sebastiángo udalak harpidetu ditzan eta Udalak Donostigas, S.A. sozietatean dituen akzioen ekarpenaren bidez ordain ditzan.

Eragiketa horren eraginez, eta modu iragankorrean, Naturcorp Multiservicios, S.A.ren pribatizatzeko prozesua amaitu bitartean, baimena ematen da Comunidad Autónoma de Donostigas, S.A., Gas Hernani, S.A. eta Gas Pasaia, S.A. sozietateek —Donostigas, S.A.k dauka azken bi horien partaidetza maioritarioa—, sozietate publiko izaera hartzeko.

2. artikulua. – Baimentzea Energiaren Euskal Erakundeari (EVE) Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k egindako eskaintzaren zehaztapenekin eta bazkide estrategikoa hautatzeko eta akzioak saltzeko prozeduran ezarritako baldintzekin, Naturcorp Multiservicios S.A. pribatizatzeko prozesuaren ondoriozko eragiketak, hain zuzen ere hauek:

a) EVEk, gehienez ere, Naturcorp Multiservicios, S.A.n dituen akzioen ehuneko berrogeita bost saltzea Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.ri.

b) Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k eratu behar duen sozietatearen kapital-zabalkuntzan partaidetza eskuratzea EVEk, eta horretarako, ekarpen gisa, EVEk Naturcorp Multiservicios, S.A.n dituen gainontzeko akzioak emango ditu.

c) EVEk uko egitea Hidroeléctrica del Cantábrico, S.A.k eratuko duen sozietateak egingo duen balizko kapital-zabalkuntzan parte hartzeko duen lehentasunezko harpidetza-eskubideari, kapital-zabalkuntza horretan Naturcorp Multiservicios, S.A. sozietatean Donostia-San Sebastiángo Udalak dituen akzioen ekarpena egin diezaion Udal horrek eratutako sozietate berriari.

d) Pribatizatzeko prozesuaren ondorioz sortzen den sozietatean gehienez ere ehuneko hogeita hemezortziko partaidetza eduki ahal izango du EVEk.

3. artikulua. – Baimentzea, aurreko artikuluan aipatutako eragiketen ondorioz, ondoko sozietateek sozietate publiko izaera galtzea:

– Naturcorp Multiservicios, S.A.k

– Sociedad de Gas de Euskadi, S.A.k

– Naturgas Comercializadora, S.A.U.k

– Naturgas Participaciones S.A.U.k

– Gas de Euskadi Transporte, S.A.U.k

– Donostigas, S.A.k

– Gas Hernani, S.A.k

– Gas Pasaia, S.A.k

AZKEN XEDAPENA

Onartzen den unetik aurrera izango ditu ondorioak dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko apirilaren 15ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala