Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2002ko abenduaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
7430

AGINDUA, 2002ko abenduaren 30ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzkoa.

Abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak, bere 4. artikuluan birgaitzeko jarduketa babestuak zehazten ditu.

Abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 42.artikuluan ezartzen du jarduketa hori Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez arautuko dela.

Horri jarraiki eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Ingurugiro Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 12ko 40/2002 Dekretuaren 4. artikuluak eta babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren lehen azken xedapenak xedatutakoaren arabera, honakoa

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 42.1.d) artikulua garatzea. Artikulu horrek ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko babesgarriak diren jarduerak arautzen ditu.

2. artikulua.– Baldintza orokorrak

1.– Etxebizitza izatea erabilera nagusitzat duten eraikuntza-unitateen inguruko birgaitzeko jarduketak ondorengo baldintzak egiaztatzen direnean bakarrik joko dira jarduketa babestutzat:

a) Birgaitu beharreko eraikinek 10 urte baino gehiago izatea. Horri dagokionez salbuespen izango dira:

– etxebizitzak mugikortasun urri iraunkorra duten minusbaliatuek erabiltzeko egokitzea.

– eraikinean eta etxebizitzetan gas naturala (edo gas naturalik ez duten udalerrietan hori bezain garbia den energia alternatibo primarioa) instalatzea.

– obrak beharrezkoak izatea instalazioak indarrean dagoen araudi tekniko berriari egokitzeko.

b) Hirigintzara moldatuta ez dauden eraikuntza-unitateen edo egiturari edo eraikuntzari dagokionez moldatuta ez dauden eraikinen kasuan, ez dira babestuko aipatutako baldintzak lortzeko beharrezko lanak barne hartzen ez dituzten obrak, ondoren adierazitako kasuetan izan ezik:

– lurzoruaren legerian aurreikusitakoaren arabera obrak egiteko agindu bat eman denean,

– etxebizitzaren bizigarritasun-baldintzak moldatzeko presako obrak egitea beharrezkoa denean.

c) Hirigintzara moldatzea eta eraikinen egitura eta eraikuntza moldatzea helburu duten birgaitzeko jarduketetan eta etxebizitzek bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituztenean, eraikinak bizitzeko moldatzea bermatuko duten antolamendu espaziala eta ezaugarri konstruktiboa izatea eskatuko da.

Edozein kasutan, aipatutako bizigarritasun-baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzen kokaleku diren eraikinak hirigintzara moldatzeko eta/edo eraikinen egitura eta eraikuntza moldatzeko finantzazioa bi urteko epean aipatutako baldintza horiek lortzeko beharrezko obrei ekitearen menpekoa izango da.

2.– Aurreko zenbakian eskatutako baldintzez gain, Birgaitze Isolatuko jarduketa babestuetan honakoak ere eskatuko dira:

a) Birgaitu beharreko eraikinak hirigintzara moldatutakoak izatea eta aurreikusitako erabilera izatea edo udal-baimena lortzea eragotziko duen mugapenik ez izatea, ondorengo kasuetan izan ezik:

– indarrean dagoen lurzoruaren legerian aurreikusitakoaren arabera obrak egiteko agindu bat eman denean,

– etxebizitzaren bizigarritasun-baldintzak moldatzeko presako obrak egitea beharrezkoa denean.

b) Eraikina ez egotea aurri-egoeran edo partzialki erautsia edo barnealdea hustuta ez izatea, edo jarduketek fatxadak eraistea edo guztiz hustea barne hartzea.

Dena dela, ondoren zehazten diren etxebizitzen eraikinetan husteko obrak barne hartzen dituzten birgaitzeko jarduketen titularrek arau honetan ezarritako finantza-neurriak eskuratu ahal izango dituzte ondorengo kasuetan:

– eraikuntza tradizionalaren tipologiari jarraitzen zaizkien landa-inguruneko eraikinen kasuan.

– nekazaritza- edo landa-izaera izan duten edo gremioei lotutako herri-arkitekturako tipologia duten eraikuntza tradizionaleko eraikinen kasuan.

c) Eraikuntza berriko obren bidez bizitzeko egoki den etxebizitzaren espazioa zabaltzeko esku-hartzeak. Zabaltzeko esku-hartze horiek nahitaezko udal-baimena izan beharko dute eta horiek egin ostean lortuko diren etxebizitzek bizigarritasun-baldintzak bete beharko dituzte.

Esku-hartze horiek egin ondoren gehienez ere 90 m.2-ko guztizko azalera erabilgarria edo eraiki ziren unean etxebizitza horiek izan zuten babes ofizialeko erregimenak ezarritako gehienezko azalera izango dute etxebizitzek, honako kasuetan izan ezik:

– eraikuntza tradizionalaren tipologiari jarraitzen zaizkien landa-inguruneko eraikinen kasuan.

– nekazaritza- edo landa-izaera izan duten edo gremioei lotutako herri-arkitekturako tipologia duten eraikuntza tradizionaleko eraikinen kasuan.

Terrazak ixteko jarduketak ez dira babes daitezkeen birgaitzeko jarduketatzat joko.

3.– Halaber, birgaitzeko jarduketa babestuen multzoak jarduketa bakoitzari dagokionez agindu honek xedatzen duena eta, hala badagokio, Birgaitze Plan Berezian eta indarrean dagoen legeria aplikagarrian erabakitakoa bete beharko du. Kasu guztietan beharrezkoa izango da obretarako dagokion udal-baimena lortzea.

3. artikulua.– Birgaitzeko jarduketa babestuen titularrak

1.– Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren 8. artikuluan adierazitako pertsonek egin ditzakete birgaitzeko jarduketa babestuak.

2.– Behin administrazio-ebazpena eman ondoren, birgaikuntzaren titularrez aldatuz gero, lehenengo ezereztu beharko da aurreko titularrari onartutako finantzazioa.

3.– Higiezin baten elementu komunak birgaitzen direnean, Jabekideen Komunitateari zuzenean emango zaio babes daitekeen aurrekontuaren %5eko dirulaguntza, baldin eta Agindu honen 9.2 artikuluan ezarritakoaren arabera 1, 2 eta 3 motetako obrak badira. Dirulaguntza %10ekoa izango da baldin eta aurreko kasuak badira eta birgaitze integrala bada.

Jabekideen Komunitateari zuzenean emandako laguntzak bateragarriak izango dira jabekide edo titular bakoitzari beren diru-sarreren arabera eta Agindu honen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera jaso ditzaketenekin.

4.– Diru-sarrerak:

Birgaitzeko jarduketa babesgarrien titularrei banakako laguntzak emateko, elementu komunen birgaitzean (aurreko puntuaren bigarren paragrafoan ezarritakoa) zein elementu pribatiboen birgaitzean, titularron diru-sarrerak hartuko dira kontuan, ondoko irizpideei jarraiki:

a) Oro har, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 18. eta ondorengo artikuluek ezarritako irizpideei jarraiki.

b) Birgaitu beharreko etxebizitza edo eraikinak hainbat jabe dituenean jabekide guztien diru-sarrera haztatuei jarraiki. Horiek birgaitzeko jarduketa babestuaren titulartzat joko dira.

Hala ere, dagokion lurralde-ordezkaritzak alderdi hori aintzat ez hartzea erabaki dezake, hori justifikatzen duten egoera bereziak sortzen direnean. Hori aintzat ez hartzea interesdunek eskatu beharko dute eta birgaitzearen titularra zein izango den egiaztatu beharko dute. Hori egitea ahalbidetzen duten egoeren artean ditugu etxebizitzak jabekideetako batek bakarrik erabiltzea, jabetza-kuoten tamaina edo hauteman daitekeen antzeko beste kasuren bat.

Edonola ere, higiezinen titularrak irabazi asmorik gabeko erakundeak edo administrazio publikoak direnean, ez da eskatuko diru-sarrerak egiaztatzeko.

4. artikulua.– Jarduketen eremua

1.– Birgaitzeko jarduketa babestu baten titularrek agindu honetan ezarritako finantza-neurriak lortu ahal izango dituzte esku-hartzeak etxebizitza izatea xede nagusi duen eraikin batean egiten dituztenean. Gisa horretako eraikintzat joko dira birgaitzeko jarduketa egin ostean azalera erabilgarriaren bi heren (beheko solairua kontuan hartu gabe) etxebizitza bezala erabiltzera bideratuko dituztenak. Halaber, horrelakotzat joko dira aipatutako eraikinetan kokatutako etxebizitzetan egindako birgaitzeko esku-hartzeak.

Baldintza hori ez da eskatuko birgaitzeko jarduketak hirigintza, egitura eta eraikuntzari dagokienez moldatutako eraikinetako etxebizitzen elementu pribatiboetako esku-hartzeak direnean.

Salbuespen gisa, nagusiki etxebizitza izatera bideratutako eraikinetan birgaitzeko jarduketak egiteko finantzazioa lortu ahal izango dute nagusiki etxebizitza izatera bideratutakoak ez diren eraikinetako elementu komunak birgaitzeko jarduketen titularrek. Finantzazio hori eta berorren irismena Birgaitzeko Hirigintza Sozietatearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko nahitaezko berariazko hitzarmen baten bidez finkatuko dira. Birgaitze Isolatuko jarduketetan hitzarmena birgaitzearen titularrek eta Eusko Jaurlaritzak sinatu beharko dute. Horretan udal interesdunak ere hartu ahal izango du parte.

2.– Finantzazio kualifikatua urbanizazioa moldatzera eta eraiki gabeko lurren, xede nagusi gisa etxebizitza izatea duen eraikuntza duen eraikuntza-unitatea osatzen dutenen, akaberara hedatuko da.

3.– Finantzazioa trasteleku eta garajeetara ere hedatuko da, betiere horiek jarduketaren helburu diren etxebizitzei lotutakoak direnean. Lotuta daudela joko dira baldin eta Jabetza Erregistroan hala daudela egiaztatzen bada.

Erregistroan ez bada azaltzen lotuta dauden, finantzazioa garajeetara bakarrik hedatuko da eta betiere etxebizitzaren titularra garajearena dela, garajea etxebizitzaren inguruan dagoela eta garajearen erabilera bizikidetzako unitatekoren baten erabilerarako dela egiaztatuz gero

4.– Lokal komertzialek ere izango dute finantzazio kualifikaturik, eraikuntzaren elementu komunetako esku-hartzeak direnean eta horiek ordaintzeko dagokien kuota beren gain hartzen dutenean. Birgaitze Integratuko jarduketetan aipatutako lokalen elementu pribatiboetako esku-hartzeak ere finantzatuko dira, lokalen xedea ondoren adierazitakoren bat denean:

– Lehen mailako erkidego-ekipamendua: irakaskuntza, kultura, elkarte, laguntza, jolas, ikuskizun, osasun, erlijio, kirol, administrazio eta antzeko helburuen ingurukoak.

– Artisautzako lantegiak.

– Lehen mailako premiako merkataritza-establezimenduak.

5. artikulua.– Babes daitekeen aurrekontua.

1.– Dagokion administrazio-erabakian berariaz adierazi beharko da babes daitekeen birgaitzeko jarduketaren aurrekontua. Babes daitekeen aurrekontutzat joko da etxebizitza edo lokal komertzial bakoitzari dagokion jarduketaren kostu erreala. Kostu horrek barne hartuko ditu obrak egikaritzeko kontratuan adierazitako prezioa, laguntza teknikoko kontratuan adierazitako prezioa eta birgaitzeko jarduketa hori dela eta ordaindu beharreko eskubide, tasa eta gainerako prezio publikoak. Ez du barne hartuko dagokion Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

Babes daitekeen aurrekontutzat jotzeko, jarduketaren kostuak ondorengo eragiketaren emaitza baino handiagoa izan behar du: indarrean dagoen oinarrizko prezioa bider 0,025 koefizientea eta birgaitu nahi den etxebizitzaren edo, hala badagokio, lokalaren azalera erabilgarri konputagarria.

2.– Babes daitekeen aurrekontua zehazterakoan ez dira barne hartuko eraikuntza-unitatea hirigintzara moldatzeari dagozkion partidak, horrek finantzazio publikoa izango baitu beti. Berorren kostuaren 100ko 50 arte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari egotzi ahal izango zaio eta gainerako zatia Birgaitzeko Hirigintza Sozietateari, edo horrelakorik ezean, dagokion udalari, Sailaren aldeko txostenaren bidez onartutako Birgaitze Plan Berezian ezarritakoari edo, hala badagokio, entitate publiko interesdunek sinatutako hitzarmenean dioenari jarraiki.

3.– Babes daitekeen aurrekontuaren gehienezko muga honakoa izango da:

a) Etxebizitzak eta lokalak: oinarrizko prezioa, finantzazioa emateko unean indarrean dagoena, 0,80 koefizientearekin eta azalera konputagarriaren m.2 erabilgarriekin bidertzean lortutako emaitza. Birgaitzeko jarduketa zaharberritze kontserbatzaileko esku-hartze bat denean, aipatutako koefizientea 0,15 handituko da eta zaharberritze zientifikoko esku-hartze bat denean 0,20 handituko da.

Birgaitzeko jarduketek eraikuntzen eta/edo etxebizitzen akabera orokorra eraikuntza onaren printzipioetara moldatzeko obrak hartzen dituztenean barne, etxebizitzaren azalera konputagarriaren m.2 erabilgarriak bakarrik hartuko dira kontuan eta horiei dagokien babes daitekeen aurrekontuaren gehienezko muga oinarrizko prezioa, laguntza emateko unean indarrean dagoena, 0,80 koefizientearekin eta azalera konputagarriaren m.2 erabilgarriekin bidertzean lortutakoa izango da.

b) Birgaituko diren etxebizitzei erregistroan lotutako eranskinak: indarrean dagoen oinarrizko prezioa 0,15 koefizientearekin eta azalera konputagarriaren m.2 erabilgarriekin bidertzerakoan lortutako emaitza.

Adierazitako babes daitekeen aurrekontuaren gehienezko muga kalkulatzerakoan lortutako emaitzarekin egikaritzearen guztizko kostua babestuko ez balitz, eragiketaren aurrekontua osatzen duten partiden multzoa proportzio berean murriztuko da.

4.– Aipatutako babes daitekeen aurrekontuaren gehienezko muga hori bost urtetan egongo da indarrean, birgaitzeko jarduketa babestuen titularrek etxebizitza bererako 1996ko abuztuaren 14tik aurrera finantza-neurriak eskatzeko egindako lehen eskaera aurkezten denetik hasita. Azaldutakoari jarraiki, muga hori hartuko da aintzat bost urteko epe horretan egiten diren birgaitzeko jarduketa guztietarako. Azalera erabilgarriko m.2ko oinarrizko prezio aplikagarria lehen eskaera hori aurkeztu zenean indarrean zegoena izango da.

5.– Babes daitekeen aurrekontuaren gehienezko muga zehazteko kontuan hartuko den gehienezko azalera etxebizitzako 90 m.2 erabilgarri izango da, nahiz eta, hala badagokio, azalera erreala hori baino handiagoa izan.

Etxebizitzei lotutako garaje eta trastelekuen azalera kontuan izango da babes daitekeen aurrekontuaren gehienezko muga zehazteko. Gehienezko azalera 30 m.2 erabilgarri izango da.

Birgaitzeko jarduketa babestuak lokal komertzialen ingurukoak direnean edo horietan eragiten dutenean gehienezko azalera konputagarria 90 m.2 izango da.

6.– Birgaitze Integratuko Eremuetan, ez da kontuan hartuko gehienezko azalera konputagarria, babes daitekeen aurrekontuaren gehienezko muga zehazteko. Hala ere, dagokion Birgaitzeko Plan Berezian ezarritakoa bete beharko da.

6. artikulua.– Finantza-neurriak lortzeko baldintzak

1.– Nagusiki etxebizitza izatera bideratutako eraikinak birgaitzeko jarduketen finantzazio kualifikatua etxebizitza bakar bat birgaitzeko lortuko dute jarduketaren titularrek. Aipatutako etxebizitza horrek bizileku ohiko eta iraunkor izan behar du edo bizileku ohiko edo iraunkor bihurtu behar du gehienez ere hiru hilabeteko epean, obren amaierako egiaztagiria ematen denetik hasita.

Ez zaie birgaitu beharreko etxebizitza bizileku ohiko eta iraunkor izateko baldintza eskatuko jabeei, birgaitzeko jarduketa babestuaren titular izango direnei, sustatzaile izan gabe etxebizitza alokairuan lagata dutenean edo, etxebizitza hutsik egonda ere –etxebizitza hutsa arautzen duen araudiak ezarritakoaren arabera-, beren gain hartzen dutenean jabetzan edo alokairuan lagatzeko konpromisoa, gehienez ere hiru hilabeteko epean, obren amaierako egiaztagiria ematen denetik hasita. Kasu horietan birgaitzeko jarduketa babestuaren titularrek finantzazio kualifikatuaren eta zuzeneko dirulaguntzen onuradun izateko aukera izango dute.

2.– Finantzazio kualifikatua ez da hedatuko 33.000 euro baino gehiagoko urteko diru-sarrera haztatuak dituzten birgaitzeko jarduketa babestuen titularretara, lokal komertzialen birgaitzea denean izan ezik. Kasu horretan ez da eskatuko diru-sarreren baldintza betetzea.

3.– Zuzeneko dirulaguntzak lortzeko, aurreko zenbakietan adierazitakoaz gain, ezinbestekoa izango da:

a) Birgaitzearen titularra pertsona fisikoa izatea. Salbuespen izango da Agindu honen 4.4 artikuluan adierazitako xedea izango duten lokal komertzialen birgaitzea.

b) Birgaitzearen titularrak 22.000 euro baino gutxiagoko urteko diru-sarrera haztatuak dituzten bizikidetzako unitateetako kide izatea. Salbuespen izango da Agindu honen 4.4 artikuluan adierazitako xedea izango duten lokal komertzialen birgaitzea.

4.– Obretarako baimena ez aurkezteak onartutako dirulaguntzak bertan behera uztea ekarriko du.

7. artikulua.– Obren epea.

1.– Birgaitzeko jarduketa babestua osatuko duten obrei jarduketa babestua onartzeko administrazio-erabakia jakinarazi edo behin-behineko kalifikazioa jakinarazi ondoren ekin beharko zaie, eta betiere hurrengo sei hilabeteetan. Obrak birgaitze-proiektuaren memoriak izango duen ezinbesteko eranskinean adieraziko den egutegian aurreikusitako epean egingo dira. Egikaritze-egutegirik ez duten espedienteen kasuan urtebetekoa izango da obrak egiteko gehienezko epea.

Salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatutako arrazoiak direla bide, titularrek administrazio-erabakia jakinarazi baino lehenago egin ahal izango diete obrei, honako kasu hauetan:

– Dagokion lurralde-ordezkaritzako zerbitzu teknikoek edo Birgaitzeko Hirigintza Sozietateak aurretiko ikuskaritza egiten dutenean.

– Obrek eraikinean gas naturala jartzea helburu dutenean.

Kasu horietan ez dira onartuko obraren amaierako egiaztagiria eman zenetik urtebete baino gehiago igaro ostean aurkeztutako eskaerak.

2.– Obrak ez direnean hasten aurreikusitako epean edo geldirik egoten direnean lau hilabete baino gehiagotan, erabakia edo behin-behineko kalifikazioa eman zuen organo eskumendunak finantza-neurriak baliogabetu ahal izango ditu, ezinbesteko kasuetan edo titular erabiltzaileari edo sustatzaileari egotz ez dakizkiokeen arrazoiak direla eta eten direnetan izan ezik. Halaber, obrak egiteko epea luzatu egin ahal izango da, interesdunaren eskariz, betiere arrazoia justifikatutakoa denean. Ezarritako gehienezko epearen herena luzatu ahal izango da gehienez ere.

3.– Obrak egiteko adierazitako epea amaitu eta hilabeteko epean titularrek obra hori egin dutela egiaztatu beharko dute erabakia hartu zuen edo behin-behineko kalifikazioa eman zuen lurralde-ordezkaritzaren aurrean. Horretarako, obraren amaiera egiaztatzeko eskaera aurkeztu beharko dute. Bertan zehaztuko dira esku-hartzearen edo esku-hartzeen osagai diren kontzeptuen amaierako zenbatekoak eta horrekin batera aurkeztuko dira dagozkien fakturak eta obren udal-baimena (instalazioen, berogailu, gas, igogailu eta abarren, kasuan instalatu duenaren ziurtagiria gehitu beharko da).

8. artikulua.– Mailegua

1.– Etxebizitzak eta lokal komertzialak birgaitzeko jarduketen titularrek kreditu-establezimenduek emandako mailegu kualifikatuak lortu ahal izango dituzte, dagokion administrazio-organoaren erabakiaren bidez hala onartu denean.

Erabaki horrezaz gain, kreditu-establezimenduek egoki irizten dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte sustapenaren titularrek, batez ere bermeak ezartzeari dagokionez.

2.– Birgaitzeko mailegu kualifikatuek honako ezaugarri hauek izango dituzte:

a) Kredituaren zenbatekoa babes daitekeen aurrekontuaren guztizkoari dagokiona izan daiteke, hala badagokio, administrazio honek edo besteren batek emandako itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen guztizkoa kenduta.

b) Amortizazio-epea 5 eta 15 urte artekoa izan liteke. Nahitaezko gabezialdia gehienez ere 2 urtekoa izango da.

Kreditu-establezimenduekin adostutako finantza-lankidetzako hitzarmenetan birgaitzeko jarduketa babestuak finantzatzeko ematen diren maileguen amortizazio-epeari eta gabezialdiari buruzko adostasunak ezarri ahal izango dira.

c) Mailegua hipoteka bidez bermatuko da eta, hala badagokio, kreditu-entitateek mailegariari bermeak eskatu ahal izango dizkiote.

3.– Mailegua eskuratzeko zatiak, guztizkoa barne har dezaketenak, obrak egiteko erritmoaren arabera egokituko dira eta horiek lortzeko kreditu-establezimenduan aurkeztu beharko dira dagozkion obra-egiaztagiriak, aurretiaz dagokion lurralde-ordezkaritzak adostu beharko dituenak.

Mailegu kualifikatua eta zuzeneko dirulaguntzak onartzeko, formalizatzeko eta eskuratzeko gehienezko epea 6 hilabetekoa izango da, obraren amaieraren egiaztagiria ematen denetik hasita.

9. artikulua.– Dirulaguntzak

1.– Eusko Jaurlaritzak, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren bidez, itzuli beharrik gabeko dirulaguntza pertsonal bat emango du birgaitzeko jarduketa babestuetarako, babes daitekeen aurrekontuaren, obraren motaren eta titularraren familia-osaketaren eta errentaren mailaren arabera. Horrezaz gain, dirulaguntzak birgaitze-motaren arabera zehaztuko dira, Birgaitzeko Integratukoa izatearen edo Birgaitze Isolatukoa izatearen arabera. Dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko aurrekontu babesgarriaren ondoren zehazten den portzentajea erabiliko da.

2. Zenbatekoak:

(Ikus .PDF)

DIRULAGUNTZEN GEHIENEZKO MUGA

(Ikus .PDF)

1 eta 2 obrak: eraikinaren egitura eta eraikuntza moldatzeko obrak eta etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak moldatzeko obrak.

3 obrak: etxebizitzak eta haien sarbideak indarrean dagoen minusbaliatuen araudira moldatzeko obrak

4 obrak: eraikuntzaren eta etxebizitzen akabera orokorra eraikuntza onaren printzipioetara moldatzeko obrak.

Birgaitzen Integraturako 4 obretarako lortutako dirulaguntza beste kontzeptu batzuen truke lortutakoari gehituko zaio guztizko dirulaguntza balioesteko.

3.– Artikulu honetan ezarritako dirulaguntza-ehunekoak %5ean areagotuko dira babestutako birgaitzeko jarduketen titularrak 5 edo kide gehiagoko bizikidetzako unitatekoak edo familia ugarikoak direnean.

4.– Birgaitze Integratuko Eremuetan daudenetako Eusko Jaurlaritzak nagusiki etxebizitza izatera bideratutako eraikinetako lokalak birgaitzeko emandako dirulaguntzen zenbatekoa lortzeko babes daitekeen aurrekontuari (akaberak moldatzeko partidak barne hartu gabe) %5 bidertuko zaio. Salbuespen bat izango da, ondokoa: dirulaguntzaren onuraduna irabazi asmorik gabeko erakundea denean, betiere lokala berariaz erakundearen helburu sozialetarako erabiltzen badira. Kasu horretan, fondo galdurako dirulaguntzaren zenbatekoa %50era igoko da, eta akaberak moldatzeko partidak jasoko ditu, baldin eta 1, 2 eta 3 motetako obren erremate gisa egiten badira.

Aurreko kasu horietan genienez ere 12.000 euro jaso daiteke. Horrez gain, erakundeak bere izaera eta lokalaren erabilera egiaztatu beharko ditu, estatutuak, dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ebazpena eta lokalen erabilerari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztuz.

5.– Birgaitzearen titularrek jasoko duten itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak ezingo du izan 60 euro baino gutxiagokoa.

6.– Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak, osorik nahiz zatika, kreditu-establezimenduetan jasoko dira dagokion administrazio-erabakian ezarritakoaren arabera egindako obraren azken agiria aurkeztearen bidez.

10. artikulua.– Lokal komertzialak etxebizitza gisa birgaitzeko finantza-neurriak

Udal araudian hala jasota badago, etxebizitzatzat erabil daitezkeen lokal komertzialek laguntza jaso ahal izango dute.

Egokitzeko obrak 2 motatakoak balira bezala hartuko dira, etxebizitzen bizigarritasun baldintzak egokitzeko obrak, alegia.

11. artikulua.– Espedientearen izapideak

1.– Birgaitzeko jarduketen titularrek, sustatzaile ez direnek, egin beharreko esku-hartzeak jarduketa babestutzat hartzeko eskaera aurkeztuko dute. Hala dagokionean, Agindu honetan ezarritako finantza-neurrien eskaera egingo dute. Hori eredu ofizialaren arabera formalizatuko da eta eskaerari bertan adierazitako agiriak gehituko zaizkio.

Edozein kasutan egindako eskariaren inguruko erabakia hartzeko organo eskumendunak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiria eskatu ahal izango da.

2.– Eskaerak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren dagokion lurralde-ordezkaritzan aurkeztuko dira. Ordezkaritzan bertan Erregistro Orokorrean aurkez daitezke edo bestela hara igorri Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legearen 38. artikuluan ezarritako moduetan edozeinetan. Artikulu horrek arautuko ditu eskabideak, ondorio guztietarako.

Birgaitzeko Hirigintza Sozietatearen bat dagoen Birgaitze Integratuaren kasuan, eskaerak sozietate horretan ere aurkeztu ahal izango dira. Sozietateak egindako eskaeraren inguruko txostena egingo du eta espedientea dagokion lurralde-ordezkaritzara bidaliko du gehienez ere hilabeteko epean. Sozietateak, hala ezarrita badago, bere dirulaguntzak eman ahal izango ditu aurrez.

Birgaitzeko Hirigintza Sozietateak espedientea dagokion lurralde ordezkaritzari berandu igorriz gero, ez dio inola ere kalterik ekarriko interesatuari.

3.– Obrek irauten duten bitartean eta jada aurrekontuan adierazitako kontzeptuen barnean, aldatu egiten bada partiden zenbatekoa, aldatu egingo da emandako erabaki, honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Kostua handitzea, gutxienez hasierakoa baino %10 gehiago izateraino.

b) Kostua txikitzea.

Obrek irauten duten bitartean kontzeptuak edo horien partidak aldatzen badira, eskatzaileek laguntzen eskaera berriaren izapideak egin beharko dituzte.

12. artikulua.– Administrazio-erabakia.

Aurkeztutako dokumentazioaren argitara, dagokion lurralde-ordezkaritzak jarduketa birgaitze babestu gisa onartzeko erabakia hartuko du, eskaera aurkeztu ondorengo lau hilabeteko epean. Erabaki horretan zehaztuko ditu aipatutako birgaitzeko jarduketen titularrek izango dituzten finantza-neurriak.

Eskaera aurkeztu eta hiru hilabeteko epean lurralde-ordezkaritzaren berariazko erabakirik ez bada, ez dela onartu ulertuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

1.– Urtero, ekitaldi bakoitzeko lehen hiru hilabeteen barruan, dirulaguntza-ildo hau finantzatzeko esleitu diren kredituen zenbatekoaren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez.

2.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren dirulaguntzen kopuruak guztira ezin izango du gainditu berariaz esleitutakoa edo hura eguneratzetik ondorioztatutakoa, indarrean dagoen araudiaren arabera aurrekontuen aldaketak onartzen diren kasuan. Beraz, zenbateko hori agortuta, ez da beste dirulaguntzarik emango. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez, kreditua amaitu dela iragarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

3.– Edonola ere, agindu honetan jasotako araubidearen arabera baldintza guztiak betetzen dituzten eskariak baliabide ekonomikoen faltarengatik soilik ukatzen badira, hurrengo ekitaldi ekonomikoan ebatzi ahal izango dira, baldin eta interesatuak Lurralde Ordezkaritzara idazkia bidaltzen badu, eskariari zegoen-zegoenean eusteko asmoa duela adierazita.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Indarrean jartzen denetik aurrera aurkeztutako eskari guztiei aplikatuko zaie Agindu hau.

Ondorio guztietarako, aurreko araudiak arautuko ditu Agindua indarrean sartu aurretik hasitako prozedura guztiak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Agin du honek indargabetzen du etxebizitza birgaitzeko finantza-neurriei buruzko Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro 2000ko abenduaren Agindua.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko abenduaren 30a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala