Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2002ko abenduaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6973

EBAZPENA, 2002ko azaroaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, 2002 urteko "Isaac López-Mendizabal" izeneko lehiaketan saritutako ikasmaterialen berri ematen duena.

Unibertsitateaz kanpoko irakasmailetan erabiltzeko argitaraturiko euskal ikasmaterial onenak saritzeko, "Isaac López-Mendizabal" lehiaketarako deia egin zen, 2002ko uztailaren 23ko Aginduaren bidez (EHAA, 2002ko irailaren 16koa). Bertan finkatutako hautapen-bideari jarraituz, epaimahaiaren proposamena jasota, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– 2002ko "Isaac López-Mendizabal" sariak ikasmaterial hauei ematea:

a) Euskaraz irakasteko testu-libururik onenaren atalean, Erein argitaletxearen "Matematika LMH 4" testu-liburuari.

b) Euskara irakasteko testu-libururik onenaren atalean, Grupo Anaya, S.A. argitaletxearen "Euskara eta Inguruaren Ezaguera. Eleketan LMH 3" izeneko testu-liburuari.

c) Irakaslearen gidalibururik onenaren atalean, Ikastolen Elkarteak Elkarlanean izeneko argitaletxearekin batera argitara emandako "Urtxintxa Haur Hezkuntza, 5 urte" izeneko irakaslearen gidaliburuari.

d) Oinarrizko irakurgairik onenaren atalean, Zubia Santillana argitaletxeak Lehen Hezkuntzako 5. mailan erabiltzeko prestatua duen "Bibliako Irakurgaiak: Erregeak eta Profetak" izeneko oinarrizko irakurgaiari.

e) Ikasmaterial osagarririk onenaren atalean, IBAIZABAL argitaletxearen Txin eta Txan HH, 4 urte izeneko horma-irudiei.

2. artikulua.– Aurreko artikuluan zehaztutako ikasmaterial horietako bakoitzak hiru mila laurehun eta hogeita hamazazpi (3.437) euroko saria eta berariaz prestatutako oroigarria jasoko ditu.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du. Horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, dagokion salan, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko azaroaren 4a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

ANJELES IZTUETA AZKUE.


Azterketa dokumentala