164. zk., 2002ko abuztuaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
4935
AGINDUA, 2002ko uztailaren 29koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, "Fundación Ekialde" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeari buruzkoa.
"Fundación Ekialde" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
1.– Xabier Ormaetxea Garai, Juan José González Sánchez, Unai Grajales Rodríguez eta Ramón Peñagaricano Garmendiak "Fundación Ekialde" sortu dute, Bilbon 2002ko maiatzaren 21ean Bilboko Notarioen Elkargoko Juan Larrucea Urtiaga jaunaren aurrean egindako eskritura publikoaz (1.241 protokolo zk.).
Fundazioa eratzeko eskritura hori zuzendu egin zen, notario berak 2002ko ekainaren 25eko emandako beste eskritura batez (1.518 protokolo zk.).
2.– "Fundación Ekialde"ren xedea, estatutuetako 3. artikuluan jartzen duenez, hau da:
a) Garapena zentzu zabalenean hartuta, Europa Erdialdean eta Ekialdean garapen bidean dauden herrien eta Ekialde Hurbil eta Ertaineko herrien garapena bideratzeko lankidetza sustatzea.
b) Munduko alde horietako erakundeekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko antzeko erakundeekin lankidetza eta adiskidetasuna bultzatzeko hartu-emanak sustatu eta bideratzea, gizatasun, kultura, hezkuntza eta ekonomiaren alorretan.
Helburu zabal horien barruan, ekintza zehatz batzuk burutuko dira. Hauek dira garrantzitsuenak eta berehala egingo direnak:
1.– Adierazitako herrialdeetako irabazi-asmorik gabeko erakundeei eta gobernuz kanpoko erakundeei dohaintzak eta diru-laguntzak ematea aldizka. Erakunde horiek, dena den, lan humanitarioak eta garapen sozioekonomikoa bultzatzeko lanak egin beharko dituzte euren herrialdeetan.
2.– Antzeko helburuak dituzten EAEko eta kanpoko erakundeekin lankidetzan aritzea. (...).".
3.– Fundazioaren egoitza, Fundazioaren Estatutuetako 5. artikuluan jartzen duenez, hau da: Barroeta Aldamar, 6 zk., 2. ezk., Bilbo (Bizkaia). Estatutuetako 6. artikuluan jartzen duenez, bestalde, jardute-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izango da, nagusiki.
4.– Fundatzaileek hasieran jarritako dotazioa sei mila ehun eta hiru euro eta hiru zentimokoa da (6.103,03 euro), eta kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioan, hala agintzen baitu 404/1994 Dekretuaren 31.1.c artikuluak.
Ondarea askitzat jotzen da fundazioaren lehenengo programa lortzeko. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 9. artikuluak eskatu bezala, aditu independente batek egindako bideragarritasuneko ekonomia-azterketak hala erakusten du; azterketa hori, bestalde, administrazio-espedienteari erantsi zaio.
5.– Fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea Patronatuari utzi zaizkio. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, Fundazioaren Estatutuetako 12. artikuluan jartzen duen moduan.
6.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran jartzen duenez, hauek izango dira:
Lehendakaria: Xabier Ormaetxea Garai jauna.
Lehendakariordea: Ramón Peñagaricano Garmendia jauna.
Idazkaria: Unai Grajales Rodríguez jauna.
Diruzaina: Juan José González Sánchez jauna.
Guztiek onartu dituzte dagozkien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan jasotako moduen bidez.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dagokio fundazioaren eraketa inskribatzeko ebazpena hartzea agindu-bidez. Hala dago aginduta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 40. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Arautegia onartu zuen urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 7 a) artikuluan.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta urriaren 18ko 404/1994 Dekretua 31. eta 34. artikuluetan ezarritako betekizunak konplitu dira.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeak fundazioaren eraketa inskribatzearen aldeko txostena eman du, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 36.3 eta 40.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Arautegia onartzeko den urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 13. artikuluan agindutakoa betez.
Lege eta arau hauek ikusi dira: indarrean dagoen Konstituzioa; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Arautegia onartzeko den urriaren 18ko 404/1994 Dekretua eta orokorrean aplikatzekoak diren gainerako arauak. Ondorioz,
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak hau
EBATZI DU:
Lehenengoa.– Gaur, F-124 zenbakiaz, Bilboko (Bizkaia) "Fundación Ekialde" Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren aurrekarian aipatzen dira eta guztiek modu adieraziz onartu dituzte beren karguak.
Bigarrena.– Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Arautegia onartzeko den urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 14. artikuluan agindutakoaz bat etorriz.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Agindu hau azkena da administrazio bidean. Haren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2002ko uztailaren 29a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.