Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2002ko uztailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3857

AGINDUA, 2002ko ekainaren 19koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Gizarte Ekonomian enpresa-lankidetza bultzatzeko laguntzak ezartzen dituena.

Gizarte ekonomiako enpresek merkatuaren barruan funtzionatu behar dute eta beren eraginkortasuna, testuinguru honetan, enpresek erabiltzen dituzten aldaketa teknologikoak, antolaketa-egiturak, baliabideak erabiltzeko eta bitartekoak metatzeko teknikak, marketing-planteamenduak edo komunikazio-estrategiak aztertuz eta selektiboki egokituz duten funtzionatzeko moduaren arabera neurtu behar dute, eta enpresa-lankidetza oso baliabide egokia da hori egiteko, batez ere 50 enplegatu baino gutxiago dituzten entitateetan, Gizarte Ekonomiaren Kontuen azken bertsioaren esanetan horiek baitira lankidetzarako joera txikiena dutenak.

Bestalde, aplikatu izan diren lankidetza moduetatik eratorri den esperientziak agerian utzi du gizarte-ekonomiaren eredu horren ezarpena zabaltzeko beharra, enpresen arteko lankidetzaren barruan, ekintza sorta oso bat aplikatuz, hori egitea posible dela demostratu baita.

Horren ildotik, eta arrazoien azalpen honen hasieran aipatutakoaren haritik, bereziki eraginkorra da asoziazio-entitateek beraiek garatu dezaketen jarduera, beraien artean lankidetzan jardunez, beren asoziatuekin jarduera-esparru berriak bilatzeko.

Halaber, baliabideak elkarbanatzeko aukera gehienak lehenik toki eta nazio-mailan suertatzen diren arren, era berean borrokatu behar da munta handiko erakundeen onurak lortzeko. Nazioarte mailan, gizarte-ekonomiako enpresek hazi nahi badute, elkarren arteko enpresekin lan egin behar dute zenbait sektoretan edo sektore osagarrietan, aztertu behar dute nola elkartu daitezkeen mugen gainetik, eta nola elkarbanatu baliabideak, etorkizunean eraginkorragoak izateko.

Hala, arrazoi berdinengatik, dagoeneko eratuta dauden gizarte-ekonomiako egituren arteko lankidetza bultzatu behar da, atzerriko enpresa-egiturekiko lankidetza barne, beti ere egitura-entitate berrien helbide sozialaren egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan egotekotan.

Helburua, azken finean, Gizarte Ekonomiaren barruan ezjakintasunagatik edo azterketa sakonen ezagatik aprobetxatzen ez diren negozio-aukera guztiak errentagarri bihurtzea da, lankidetzan diharduten enpresen kontrolari maila handiagoko erakundeen abantailak gaineratuz.

Arrazoi horiek guztiak barne hartzen dira Eusko Legebiltzarraren 99/10/28ko enpleguari buruzko Osoko Bilkuraren 22 zk. Gomendioan, zeinak Eusko Jaurlaritzari enpresa-lankidetza sustatzea eskatzen dion.

Ondorioz, urtarrilaren 23ko 1/2002 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, 2002ko ekitaldian Gizarte Ekonomiako entitateek enpresa-lankidetzarako ekintzak burutzeko eman ahal izango dituen laguntzak arautzea da Agindu honen helburua.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Agindu honetan barne hartzen diren laguntzak jaso ahal izango dituzte, ondoko jarduera hauek:

a) Lankidetzarako ikerketak:

1.– Duten edukiagatik balio-katearengan eragina duten gaiei buruzko lankidetza-akordioen burutzapenaren aukera eta bideragarritasunari buruzko azterlanak lantzea. Aipatutako gaiak ondoko hauek izango dira: produktu berriak elkarrekin lantzea, merkaturatzearen alorrean lankidetza-mekanismoak ezartzea, saldu osteko zerbitzuak bateratzea, teknologia elkarrekin erostea, informazioaren teknologia berriak batera erabiltzea, finantzatzeko mekanismo bateratuak erabiltzea, kalitate-sistemak elkarrekin diseinatzea, zerbitzuak modu Bateginan kontratatzea, eta kudeaketa hobetzeko mekanismo Bateginak hartzea.

2.– Gizarte-ekonomiako enpresen ordezkagarri diren enpresen artean enpresa asoziatuentzako jarduera esparru berriak lortzeko asmoz egindakoak.

b) Akordioak egitea eta enpresen arteko lankidetzarako egiturak sortzea, bi kasu hauetako edozeinetan:

1.– Artikulu honetako a) idatz-zatian jasotako gaiei buruzkoak.

2.– Eratuta dauden lankidetza-entitateek egindakoak, atzerrikoekin egiten direnak barne, beti ere entitate berriaren helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan egotekotan.

c) Gizarte Ekonomiako entitateak barne hartzen dituen bategitea, zurgapenaren ondoriozko bategitea barne, bat egiten duten entitateen xedea betetzeko formularik egokiena denean, eta beti ere emaitzazko enpresa Gizarte Ekonomiako entitatea baldin bada; edo, halakoa ez izanda ere, Gizarte Ekonomiako enpresa parte-hartzaileak dituenean (horiek gehiengoa osatzen dutelarik), eta beti ere behar bezala egiaztatzen bada zein arrazoirengatik ez den Gizarte Ekonomiako entitatea.

d) Jadanik eratuta dauden gizarte ekonomiako enpresa-lankidetzako egituretan gizarte ekonomiako sozietate bat sartzea, eta eratuta dauden gizarte-ekonomiako enpresa-lankidetzako egitura batek, beren xede sozialean agertzen diren baina oraindik garatu ez diren edota xede soziala zabaltzearen ondorio diren jarduerak burutzea.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak, helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten honako entitate hauek eskuratu ahal izango dituzte:

a) 2. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan aurreikusten diren jarduerak burutzeko, jadanik eratuta dauden Kooperatibak, lan-sozietateak, elkarte-erakundeak eta Gizarte Ekonomiako enpresa-lankidetzarako egiturak. Azterlana Aholkularitza-Entitate batekin lankidetzan egiten baldin bada, entitate horrek Agindu honen 4. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

b) 2. artikuluko d) idatz-zatian aurreikusten diren jarduerak burutzeko, dagokien erregistroan 2001eko urtarrilaren 1a baino lehenago inskribatuta dauden Gizarte Ekonomiako enpresa-lankidetzarako egiturak.

2.– Agindu honen 2. artikuluko b) eta c) idatz-zatietan aurreikusten diren jardueren kasuan, proiektuan parte hartzen duen gizarte-ekonomiako euskal entitate bakoitzak jasoko duen diru-laguntza, proiektu horretan duen partaidetza-proportzioaren araberakoa izango da.

4. artikulua.– Aholkularitza-Entitateak.

Aurreko artikuluan aipatu diren Aholkularitza-Entitateek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Helbidea edo lantokiren bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden lantokietan goi-mailako tituludunak edukitzea, enpresa-lankidetzarako sistemen ezarpenean eta horiei buruzko azterlanen burutzapenean duten esperientzia egiaztatuz.

c) Lanaz arduratuko den aholkulariak, aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urtez egon dela egiaztatu beharko du.

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa ebazteko irizpideak.

1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, diru-laguntzaren xede diren jardueren burutzapenarekin zuzenean erlazionatuta dauden kostu garbien %50era arte eman ahal izango du, ondorengo muga hauekin:

a) 2 a) artikuluko jarduerak: hamabi mila eta hogei eurora arte (12.020 euro), oro har, 1. idatz-zatian aurreikusietarako, eta hogeita lau mila eta berrogei eurora arte (24.040 euro), 2. idatz-zatian aurreikusietako kasuetarako.

b) 2 b) eta c) artikuluko jarduerak: hogeita hamar mila eta berrogeita hamar eurora arte, (30.050 euro).

c) 2 d) artikuluko jarduerak: sei mila eta hamar eurora arte, (6.010 euro).

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa ebazteko irizpideak ondoko hauek izango dira:

a) Esku hartzen duten sozietateen neurria, bazkide-kopuruaren arabera, neurria txikia deneko kasuei lehentasuna emanez.

Egitasmoan bigarren graduko kooperatiba batek edo asoziazio batek parte hartzen dutenean, aurreko irizpidea ordezkatuko du beste honako honek: aipatutako egitasmoak eragiten dituen pertsona fisikoen kopuruaren araberako batez bestekoa.

b) Esku hartzen duten sozietateen kopurua eta haiek duten izaera juridikoa, enpresa-kopuru handiagoak parte hartzen dueneko kasuei eta Gizarte Ekonomiako entitate gisara egituratuta daudenei lehentasuna emanez.

c) Esku-hartzaileen inplikazio-maila, partaide bakoitzarentzat suposatzen duen ekarpen handiagoaren arabera.

d) Proiektuaren iraupena, lehentasuna iraupen luzeagoa duten proiektuei emanez.

e) Lankidetzaren izaera, integrazio-maila handiagoa eskatzen duten proiektuei lehentasuna emanez.

3.– Onuradun bakoitzak Agindu honen arabera lor ditzakeen diru-laguntzen muga orokorra hogeita hamar mila eta berrogeita hamar eurokoa (30.050 euro) izango da, eta gainera, badago 2. artikuluko b) idatz-zatian aurreikusten den kasurako muga bat, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-egoitza dutenei egotzi dakizkiekeen lankidetza berrien egitura-kostuen %50ak ezartzen duen kopuruaren muga, hain zuzen ere.

4.– Gizarte ekonomiakoak ez diren enpresei egozten zaizkien proiektuen kostuei ez zaie inolako diru-laguntzarik emango.

6. artikulua.– Zergen, Gizarte Segurantzaren eta Diru-laguntza Publikoen arloko obligazioak betetzea.

1.– Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak eman eta ordaintzeko ezinbesteko baldintza izango da entitate onuradunek zergei eta Gizarte Segurantzari loturiko obligazioak bete dituztela egiaztatzea, Ogasun eta Herri-Administrazio Sailak xedatzen duenari jarraiki.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zehatzaile oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

7. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Izaera orokorrarekin, Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikuluan adierazten diren eta kasu bakoitzean aplikagarriak diren betebeharren kaltetan izan gabe, entitate onuradunek diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta ordainketen erregimen orokorra arautzen duen eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileen betebeharrak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoa betez.

8. artikulua.– Bateragarritasuna beste diru-laguntza edo laguntzekin.

1.– Deialdi honetan erregulatzen diren diru-laguntzak, Administrazio honek edo beste edozein administrazio edo erakunde publikok xede eta helburu berberarekin eman ditzakeen gainontzekoekin bateragarriak dira. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango ditu diru-laguntzaren xede den jardueraren guztizko kostua ez eta Agindu honen 4. artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoak ere gainditu.

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak entitate onuradunak Administrazio honetatik edo beste edozein administrazio edo erakunde publikotik xede eta helburu berberarekin jasotzen duen beste edozein laguntzarekin batera ematen badira, eta horiek pilatutako zenbatekoak diru-laguntzaren xede den jardueraren guztizko kostua edo Agindu honetako 5.3 artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen baldin badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eman beharreko zenbatekoa murriztu egingo da.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Lankidetzarako ekintza partaide bat baino gehiagoren artean burutzen bada, horiek ordezkari bakar bat izendatuko dute. Ordezkari horrek eskabide aurkeztuko du, Administrazioarekin solaskide gisara jardungo du, proiektuaren garapenaren eta kudeaketaren erantzukizuna bere gain hartuz, Agindu honen 7. artikuluan ezartzen diren entitate onuradunen betebeharren kaltetan izan gabe.

2.– Eskabide-eredua, Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lurralde Ordezkaritzetan eskuratu ahal izango da.

3.– Diru-laguntzetarako eskabideak, Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lurralde Ordezkaritzek emango duten eskabide-orri normalizatuan aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ekonomiako zuzendaritzan (Donostia kalea, 1 zk., 01010 Gasteiz), hala zuzenean nola Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako gainontzeko bideak erabiliz.

4.– Eskabideak aurkezteko epea 2002ko irailaren 30ean amaituko da.

5.– Entitate onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute betebehar guztiak betetzen dituztela.

10. artikulua.– Derrigor aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso nahi dituzten entitateek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

1.– 2. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan aurreikusitako jarduerei dagokienez, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera izendatutako ordezkariak honako hau aurkeztuko du:

a) Ordezkariak izenpetutako eskabidea, ondokoa adieraziz:

– Ekintza-mota: azterketa, akordioen formalizazioa, enpresa arteko lankidetzarako egiturak sortzea, bategitea.

– Parte hartzen duten enpresak, horietako bakoitzaren bazkide-kopurua eta forma juridikoa adieraziz.

– Kalkulatutako aurrekontua.

– Entitate bakoitzak kostuetan duen partaidetza-portzentaiak.

b) Proiektua edo, hala dagokionean, lankidetza-jarduera azaltzen duen memoria, bertan aldiak, iraupena, metodologia eta, bategitearen kasuan, bat egindako entitateen xedea betetzeko lankidetza-formula horren egokitzapen onena adieraziz.

c) Ordezkariak eta gainontzeko partaideek zinpeko deklarazio bat egin behar dute, administrazio honi nahiz beste administrazio edo erakunde publiko batzuei proiektu horretarako eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) jakinarazteko.

d) Aholkularitza-enpresa baten partaidetzaren kasuan:

– Entitatearen datuak.

– Azterlana burutzerakoan lankidetzan jarduteko akordioa.

– Zinpeko deklarazioa, Agindu honetako 4. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen direla adieraziz.

2.– 2. artikuluko d) idatz-zatian aurreikusitako jarduerei dagokienez, eskatzaileak eskabide-orri normalizatua aurkeztuko du, ondokoa barne hartuz:

a) Ordezkariak izenpetutako eskabidea, ondokoa adieraziz:

– Enpresaren datuak.

– Lehendik garatu gabeko jardueraren deskribapena.

– Gizarte Ekonomiako egiturara sartu izanaren egiaztapena.

– Jardueraren burutzapenean atzerapena eragin duten arrazoiak.

Kalkulatutako aurrekontua.

b) Eskatzailearen zinpeko deklarazioaren inprimakia, ondokoa adieraziz:

– Bere xede sozialean, lehendik, xede sozialaren zabalkuntzaren ondorio den garatu gabeko jarduera edo jarduera berria adierazita zegoela.

– Jarduerak eskatzailearentzat duen berri-izaera.

– Administrazio honi nahiz beste administrazio edo erakunde publiko batzuei proiektu horretarako eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

3.– Aurreko puntuetan ezarritako agiriez gain, eskatzaile guztiek, kasu guztietan, ondoko agiri hauek gaineratu beharko dituzte:

– Hirugarren Interesdunaren Datuen Alta, behar bezala beteta.

– Enpresa partaideen IFKren kopia.

– Entitate partaideek zerga-obligazioak beteta dauzkatela erakusteko, dagokion Foru Ogasunaren egiaztagiri gaurkotua aurkeztu behar da. Egiaztagiriaren ordez, egiaztagiria eskatu izana adieraz daiteke behar bezala zigilatutako idatzi baten bidez, baina idatzi horrek eskabidea aurkezteko baino ez du balioko. Zor bat atzeratzea lortzen duen entitateak ordainketak eguneratuta dauzkala joko da, baina agirien bidez egiaztatu beharko du hori guztia.

– Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion entitatearen egiaztagiri gaurkotua, proiektuan parte hartzen duten entitate guztiek erakunde horiekiko obligazioak beteta dituztela erakusteko.

– Entitate eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako eta izaera bereko diren laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz prozedura zehatzaileei buruz, prozedura horiek oraindik izapidealdian badaude, behintzat.

– Lan-segurtasun eta osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.

– Partaide guztien IFZren kopia.

11. artikulua.– Eskabidearen akatsak konpontzea.

Diru-laguntza eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo eskatzen diren agiriekin aurkezten ez badira, entitate eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espresuki eman eta jakinarazi beharko du.

12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publizitatea.

1.– Agindu honetan erregulatzen diren diru-laguntzak kudeatzeko eskumena izango duen organoa, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritza da.

2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak berariaz emandako ebazpen baten bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.

Ebazpen horrek ez duenez administrazioarekiko bidea agortzen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen aurrean.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, xedapen honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

13. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa eta egiaztapena.

1.– Deialdi honen barruan emandako diru-laguntzen ordainketa ondoko eran egingo da:

a) Lehen ordainketa, diru-laguntzaren guztizko zenbatekoaren %40koa, diru-laguntza hori onartzen den unean.

b) Bigarren ordainketa, %60koa, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.

2.– Diru-laguntzaren bigarren ordainketa gauzatu ahal izateko, Entitate onuradunek, jarduera amaitu eta ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan, eta beti ere 2003ko abenduaren 31 baino lehen, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduera burutu dela egiaztatzen duen memoria eta egindako gastua egiaztatzen duten agiriak, jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak aurkeztuz.

b) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren egiaztagiri eguneratuak, Entitateek bigarren ordainketa eskatzen duten unean organismo horiekin dituzten betebeharrak bete dituztela ziurtatuz.

14. artikulua.– Diru baliabideak eta laguntzen muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, berrehun eta hogeita hamazazpi mila eta laurehun euroko (237.400 euro) zenbatekoa destinatuko da 2002ko ekitaldirako, eta hirurehun eta hirurogei mila seiehun eta zazpi euroko (360.607 euro) zenbatekora iristen den konpromiso-kreditua 2003ko ekitaldirako, eta zenbateko horiek eguneratzeko aukera izango da, indarreko legeriaren arabera aurrekontuen aldaketaren bat onartzen baldin bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetan adierazitako irizpideen arabera kalkulatutako diru-laguntzen batura xede horrekin baimendutako aurrekontu-zuzkiduraren zenbatekoa baino handiagoa bada, dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, kalkulatutako diru-laguntzei hainbanaketa bakarra aplikatuz.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua betetzat jo delarik eta, hala dagokionean, Administrazio honek edo beste edozein entitate publikok emandako diru-laguntzak eta laguntzak lortutzat jo direlarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, eta, horretarako, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak likidazioa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

16. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Entitate onuraduna Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero, edo Agindu honetan eta aplika daitezkeen arauetan, eta diru-laguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe utziz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: onuradunak ordaintzea falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaindutako unetik aurrera dagozkien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala, bidezko beste ekintza batzuen kaltetan gabe. Diru kopuru horiek herri-dirutzat hartuko dira, dagozkien lege ondorioetarako, eta Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan, jasotako laguntzak itzultzeko prozedura honakoa izango da:

a) Gizarte Ekonomiako zuzendariak, dagokion ebazpenaren bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio entitate onuradunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpen baten bidez amaiera emango zaio prozedurari.

Dira itzultzeko prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

Ebazpen horrek arau aplikagarriak ez direla bete irizten badio, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala dagokionean, Ebazpena jakinarazi eta ondorengo bi hilabeteko gehienezko epean bidezko diren kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa deklaratuko du. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.

Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri-Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekin dakion.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan administrazio jardunbideari buruz aurreikusi gabeko alderdiei, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. Tituluaren aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaizkie.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa betez; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoari jarraiki.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko ekainaren 19a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala