Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2002ko uztailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3856

AGINDUA, 2002ko ekainaren 19koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko diru-laguntzak arautzen dira.

1993tik abian da gizarte-ekonomiako enpresetan kudeaketa-planak ezartzeko laguntzen programa, enpresa horiek kudeaketa eta lehiakortasuna hobe ditzaten tresna bat emateko helburuaz. Denboraren poderioz, laguntza-bide hori hobetu egin da, esku hartzeko bestelako arlo batzuk hartu eta antzemandako kudeaketa-akatsak zuzentzeko.

Programa horren bilakaeran lortutako esperientziatik eta Gizarte Ekonomiaren Kontuen azken argitalpenetik gizarte-ekonomiako enpresen kudeaketa hobetzeko laguntzak ematen jarraitu beharra ondorioztatzen da, baita zenbait aspektutan bereziki eragiteko beharra ere, hala nola: 50 langile baino gutxiago dituzten enpresa txikietan kudeaketa-tresnak ezartzean; langileen antolamendurako eta ordainsarietarako politiketan gehiago ahalegintzean; eta, gogoeta estrategikoak prestatuz, enpresa bakoitzaren etorkizunari buruzko azterketa bultzatzean.

Horrekin guztiarekin enpleguari buruzko 1999/10/28ko Osoko Bilkurari dagokion Eusko Legebiltzarraren 22. Gomendioa bete nahi da, hau da, elkarteen arteko lankidetza ez ezik, enpresen artekoa ere sustatzea.

Ondorioz, urtarrilaren 23ko 1/2002 Legea onartu denez, eta EAEko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak azaldutakoa entzunda, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea honako hau da: Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko egiten diren laguntza teknikoko ekintzetarako, 2002ko ekitaldian zehar eman ditzakeen laguntzak arautzea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek jotzen dira laguntza teknikoko ekintzatzat:

a) Urteko kudeaketaren plangintza egitea eta ezartzea.

b) Plangintza estrategiko bat egitea.

c) Enpresaren giza baliabideen antolamenduari eta ordainsariei buruzko azterketak egitea eta ezartzea.

d) 50 langile baino gutxiago duten gizarte-ekonomiako enpresen administrarien kudeaketaz aholkuak ematea.

2.– Aurreko paragrafoko ekintzak 2002an hasi eta beranduenez 2003ko lehenengo sei hilabeteko aldian amaitu beharko dira, d idatz-zatian adierazitakoa salbu.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Agindu honetako 2. artikuluan ezarritako jarduerak egiteko laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten kooperatiba eta lan-sozietateek lor ditzakete, baldin eta erakunde aholku-emaile baten aholkularitza badute eta administrazio honek kudeaketarako tresna horiek ezartzeko emandako laguntzarik jaso ez badute lehendik.

2.– Orobat, aurreko puntuan ezarritako baldintza berak beteta, Gizarte Ekonomiako enpresen elkarteek ere lor ditzakete laguntza hauek.

3.– Ezingo dituzte agindu honen bidez araututako diru-laguntzak eskuratu ekonomia-jarduera nagusitzat edari alkoholikoen salmenta eta dastatzea daukaten enpresek, ikuskizundunek nahiz gabeek, Ekonomia Jardueren Zergako tarifen 67. multzoko 672 eta 673 taldeetan jasota daudenak, eta ez dute aukerarik, ezta tarifa horien 96. multzoko 969 taldeko 969.2., 969.3., 969.4, idazpuruetan jasotzen diren dibertimenduzko zerbitzuek ere.

4. artikulua.– Erakunde aholkulariak.

Aurreko artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan aipatzen diren erakunde aholkulariek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea edo lantegiren bat bertan edukitzea.

b) Bere jarduera enpresa-aholkularitzan, bereziki arlo ekonomiko-finantzarioan eta/edo giza baliabideen antolaketan zentraturik egotea. Horretarako, Ekonomia Jardueren Zergako 845, 847 edo 991. tituluen barnekoak izan behar dute.

c) Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko zentroetan goi-mailako tituludunak izatea, aurreko idatz-zatietan aipatutako gaietan Gizarte Ekonomiako enpresetan ziurtatutako esperientzia dutenak.

d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea ziurtatu beharko du.

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Onartutako ekintza bakoitzeko zenbateko garbia, gehienez ere bederatzi mila hamabost euro (9.015 euro), diruz lagunduko da honako irizpide hauen arabera:

a) Agindu honetako 2. artikuluko c) eta d) idatz-zatietan aipaturiko ekintzetarako: ekintzen kostuaren %75eraino.

b) Agindu honetako a) eta b) idatz-zatietan aurreikusitako ekintzetarako:

– Ekintzak lehenengo sektoreko, irakaskuntzako edo etxebizitza-kooperatibetako enpresek eginda badira, ekintzen kostuen %75eraino.

– Gainerako kasuetan:

• 50 langile baino gutxiago duten enpresetan aurreikusitako ekintzen kostuaren ehuneko 75eraino.

• 50 eta 150 langile bitarte duten enpresetan aurreikusitako ekintzen kostuaren ehuneko 75eraino.

• 150 langile baino gehiago duten enpresetan aurreikusitako ekintzen kostuaren ehuneko 75eraino.

2.– Honako hauek izango dira diru-laguntzen zenbatekoa erabakitzeko irizpideak:

a) Langile-kopurua eta enpresaren antolakuntzaren konplexutasuna eta/edo antolakuntza-defizitak.

b) Baliabide ekonomikoen behar objektiboa; behar handienak dituzten enpresak lehenetsiko dira.

6. artikulua.– Zerga-obligazioak, Gizarte Segurantzako obligazioak eta diru-laguntza publikoen arloko obligazioak betetzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate onuradunek, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak xedatutakoa betez, beren zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzakoak beteta dauzkatela egiaztatu beharko dute.

2.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate onuradunek amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zehatzaile oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude behintzat.

7. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Nolanahi ere, azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duenak, bere 50.2. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, entitate onuradunek diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Horretarako.

8. artikulua.– Laguntza hauen eta beste batzuen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoa ezin da diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino handiagoa izan, ezta agindu honetako 5.1. artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa ere.

Hala eta guztiz ere, Agindu honetako 2.1 d) artikuluan jasotako ekintza egiteko emandako laguntzak ez dira bateragarriak izango Zuzendaritza honek sustatutako —Gizarte Ekonomiarako edozein diru-laguntzen programetan espresuki aurreikusita daudelako— xede berberarekin sortu daitezkeen eta eskatu egin diren beste edozein diru-laguntzekin.

2.– Agindu honetako laguntzak eta erakunde onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta diru-laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketen kostua edo agindu honetako 5.1. artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen badu, orduan gaindikin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eman beharreko diru-laguntza.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) aurkeztu behar dira diru-laguntza-eskabideak, nahiz zuzenean nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako bat erabiliz. Eskabideak eredu normalizatuan aurkeztu beharko dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2002ko irailaren 30ean bukatuko da.

3.– Entitate onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute betebehar guztiak betetzen dituztela.

10. artikulua.– Derrigor aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Hirugarren Interesdunaren Datuen Altari buruzko Fitxa, eskatzaileak eta dagokion banketxeak sinatuta eta zigilatuta.

b) Erakunde eskatzailearen identifikazioa, IFZ (Identifikazio Fiskalaren Zenbakia), EJES (Ekonomi Jardueren Estatuko Sailkapena), baltzu-egoitza, legezko ordezkaria eta langile-kopurua zehaztuta.

c) Ekintzak diruz laguntzekoak direla frogatzen duen txostena eta ekintza horiek gauzatzeko lan-plana. Plan horrek iraupena, metodologia eta iragarritako aurrekontua zehatza jaso beharko ditu.

d) Erakunde aholkulari baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskaera irmoaren agiria, eta aholkularitzako enpresak agindu honetako 4. artikuluko baldintzak betetzen dituela agertzen duen ziurtagiria.

e) Lan Segurtasun eta Osasun arloko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituela erakusten duen agiria, urtarrilaren 17ko 39/1997 Dekretuan, prebentzio-zerbitzuen arautegia onartzen duenean, ezarritakoaren arabera.

f) Entitate eskatzaileak zerga-obligazioak beteta dauzkala erakusteko, Foru Ogasunaren egiaztagiri gaurkotua aurkeztu behar da. Egiaztagiriaren ordez, egiaztagiria eskatu izana adieraz daiteke behar bezala zigilatutako idatzi baten bidez, baina idatzi horrek eskabidea aurkezteko baino ez du balioko.

Zor bat atzeratzea lortzen duen entitateak ordainketak eguneratuta dauzkala joko da, baina agirien bidez egiaztatu beharko du hori guztia.

g) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion entitatearen egiaztagiri gaurkotua aurkeztu behar da, aurreko idatz-zatian azaldutakoaren ildotik.

h) Entitate eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du, administrazio honi nahiz beste erakunde publiko batzuei xede eta helburu berarako eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) jakinarazteko.

i) Entitate eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz prozedura zehatzaileei buruz, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

j) 2001eko ekitaldiko balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.

k) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariaren curriculuma.

11. artikulua.– Akatsak konpontzea eta espedientea artxibatzea.

Diru-laguntza eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espreski eman beharra dauka, bai eta jakinarazi beharra ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1. eta 42.1. artikuluetan xedatutakoa betez.

12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitatea.

1.– Gizarte Ekonomiako Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak berariaz emandako ebazpen baten bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek ez duenez administrazioarekiko bidea agortzen, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu hau indarrean hasten denetik sei hilabete igarota berariazko ebazpenik eman ezean, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko obligazioa ezartzen dion.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpen batez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, dekretu honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dekretu honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenbiziko zatia, %50, diru-laguntza onartzerakoan.

b) Bigarren zatia, %50, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean ordainduko da.

2.– Diru-laguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu behar ditu:

a) Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.

b) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren egiaztagiriak, bigarren zatia ordaintzeko eskatzen denean erakunde horiekin dituzten obligazioak beteta dauzkatela erakusteko.

3.– Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita.

14. artikulua.– Diru baliabideak eta laguntzen muga.

1.– Agindu honen helburua betetzeko, 2002ko ekitaldiko 300.506 euro ezarriko dira, eta 300.506 euro agindutako kreditu batean, 2003ko ekitaldikoak. Nolanahi ere, kopuru horiek gaurkotzeko aukera izango da, baldin eta indarrean dauden legedien arabera aurrekontuan aldaketak egitea onartzen bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako aurrekontu-atala gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hainbanaketa bakarra aplikatuz kalkulatutako diru-laguntzei.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua konplitutzat jo delarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz beste edozein administrazio publikok emandako diru-laguntzak pilatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, eta, horretarako, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak likidazioa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

16. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Entitate onuraduna Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1. artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero, edo agindu honetan eta aplika daitezkeen arauetan, eta diru-laguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe utziz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: entitate onuradunak ordaintzea falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaindutako unetik aurrera dagozkien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala, bidezko beste ekintza batzuen kaltetan gabe. Diru kopuru horiek herri-dirutzat hartuko dira, dagozkien lege ondorioetarako, eta Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpen batez amaiera emango zaio itzultze-prozedurari.

Dira itzultzeko prozedura erabakitzeko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

Ebazpen horren bidez arau aplikagarriak ez direla bete joz gero, entitate onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean ordura arte jasotako kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri-Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekin diezaion.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan administrazio jardunbideari buruz aurreikusi gabeko alderdiei Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. Titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaizkie.

Bigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraiki; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, uztailaren 13ko 29/1998 Legeak, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duenak, 10.1 a) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko ekainaren 19a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala