Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2002ko uztailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3854

AGINDUA, 2002ko ekainaren 19koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Ekonomiako enpresen bazkidetze-mailako egiturak eratzeko eta finkatzeko laguntzak ezartzen dituena.

Gizarte enpresak kudeatzean lankidetza printzipio oinarrizkoa dugu. Printzipio horren helburu dira bazkideei ahalik eta zerbitzurik eraginkorrena ematea eta kooperatiba mugimendua sendotzea, elkarlana sustatuz hainbat eratako bazkidetze mailako egituren bitartez.

Beren interesak hobeki defendatzeko, Ekonomia Sozialeko Enpresek kezka handia izan dute beti nola ziurtatu, bizirik irauteaz eta enpresa garatzeaz gain, beren erakundeak zabaltzeaz. Hala, elkarlan eraginkorrean aritu izan dira, Ekonomia Sozialeko Entitateek eta sozietate horiek mintzakide dituzten erakundeek kanpo harremanetan eragiteko aukera izan dezaten, beren alorreko enpresak modu eraginkorrean ordezka ditzaten erakundeen artean, bazkideentzako interes komuneko zerbitzuak antola ditzaten eta, or har, bazkideen bidezko interesak hobeto defendatzeko ekimenak bidera ditzaten.

Izan ere, Ekonomia Sozialeko Entitateak, elkarren arteko lan pragmatiko eta zorrotzaren bitartez, beren eragin sozio-ekonomikoa maximizatzeko, oinarrizkoa da haien erakundeak eta laguntza-ekimenak sendotzea, kooperatiben interes orokorra helburu harturik, elkartasunaren balioan eta Ekonomia Sozialeko Entitateen arteko elkarlanean oinarrituta.

EAEko kooperatiben elkartegintzaren eta lan-sozietateen egoera sozio-ekonomikoak gomendagarri egiten dute, finantza-autonomia nahikoa lortu artean behintzat, programa honi aurreko deialdietako antzeko baldintzetan eustea. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak egitura horiek mantendu eta sendotzeko bultzada eman nahi izan du, Eusko Legebiltzarrak 1999ko urriaren 28ko Osoko Bilkuran hartutako 23. Erabakiaren ildotik: Jaurlaritzak EAEko enpleguari buruzko komunikazioaren inguruan, dei egiten zitzaion Eusko Jaurlaritzari Ekonomia Sozialeko Entitateen arteko lankidetza bultza zezan; eta hori, ez bakarrik zentzu ekonomikoan, baita ordezkaritzari dagokionez, eta enpresa-izpiritua Gizarte Ekonomiara bideratzeari dagokionez ere.

Horren guztiaren ondorioz, urtarrilaren 23ko 1/2002 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak azaldutakoa entzunda, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, 2002ko ekitaldian zehar Gizarte Ekonomiako entitateen bazkidetze-mailako egiturak sortzeko eta finkatzeko eman ditzakeen laguntzak arautzea da agindu honen helburua. Aipatu entitateek nortasun juridiko propioa izan beharko dute, gizarte ekonomia izaerako enpresa eta erakundeekin bazkidetu beharko dute, beren interesak ordezkatu eta babesteko, eta Euskal Autonomia Erkidegoan dihardutenak izan beharko dute.

2. artikulua.– Zertarakoa.

Legez eta estatutuen bidez izendatutako helburuak betetzeko beharrezkoak diren egitura-gastuak zati batean finantzatzeko izango dira agindu honetan aurreikusitako laguntzak. Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak 2002ko ekitaldirako prestatu eta onar dezan plangintzaren arabera.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

Helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izan, 1. artikuluan ezarritako baldintzak bete eta dagokien erregistroan izena emana duten kooperatiba-elkarte, federazio eta konfederazioek eta lan-sozietateek jaso ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

4. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori erabakitzeko irizpideak.

1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak onartzen duen plangintzan aurreikusitako gastuaren %50eraino finantzatuko du, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez, baina inola ere ezingo da ehun eta hogeita mila berrehun eta bi euro (120.202) baino gehiago eman entitate eskatzaile bakoitzeko.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa erabakitzeko irizpideak honako hauek izango dira:

a) Baliabide ekonomikoen premia objektiboa.

b) Bazkideturiko entitate kopurua, eta aurreko ekitaldien aldean zenbat gehitu den.

c) Entitate eskatzailearen baliabide propioak, eta aurreko ekitaldien aldean zenbat gehitu diren, bereziki aipaturik aurreko ekitaldietatik metatutako soberakinak.

d) Zerbitzuen azpiegitura: langileak, instalakuntzak eta bitarteko materialak.

e) Elkarturiko enpresa eta erakundeei ematen zaizkien laguntza tekniko eta kudeaketa zerbitzuen alderdi kualitatiboak.

f) Aurreko irizpideez gainera, bazkidetze-egiturak finkatzeko kasuetan, entitate onuradunek beren jardunean aurreko aldietan lortutako autofinantzaketa-maila balioztatuko da, baita etorkizunean autofinantzaketa-maila hori hobetzeko erakusten duten konpromisoa eta aurreko aldietan subentzionatutako egitarauak betetzekoan erakutsitako ardura ere.

5. artikulua.– Zerga-obligazioak, Gizarte Segurantzako obligazioak eta diru-laguntza publikoen arloko obligazioak betetzea.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko, entitate eskatzaileek, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak xedatutakoa betez, beren zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzakoak beteta dauzkatela egiaztatu beharko dute.

2.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako –eta izaera bereko diren– laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zigortzaile oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

6. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko arazoaren 11ko 1/1977 Legegintza Dekretuko 50.2. artikuluan ezarritako betekizunetan aplikagarri gertatzen direnak betetzeaz gain, diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:

a) Diru-laguntza jasotzen duen jarduerari buruzko memoria bat bidali beharko dute Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzara, 2002ko ekitaldiko kontularitza-egoerak onartzen direnetik hasita hiru hilabeteko epean. Subentzionatutako gastu guztien egiaztagiriak jaso beharko dira memoria horretan.

b) Diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

7. artikulua.– Laguntza hauen eta beste batzuen bateraezintasuna.

1.– Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzako, beste edozein herri-administrazio edo entitate publikok emandakoekin. Edonola ere, diru-laguntzen zenbateko osoa ezin izango da laguntzaren gai den jardueraren kostu osoa baino handiagoa, ezta Agindu honetako 4.1. artikuluan aurreikusitako gehienezko kopurua baino handiagoa ere.

2.– Agindu honen bidez lortutako laguntzak beste administrazio edo erakunde publikok xede eta helburu berarekin emandakoekin batera jasotzen baditu onuradunak, eta laguntza horiek guztiak batuta laguntzaren gai den jardueraren kostu osoa gainditzen bada, agindu honetako 4.1. artikuluan ezarritako gehienezko zenbatekoa gainditzen bada, gaindikin hori bateraezina dela adieraziko da, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak gutxitu egingo du eman beharreko laguntza.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak eredu normalizatuan aurkeztu behar dira (Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan jaso daiteke) Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), zuzenean nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako bat erabiliz.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 2002ko irailaren 30ean bukatuko da.

3.– Entitate onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute betebehar guztiak betetzen dituztela.

9. artikulua.– Derrigor aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak oso-osorik bete behar dira, eta, eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira derrigor:

a) Hirugarren Interesdunaren Datuen Altari buruzko Fitxa, entitate eskatzaileak eta egoki den banketxeak izenpetu eta zigilatuta.

b) 2002. urterako Kudeaketa Plana, aurreikusitako jardueren txostena, eta diru-sarrera eta gastuen aurrekontu zehatza barne. Bazkidetze-mailako egitura finantzatzeko iturriak zein diren adierazi behar da berariaz, eta aurreikusitako gastuen egiaztagiri guztiak aurkeztu behar dira, bai eta agindu honetako 4.2. artikuluan zerrendatutako gainerako datuak.

c) Bazkidetutako entitateen kopuruaren eta 2002an ordaindutako kuotaren egiaztagiria; entitate horien zerrenda, eta bakoitzean lanean ari direnen kopurua.

d) Entitate eskatzaileak zerga-obligazioak beteta dauzkala erakusteko, Foru Ogasunaren egiaztagiri gaurkotua aurkeztu behar da. Egiaztagiriaren ordez, egiaztagiria eskatu izana adieraz daiteke behar bezala zigilatutako idatzi baten bidez, baina idatzi horrek eskabidea aurkezteko baino ez du balioko.

Zor bat atzeratzea lortzen duen entitateak ordainketak eguneratuta dauzkala joko da, baina agirien bidez egiaztatu beharko du hori guztia.

e) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion entitatearen egiaztagiri gaurkotua aurkeztu behar da, aurreko idatz-zatian adierazitakoaren ildotik.

f) Entitate eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du, administrazio honi nahiz beste administrazio publiko batzuei edo erakunde publikoei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) jakinarazteko.

g) Entitate eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako –eta izaera bereko diren– laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz prozedura zigortzaileei buruz, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

10. artikulua.– Akatsak konpontzea eta espedientea artxibatzea.

Diru-laguntza eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo aurreko artikuluan adierazitako agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, bai eta jakinarazi beharra ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1. eta 42.1. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitatea.

1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak berariaz emandako ebazpen baten bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak.

Ebazpen horrek ez duenez administrazioarekiko bidea agortzen, interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, agindua indarrean sartzen denetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik eta jakinarazpenik ematen ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari berariaz erabakitzeko obligazioa ezartzen dion.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Ordainketa zatika egingo da, modu honetan: %70, laguntza onartzen den unean ordainduko da, eta, beste %30, entitate onuradunak diru-laguntzaz egindako jardueren urteko txostena, organo aginpidedunak onartutakoa, aurkezten denean.

Txosten hori onartzen denetik kontatzen hasita hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da.

2.– Halaber, bigarren ordainketa egin aurretik, entitate onuradunek Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren egiaztagiri gaurkotua aurkeztu behar dute, bigarren zatia ordaintzeko eskatzen denean erakunde horiekin dituzten obligazioak beteta dauzkatela erakusteko.

13. artikulua.– Diru baliabideak eta laguntzen muga.

1.– Agindu honen helburua betetzeko, ehun eta laurogeita hamahiru mila bostehun eta hogeita sei euro (193.526) ezarriko dira, 2002ko ekitalditik, eta laurogeita bi mila bederatziehun eta berrogei euro (82.940) agindutako kreditu batetik, 2003ko ekitaldiari dagokiona. Kopuru horiek gaurkotzeko aukera izango da, baldin eta indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuan aldaketak egitea onartzen bada. Aldaketa horiek egon baleude, egoera hori argitara emango litzateke Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpen baten bidez.

2.– Agindu honetan zehaztutako irizpideak erabiliz kalkulatutako diru-laguntza guztiak batuta, xede honetarako baimendutako diru baliabideen gehienezko zenbatekoa gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, hainbanaketa bakarra aplikatuz kalkulatutako diru-laguntzei.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzaren helburua konplitutzat jota, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero nahiz honek zein beste edozein administrazio publiko edo erakunde publikok emandako diru-laguntzak pilatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, eta, horretarako, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

15. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Entitate onuraduna Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero, edo agindu honetan eta aplika daitezkeen arauetan, eta diru-laguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe utziz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: entitate onuradunak ordaintzea falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaindutako unetik aurrera dagozkien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala, bidezko beste ekintza batzuen kaltetan gabe. Diru kopuru horiek herri-dirutzat hartuko dira, dagozkien lege ondorioetarako, eta Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz amaiera emango zaio itzultze-prozedurari.

Dira itzultzeko prozedura erabakitzeko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

Ebazpen horren bidez arau aplikagarriak ez direla bete joz gero, entitate onuradunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean ordura arte jasotako kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri-Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekin diezaion.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan administrazio jardunbideari buruz aurreikusi gabeko alderdiei Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. Titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaizkie.

Bigarrena.– Errekurtsoak

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1. b) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko ekainaren 19a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala