125. zk., 2002ko uztailaren 3a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3853
AGINDUA, 2002ko ekainaren 19koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, enplegu sorgune berrietan bilduriko enpresak sortu eta sendotzeko laguntzak arautzen dituena.
"Hazkundeari, lehiakortasunari eta enpleguari buruzko" Europako Batzordearen liburu zuriak (1993) eta enpleguari buruzko Luxenburgoko Gailurrak (1997), enplegu sorgune berriak enplegua sortzeko oso tresna interesgarriak zirela azpimarratu zuten, eta Europako Batasuneko kide diren estatuei ekimen hori bultzatzea gomendatu zieten. Era berean, foro horietan ateratako ondorioek eta esperientzia praktikoak erakutsi zutenez, enplegu sorgune berri horietako batzuk gizarte ekonomiako enpresa-esperientziei hertsiki loturik zeuden, enpresa horiek duten malgutasunagatik eta sorguneen ezaugarritzat har daitezkeen ezohiko proiektuetara egokitzeko gaitasunagatik.
Gomendio horiei jarraituz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak enplegu sorgune berrien artean sailkatutako enpresak abiarazteko laguntza-programa ezarri zuen 1997an.
Hala eta guztiz ere, programa horren abiaraztearekin hartutako esperientziak argi utzi du beharrezkoa dela programarekin hasitako planteamenduan aurrera egitea, eta gaur egun laguntza hauen helburu ez diren arlo berrietara zabaltzea ekimen eremua.
Hala, errealitateak argi utzi du gizarte ekonomiazko enpresa-formulen garapen egokia bideratzeko ezinbestekoa dela mota horretako enpresak sortu eta sendotzea sustatzen duen programa edukitzeaz gain, programa hori zabaltzea, bere jardun esparrua irekiz, enpresak osatzerainoko aldez aurreko prozesu osoa hartuz.
Hori dela eta, programa berri hori kokatutako testuinguruaren barruan sartzen dira, bai eraketarainoko sustapen prozesua, nahiz eta emaitzarik ez izan (horretan garrantzi berezia izango dute gizarte ekonomiako enpresa-sortzailearen kultura zabaltzeko eta prestakuntza emateko jardunek) bai eraketa bera ere, gauzatzen baldin bada. Halaber, sortutako entitatearen helburu soziala osa lezakeen beste edozein jardueratara zabaltzen da laguntza, nahiz eta bereziki sostengatzen diren enplegu sorgune berritzat jotzen diren jarduerak, eta, oro har, berriak diren jarduerak, Agindu honetan horretarako jasotzen diren kontzeptuen arabera; jarraitzen da, aldi berean, haien gizarte-helburua eta egonkortze eta sendotzea lortzeko lehendik ere ematen ari ziren diru-laguntzekin.
Helburua, azken finean, zera da: arlo honetan administrazioak egiten duen jardueran jarrera ekimentsuagoa sortzea, gizarte-ekonomiaren ikuspegitik osatuz erakundeen eta entitate publiko zein pribatuen sustapen-ahalegina. Hori guztia, Eusko Legebiltzarraren 1999ko urriaren 28ko Osoko Bilkuraren 28. ebazpena kontuan harturik. Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguari buruzko komunikazioarekin harremana duen ebazpen horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio gizarte-ekonomiari begirako enpresa-gogoa bultzatzeko.
Ondorioz, urtarrilaren 23ko 1/2002 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak azaldutakoa entzunda,
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, 2002ko ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea da Agindu honen helburua. Laguntzak honakoentzat izango dira:
a) Eraketa formalaren aldez aurreko prozesuan:
Gizarte-ekonomiako enpresa-sortzailearen kulturaren informazio eta prestakuntza-ekintzak, mota horretako enpresak eratzeko beharrezkoak direnak.
b) Gizarte-ekonomiako enpresen eraketa (edota helburu sozialaren zabalpena).
c) Eraketa ondoko aldian: enpresaren jarraikortasuna sustatzen eta bermatzen laguntzeko jarraipen eta aholkularitza, urte bateko epean, inskribatzen denetik.
d) Gizarte-ekonomiako enpresa-sortzailearen kultura zabaldu eta horretaz informazioa emateko jarduerak.
2.– Agindu honen ondorioetarako, enplegu sorgune berritzat ondoko hauek jotzen dira:
a) Hauek dira jarduera horien arloak: etxez etxeko zerbitzuak; haurrentzako, hirugarren adinekoentzako edo ezgaituentzako arreta-zerbitzuak; zailtasunak dituzten gazteen laguntza eta gizarteratzea; informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak; etxebizitza hobetzea; segurtasuna; tokian tokiko garraio kolektiboak; hiri-espazio publikoei balio handiagoa ematea; hurbileko saltokiak; turismoa; ikus-entzunezkoen sektorea; kultur ondarea baloratzea; kultur garapena; euskara eta Europako Batasuneko gainontzeko hizkuntza ofizialak sustatzea; kirola; hondakinen aprobetxamendua, tratamendua eta birziklapena; uraren kudeaketa; naturguneen babesa eta iraunaraztea; landa-garapena; poluzioaren eta instalazio kutsatzaileen erregulazioa eta kontrola; energiaren kudeaketa; eta osasunean espezializaturiko zerbitzuak, batez ere lan-osasunekoak.
b) Normalean ekonomia informalari loturik dauden jarduera intentsiboko eskulanak, hala nola piezen mekanizazioa eta aparatuen eta altzarien muntatzea, makinen abiarazpen eta mantentzea, igeltserotza, elektrizitate eta elektronikako zerbitzu osagarriak, jantzigintza eta joskintza, erreparazioak, eraikinen garbiketa eta papera zein kartoiaren manipulazioa, besteak beste.
c) Gizarte-ekimeneko kooperatiba-erakundeek eta Toki Administrazioak toki-garapenari loturik sustatutako prestakuntza- edo enpresa-ekimenen garapenetik sortutako jarduerak, beti ere bitartekaritzakoak soilik ez baldin badira.
2. artikulua.– Entitate onuradunak.
Agindu honetan jasotzen diren laguntzak honako entitate hauek eskuratu ahal izango dituzte:
1.– Aurreko artikuluko 1 zenbakiko a) eta c) idatz-zatietako jardueretarako, kooperatiben eta lan-sozietateen eraketa sustatzeko helburu soziala duten zentro, entitate eta enpresak (entitate sustatzaileak, aurrerantzean), beti ere honako eskakizunak betetzen badituzte:
– Entitate sustatzailearen xede soziala Entitate sustatuak burutzen dituen jarduerekin bat ez etortzea.
– Irabazi asmorik gabeko Entitateak izatea edo horien jabetzaren gehiengoa irabazi asmorik gabeko Entitateena izatea.
Nolanahi ere, Entitate hauek gizarte ekonomiako entitate baten eraketa sustatzen dutenean, Agindu honetako 1, b) artikuluak aipatzen duen aholkularitza ere burutu beharko dute.
2.– Aurreko artikuluko 1 zenbakiko b) idatz-zatian aipatutako laguntzerako, dagokion erregistroan 2001eko uztailaren 31 baino beranduago inskribaturiko kooperatiba eta lan-sozietateak, edo data horren aurreko urtean zehar inskribatu eta beren helburu soziala zabaltzen dutenak (entitate sustatuak).
3.– Aurreko artikuluko 1 zenbakiko d) idatz-zatiko laguntzetarako, aipatutako jarduerak egiten dituen ezein pertsona fisiko edo juridiko, proposaturiko helbururako egokitasuna egiaztatzen badu.
3. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak lortu ahal izateko, entitate onuradunek honako baldintza hauek bete dituztela egiaztatu beharko dute:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan lantokiak eta egoitza soziala edukitzea.
b) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda eta Gizarte Segurantzan izen emanda egotea.
c) Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkideen Gizarte Ekonomiaren alorreko prestakuntza egiaztatzea, edo prestakuntza hori egiteko konpromisoa adieraztea.
d) Lankidetza-akordio bat izenpetzea, enpresaren laguntza edo aholkularitza burutzeko, hala badagokio.
4. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Eusko Jaurlaritzak, hurrengo artikuluan ezarri diren kuantifikazio-irizpideak kontuan izanik, eta entitate onuradun bakoitzari gehienez ere berrogeita bi mila euro (42.000 euro) emanez, honako laguntza hauek emango ditu:
1.– 1.1. a) artikuluan jasotzen den gizarte-ekonomiako enpresa bat eratzeko sustapen-prozesuari dagozkion jardueren kasuan, sustatzaileari prozesu horrek sortzen dion gastuaren % 75, 15.000 euroko mugarekin.
2.– 1.1. b) artikuluan aipatzen diren kooperatibak edo lan sozietateak eraketa eta zabalkuntzari dagokienez, hiru mila euroko (3.000 euro) emango zaizkie, mugagabetasunez sartutako bazkide/langile bakoitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lan zentroetan, 30.000 euroko gehienezko kopuruan.
Langile berri horiek 2001eko uztailaren 31z geroztik hartuak izan behar dute.
Agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak erreserba berezi batera zuzendu beharko dira, eta erreserba hori banatu ezinekoa izango da harik eta sozietatea bera iraungitzen edo eraldatzen den arte, diru-laguntza jaso dezan enpresan sortutako bat-bateko galerak ordaintzeko zenbateko hori bideratu ahal izango den arren.
Emandako diru-laguntzak ezin izango du, inola ere, sozietatearen kapitala gainditu.
3.– 1.1 c) artikuluak aipatzen duen jarraipen eta aholkularitzaren kasuan, aholkatutako gizarte-ekonomiako enpresak ere programa honetako diru-laguntza eskatu duen kasuetan, hamabi mila euroraino (12.000 euro) emango zaie entitate sustatzaileei.
4.– 1.1 a) eta c) artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko entitate sustatzaileak jasotako diru-laguntzen batura ezin izango da, inola ere, izan sustatutako enpresak jasotakoa baino handiagoa.
5.– 1.1.d) artikuluan jasotako kasuan, egindako jardueren %75eraino, 30.000 euroraino.
5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa erabakitzeko irizpideak.
1.1 c) eta d) artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko laguntzen zenbatekoa erabakitzeko irizpideak honako hauek izango dira:
1.– 1.1 c) artikuluan aipatzen diren jarraipen eta aholkularitzari dagokionez, aholkatutako enpresaren tamaina eta organizazioaren eta funtzioen konplexutasuna edota organizazio eskasiak.
2.– 1.1 d) artikuluan aipatutakoari dagokionez, hedatze-jardueraren hartzaile-kopurua.
6. artikulua.– Zergen, Gizarte Segurantzaren eta diru-laguntza publikoen arloko obligazioak betetzea.
1.– Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak eman eta ordaintzeko ezinbesteko baldintza izango da entitate eskatzaileek zergei eta Gizarte Segurantzari loturiko obligazioak bete dituztela egiaztatzea, Ogasun eta Herri-Administrazio Sailak xedatzen duenari jarraiki.
2.– Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zehatzaile oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.
7. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Oro har, Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen 50.2 artikuluan adierazten diren eta kasu bakoitzean aplikagarriak diren betebeharren kaltetan izan gabe, entitate onuradunek diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta ordainketen erregimen orokorra arautzen duen eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate Laguntzaileen betebeharrak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoa betez.
2.– 1.1 b) artikuluak aipatzen dituen Kooperatiba eta lan-sozietateen eraketa eta zabalkuntzaren kasuan:
a) Entitate sustatuek diru-laguntzekin lortutako lanpostu kopurua eskabidea aurkeztu ondoko hamabi hilabeteetan mantendu beharko dute; bestela, jasotako diru-laguntzak itzuli egin beharko dituzte, osorik edo partez, mantendu diren lanpostu kopuruaren proportzioan.
Aldi horren barruan bazkideen bajak edo sarrera berriak izan baldin badira, sarrerak, hasieran izan ziren sarreren sozietate- eta lan-baldintza berberekin egin beharko dira.
Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, entitate onuradunak Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari bazkideen liburuaren kopia konpultsatua eta/edo matrikula-liburuaren kopia konpultsatua igorri beharko dio, hamabi hilabeteko aldia amaitu eta handik hilabeteko epean.
b) Entitatea eratu zenetik hiru urteko epea igarotzen denean, Entitate sustatuak halakotzat jarraitzen duela egiaztatu beharko du. Horretarako, izaera hori bete eta hurrengo hiru hilabeteko epearen barruan, hori adierazten duen egiaztagiria bidali beharko du.
c) Entitate sustatzaileek enpresa-planaren bilakaera azaltzen duen memoria aurkeztu beharko dute, diru-laguntza eman zen egunetik urte bete igaro ondoren zenbatzen hasi eta hilabeteko epearen barruan.
3.– 1.1 c) artikuluak aipatzen duen jarraipen eta aholkularitzaren kasuan:
Diruz lagundutako jarduera amaitu eta hilabeteko epearen barruan, kooperatiba edo lan-sozietatearen enpresa-bilakaera azaltzen duen memoria eta lortutako emaitzak aurkeztea.
8. artikulua.– Bateragarritasuna beste diru-laguntza edo laguntzekin.
1.– Deialdi honetan erregulatzen diren diru-laguntzak, Administrazio honek edo beste edozein administrazio edo erakunde publikok xede eta helburu berberarekin eman ditzakeen gainontzekoekin bateragarriak dira.
2.– Beste edozein laguntza ere jasotzen bada, eta laguntza guztien ondorioz pilatutako zenbatekoak diru-laguntzaren xede den jardueraren guztizko kostua edo Agindu honetako 4. artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen baldin badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eman beharreko zenbatekoa murriztu egingo da.
3.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun den Gizarte Ekonomiako enpresa bateko bazkide langileek bertara sartzeko diru-laguntzarik jasotzen badute, sartzeagatik langileek jasotako zenbatekoa ezin izango da laguntza programa honengatik enpresari dagokiona baino handiagoa, eta programa honen pentzutan eman beharreko laguntza murriztu edo (hala badagokio) ezabatu egingo da.
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabideak, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzara zuzendurik, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lurralde Ordezkaritzan aurkeztu beharko dira (eskabidea egiten duen entitateak egoitza soziala edo lantokia duen lurralde historikoko ordezkaritzan), normalizaturiko eskabide-orrietan eta dagozkion agiriak erantsita. Eskabideak zuzenean bertan aurkez daitezke edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusitako gainontzeko bideak erabiliz.
Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen normalizatutako eskabide-orriak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lurralde Ordezkaritzetan banatuko zaizkie interesaturiko entitateei.
2.– Eskabideak aurkezteko epea 2002ko irailaren 30ean amaituko da.
3.– Entitate onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute betebehar guztiak betetzen dituztela.
10. artikulua.– Derrigor aurkeztu beharreko agiriak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso nahi dituzten entitateek, normalizaturiko eskabideaz batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
1.– Kasu guztietan:
a) Entitate eskatzaileak zerga-obligazioak beteta dauzkala erakusteko, dagokion Foru Ogasunaren egiaztagiri gaurkotua. Egiaztagiriaren ordez, egiaztagiria eskatu izana adieraz daiteke behar bezala zigilatutako idatzi baten bidez, baina idatzi horrek eskabidea aurkezteko baino ez du balioko.
Zor bat atzeratzea lortzen duen entitateak ordainketak eguneratuta dauzkala joko da, baina agirien bidez egiaztatu beharko du hori guztia.
b) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion entitatearen egiaztagiria, erakunde horiekiko obligazioak beteta daudela erakusteko.
c) Entitate eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du, administrazio honi nahiz beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten) jakinarazteko.
d) Entitate eskatzaileak zinpeko deklarazio bat egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek emandako eta izaera bereko diren laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz prozedura zehatzaileei buruz, prozedura horiek oraindik izapidealdian badaude, behintzat.
e) Jarduera ekonomikoen zergaren kopia eta enpresak Gizarte Segurantzan alta eman izanaren partearen kopia.
f) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.
g) Hirugarren Interesdunaren Datuen Altari buruzko Fitxa, entitate eskatzaileak eta bere banketxeak izenpetuta eta zigilatuta.
h) Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkideen Gizarte Ekonomiaren alorreko prestakuntza, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako akordioa egiaztatzen duten agiriak, prestakuntza hori irakatsiko duen Entitatearen izena adieraziz.
i) Eskatzailea kooperatiba edo lan-sozietatea denean, lan-segurtasun eta osasunari buruzko arauek ezarritakoa betetzen dutela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartu zuen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.
j) Entitate sustatzailearen erregistro-inskripzioko kopia, hala dagokionean.
k) Entitate sustatzailearen zinpeko deklarazioa, 2.1. artikuluan ezarritako betebeharrak bete dituela egiaztatzen duena.
l) Entitate sustatzailearen eta entitate sustatuaren arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria, hala dagokionean.
m) Bazkideen liburuaren kopia eta/edo matrikulako liburuaren kopia, eta baita enpresan harturiko pertsonekin egindako sozietate-kontratuen edo lan-kontratuen kopia ere.
n) Gizarte ekonomiako enpresa- edo sozietate-egitura baten barruan daudela egiaztatzen duen agiria, hala dagokionean.
ñ) Toki Administrazioak emandako ziurtagiria, jardueraren sustapena egiaztatzen duena, hala dagokionean.
2.– 1.1 a) artikuluan aurreikusitako informazio eta prestakuntza-ekintzen kasuan eta 1.1 d) artikuluan ezarritako informazio eta zabalpen-jardueran: aurreikusitako jarduerei, gastuen aurrekontuari eta finantzazio-planari buruzko memoria zehatza.
3.– 1.1 b) artikuluak aipatzen duen kooperatiba eta lan-sozietateen eraketaren kasuan: memoria zehatza eta enpresaritza-proiektuari buruzko enpresa-plana edo planak, lehen ekitaldi osoan burutuko diren jarduerak azaltzen dituena.
4.– 1.1 b) artikuluak aipatzen duen xede sozialaren zabalkuntzaren kasuan: egindako xede sozialaren zabalkuntza azaltzen duen memoria, zabalkuntza hori egiteko arrazoiak xehekatuz.
5.– 1.1 c) artikuluak aipatzen dituen jarraipen eta aholkularitzaren kasuan: enpresa-jarraipen eta -aholkularitzarako Plana, aurreikusita dagoen metodologia adieraziz.
11. artikulua.– Eskabidearen akatsak konpontzea.
Diru-laguntza eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo aurreko artikuluan zerrendatzen diren agiriekin aurkezten ez badira, entitate interesdunari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espresuki eman eta jakinarazi beharko du.
12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitatea.
1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
2.– Gizarte Ekonomiako zuzendariak berariaz emandako ebazpen baten bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusten diren diru laguntzak.
Ebazpen horrek ez duenez administrazioarekiko bidea agortzen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, jakinarazpena egiten den egunaren biharamunetik zenbatzen hasi eta hilabeteko epean, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen aurrean.
3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilabetekoa da agindu honen babespean aurkeztutako eskaerei berariazko ebazpena eta jakinarazpena emateko gehienezko epea. Epe hori igarota ebazpenik eta jakinarazpenik ematen ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Administrazioak berariaz ebazteko duen obligazioaren kaltetan izan gabe.
4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, xedapen honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, diru laguntza emateari buruzko ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
13. artikulua.– Ordainketa.
1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak zati bakarrean ordainduko dira, diru-laguntzaren emakidaren unean, diruz lagundutako jarduera ebazpena hartzen den unean jadanik bukatuta dagoen kasuetan.
2.– Gainontzeko kasuetan, emandako diru-laguntzen ordainketa honako modu honetan egingo da:
a) Lehen ordainketa, diru-laguntzaren guztizkoaren %70ekoa, diru-laguntzaren emakidaren unean.
b) Bigarren ordainketa, %30ekoa, diruz lagundutako jarduera amaitzen denean.
2.– Diru-laguntzaren bigarren ordainketa gauzatu ahal izateko, Entitate onuradunek, jarduera amaitu eta ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan, eta beti ere 2003ko abenduaren 31 baino lehen, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Diruz lagundutako jarduera burutu dela egiaztatzen duen memoria eta egindako gastua egiaztatzen duten agiriak, jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuak aurkeztuz.
b) Dagokion Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion Entitatearen egiaztagiri eguneratuak, Entitateek bigarren ordainketa eskatzen duten unean organismo horiekin dituzten betebeharrak bete dituztela ziurtatuz.
14. artikulua.– Diru baliabideak eta laguntzen muga.
Agindu honen xedea betetzeko, laurehun eta hogei mila eta zazpiehun eta bederatzi euroko (420.709 euro) zenbatekoa destinatuko da 2002ko ekitaldirako, eta ehun eta laurogei mila hirurehun eta lau euroko (180.304 euro) zenbatekora iristen den konpromiso-kreditua 2003ko ekitaldirako, eta zenbateko horiek eguneratzeko aukera izango da, indarreko legeriaren arabera aurrekontuen aldaketaren bat onartzen baldin bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpen baten bidez.
15. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Horretarako ezarritako epearen barruan eta, aurreikusitako agirien bidez, agindu honetan eskatzen diren baldintza objektibo eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen duten interesdun guztiek jasoko dituzte diru laguntzak, 4. eta 5. artikuluetan xedatzen diren koantifikazio-irizpideen arabera dagozkienak.
2.– Lehentasunezkoak izango dira 1.1 artikuluko b) eta c) ataletan aurreikusitako jarduerei dagozkien "enplegu-sorgune berri" izenekoetan sartzen diren gizarte-ekonomiako enpresek aurkeztutako eskabideak.
3.– Deialdi honi egotzitako baliabide ekonomikoak nahikoak izango ez balira aipatutako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei agindu honetako 4 eta 6 artikuluetan aurreikusten diren gehienezko kopuruen arabera erantzuteko, kalkulatutako diru-laguntzen kopurua hainbanatze bakarra aplikatuz gutxituko lirateke.
4.– Lehentasunezko eskabideei erantzuna emanda, oraindik ere deialdiari dagokion soberakinik ez badago, gainerako eskabideei erantzuteko erabiliko da soberakin hori, eta guztiei gehienezko kopurua emateko nahikoa ez bada, haien arteko hainbanatze bakarra egingo da.
16. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntzaren helburua betetzat jo delarik eta onuradun izateko ezarritako gutxieneko betebeharrak betetzat eta, hala dagokionean, Administrazio honek edo beste edozein entitate publikok emandako diru-laguntzak edo laguntzak lortutzat jo direlarik, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, eta, horretarako, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak likidazioa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.
17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.
Entitate onuraduna Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero, edo agindu honetan eta aplika daitezkeen arauetan, eta diru-laguntza ematearen aldeko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe utziz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta, ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: onuradunak ordaintzea falta ziren kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta, hala behar izanez gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaindutako unetik aurrera dagozkien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala, bidezko beste ekintza batzuen kaltetan gabe. Diru kopuru horiek herri-dirutzat hartuko dira, dagozkien lege ondorioetarako, eta Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.
18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aplikatu beharreko arauak betetzen ez direnean, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak entitate onuradunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak jaso ondoren edota epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz amaiera emango zaio itzultze-prozedurari. Ebazpen horren bidez arau aplikagarriak ez direla bete joz gero, entitate onuradunak, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean, bidezko diren kopuruak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala deklaratuko da. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.
Dira itzultzeko prozedura erabakitzeko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.
c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri-Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekin dakion.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena.– Salbuespenezko diru-laguntza.
Salbuespen gisa, eta beti ere gizarte ekonomiako entitate bat eratzeko enpresa-proiektu bat egin baldin bada, sortutako gastuak partzialki diruz lagundu ahal izango dira enpresa sustatzailean sortutako gastuak (beti ere gastu horien %50 gainditu gabe) enpresa-bideragarritasunik ezari loturik ez dauden eta entitate sustatzailearen esku ez dauden ezohizko arrazoiak direla medio Entitate hori eratzen ez denean, Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzak aldez aurretik gertakari guztiak baloratu ondoren.
Bigarrena.– Minimis araua.
Europako Batzordeak ezarritako minimis arauari lotzen zaizkio laguntza hauek. Hortaz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak beharrezko neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren entitateek zuzenean enplegua sortzeko jasotako minimis laguntzekin hiru urteko epean 100.000 eurokoa baino kopuru handiagoa jaso ez dezan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Ordezko araubidea.
Agindu honetan administrazio jardunbideari buruz aurreikusi gabeko alderdiei, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Herriko Herriogasuntzaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. Tituluaren aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaizkie.
Bigarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa betez, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.b) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraiki.
Hirugarrena.– Indarrean jartzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2002ko ekainaren 19a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.