Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2002ko apirilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
2476

205/2002 EBAZPENA, martxoaren 22koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Osakidetzako plantilako beharginei ikasketak sakontzeko laguntzak ematen dizkiena.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 8/1997 Legeko V. tituluko 31. artikuluan, irakaskuntza eta ikerketari buruz honako hau arautzen da: "Etenik gabe sustatuko dira osasun-arloko profesional sanitarioen eta ez-sanitarioen eta gestio eta administrazio sanitarioetako profesionalen prestakuntza, birziklapena eta hobekuntza, diziplinarteko perspektibatik hartzen direla".

Helburu horren ildotik, Osakidetza ente publikoaren Estatutuetako lehenengo kapituluko 3.d artikuluan aipatzen denez, erakunde publikoko profesional sanitarioek eta ez-sanitarioek behar dituzten ezagutza espezializatuak prestatu eta eguneratu beharko dira.

Antolamendu Sanitarioari buruzko Legean (ASL) eta Osakidetzaren Estatutuetan adierazitako helburuari erantzuteko, Osakidetzako jardunbide behinenetako bat erakunde publiko horretako langileei diru-laguntzak ematea da, ezagutza profesionalak eguneratzeko prestaketa ekintzetara joan ahal daitezen.

Alegia, zerbitzu sanitarioen kalitatea hobetzea eta lehentasunezkotzat jotzen diren alorretan eta jardueretan erakundeko profesionalak prestatzea da diru-laguntza hauen lehenengo helburua.

Ondorioz, Osakidetza ente publikoko langileei ikasketak sakontzeko laguntzetarako deia egiteko Osakidetzako zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 202/2002 Ebazpenaren bidez eskuratutako eskumenen arabera, hau

EBATZI DUT:

1.– Helburua.

Ebazpen honen helburua laguntzak emateko deialdia eta oinarri erregulatzaileak ezartzea da; laguntza-deialdi hori sanitatearen alorrean, alderdi klinikoetan nahiz kudeaketan, itzal handiko zentro edo erakunde nazionaletan etengabeko prestakuntzarako ikasketak burutzeko egiten da. Ikasketon inskripzio-epea 2002. urtean edo aurreko urteko deialdia itxi ostean hasi beharko da.

Ikasketak atzerrian egiten badira, Osasun Sailak Osasun Antolamenduko Zuzendaritzaren bidez helburu horretarako jarrita dituen laguntzak eskatu beharko dira.

2.– Finantzatzea.

Finkatutako laguntzak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren aurrekontuen kontura finantzatuko dira horretarako ezarritako diru-partida honen bidez: "Batzarrak, Hitzaldiak eta Ikastaroak".

Ikasketak sakontzeko laguntzetarako programaren zenbateko osoa 66.111,33 eurokoa izango da.

Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, laguntzetarako ezarritako zenbateko osoa aldatu ahal izango da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren agortu gabeko diru-partiden arabera.

3.– Onuradunak.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren langile guztiak izan daitezke laguntza hauen onuradun.

Laguntzak jaso nahi dituztenek Osakidetzako langileak direla egiaztatu beharko dute eskabideak aurkezteko epean, eta horiekin batera entregatu beharreko agirien bidez.

4.– Laguntzaren bidez bete daitezkeen gastuak.

Laguntzaren zenbatekoak honako gastu hauek beteko ditu: matrikula, joan-etorriko bidaien gastuak eta ezohiko gastuak, hala nola, ikastaroaren materiala, aseguruak etab.

Salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatuta badago, soldata jasotzen jarraitzen dutenei hilero diru-kopuru bat emango zaie mantenurako gastuak ordaintzeko. Kopuru hori ez da 601,01 euro baino gehiago izango eta ostatu hartzeko baldintzen arabera zehaztuko da.

5.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.

5.1.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean hasi eta 2002ko urriaren 4an amaituko da.

5.2.– Eskabideak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiari zuzenduta bidaliko dira (Etengabeko Prestakuntza Programa, Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, eskabideak honako leku eta moduetan ere aurkeztu ahal izango dira: 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezarritakoetan.

5.3.– Eskabideak ebazpen honen I. eranskineko inprimaki normalizatuen arabera beteko dira, eta horiekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

b) Curriculum vitae, bertan jasotakoa egiaztagiri bidez justifikatuz, eta aukeratutako alorrean duen esperientzia zehaztuz.

c) Aukeratutako espezializazioan duen interesari buruzko azalpen memoria.

d) Aukeratutako egonaldiaren edo kurtsoaren egitaraua, edo proposatutako prestakuntza eta/edo lanaren egitasmoa.

e) Hautatutako unibertsitatean edo zentroan onartua izan dela egiaztatzen duen agiria edo, oraindik eskuratu ez badu, idatziz egindako eskabidearen kopia.

f) Dagokion zuzendariaren txostena, ikasketak burutzearen bideragarritasuna onetsiz eta eskatzailea egonaldi edo kurtso horietara joateak zentroarentzat duen garrantzia (handia, hala–holakoa edo txikia) ebaluatuz.

g) Lan egiten duen zentroko Zuzendaritzak joan-etorrirako emandako baimena (lan-ordutegi barruan egiteagatik).

h) Zinpeko adierazpena, helburu bererako beste finantza-bide batzuk eskuratu edo eskatu dituen ala ez argitzeko.

i) Zentroarekin duen lan-harremana (funtzionarioa, estatutupekoa, behin-behinekoa...) adierazten duen egiaztagiria.

5.4.– Aipatutako agirietako bat ez aurkezteak eskatzailea deialdi honetatik kanpo geratzea eragin dezake.

6.– Aurkeztutako eskabideak eta agiriak baloratzea.

6.1.– Osakidetzako zuzendari nagusiak izendatutako batzorde batek baloratuko ditu eskabideak, eta balorazioa azaroan egingo da.

Batzorde horretan honako hauek izango dira partaide: Osasun Laguntza Ataleko lau kide, Giza Baliabideen Ataleko lau kide, Atal Ekonomiko-finantzarioko lau kide, Lege-aholkularitza Ataleko idazkari bat eta Zuzendaritza Nagusiko ordezkari bat. Batzordeko kideentzako deialdia arlo bakoitzean eskatzen den espediente-kopuruaren arabera egingo da.

6.2.– Eskabideak baloratzeko, jarraian aipatzen diren irizpideak eta baremoak hartuko dira aintzat:

a) Osakidetzak eta Osasun Sailak lehentasunezkotzat jotzen dituzten alorrekin ikasketek duten zerikusia, hots, "Osasuna Zainduz", aplikazio klinikoetako teknikak eta prozedurak garatzea eta/edo ikastea, sanitate zerbitzuak antolatzea eta kudeatzea, unitate klinikoen kudeaketa, sanitate zerbitzuak eta teknologia berriak ebaluatzea, kalitate asistentziala eta antolakuntza hobetzeko arloak eta, oro har kudeaketa sanitarioarekin zerikusia dutenak. Bioetikoa, epidemiologia orokorra eta aplikazio klinikokoa, erizaintzako antolaketa, kudeaketa eta ebaluaketa, farmakologia klinikoa eta tratamendu farmakologikoen protokolizazioa, drogamenpekotasunak eta osasun publikoa eta osasunaren sustapena. Gehienez %25.

b) 2.– Ikasketen baliagarritasuna eta eskatzailearen lan–jarduerari egokitzea. Gehienez %20.

c) Aztertuko den gaiaren baliagarritasunari buruz dagokion zuzendariak egiten duen balorazioa (ona, hala-holakoa, txarra), eta, zentro beretik hainbat eskatzaile aurkeztuz gero, lehentasun hurrenkera. Gehienez %15.

d) Aurreko urteetan hasitako eta finantzatutako ikasketak. Gehienez %10.

e) Eskatzaileen curriculum vitaeren balorazioa. Gehienez %10.

f) Ikasketak egingo direneko zentroa edo erakundea. Gehienez %5.

g) Kurtsoaren iraupena: ordu gehien dituztenei lehentasuna emango zaie. Gehienez %5.

h) Lanpostu-mota (finkoa, bitartekoa...). Gehienez %5.

i) Aurkeztutako espedientearen kalitatea. Gehienez %5.

6.2.– Ebazpen honetan aipatutako baldintza guztiak betetzeak berez ez du ematen laguntza jasotzeko eskubiderik.

6.3.– Laguntza ematea ez da bateragarria helburu horretarako ematen den beste laguntza batekin, salbu Sanitate Ikerketarako Fondotik (SIF) izandako finantzazioa.

SIFekin kofinantziazioa dagoenean, eta erakundeetatik helburu bererako lortutako guztizko zenbatekoak erabateko kostua gainditzen duenean, soberakin horren arabera murriztuko da zirkular honekin bat etorriz emandako laguntza.

6.4.– Balorazioan honako hauek adirerazi beharko dira:

a) Laguntzak jasoko dituzten onuradunen eta ikasketen zerrenda.

b) Laguntzen zenbateko osoa, finantzatutako ikastaro bakoitzak zenbateko horretatik jasoko duena eta, hala badagokio, ikastaro bakoitzaren zenbatekoaren banaketa diru—partiden artean.

7.– Ebazpena.

7.1.– Eskabideak Osakidetzako zuzendari nagusiak ebatziko ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko diren ebazpenen bidez, aldez aurretik helburu horretarako izendatutako balorazio batzordearen proposamena eskuratu ondoren.

Laguntzaren esleipendunari onarpen agiria bidaliko zaio. Bete ondoren itzuli egin beharko du hamabost egunen barruan, jakinarazpena egiten zaion egunetik kontatzen hasita.

Epe horren barruan itzultzen ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da, eta, ebazpen honen 7.2. artikuluan ezarritakoari atxikiz, horretarako duen eskubiderik gabe gelditu dela deklaratuko da.

Dirulaguntza ukatzen bada, eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak berreskuratzeko epea hiru hilabetekoa izango da, ebazpen egunetik hara.

7.2.– Balorazioa ematerakoan aintzat hartutako baldintzak aldatzen badira, emandako ebazpenaren edukia ere alda daiteke.

Onuradunak laguntzari uko egiten badio edo, baldintzak ez betetzeagatik, jasotakoa itzuli behar badu, zenbateko horiek gainontzeko eskatzaileen artean banatuko dira hasierako esleipena egiteko erabilitako irizpideen arabera.

Sanitate Ikerketarako Fondotik aldi berean beste laguntzaren batzuk lortzeak Ebazpena aldatzea ekar dezake. Hala bada, Osakidetzako zuzendari nagusiak likidazioari buruzko Ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dituena.

7.3.– Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita.

7.4.– 2002ko abenduaren 22a iritsi eta Osakidetzako zuzendari nagusiak ebazpen adierazirik eman ez badu, ukatutzat jo daitezke ebatzi gabeko eskabideak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 43. artikuluan (4/1999 Legeak emandako idazkeran) ezarritako ondorioetarako. Eta hori, Legeak modu adierazian ebazteko Administrazioari ezartzen dion obligazioa hautsi gabe.

8.– Esleitutako diru-laguntzak ordaintzea.

Esleipendunak laguntza onartu ostean, transferentzia bidez jasoko du dagokion zenbatekoa, baina aldez aurretik laguntza esleitzerakoan azaldutako helburuak bete direla egiaztatu beharko du (fakturak eta deialdiaren eta ikastaroaren aldiari dagozkion jatorrizko agiriak aurkeztuz)

Hala ere, dirulaguntzaren arrazoiaren ondoriozko justifikazioa dagoenean, konturako abonuak egin daitezke.

Prestaketa aldia urtebetetik gorakoa bada, prestaketaren egitasmo osoa aurkeztu beharko du onuradunak eskabidean. Garatu beharreko jarduerak irauten duen aldi osorako emango da diru-laguntza.

9.– Onuradunen betebeharrak.

9.1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek honako obligazio hauek bete beharko dituzte beti:

a) Emandako dirulaguntza deialdi honetako 7.1 artikuluaren arabera onartzea.

b) Baldintzak bete direla eta jarduera burutu dela justifikatzea erakunde emailearen aurrean, horietan oinarrituko baita laguntza ematea edo ez.

c) Esleitzerakoan jarritako destinorako erabiltzea dirulaguntza.

d) Helburu bererako beste era bateko laguntza, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla jakinarazi erakunde emaileari, bai administrazio edo ente publikotik, bai pribatutik etorriak.

e) Deialdi honen kargura eskuratutako laguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari argibideak ematea, horiek euren egitekoez baliatzerakoan eskatzen dizkieten.

f) Diru-laguntza esleitzerakoan aintzat hartutako edozein gorabehera objektibo edo subjektibo aldatu izanaren berri ematea.

g) Laguntzak esleitzerakoan azaldutako jarduera amaitu dela jakinaraziko zaio Erakunde Zentralaren Etengabeko Prestakuntza Programari egiaztagiri bidez.

9.2.– Prestakuntza aldia amaitu ondoren, baldin eta horren iraupena urtebetetik gorakoa bada, onuraduna Osakidetzara itzuliko da, gutxienez urte bi egongo dela jardunean.

10.– Diru-laguntza itzultzea.

Jarrain aipatzen diren egoeretan dauden onuradunek ezin izango dute diru-laguntzarik jaso eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli eta ordainketa egin zenetik sortutako legezko interesak ordaindu beharko dituzte; hona hemen egoerok:

a) Laguntza jasotzea justifikatzeko obligazioa ez betetzea.

b) Laguntza lortzea, horretarako ezarritako baldintzak bete gabe.

c) Laguntza esleitzerakoan azaldutako helburua ez betetzea.

d) Laguntza jasotakoan ezarritako baldintzak ez betetzea.

e) Ezarritako kontrol-neurriei uko egitea edo horiek oztopatzea.

f) Aldi berean beste laguntza batzuk jasotzea (SIFekoak izan ezik).

g) Jardunean gutxienez bi urte ez jarraitzea.

Ebazpen hau behin betikoa da, ez du administrazio bidea agortzen, eta interesdunek haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluari (Araba kalea 45, PK 01006, Vitoria-Gasteiz), hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita. Eta hori hala da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 114. eta 115. ataletan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtso horrek ez du kentzen bidezkotzat jotako bestelakorik jar ez daitekeenik.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko martxoaren 22a.

Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JOSU I. GARAY IBAÑEZ DE ELEJALDE.

I. ERANSKINA (*)
IKASKETAK SAKONTZEKO LAGUNTZETARAKO ESKABIDEA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala