97. zk., 2001eko maiatzaren 23a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Herrizaingo Saila
2759
AGINDUA, 2000ko irailaren 4koa, Herrizaingo sailburuarena, zeinarekin onartezintzat jotzen baita ondoko gora jotzeko errekurtsoa: Luis María Gochicoa Merino jaunak, erantzukizun mugatuko "Cafetería Airug, S.L." baltzuaren izenean eta bai ordezkoak eginez ere, aurkeztutakoa eta, zehazki, 95/1999-H zigor-espedientearen gainean Herrizaingo sailburuordearen 2000ko martxoaren 1eko Ebazpenaren kontrakoa dena.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzen dituen azaroaren 10eko 4/1995 Legeko 32.j), 33.) eta 34.g) artikuluetan zehaztutako hutsegite oso larri baten erantzulea zela-eta, Herrizaingo sailburuaren 2000ko martxoaren 1eko Ebazpenaren bitartez, erantzukizun mugatuko "Cafetería Airug, S.L." baltzuari bost milioi eta bat (5.000.001) pezetako isuna ezarri zitzaion.
Aurkatutako ebazpenean egiaztatu gisa jasotzen diren jazoerak direla-eta ezarri zen aipatu zehapena, honako hauek dira jazoerok: "La Habanera-Victoria-Remember" lokalak, aipatu baltzuaren ardurapekoa denak, ez zuen bete abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuan ezarritako ordutegia —dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan, ikuskizun publiko eta jolas-jarduerei eta jarduera horiei lotutako beste zenbait alderdiri dagozkien ordutegiak finkatzen dira—. Hona hemen, zer dela-eta ez zuen bete aipatu arauzko ordutegia:
a) 1999ko ekainaren 19an, 03:00etan zabalik zegoen, ixteko ordua 02:00ak baziren ere, horretaz gainera, musika-ekipoa eta jolas-makinak abian ziren. Ordu hartan 48 bezero zeuden lokalean, edaten.
b) 1999ko ekainaren 26an, 04:00etan zabalik zegoen, ixteko ordua 02:00ak baziren ere, horretaz gainera, musika-ekipoa eta jolas-makinak abian ziren. Ordu hartan 120 bezero zeuden lokalean, dantzan eta edaten.
c) 1999ko uztailaren 11n, zabalik zegoen 03:05ean, ixteko ordua 02:00ak baziren ere. Ordu hartan 32 bezero zeuden lokalean.
d) 1999ko uztailaren 24an, zabalik zegoen 03:10ean, ixteko ordua 02:00ak baziren ere. Ordu hartan 25 bezero zeuden, edaten.
Abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuan agindutakoaren kontrako hutsegite oso larri bi egiteagatik, Donostia-San Sebastiángo alkateak, 1999ko ekainaren 25ean eta urtarrilaren 21ean, zehatu egin zuen aipatu baltzua —aipatu dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan, ikuskizun publiko eta jolas-jarduerei eta jarduera horiei lotutako beste zenbait alderdiri dagozkien ordutegiak finkatzen dira.
Bigarrena.– 2000ko martxoaren 9an egin zen aipatu ebazpenari buruzko jakinarazpena, eta Luis María Gochicoa Merino jaunak, erantzukizun mugatuko "Cafetería Airug, S.L." baltzuaren izenean eta bai ordezkoak eginez ere, gora jotzeko errekurtso jarri zuen, 2000ko maiatzaren 3an aurkeztutako idazki baten bitartez jarri ere.
Espedienteari batu zaizkion alegazioak egin ostean, errekurtsoan honako hau eskatzen du: "delako ebazpena indargabetu dadila eta Cafetería Airug, S.L.k bost milioiko zehapena ordaindu beharra bertan behera utz dadila".
ZUZENBIDEZKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen —urtarrilaren 13ko 4/199 Legeak emandako idazketa daukanaren— 114.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, eta bai Herrizaingo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urriaren 19ko 358/1999 De-kretuko 4. artikuluarekin ere, Herrizaingo sailburuak badu eskurik errekurtso hau ebazteko. Errekurtsoa, bestalde, hartarako legitimatutako pertsonak aurkeztu du.
Bigarrena.– Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio-Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 115.1 artikuluan ezartzen denez, gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko epea hilabetekoa da. Lege bereko 47. artikuluan zehazten denez, epeak obligaziozkoak dira bai eskudun administrazioarentzako (arazoak izapidetzeari dagokionez) eta bai interesatuentzako ere. Eta horretaz gain, 48. artikuluan zehazten dira zein arauen bitartez zenbatu behar diren aipatu epeak. Ildo horretatik, aipatu xedapenak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazketa duenak, honako hau zehazten du 2. paragrafoan: "epea urteka edo hilabeteka finkatzen bada, delako egintza argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hara zenbatu beharko dira epeak, edo administrazio-isiltasuna dela-eta egintza ezestu edo onartu eta hurrengo egunetik hara. Epea bukatzen den hilabetean zenbaketa hasi zen eguna lakorik ez badago, hilabeteko azken egunean bukatuko da epea." Kasu honetan, errekurritutako zehapen-ebazpenari buruzko jakinarazpena 2000ko martxoaren 9n egin zen, ziurtatutako gutunaren bitartez egin ere, eta hori hala jasotzen da espedienteari batutako hartze-agirian. Gora jotzeko errekurtsoa 2000ko maiatzaren 3an jarri zen, baina epea 2000ko apirilaren 9an bukatzen zen, beraz garaiz kanpo formulatu zen.
Hirugarrena.– Errekurtsoaren ustezko gaian prozedura hori erabiliaz, errekurritutako zigor-ebazpena 2000ko martxoaren 9an jakinarazi zitzaion, hartze-agiridun ziurtatutako gutunaren bitartez hain zuzen, eta gora jotzeko errekurtsoa 2000ko maiatzaren 3an aurkeztu zen, eta 2000ko apirilaren 9az geroztiko 24 orduen barruan amaitu zen epea, beraz garaiz kanpo formulatu zen.
Laugarrena.– Garaiz kanpo aurkeztu bazen ere, beharrezkoa da arazoaren funtsa aztertzea. Errekurtso-egileak baieztatzen duenez, jazoerak ez ziren izan ebazpenean jaso ziren bezalakoak (berdin-berdinak), zeren Donostia-San Sebastiángo udalak egindako aktan zehaztutako orduak baino lehenagotik baitzegoen itxita lokala. Eta arazo horri dagokionez, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio-Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 137.3 artikuluan zehazten denez: "Agintaritza aitortzen zaien funtzionarioek egitateei emandako sinestamenduek, legez behar diren betekizunak dituen agiri publikoan jasotzen badira, froga-balioa izango dute; baina herritarrek ere beti adierazi edo aurkez ditzakete frogak, beren eskubideak edo interesak aldezteko", eta ordutegiei buruzko aktetan, Udaltzaingoak egindakoetan, jasotzen dira egitateok.
Eta manamendu horretan bertan zehazten da egiaztatutako jazoeren egiazkotasun- eta ziurtasun-presuntzio bat, "iuris et de iure" barik "irus tantum" dena, hau da, kontrako frogaren bitartez indargabetu egin daiteke bere eragina eta birtualtasuna. Baina, prozedura honen barruan interesatuak ez du aurkeztu aipatu presuntzioari birtualtasuna ken diezaiokeen frogarik. Bestalde, ez du aurkeztu: 1999ko azaroaren 15eko Hasiera Ordenatzeko Ebazpenari buruzko alegaziorik, ez eta 2000ko urtarrilaren 13ko Ebazpen-proposamenari buruzkorik, eta gora jotzeko errekurtsoan ondoko hau adierazi besterik ez du egin: aurkatutako ebazpenean jazoerak zehaztua dauden moduarekiko desadostasuna. Hortaz, kasu honi azaldutako hori aplikatu ezkero, jarduketetan jasotako froga osoa balioetsi eta baloratu ezkero, honako hau ondorioztatu behar dugu: errekurtso-egileak egindako alegazioen bitartez, direlako ziurtasunari eta egiazkotasunari ez zaie inolako birtualtasunik kendu.
Bosgarrena.– Errekurtso-egileak alegazioetan adierazitakoaren arabera, aurkatutako ebazpenean ezarritako zehapenean —5.000.001 pezetakoan— ez dago hainbatasunik. Eta horren gainean bidezkoa da honako hau adieraztea: Jendaurreko ikuskizunak eta jolas-jarduerak arautzen dituen azaroaren 10eko 4/1995 Legeko 35. artikuluaren arabera, 5.000.001etik 25.000.000ra bitarteko isun batekin zehatu daitezke hutsegite oso larriak; eta esandako horri begiratu ezkero, zehapen txikiena ezarri zitzaion, beraz, bidezkoa da aipatu alegazioa oso-osorik gaitzestea.
Eta ondorioz, honako hau,
EBATZI DUT:
Luis María Gochicoa Merino jaunak, erantzukizun mugatuko "Cafetería Airug, S.L." baltzuaren izenean eta bai ordezkoak eginez ere, aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa, hau da, 95/1999-H zigor-espedientearen gainean Herrizaingo sailburuordearen 2000ko martxoaren 1eko Ebazpenaren kontrakoa dena onartezintzat jotzea.
Ebazpen honetan amaitzen da administrazio-bidea, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke bere aurka, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik harako bi hilabeteko epearen barruan beti ere.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko apirilaren 26a
Herrizaingo sailburua,
JAVIER BALZA AGUILERA.