Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2001eko maiatzaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2756

AGINDUA, 2001eko apirilaren 3koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez, Europako Lanbide Heziketako Leonardo Da Vinci programari dagozkion proiektuak antolatzeko eta garatzeko diru-laguntzak emateko deialdia egiten duen agindua egokitzen da, 2001. urtean aplikatu ahal izateko.

Irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuak —Euskadiko aurrekontuen erregimenari buruzko indarreko xedapenen testu bateratua onartzen duenak— IX. Tituluan ezarritakoaren babesean, abenduaren 26ko 275/2000 Dekretua eman zen. Dekretuaren indarrez, luzatu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako laguntzak eta diru-laguntzak arautzen dituzten zenbait xedapenen indarraldia. Eta, horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak, bere sailek eta dagozkien erakunde autonomiadunek aurrekontuen epeak eta baldintzak egokitu ahal izango dituzte, 2001. urtean aplikatu ahal izateko.

2000. ekitaldian, urte bereko ekainaren 27ko Agindua eman zen, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Agindu horren bidez, diru-laguntzetarako deia egiten da, Europako Lanbide Heziketako Leonardo Da Vinci programari dagozkion proiektuak antolatzeko eta garatzeko (2000ko uztailaren 24ko EHAAn argitaratu zen, 141. zenbakian). Horrenbestez, bidezkoa da agindu hori 2001. urtean aplikatu ahal izateko epeak eta baldintzak egokitzea.

Hori dela eta,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Eskabideak aurkezteko epea.

2000ko ekainaren 27ko Aginduak, Europako Lanbide Heziketako Leonardo Da Vinci programari dagozkion proiektuak antolatzeko eta garatzeko diru-laguntzetarako deia egiten duenak, araututako laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea, 2001. urtean, hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Lanbide Heziketako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte beren eskabideak, bai zuzenean bertara eramanda eta bai azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenarenak, aurreikusitako edozein prozeduraren bidez. Eskabideok 2000ko ekainaren 27ko Aginduaren I. Eranskineko ereduaren arabera bete beharko dira, eta, horrekin batera, agindu horren 4. artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan zehazten diren diru-laguntzetarako, 2001. urte honetan, hogeita sei milioi pezeta (26.000.000 PTA) (156.263,15 euro) erabiliko dira, EAEko aurrekontu orokorretan horretarako izendatutako diru-partidaren kontura.

Artikulu honetan jarritako diru-zenbateko osoa aldatu egin daiteke, jasotzaileen guztirako diru-laguntzen zenbatekoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste diru-laguntza programa batzuetatik sortutako aurrekontu xedapen ez agortuen arabera, betiere azken hauen ebazpenak hartu aurretik. Aldaketa honen berri, Hezkuntzako sailburuordearen Ebazpenaren bidez emango da.

Laugarrena.– Epeak egokitzea.

2000ko ekainaren 27ko Aginduan 1999, 2000. eta 2001 ekitaldiari, urteari edo deialdiari egindako erreferentziak 2000, 2001 eta 2002 ekitaldiari, urteari eta deialdiari egindakotzat hartu beharko dira, hurrenez hurren, deialdi honetan.

Era berean, agindu horren 9. artikuluan ebatzia emateko ezarritako bi hilabete eta hamabost eguneko epea hiru hilabetekoa izango da deialdi honi dagokionez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio bidea agortzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean; bestela, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salan, egun beretik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Lanbide Heziketako zuzendariak baimena du agindu hau ezartzeko beharrezkoak izan daitezkeen arauak eta azalpenak emateko.

Hirugarrena.– EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko apirilaren 3a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.


Azterketa dokumentala