Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2001eko maiatzaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
2392

AGINDUA, 2001eko martxoaren 14koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, gazte langabetuak enpresa-jardueretan enplegatu/prestatzeko programa arautu zuen urriaren 20ko 279/1998 Dekretuan jasotako laguntzak eskatzeko aurtengo epea ezartzeko dena.

Urriaren 20ko 279/1998 Dekretuak gazte langabetuak enpresa-jardueretan enplegatu/prestatzeko programa arautu zuen (1998ko urriaren 22ko EHAA, 201 zk.). Agindu horren helburua, bestalde, Eusko Jaurlaritzak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, eman ditzakeen laguntzak arautzea da. Laguntza horiek gazteen artean enpresak sortzeko gogoa eta asmoak suspertzeko erabiliko dira. Programa honek erabatekoa eta osoa izan nahi du: hasieran, informazioa, orientazioa eta motibazioa emango zaizkie gazteei; ondoren, lanerako prestakuntza eta lan-esperientzia, prestakuntza- eta lan-esperientzia horri loturiko enpresa-proiektua eta horri dagokion gestio-plana ere osatu beharko dituzte gazteek.

Bestalde, urriaren 20ko 279/1998 Dekretuan Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari egiten zaizkion aipamenak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari egiten zaizkiola ulertu behar da, lehendakariaren urtarrilaren 4ko 1/1999 Dekretuan agindutakoaren arabera. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zietuen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen.

Urriaren 20ko 279/1998 Dekretuaren 15. artikuluan agindutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan propio ezarritako aurrekontu-izendapenetatik aterako dira dekretu honen helburua betetzeko behar diren diru-baliabideak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen, eta 49.5. artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean diru-laguntzak emateko arauak eguneratu nahiz berrikusiko dira, edo, behar izanez gero, arau berriak ezarriko dira, eta, orobat, zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien diru-laguntzak iragarriko dira.

Irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuak, bestalde, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen Testu Bategina onartu zuen, eta 128 b) artikuluan jartzen duenez, aurrekontuak luzapen-aldian daudela Jaurlaritzak eragiketa arruntetarako nahiz kapital-eragiketetarako diru-laguntzak eman ahal izango ditu, baldin eta indarrean dauden xedapenek eta hitzarmenek horretarako bide ematen badute. Xedapen eta hitzarmen horietan daude ezarrita, hain zuzen ere, eman daitezkeen zenbatekoak eta bete beharreko baldintzak.

Urriaren 20ko 279/1998 Dekretua indarrean dago, eta dekretuko 9.2 artikuluaren arabera, Justizia, Lane eta Gizarte Segurantza Sailak, agindu baten bidez, dekretu horretan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzeko epea argitaratuko du urtero. Adierazitakoagatik, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Urriaren 20ko 279/1998 Dekretuan aurreikusitako laguntzak eskatzako aurtengo epea hilabetekoa izango da agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Dekretu horrek, bestalde, gazte langabetuak enpresa-jardueretan enplegatu/prestatzeko programa arautu zuen.

Bigarrena.– Urriaren 20ko 279/1998 Dekretuaren helburua lortzeko, guztira 762.813.750 PTA (4.584.602,97 euro) erabiliko dira. Horietarik 388.713.750 PTA (2.336.216,69 euro), 2001eko ekitaldiko ordainketa-kreditu baterako eta 374.100.000 PTA (2.248.386,28 euro), 2002ko ekitaldiko konpromiso-kreditu baterako.

Hirugarrena.– Laguntza horiek jaso eta emateko baldintzak dekretu horretan aipatutakoak izango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Urriaren 20ko 279/1998 Dekretuaren 7 d) artikuluan azaltzen diren soldaten kostuei dagozkien diru-laguntza ordaintzeko aurtengo baldintzak aipatu dekretuko bigarren xedapen iragankorrean 1998rako aurreikusitakoak izango dira.

Bigarrena.– Administrazio-prozedurari dagokionez urriaren 1eko 232/1996 Dekretuan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Dekretuari egiten zaizkion aipamenak urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak lege hari emandako idazkeraz ulertu beharko dira (4/1999 Legeak zaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Bere aurka, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Hala agintzen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1 a) eta 46. artikuluetan.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 14a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala