Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2001eko maiatzaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
2388

AGINDUA, 2001eko apirilaren 6koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena. Honen bidez jendaurrean jartzen da uztailaren 29ko 185/1997 Dekretuaren 8. artikuluko 4. eta 5. paragrafoetan definitzen diren lankidetza-proiektu eta ekintza osagarri eta lagungarrietarako dirulaguntzak emateko izapidetza telematikoaren prozedura.

Uztailaren 29ko 185/1997 Dekretuak EAEko teknologi ikerketa, garapen eta berrikuntzarako ekintzei laguntza emateko neurriak ezartzen ditu, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eskaintza eta eskari teknologikoaren arteko lankidetza sustatu eta bultzatzeko.

Otsailaren 10eko 17/1998 Dekretuak eta ekainaren 8ko 242/1999 Dekretuak aldaketak sartu dituzte aldian-aldian proiektu tipologia berria sortzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan jasotako elementu formalak sartzeko eta dirulaguntzen izapidetzan hobekuntzak sartzeko, malgutasun handiagoa izan dezaten.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren ekainaren 5eko Aginduak dirulaguntzak izapidetzeko modua arautzen du eta bere bigarren xedapen gehigarrian aukera ematen du etorkizunean izapidetza telematikoa egiteko, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan finkatutakoaren arabera.

Izan ere, aurten gauzatu da etorkizunaren aipu hori, 2001eko otsailaren 27ko Aginduak jendaurrean jarri baitu 2001 ekitaldirako deialdia eta arautu du dirulaguntzak izapidetzeko modua, berrikuntza adierazgarria sartuz aurrekoen aldean, aurreikusten duelako lankidetza-proiektu eta egintza osagarri eta lagungarrietarako dirulaguntzak era telematikoaren bidez izapidetu daitezkeela aipatutako ekitaldi horretan, horretarako finkatzen den prozeduraren arabera, horixe baita hain zuzen xedapen honen xedea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren lehenengo esperientzia izanik, bere aginpidetzez baliatuz garatutako prozeduretan teknika eta baliabide telematikoak aplikatzen.

Aurreratu behar da esperientzia hori zabaldu egiten dela administrazioaren barruko zereginetatik kanpo dauden izapideetara, izan ere honako fase hauetan aplikatuko dira baliabide telematikoak: eskabidea, zuzenketa-orria, dirulaguntzen emakida, errekurtsoa, hala behar izanez gero, eta errekurtsoaren ebazpenean. Horretarako kontuan izan behar da ezinbestez aipatu dugun 2001eko otsailaren 27ko Agindua, prozedura erabat osatzeko.

Azken batean zera nahi izan da: esperientzia hori erabilgarria izan dadila herritarrentzat zein administrazioarentzat, lehenengoei administrazioarekin baliabide telematikoz harremanak izateko aukera emanez eta, bigarrenari, aukera emanez baliabide horiek erabiltzeko batez ere gorago aipatutako izapideetan, bereziki kanpoko eraginkortasuna dutenetan.

Baliabide teknikoak sartzean kontuan izan dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan jasotako aurreikuspenak, bermatuta horrela baliabide teknikoen bateragarritasuna. Horretarako, jendaurrean jarriko dira administrazio publikoak erabiliko dituen programa eta aplikazio elektroniko, informatiko eta telematikoak 2001eko maiatzaren 9ko 87 zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Teknika telematikoak erabiltzean arreta berezia jarri da herritarren eskubideak bermatu daitezen, izaera pertsonalen datuen babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.

Era berean, kontuan izan da sinadura elektroniko aurreratua sartzeak, sinadura elektronikoari buruzko irailaren 17ko 14/1999 Errege Lege-Dekretuan jaso eta arautzen denaren arabera, berme handiena ematen duen bidea dela aginpidetza duen organoaren eta parte hartzen duen herritarren nortasuna jakiteko, datuak isilean gordetzeko, datuak eskuratu eta erabiltzeko murrizteko baimena duten pertsonei eta agirien benekotasun eta osotasuna bermatzeko, betekizun hauek guzti hauek eskatzekoak baitira prozedura batean baliabide telematikoak sartu ahal izateko.

Berria da guztiz administrazio honentzat baliabide telematikoak erabiltzea prozeduretan eta, ondorioz, agindu honetan jasotzen den prozedura esperientzia piloto gisa ezartzen da. Ondorio horietarako, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, AB/Sociedad Informática del Gobierno Vasco, SA (EJIE) baltzu publikoak lehiaketa baterako deia egin zuen 1999ko abenduaren 16an, "Eusko Jaurlaritzako erabiltzaileentzat gako publikorako azpiegitura baten operatzailearen zerbitzu osoak abian jartzeko". Lehiaketa Euskaltel, SA baltzuari esleitu zitzaion eta honek prozedura honetan egiaztagiriak eman eta baliogabetzeko zerbitzua emango du.

Azkenik, kontuan izan da azaroaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren IX tituluan araututako aurrekontuen erregimena. Legegintza Dekretu horrek Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruzko lege-manuen bateratutako testua onesten du. Dirulaguntzen arloan, Jaurlaritzari ahalbideratzen dio dirulaguntza arruntak egitea edo kapitaleko eragiketerako bakar-bakarrik indarreango xedapenen indarrez onartua denean emakida eta bertan adierazitako diruzenbateko eta betekizunen arabera. Ondorioz, agindu honetan jasotakoak ez du funtsezko elementurik sartzen, egiten duen bakarra zera da: dirulaguntzak izapidetzean baliabide telematikoak sartzearen ondorioz berariazko erregimena behar duten prozedura aldeak arautzen ditu.

Ondorioz, EAEko teknologi ikerketa, garapen eta berrikuntzarako ekintzei laguntza emateko neurriak ezartzen dituen uztailaren 29ko 185/1997 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan finkatzen diren eskumenen indarrez, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio esparrua.

1.– Hona hemen agindu honen xedea: uztailaren 29ko 185/1997 Dekretuaren 8. artikuluko 4. eta 5. paragrafoetan definitzen diren lankidetza-proiektu eta ekintza osagarri eta lagungarrietarako dirulaguntzak emateko izapidetza telematikoa finkatzea.

Prozedura hori erabiliko da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2001eko otsailaren 27ko Aginduaren II. kapituluko I. atalean jasotako izapideak baliabide telematikoz egiteko. Agindu horrek jendaurrean jartzen du 2001 ekitaldirako deia ikerketa proiektu, garapen eta berrikuntza teknologikorako dirulaguntzetarakoa, alegia, eta arautu egiten du honako dirulaguntza hauek izapidetzeko prozedura:

– Eskabideak eta agiri osagarriak aurkeztea.

– Informazioa, dokumentazio osagarria edo zuzenketa-orriak eskatu, eta eskatutako informazioa, dokumentazio osagarria edo zuzenketa-orriak bidaltzea.

– Dirulaguntzak eman edo ukatzea.

– Errekurtsoak aurkeztea, hala behar izanez gero.

– Aurkeztutako errekurtsoak ebaztea.

2.– Eskarien azterketa, dirulaguntzak emateko proposamena, horien likidazioa eta era telematikoz bidali ezin diren agiriak eta egiaztagiriak aurkeztea, 2001eko otsailaren 27ko Aginduaren II. kapituluko I. atalean xedatutakoaren arabera burutuko dira.

2. artikulua.– Izapidetzaren ezaugarri orokorrak.

1.– Agindu honetan xedatutakoaren arabera bide telematikoz egin daitezkeen izapideek sinadura elektronikoari buruzko irailaren 17ko 14/1999 Errege Lege-Dekretuak jasotzen duen sinadura elektroniko aurreratua erabiliko dute.

2.– Administrazio organoek agindu honetan jasotzen diren egintza edo jakinarazpenak emateko erabiltzen dituzten teknika elektroniko, informatiko eta telematikoek bermatu egingo dute betiere aginpidetza duen organoaren nortasuna eta aginpidetzaz baliatzen dela.

3.– Web nabigatzaileen eta zerbitzarien arteko komunikazioak benetakotasunez, isilpekotasunez, osotasunez burutuko dira, eta elkarri trukatutako mezuei uko egin gabe.

4.– Euskarri, baliabide eta aplikazio elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak segurtasun neurriak izango ditu, honako hauek bermatu ahal izateko:

a) Erabilera murriztua izango dutela eta bertan jasotako datuak eta informazioa baimendutako pertsonei baino ez zaiela eskuratuko.

b) Datu eta informazioetan aldaketa edo galerarik egongo ez dela eta komunikazioen intertzeptazioei aurre hartuko zaiela.

c) Prozesu informatikoak baimenik gabeko manipulazioetatik babestuko direla.

5.– Sinadura elektroniko aurreratua erabili nahi dutenek Enpresen ordezkaritzaren erabiltzailearen egiaztagiria izan beharko dute ondorio horretarako, hau da, Euskaltel SAk, agindu honen II. eranskinean xedatutakoaren arabera, ematen duen X509 gomendioaren 3 bertsioa.

3. artikulua.– Era telematikoz bidalitako idazkien eta komunikazioen frogagiria, eta epeak nola zenbatu.

1.– Interesdunak Industria, Merkataritza eta Turismo Sailera era telematikoz bidalitako izapideak bete direla bermatu ahal izateko, sistemak posta elektronikoko mezua bidaliko dio interesdunari INTEK-Lankidetza aplikazioak izenpetuta, eta bertan jaso egingo dira sarrera erregistroaren eguna eta zenbakia, aurkeztu den eguna eta ordua, bidaltzailearen eta jasotzailearen nortasuna, proiektuaren izena eta idazkia dagokion izapidea.

2.– Erregistroan jasotako eguna, aurreko atalean xedatutakoaren arabera egiaztatuta, balioduna izango da epeak eta bukaerak zenbatzeko ondorietarako. Interesdunak bidalitako eskaria, errekurtsoa edo bestelako agiria jasotzat hartuko da, ondorio horietarako, kasuan kasuko erregistroan sartzen diren egunean.

4. artikulua.– Jakinarazpenak egitea baliabide telematikoz.

1.– Administrazioak bide telematikoz ematen dituen behin betiko edo izapidezko egintzak jakinaraztean 30/1992 Legearen 58.2 artikuluan xedatutakoa betetzen dela bermatu beharko da.

Egintza edo prozedurak administrazioaren eta interesatuen arteko komunikazioak sortzen dituzten euskarri elektroniko, informatiko eta telematikoz egiten badira, interesdunek euren posta elektronikoko helbidea jakinarazi beharko dute.

Administrazioak bere egintza, komunikazio edo eskariak interneten bidez bidaltzen dituenean http://www.ej-gv.net/intek helbidean, INTEK-Lankidetza aplikazioak posta elektronikoko mezu bat bidaliko dio interesdunari aplikazioak izenpetuta eta bertan jakinaraziko dio web helbide horretan jakinarazpen bat duela, kasuan kasuko proiektuari dagokionez.

Interesdunak jakinarazitako egintza, komunikazio edo eskarien edukia bistaratu ahal izateko, ondoko hau egin beharko du:

– Aipatutako webera sartu.

– Proiektura sartu.

– Jakinarazi beharreko egintza, komunikazio edo eskaria hautatu.

Agindu honen 10. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, interesdunak "Frogagiria inprimatu" hautapena ere izango du. Horrela, jakinarazitako egintza, komunikazio edo eskariaren inprimatze baimendua izango du. Inprimatze horretan honako hauek jasoko dira: jakinarazpen abisuaren irteera data eta erregistro zenbakia eta hatz-markaren bidez elektronikoki izenpetutako agiria.

2.– Jakinarazpen bat egintzat joko da interesatuak agindu honen xede diren laguntzetarako interneten finkatutako helbidean sartuz eta behin dagokion komunikazioa hautatuz gero, jakinarazitako egintza, komunikazio edo eskariaren edukira sarrera pertsonalizatua izan duela espedientean erasota geratzen den egunetik.

Interesatuak edo bere ordezkariak jakinarazitako egintzaren eguna, identitatea eta edukia heldu zaiola erasota gera dadin, datu-basean grabatuta geratuko dira interesatuak edo bere ordezkariak jakinarazitako egintza, komunikazio edo eskariaren edukia eskuratu duen eguna eta ordua.

3.– Inork ez balu jasoko jakinarazpena aurreko atalean adierazi den eran, gertakari hau espedientean jaso beharko da, jakinarazpena egiten saiatu den eguna eta ordua adierazita. Beste behin ere saiatuko da jakinarazpena egiten hurrengo hiru egunen barruan.

4.– Jakinarazpen telematikoa egiten ahalegindu ondoren, ezinezkoa izan denean burutzea, jakinarazpena bi iragarkiren bidez egingo da, bata interesdunak bere eskabidean jarritako helbideari dagokion udaletxeko iragarki-taulan eta, bestea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

5.– Administrazioak egintzak era telematikoz egiteak ez du aldatuko horiek bete behar duten araubidea.

5. artikulua.– Agirien eta artxiboen sarrera eta irteera erregistroa.

1.– Baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoz egindako komunikazio eta jakinarazpenak erregistro nagusian jasoko dira. Horretarako, kasuan kasuko idazpena egingo da, idazkiek eta komunikazioek izan duten sarrera edo irteera ordenaren arabera, indarreango araudian xedatutakoa betez.

Agindu honetan finkatutako prozedura elektroniko, informatiko eta telematikoaren ondorioetarako, erregistroa 20:30ak arte egongo da zabalik egun baliodunetan; larunbatetan, berriz, 15:00ak arte.

Aipatutako ordu horretatik aurrera eta egun baliogabeetan jasotako agiriak eta idazkiak hurrengo egun baliodunaren dataz erregistratuko dira.

2- Teknika elektroniko, informatiko eta telematikoz sortu diren agiri, idazki eta egintzak, bide horietatik egin beharreko izapideen euskarri direnean, agiria sortu deneko formatu berean gordeko dira, bai eta kopiatzeko beharrezko den informazioaren identitatea eta osotasuna bermatzen dituen beste edozein eratan ere.

Agiriak biltzen diren baliabide edo euskarriek segurtasun neurriak izan beharko dituzte bermatzeko bildutako agirien osotasuna, benekotasuna, kalitatea, babesa eta mantendua gutxienez 10 urteko epean; batez ere, erabiltzaileen nortasuna eta sarbideen kontrola bermatuko dituzte.

Horretarako, aipatutako baliabide edo euskarrietan bildutako agiriak eskuratu ahal izateko, 30/1992 Legearen 37. artikuluan eta, hala behar izanez gero, izaera pertsonalen datuen babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko da.

3.– Aipatutako baliabide edo euskarrietan bildutako agiriak kasuan kasuko administrazio espedientearen barruan jasoko dira, horiek zati diren gainerako jarduerekin batera, gauzatu izan diren euskarria gorabehera.

6. artikulua.– Eskariak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskariak eta gainerako agiriak era telematikoz aurkeztu ahal izateko, lankidetza-proiektu edo egintza osagarri eta lagungarri baten enpresa liderrak egin beharko du, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2001eko otsailaren 27ko Aginduaren 2. eta 3. artikuluetan jasotakoaren arabera.

2.– Enpresek honako hau egin beharko dute eskariak eta gainerako agiri osagarriak era telematikoz aurkezteko:

2.1.– Enpresa liderrak:

– Aipatutako web helbidea sartu.

– Txartel kriptografikoa sartu txartel irakurgailuan eta sakatu "Txartel kriptografikoa" estekaduran.

– "Proiektu berria" hautatu "Proiektu zerrenda" pantailan eta pasahitz bat ipini.

– Hautatu sortutako proiektua eta bete memoria teknikoari eta administrazio espedienteari dagozkien atalak.

2.2.– Gainerako enpresek:

– Aipatutako web helbidea sartu.

– Txartel kriptografikoa sartu txartel irakurgailuan eta sakatu "Txartel kriptografikoa" estekaduran.

– Hautatu proiektua eta bete memoria teknikoari eta administrazio espedienteari dagozkien atalak.

2.3.– Enpresen sinadura elektronikoa eskabideetan:

– Hautatu proiektua eta "Sinadura. Eskaera egin" atala aukeratu.

– Pantailan bistaratzen diren eskabideak izenpetu.

2.4.– Enpresa liderrak eskaria aurkezteko modua.

– "Eskaera egin" hautapena aukeratu.

3.– Dirulaguntzetarako eskariak era telematikoz aurkezteko epea hilebetekoa izango da agindu honen xedapen iragankorretako lehenengoak finkatzen duen egunetik.

7. artikulua.– Informazioa eta agiri osagarriak eta dokumentazioa zuzentzeko modua.

1.– Era telematikoz aurkeztutako eskarian eta gainerako agiri osagarrietan akatsak antzematen badira, ezer falta dela edo informazio edo agiri osagarriak beharko balira, administrazioak liderrari halaxe jakinaraziko dio agindu honen 4. artikuluan finkatutakoaren arabera, eta 10 eguneko epea emango dio kasuan kasuko jakinarazpena heltzen zaionetik, akatsak zuzendu edo informazio edo agiri osagarriak bidal ditzan. Era berean, jakinaraziko zaio horrela egin ezean bere eskaria bertan behera utzi duela ulertuko dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Administrazioaren eskari horri erantzuteko, interesdunek aurreko artikuluan jasotako prozedura bete beharko dute, baina "Eskaera egin" hautapenaren ordez "Errekerimenduari erantzun" hautatuta.

8. artikulua.– Laguntzak emateko modua.

1.– Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariari egokituko zaio proiekturako eskatutako laguntza eman edo ukatzeko ebazpena egin eta jakinaraztea, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2001eko otsailaren 27ko Aginduaren 7. artikuluan jasotako epe eta baldintzen arabera.

2.– Ebazpena agindu honen 4. artikuluan jasotako prozeduraren arabera jakinaraziko da.

9. artikulua.– Errekurtsoak.

1.– Laguntzak ematen edo ukatzen dituen ebazpenaren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria Politikako sailburuordeari, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2001eko otsailaren 27ko Aginduaren 7. artikuluan jasotako epe eta baldintzen arabera.

2.– Errekurtsoa bide telematikoz aurkezteko honako hau egin beharko du interesdunak:

– Aipatutako web helbidea sartu.

– Dirulaguntza eman edo ukatzeko ebazpenaren gai den proiektua hautatu.

– "Komunikazioak" atalera sartu.

– Kasuan kasuko ebazpenaren "Errekurtsoa aurkeztu" hautapena aukeratu.

10. artikulua.– Administrazioaren ebazpenaren egiaztagiria hirugarrenen ondorioetarako.

Agindu honetan aipatzen diren baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoz izapidetu eta onartutako jarduerei dagokienez, hirugarrenen aurrean ondorioak izateko informazioa paperean jarri beharko balitz, inprimatze baimenduko metodoak ere erabili ahal izango dira.

Inprimatze baimendu baliodunak izango dira hatz-marka bat daramatenak.

Paperean idatzitako informazioa, dena dela inprimatze elementua eta bere kokapena, baimendu egingo da bertan hatz-marka bat jarrita. Baimen hori nahiko betekizun izango da inprimatutako informazioaren edukia bermatzeko eta benekotasun egiaztagiria izango da hirugarrenen aurrean ondorioak izan ditzan.

11. artikulua.– Paperean bihurtzea.

Arrazoi teknikoak direla eta, ezin denean bide telematikoa erabili edo komunikazioa behar bezala egingo ez balira, paperean egin ahal izango dira. Betiere bermatu beharko da edukiaren osotasuna eta hitzez hitzezkoa dela.

Bihurtze prozesu horren ondorioz, bide edo euskarri telematikoetan bildutako jatorrizko agiriaren kopiak jatorrizko agiriak duen balio eta eraginkortasun bera izango ditu. Horretarako, kopia legeztatua eman beharko da, Euskal Autonomi Elkartearen Administrazio Orokorraren eta organismo autonomoen eremuan agirien kopiak eta ziurtagiriak emateari eta sinadurak legeztatzeari buruzko ekainaren 18ko 149/1996 Dekretuan jasotako betekizunen arabera.

Horrela egindako kopiak identifikazio kode bat eramango du, kasuan kasuko espedientean sartu ahal izateko moduan.

Interesatuek euskarri telematikoz aurkeztutako agiri, idazki edo komunikazioei dagokienez izango balitz bihurtze hori, kopia konpultsatua egingo da eta eraso beharko da jatorrizkoa eta hura berdin-berdinak direla, aipatutako ekainaren 18ko 149/1996 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera.

12. artikulua.– Datuen babesa.

Administrazioak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak, agindu honen esparruan, araubidean finkatutako mugak izango ditu eta, bereziki, izaera pertsonalen datuen babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren birtualtasuna bermatuko du.

Teknika horiek erabiltzearen ondorioz, ez da inolako murrizpen edo bazterkeriarik egongo inolaz ere, herritarrek zerbitzu publikoak edo bestelako administrazio jarduera edo prozedura eskuratu ahal izateko.

13. artikulua.– Debekatuta dago euskarri arrunta eta telematikoa batera erabiltzea.

Agindu honetan jasotako izapideak euskarri telematikoz egitea aukeratuz gero interesdunek, ezin izango dute beste baliabide edo euskarririk erabili.

Jasotzen badira agiriak, idazkiak edo komunikazioak euskarri elektroniko, informatiko edo telematikoetan eta, era berean, paperean, bakar-bakarrik izango dira kontuan era elektroniko, informatiko edo telematikoz jasoak.

XEDAPEN IRAGANKORRA.

Azken xedapenean xedatutakoa gorabehera, agindu honetan jasotako laguntzak eskatzeko epea, 6. artikuluan aipatua, 2001eko maiatzaren 31n hasiko da.

Agindu hau indarrean jartzen denetik 2001eko maiatzaren 30era arte eskatu ahal izango dira agindu honen II. eranskinean jasotzen diren erabiltzaileen egiaztagiriak.

AZKEN XEDAPENA.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du indarra agindu honek, xedapen iragankorrean xedatutakoaren kaltetan gabe.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko apirilaren 6a.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.

I. ERANSKINA .– KONTZEPTUAK ETA

DEFINIZIOAK. APLIKAZIO ETA

EKIPOEN EZAUGARRIAK.

A.– KONTZEPTUAK ETA DEFINIZIOAK.

AURKEZPEN TELEMATIKOA: Komunikazio eta datuak hornitzeko sistema da, informatika eta telekomunikazioak batera erabiltzetik sortzen diren teknika eta baliabideen bidez.

PIN: Identifikazio pertsonalerako zenbakia da, beharrezkoa dena enpresen ordekaritzaren erabiltzailearen egiaztagiria aktibatu eta erabiltzeko, hain zuzen, X 509 3 bertsioa, egiaztatze erakundeak egiaztagiria eskatzen dutenei emango diena, hura eman aurretik.

NABIGATZAILEA: TCP/IP zein interneten oinarritutako datu sareen bidez web zerbitzariak, bai eta zerbitzari horiek duten informazioaren aurkezpena ere, eskuratzea ahalbideratzen duen programa informatikoa da.

Ondorio hauetarako, honako hau izango dira hauek:

– TCP/IP (Transmision Control Protocol/Internet Protocol): Interneten interkonexio eta trafikoa ahalbideratzen dituen protokolo taldea da.

– Web zerbitzaria: Interneten informazioa eskuratzen duen sistema informatikoa da.

ZIFRATU-GAKOAK: Zenbait prozedura matematikoen bidez informazioa eraldatu edo zifratzeko erabiltzen diren zenbaki edo zenbaki kateak dira.

Egiaztagirietan bi gako erabiltzen dira: gako publikoa eta gako pribatua; horrela, gako pribatuarekin zifratzen dena bakarrik deszifratu daiteke gako publikoarekin eta alderantziz.

ERABILTZAILEAREN EGIAZTAGIRIA: Egiaztatze agintaritzak ematen duen egiaztagiri elektronikoa da, eta bere formatua ITU-T-ko (International-Telecommunications Union-Telecommunication) X-509 gomendioaren 3 bertsioan oinarritzen da.

EGIAZTATZE AGINTARITZA: Erabiltzaile edo zerbitzari zehatz baten datu identifikatzaileak egiaztatzen dituen erakundea da eta bere egiaztagiria ematen duena.

SINADURA ELEKTRONIKO AURRERATUA: Sinadura elektronikoa zera da: datu multzo bat da, era elektronikoan antolatua, beste datu elektroniko batzuei atxikita edo funtzionalki horiei asoziatuta, eta sinadura jasotzen duen agiriaren egilea edo egileak formalki identifikatzeko balio duena. Sinadura elektroniko aurreratua zera da: izenpetzailearen identifikazioa ahalbideratzen duen sinadura elektronikoa eta izenpetzaileak berariaz bere kontrolpeko bideez sortua izan dena; ondorioz, sinadura elektronikoa bakar-bakarrik egongo da lotuta harekin eta hari dagozkion datueikin. Horrela, horietan aldaketarik eginez gero, erraz antzeman daiteke.

INTEK-LANKIDETZA APLIKAZIOAK IZENPETUTAKO POSTA ELEKTRONIKOKO MEZUA: INTEK-Lankidetza aplikazioaren zerbitzariak erabiltzaileari bidaltzen dion s/mime postako mezu izenpetua da, mezuaren jatorria eta edukiaren osotasuna bermatzen duena. Egiaztatze agintaritzak ematen du aplikazioaren sinaduraren egiaztagiria, web zerbitzariaren egiaztatze politikaren arabera.

HATZ-MARKA: Datuen item berezia da, ezaugarri berdinak dituen beste bat bilatzeko kalkuluaren bidez egin ezin dena.

B.– APLIKAZIO ETA EKIPOEN EZAUGARRIAK.

Erabiltzailearen ordenadore pertsonalean erabili behar den softwarea hauxe da:

? Sistema operatzailea Windows 95 edo berriagoa.

? Nabigatzailea Internet Explorer 5.01 (edo berriagoa)

??? Posta bezero bateragarria S/MIME. Adibidez honako hauek betetzen dute betekizuna: Outlook Express 5.0, Outlook 98/2000 edo Netscape Messenger 4.5.

Aplikazioa Solaris 2.6 sistema operatzailea duten zerbitzariekin exekutatzen da eta Weblogic 4.5, eta Oracle 7.3 eta SQL Server 7 datu baseak erabiltzen ditu. Mezuak bidaltzeko posta kudeatzailea Microsoft Exchange 5.5 da NT 4 sp 6 a sistema operatzailean.

II. ERANSKINA.– ERABILTZAILEEN

EGIAZTAGIRIA LORTZEKO

PROZEDURA.

1.– Euskaltelek ematen duen egiaztagiria lortzeko baldintza orokorrak:

a) Egiaztagiria eskatu ahal izango dute Intek proiektuan eskabidea aurkezteko interesa duten pertsona fisiko edo juridikoek, bere kabuz edo administrazioaren aurrean behar bezalako ahalmena duen ordezkarien bidez.

b) Euskaltelek egiaztagiriak eman eta izenpetu egin beharko ditu.

c) EJIE egiaztagiriak eskatzeko kudeaketaz arduratuko da.

d) Egiaztagiria eskatzeko epea 2001eko apirilaren 26ra arte izango da.

e) Egiaztagiriak bi urteko indarraldia izango du ematen denetik.

2.– Egiaztagiria lortzeko prozedura.

a) Egiaztagiria eskatzea.

Eskatzaileak egiaztagiria lortzeko Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren honako helbide hauetan eskuragarri dauden eskabidea bete beharko du:

ARABAKO LURRALDE BULEGOA

Bulegoko burua: Sabin Zugadi

Samaniego k, 2

01008 VITORIA-GASTEIZ

Tel.: 945 017 770

Faxa: 945 017 787

BIZKAIKO LURRALDE BULEGOA

Bulegoko burua: José Andrés Blasco

Concha Jenerala, 23-8. solairua

48010 BILBAO

Tel.:94 403 14 00

Faxa:94 403 14 45

GIPUZKOAKO LURRALDE BULEGOA

Bulegoko burua: Javier López Larrinaga

Easo k, 10

20006 DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN

Tel.: 943 022 500

Faxa: 943 022 542

Halaber, web: www.euskaltel.es/pki helbidean ere jaso ahalko dute eskabidea.

Eskabidea behar bezala beteta eta ondoren aipatzen diren

agiriak aurreko puntuan adierazi diren bulegoetan aurkeztu beharko dira:

– Banakako enpresarioaren edo bere ordezkariaren NAN, pasaporte edo egoitza txartelaren fotokopia konpultsatua.

– Enpresarioa pertsona juridikoa bada, merkataritza erregistroan izena emanda duen eratze eskritura edo aldatzekoa aurkeztuko du, aplikagarri den merkataritza legediaren arabera betekizun hori eskatzen denean. Pertsona juridikoa ez bada, ordea, eratze eskritura edo agiria, estatutuak edo sortze egintzaren bidez egiaztatuko da, horietan baitaude jasota bere jarduera arautzen duten arauak, kasuan kasuko erregistro ofizialean izena emanda, hala behar izanez gero.

– Erakundea ordezkatzeko ahalordea administrazioaren aurrean jarduteko, behar bezala izena emanda merkataritza erregistroan, hala behar izanez gero.

Azken bi kasuetan jatorrizkoak edo indarreango legediaren arabera benetakotzat hartutako kopiak izan beharko dira.

Eskaria, behar bezala beteta, eskatzaileak izenpetu beharko du.

b) Eskariko akatsak zuzentzeko modua.

Egiaztagiriaren eskarian honelako zerbait gertatuz gero:

1.– Eskaria ez badago behar bezala beteta

2.– Eskatutako agiri guztiak ez badira aurkeztu

3.– Aurkeztutako agirietan akatsak badaude

4.– Beste akats edo hutsik badago

Horren berri emango zaio interesdunari posta ziurtatuaz eta 15 egun balioduneko epea emango zaio jakinarazten zaionetik akatsok zuzentzeko eskaria aurkeztu zuen bulegoan bertan.

Aipatutako epe hori igarotakoan, ez badira akatsak zuzendu, behin betiko egingo zaio uko egiaztagiri eskariari. Beste egiaztagiri bat lortzeko beste eskabide bat aurkeztu beharko da betiere.

c) PINaren jakinarazpena.

Egiaztagiria eman aurretik postaz jakinaraziko zaio eskabidean ipinitako helbidean egiaztagiria aktibatzeko PINa, beharrezkoa dena egiaztagiria erabili ahal izateko.

d) Egiaztagiriaren emakida.

EJIEk eskatzaileari posta elektronikoz jaso izanarekin jakinaraziko dio eskarian ipinitako posta elektronikoko helbidean egiaztagiria eskuragarri duela, non jaso eta egiaztagiria jaso ahal izateko ziurtatu beharreko betekizunak.

Eskatzaileak hilabeteko epea izango du egiaztagiria jasotzeko lehenengo jakinarazpena heltzen zaionetik.

Lehenengo jakinarazpena egiten zaionetik hiru hile pasatzen badira egiaztagiria jaso gabe, egiaztagiria baliogabetu egingo da eta egiaztagiria jasotzen duen euskarria suntsitu egingo da.

Egiaztagiria jasotzeko, ondoan aipatzen diren bulegoetako batera jo eta identifikazio agiriren bat aurkeztu behar du (NAN, pasaportea edo egoitza txartela) eskatzaileak:

– Bizkaia: Gran Via 85, 48011 Bilbao. Carmelo Molinero.

– Gipuzkoa: Andia 13, 20004 Donostia-San Sebastián. Txomin Alkorta.

– Vitoria-Gasteiz: Donostia z/g, 01010 Vitoria–Gasteiz. Toñi Maestro.

Egiaztagiria eskatzaileak berak jaso beharko du; hortaz, ezin izango du hirugarren batean utzi edo baimena eman hura jasotzeko, egiaztagiriak izaera pertsonalekoak baitira.

Egiaztagiria ematean, eskatzaileak jaso izanaren egiaztagiria izenpetu beharko du.

Egiaztagiria emateak eta eskatzaileak jaso izanaren egiaztagiria izenpetzeak ekartzen dute eskatzaileak egiaztagiria onartu duela, bai eta hura erabiltzeko baldintzak ere.

Egiaztagiria ematen den momentuan, hura erabiltzeko baldintzen berri emango zaio erabiltzaileari, www.euskaltel.es/pki helbidean ere jasota daudenak.

III. ERANSKINA.– AGINDUAREN XEDE

DIREN IZAPIDEETAN ERABILITAKO

SISTEMA TELEMATIKOEI

APLIKAGARRI ZAIZKIEN ARAUAK.

Egiaztatze agintaritzak agindu honen 2. artikuluan aipatzen diren egiaztagiriak emango dizkie eskaria egin, haren II. eranskinean finkatutako betekizunak bete eta egiaztagiria erabiltzeko baldintzak onartzen dituzten guztiei.

Egiaztagiriaren titular izateak ez du inolaz ere esan nahi agindu honen gai diren laguntzen onuradun izateko eskatzen diren betekizunak betetzen dituztenik, aipatutako betekizunen balorazioa agindua dagokien organoen aginpidetzapekoa baita.

Egiaztatze agintaritzak, agindu honetan jasotzen diren egitekoak betetzeko, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartearen lankidetzarekin jardungo du, erregistroko agintaritzaren egitekoak egingo dituena.

Agindu honen esparruan ematen diren egiaztagiriak bakar-bakarrik erabili ahal izango dira aginduaren esparruak hartzen dituen izapideak betetzeko; hortaz, berariaz debekatzen da hura erabiltzea baimenik gabeko beste helburu batzuetarako.


Azterketa dokumentala