Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

87. zk., 2001eko maiatzaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
2383

EBAZPENA, 2001eko apirilaren 3koa, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarena, EAE-ko administrazioak erabili beharreko aplikazio elektroniko, informatiko eta telematikoak onesten dituena, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak sustatutako Intek proiektuko zenbait programaren izapidegintza telematikoaren proiektua martxan jartzeko.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 45. artikuluak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeko ahalmena ematen die herri–administrazioei, beren ahalez balia daitezen.

Agindu horren arabera, erabiliko diren programa eta aplikazioak lehendabizi onetsi eta ondoren jendeari horien ezaugarrien berri ematea da aipatutako baliabideak egoki erabiltzeko eskatzen diren baldintzetako bat.

Bestalde, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak Intek programan aurreikusitako zenbait laguntzetarako prozedura telematikoa martxan jarri nahi du. Prozedura horrek 30/1992 Legeak generikoki aipatzen dituen bitarteko teknikoak erabiliko dituenez, beharrezkoa da erabiliko diren aplikazioen ezaugarri teknikoak zehaztu eta onestea.

Proiektuan hiru aplikazio-mota erabiliko dira: Intek laguntzak, posta elektronikoa eta sarreren eta irteeren erregistro-liburua. Aipatutako aplikazioetako bi aplikazio horizontalak dira, eta bestea, arloko aplikazioa.

Aplikazioak onetsiko dituen organo eskuduna zein den zehazteko, garrantzitsua da bi aplikazio–motak bereiztea. Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Egitura eta Egitekoak ezartzeko otsailaren 16ko 99/1999 Dekretuak eta horrekin lotutako Informazio eta Telekomunikazio Sistemen Egitekoak eta Kudeaketa Modalitateen Planifikazioa, Eraketa eta Banaketa arautzen dituen otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuko 6tik 9rarteko artikuluek (indarrean daude oraindik) Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzari ematen diote hainbat ekintzetarako eskumena: informatikako eta telematikako definizioak nahiz prozedurak zehaztu eta normalizatzekoa, estandarrak ezarri, kudeatu, garatu, ustiatu eta zaintzekoa, proiektu eta prozesu komun edo horizontalen kudeaketa osoaz arduratzekoa (posta elektronikoarenaz, esate baterako), dokumentuen datu-baseen kudeaketarena, eta oro har, sektoreen arabera inongo sailetan sar ez daitezkeen zerbitzu eta proiektuena.

Arau beraren arabera, sail bakoitzeko proiektu eta prozesu informatiko eta telematikoetako aplikazio informatikoak sailak berak kudeatu, zuzendu eta egin beharko ditu.

Hori horrela izanik, Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritza honi dagokio posta elektronikoko eta sarrera eta irteera erregistroko aplikazioak onestea eta zabaltzea. Aplikazio horiek dagokion arloko aplikazioarekin batera zabaldu ahal izango dira.

Aurreko guztia kontuan izanda, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Aplikazio hauen ezaugarri teknikoak onestea:

Posta-aplikazioa.

Microsoft Exchange instalatuta duten eta Microsoft Windows NT sistema eragilearekin dabiltzan zenbait zerbitzaritan oinarritzen da Eusko Jaurlaritzak erabiltzen duen posta-aplikazioa. Posta-zerbitzu honek bi erabilera ditu: Eusko Jaurlaritzako administrazio-sare korporatiboko erabiltzaileen arteko mezuak elkarrekin trukatzea, nahiz erabiltzaile horien eta saretik kanpora dauden erabiltzaileen arteko mezuak elkarrekin trukatzea.

Sare korporatiboan dauden ordenagailu pertsonal guztiek daukate postako programa bezero bat, eta horrek Microsoft Exchange zerbitzua dauka konfiguratuta. Postako bezeroa S-MIME da, Outlook, adibidez.

Halaber, zerbitzarietan badira aplikazioetatik mezuak bidaltzeko S–MIME postako bezeroak ere.

Exchangeren zerbitzarietako batek konfiguratuta daukan konektoreari esker, UNIX zerbitzarietako sendmailarekin truka daiteke posta. UNIX zerbitzariak, era berean, sare korporatibotik kanpora dauden erabiltzaileekin internet bidez mezuak trukatzeko aukera ere ematen du.

Erregistro-liburuaren aplikazioa.

Eusko Jaurlaritzara sartutako agiriak eta Jaurlaritzatik irtendakoak erregistratzeko erabiltzen da erregistro-liburuaren aplikazioa. Aplikazioak sarrera- edo irteera-zenbaki bat ematen die agiriei, eta hartzailea, igorlea, erregistratze-eguna eta erregistratutakoaren deskripzioa jasotzen ditu. Aplikazio hau instalatuta duten zerbitzariek UNIX sistema eragilea eta Oracle datu–baseen kudeatzailea erabiltzen dute.

Neurrira egindako eta Windows 95 ingurunean funtzionatzen duen bezero batekin erregistra ditzakete erabiltzaileek sarrerak eta irteerak. Windows 95 nahiz Windows NT inguruneetarako egindako API baten bidez erregistratuko ditu aplikazioak sarrera-irteerak.

Bigarrena.– Ebazpen honetan onetsitako aplikazioak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko apirilaren 3a.

Informatika eta Telekomunikazio zuzendaria,

AGUSTIN ELIZEGI ETXEBERRIA.


Azterketa dokumentala