Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2001eko apirilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
1967

AGINDUA, 2001eko apirilaren 4koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, zeinaren bitartez 2001eko ekitaldiko deialdia egin baita abenduaren 19ko 274/2000 Dekretuaren babespeko laguntzetarako. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak arautu ditu (EREIN programa).

Abenduaren 19ko 274/2000 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak arautu ditu —EREIN programa— (2000ko abenduaren 28ko EHAA, 247 zk.). Hona dekretu horren xedea: Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko jarduerak eta inbertsioak finantzatzeko laguntza ekonomikoak emateko araubidea bildu eta arautzea.

Dekretu 5.2 artikuluaren arabera, urtero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren agindu batek ondokoak ezarriko ditu, besteak beste: laguntzetarako deialdia, laguntza-eskabideak aurkezteko epeak irekitzea, eskueran dagoen aurrekontu-kredituaren berri ematea eta lagundutako proiektuen iraupena finkatzea.

Beste alde batetik, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen Bateratutako Testua onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren IX. tituluak aurreikusitako aurrekontu-luzapenaren araubideak zilegi egiten du aurtengo laguntzetarako deialdia egitea.

Horiek horrela, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Abenduaren 19ko 274/2000 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-inguruneak sustatu eta garatzeko laguntzak arautu ditu (EREIN programa). Bada, dekretu horrek arautu dituen laguntzetara biltzeko eskabideak aurkezteko epea, 2001eko ekitaldian, hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hala ere, eta aipatu dekretuaren 5.2 artikuluarekin bat, urtean zehar epea ireki baino lehen aurkezturiko eskabideak ere onartuko dira.

Bigarrena.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honek deitu dituen laguntzetara biltzeko eskabideak Mendikoi, A.B. erakunde laguntzaileari bidaliko zaizkio, eta zuzenean aurkeztuko dira, edota mendi-nekazaritzako elkarteen eta landa-garapeneko elkarteen bitartez. Nolanahi ere, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitako bideetarik edozein erabili ahal izango da.

Eskabidearekin batera, abenduaren 19ko 274/2000 Dekretuak eskatutako dokumentazio guztia ere aurkeztu beharko da.

Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

Indarreko legerian ezarritakoaren arabera aurrekontu-aldaketarik gerta badaiteke ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek 2001eko ekitaldian laguntzon xederako bideratu dituzten kredituek 500.000.000 pezeta jotzen dute (3.005.060,52 euro); horietarik, 200.000.000 pezeta (1.202.024,21 euro) 2001erako ordainketa-kredituetarako dira, eta 300.000.000 pezeta (1.803.036,31 euro) 2002rako konpromiso-kredituetarako.

Europako Batasuneko funtsez denaz bezainbatean, Batzordeak onetsitako "EAEko Landa Garapen Jasangarriko Plana"ren babesean abenduaren 19ko 274/2000 Dekreturako kredituek, NBEEF-Bermeak hitzartutakoek, 191.589.000 pezeta jotzen dute (1.151.473,08 euro) 2000-2001 aurrekontu-ekitaldirako, eta 195.803.000 pezeta (1.176.799,73 euro) 2001-2002 aurrekontu-ekitaldirako.

Deialdi honen kontura eman beharreko laguntzen kopuru osoak ez du esandako aurrekontu-kontsignazioa gaindituko, ezta —indarreko legeriak kreditu-loturari edo aurrekontu-aldaketari buruz aurreikusi duenaren arabera— aurrekontuetan ezarritako kopuru hori eguneratzearen ondorioz laguntza-bide bakoitzari tokatzen zaiona ere. Ondorioz, aipatu kopurua amaitu ondoren, ez da laguntza gehiago emango, eta xedapen honen indarraldia eten egingo da. Halakorik gertatuz gero, Landa Garapeneko zuzendariaren ebazpen batek emango du horren berri.

Laugarrena.– Proiektuak gauzatzeko epea.

1.– Landa Garapeneko zuzendariaren ebazpenez onetsitako inbertsioak eta gastuak gauzatzeko gehienezko epeak ondorengoak izango dira: urteko proiektuetarako, 2001eko abenduaren 31 arte; urte batzuetako proiektuetarako, 2002ko abenduaren 31 arte.

2.– Dena den, justifikaturiko arrazoirik bada, eta horretarako eskari arrazoi eta guztikoa aurkeztu ondoren, Landa Garapeneko zuzendariak luzapena eman dezake ebazpen baten bitartez, eta luzapen hori ez da bi urte baino gehiagokoa izango.

Bosgarrena.– Ezarritako irizpideei aplikatzeko ehunekoak.

1.– NBBEF-Bermea Europako funtsak konfinantzaturiko inbertsioak:

a) Dekretuaren II. kapituluko inbertsio-proiektuak (urtekoak zein urte batzuetakoak), NBBEF-Bermea Europako funtsak konfinantzaturikoak, gauzatzeko fasetan banatuta aurkeztuko dira, nola eta honela: urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik (edo, hala bada, eskabidearen egunetik) uztailaren 31 arte, eta abuztuaren 1etik abenduaren 31 arte.

b) Gauzatzeko fase bakoitzean aurreikusitako inbertsioak gauzatu eta ordaindu direla egiaztatzeko, aurkeztu den inbertsio-proiektuan ezarritako epeak hartuko dira kontuan, halako moldez non, urteko proiektuetan, bi unetan egingo den (uztailaren 31n eta abenduaren 31n), eta urte batzuetarako proiektuetan, aldiz, lautan (urteko bi).

2.– Gainerako inbertsio-proiektuak:

a) Aurreikusitako inbertsioak gauzatu direla egiaztatzea inbertsio-proiektua bukatzen denean egingo da, edo 2001eko abenduaren 31 bitartean.

b) Era berean, Autonomia Erkidegoaren funtsekin bakarrik finantzaturiko urte batzuetarako proiektuak ere bi gauzatze-alditan zatituko dira, urteko; alegia, laguntza eskatu denetik 2001eko abenduaren 31 arte, eta 2002ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen duenez, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkezteko aukera ere izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua egunkari ofizial berean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko apirilaren 4a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

IÑAKI GERENABARRENA MARTÍNEZ DE LAHIDALGA.

<FONT SIZE=2>


Azterketa dokumentala