Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2001eko apirilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
1965

AGINDUA, 2001eko martxoaren 28an, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, soinu-inpaktua aztertzeko planak burutzen dituzten Udal eta Mankomunitateei dirulaguntzak ematea arautzen duen Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren 2000ko uztailaren 5eko Aginduak zehazten dituen dirulaguntzak jasotzeko eskabideak non eta noiz aurkeztu behar diren arautzeko dena.

Abenduaren 29ko 4/1999 Legearen bidez onartu ziren eta 2001 arte luzatu diren Aurrekontu Orokorretan soinu-inpaktuak aztertzeko planak egingo dituzten Udalei eta Mankomunitateei dirulaguntzak emateko aurrekontu-partida jaso da.

Horretarako, 2000 urtean zehar, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak dirulaguntza horien deialdia egin zuen 2000ko uztailaren 5eko Aginduaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2000ko uztailaren 13ko 134 zk.an argitaratu zena.

2000ko uztailaren 5eko Agindu horrek indarrean jarraituko du 2001 urtean zehar, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrari dagozkion laguntza eta dirulaguntzen xedapen arautzaileak luzatzeari buruzko abenduaren 26ko 275/2000 Dekretuaren arabera. Hori dela-eta, 2001 urteko dirulaguntzen deialdia egin da, hain zuzen ere, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen testu bateratua arautzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren IX. Tituluan araututako luzapen erregimenaren arabera.

Horregatik, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1991 Legearen 26. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren egitura organikoa zehazten duen uztailaren 28ko 160/2000 Dekretuaren arabera, honakoa

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Eskariak aurkezteko epea.

1.– Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik 2001eko ekainaren 15 arte aurkeztu ahal izango dira. Agindu hori 2000ko uztailaren 13ko EHAAn argitaratu zen, 134 zenbakian, eta bertan soinu-inpaktua aztertzeko planak burutzen dituzten Udal eta Mankomunitateei dirulaguntzak ematea arautu da.

2. artikulua.– Eskariak aurkeztea.

a) Eskariak helbide honetara bidali beharko dira: Ingurugiro sailburuordea, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila, Donostia kalea 2 zk., 01010 Vitoria-Gasteiz. Sail horretako Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak zehaztutako moduetakoren batean.

b) Eskabideekin batera Aginduaren 6. artikuluak xedatutako agiri guztiak aurkeztu beharko dira. 2000ko uztailaren 5eko Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren Aginduak soinu-inpaktua aztertzeko planak burutzen dituzten Udal eta Mankomunitateei dirulaguntzak ematea arautu du (2000ko uztailaren 13ko EHAA, 134 zk.).

3. artikulua.– Aurrekontu-dotazioa.

Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak emateko gehienez ere hamalau milioi bostehun mila seiehun eta laurogei (14.500.680) pezeta, 87.150,84 euro, bideratuko dira, Aginduaren Xedapen Gehigarrian ezarritakoa kontuan izanik.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

3. artikuluan ezarritako diru kopuru osoa aldatu ahal izango da, baldin eta eskatutako laguntzen kopuru osoa kontuan hartuta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko aurrekontua egikaritzean aurrekontuko baliabideak agortu ez badira, beti ere dirulaguntzak ebatzi baino lehen.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Soinu-inpaktua aztertzeko planak burutzen dituzten Udal eta Mankomunitateei dirulaguntzak ematea arautzen duen 2000ko uztailaren 5eko Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren Aginduan 2000 urtea aipatzen denean 2001 urtea esan nahi duela ulertuko da.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honen indarraldia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 28a.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza

eta Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.

<FONT SIZE=2>


Azterketa dokumentala