72. zk., 2001eko apirilaren 17a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
1964
AGINDUA, 2001eko martxoaren 28koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, ingurugiroaren arloan enpresei dirulaguntzak emateko oinarrizko arauak ezartzeko den otsailaren 4ko 15/1992 Dekretuaren bidez araututako dirulaguntzak 2001eko ekitaldian jasotzeko eskabideak aurkezteko epea eta betekizunak zehazten dituena.
Otsailaren 4ko 15/1992 Dekretuaren bidez, ingurugiroaren alorrean enpresei dirulaguntzak emateko oinarrizko arauak finkatu ziren, dirulaguntza horiek izendatzeko jardunbidea zehazten zuen orohartzeko lege esparrua sortuz. Arau hori orokorra denez, bidezko gertatzen da dirulaguntzen hartzaile izateko eske-idazkiak aurkezteko epea eta betekizunak finkatzea.
Otsailaren 4ko 15/1992 Dekretuaren 5. artikuluaren arabera, aipatutako dekretuaren gai diren dirulaguntzak emateko esleipenerako irizpideen artean industri jardueraren garapenak duen eragin-esparruan ezargarri diren ingurugiro planak izatea kontuan hartuko zen.
Ildo horretatik, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak programa bat sustatu du ingurugiroaren aldetik industria arlo desberdinek dituzten arazoak zeintzuk diren ezagutzeko eta arlo horretan dauden defizit handienak konpontzeko neurririk egokienak proposatu ditu.
Programa horren esparruan aztertu diren industria arloetako bi paper-ore eta galdagintza alorrak izan dira. Alor horiei lotuta dauden ingurugiro arazoen ondorioz, ezinbestekoa da neurriak hartzea hobekuntzak lortu ahal izateko, atmosferara eta ur ingurunera jaulkipen gutxiago bidaltzeko eta galdagintzako hareak berriro erabiltzeko.
Bestetik, Eusko Legebiltzarrak 1994ko ekainaren 24an onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Bereziak Kudeatzeko Planak bere helburu nagusitzat industriak sortutako hondakinak teknologia garbiak erabiliz gutxitzea dauka.
Era berean aipatutako planak, gutxitzea eta kudeaketa egokia behar duten hondakinen artean, azalerako tratamenduen alorretik etorritako hondakinak ohartematen ditu.
Azaldutakoaren ondorioz badago aukera 2001eko ekitaldian dirulaguntzak emateko lehentasunezko irizpideak finkatzeko: alde batetik, paper-ore, galdagintza eta azalerako tratamenduen alorretan ingurugiro hobekuntzak lortzeko bideratutako inbertsioek jasoko dituzte eta, bestetik, industri jardueretan hondakinak gutxitzeko bideratutakoek.
Ondorioz, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 28ko 160/2000 Dekretuan aitortzen zaizkidan ahalmenez baliatuz eta Euskal Herriko Herri Ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreango lege-manuen Bateratutako Testua onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta Euskadiko Aurrekontu Araubideari buruzko lege-manuen testu bategina onesten duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluan jasotzen den aurrekontu luzapenaren erregimenari atxikiz, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea
1.– Deialdi honen helburua enpresei dirulaguntzak ematea da, ingurugiroaren arloan inbertsioak egin ditzaten; hori guztia, ingurugiro-arloan enpresei dirulaguntzak emateko oinarrizko arauak jasotzen dituen otsailaren 4ko 15/1992 Dekretuak dioenari jarraituz.
2.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatsiko da, eta zeregin horretarako bostehun eta hamar miloi eta ehun eta laurogeita hemeretzi mila hirurehun eta hogei (510.199.320) pezeta (3.066.359,67 Euro) bideratuko dira.
2. artikulua.– Onuradunak.
Deialdi honetako dirulaguntzak edozein pertsona fisiko nahiz juridikok jaso ahal izango ditu. Deialditik kanpo geratuko dira udal korporazioak, mankomunitateak eta enpresa publikoak. Hauen antzeko dirulaguntzak direla-eta, dirua itzultzeko edo zigortuak izateko prozedura batean sartuta daudenek ezingo dituzte dirulaguntza horiek jaso.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Otsailaren 4ko 15/1992 Dekretuan azaltzen diren dirulaguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea, 2001. urtean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita bi hilabetekoa izango da. Eskabidea, 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako inbertsioetarako izango da.
2.– Eskabideak Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Ingurugiro Sailburuordetzan aurkeztu behar dira (Donostia kalea, 1. Vitoria-Gasteiz) edo aipatutako Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan. Eskabideekin batera Agindu honetako Eranskinean jasotako inprimakia bete beharko da, eta otsailaren 4ko 15/1992 Dekretuaren 7. artikuluan zehazten diren agiri guztiak aurkeztu beharko dira.
3.– Eskabideak aurreko paragrafoan eta, hala badagokio, berariazko legedi aplikagarrian eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari jakinaraziko zaio, hamar eguneko epean akats horiek konpon ditzan edo arauzko agiriak aurkez ditzan; hori egiten ez badu eskaria bertan behera utzi duela joko da, organo aginpidedunak deialdia ebazteko horretarako emandako ebazpenaren ostean.
4. artikulua.– Eskabideak errepikatzea.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren 2000ko uztailaren 5eko Aginduaren arabera eskabidea aurkeztu eta aurrekontu ezagatik dirulaguntza jaso ez zutenei dagokienez, eskaera egiteko nahikoa izango da idatzi bat aurkeztea; bertan, otsailaren 4ko 15/1992 Dekretuan azaltzen diren laguntzak eskatuko dira berriro, beti ere 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera eginiko inbertsioei buruzkoak badira; horrekin batera zerga-betebeharrak bete direla egiaztatu beharko da.
5. artikulua.– Esleipenerako irizpideak
Dirulaguntzak emateko lehentasunezko irizpideak izango dira, otsailaren 4ko 15/1992 Dekretuaren 5. artikuluan azaltzen direnekin batera, beste hauek ere:
a) galdaketa, gainazalen tratamendua eta paper-orearen sektoreetan ingurugiroaren hobekuntza lortzeko inbertsioak egitea.
b) industria-jardueretan hondakinak gutxitzea.
c) ingurune sentikorretan edo horiei eragiten dien inguruneetan kokatutako instalazioetan inbertsioak egitea.
d) hirietan edo horietatik gertu dauden guneetan inbertsioak egitea.
e) hasieran dagoen egoeraren funtsezko hobekuntza suposatzen duten prozesu aldaketak.
Balorazio-irizpide bakoitzak gehienez 10 puntu lortuko ditu.
6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
Dirulaguntzen zenbatekoa otsailaren 4ko 15/1992 Dekretuaren 4. artikuluari jarraituz ebatziko da; horretarako, kontutan hartuko da inbertsioaren zenbateko garbia.
7. artikulua.– Bestelako dirulaguntzekin bateragarritasuna
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu berdinarekin beste edozein erakunde publikoak ematen dituenekin.
2.– Hala ere, jasotako dirulaguntzen zenbateko osoak ezin du izan otsailaren 4ko 15/1992 Dekretuaren 4. artikuluan azaltzen diren ehunekoak baino handiagoa. Handiagoa bada, dirulaguntza murriztu egingo da dagokion gehienezko zenbatekora iritsi arte.
8. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Ingurugiroaren Kalitatearen Zuzendaritza izango da deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-lanak egingo dituena.
9. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Eskaerak, horretarako izendatuko den epaimahai batek erabakiko ditu; bertan parte hartuko dute, Ingurugiroaren Kalitatearen zuzendariak Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko eta aipatutako Ingurugiro Kalitatearen zuzendariak izendatutako bi funtzionariok. Epaimahai horrek Ingurugiro sailburuordeari txosten bat aurkeztutako dio eta bertan eman beharreko dirulaguntzaren zenbateko arrazoitua proposatuko du; sailburuordeak, ondoren, otsailaren 4ko 15/1992 Dekretuaren 9. artikuluak adierazten duenaren arabera jokatuko du.
2.– Dirulaguntzak ematen dituen berariazko ebazpena, agindu honek indarra hartzen duenetik sei hilabetetara eman eta jakinaraziko da. Ebazpen hori esleipendunei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
3.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluak dioenaren arabera, epea igaro ondoren ebazpena interesdunari jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ez dela onartu esan ahal izango du.
10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eskuratzen dituztenek honako betebeharrak izango dituzte kasu guztietan:
a) Emandako dirulaguntza onartu. Dirulaguntza eman zaiola jakinarazten zaionetik 15 egunetara onuradunak zehazki uko egiten ez badio, onartutzat joko da.
b) Jasotako dirulaguntza eman den helbururako erabili behar da, beti ere agindu honen artikuluan zehazten dena aplikatzen ez bada.
c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako dirulaguntzei buruz, beren funtzioen arabera, eskatzen duten informazioa ematea.
d) Eskatutako dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik lau urteko epean inbertsioa gauzatzea.
e) Onuradunari bidaliko zaizkion baldintza-pleguetan zehaztuko den moduan, diruz lagundutako inbertsioa egin dela egiaztatu beharko da, ordainketa-igorpenaren aurretik egindako gauzatzetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko epean.
11. artikulua.– Baldintzen aldaketa.
Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu egingo da, beti ere dirulaguntzaren helburua betetzen bada eta, bere kasuan, beste edozein erakunde publikok emandako dirulaguntzarekin bat egiten badu. Hori gertatzen bada, Ingurugiroaren Kalitatearen Zuzendaritzak likidazio ebazpen bat egingo du emandako dirulaguntzen zenbatekoa egokitzeko.
12. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak betetzen ez badira jasotako dirua eta honek sortutako interesak Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar zaizkio. Hori guztia, Euskal Herriko Ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenari jarraituz.
13. artikulua.– Errekurtsoak.
Deialdi hau eta deialdiaren ondoriozko ekintzak interesatuek aurkatu ahal izango dituzte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean azaltzen diren epe eta formari jarraituz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
1. artikuluan jasotako zenbateko osoa aldatu egin daiteke eskatutako laguntza guztien zenbateko batua kontuan izanik, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren beste programak gauzatu ondoren aurrekontuak agortzen ez badira eta aurrekontuak gauzatu aurretik.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 28a.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza
eta Ingurugiro sailburua,
FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.
<FONT SIZE=2>