Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2001eko apirilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1963

AGINDUA, 2001eko otsailaren 13koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialaren estatutuak onartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko autonomia estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluaren bitartez, eskumen osoa eman zitzaion Euskal Autonomia Erkidegoari lanbide-elkargoen eta titulua behar duten lanbideetako jardueraren alorrean, beti ere, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa errespetatuz.

Eskumen hori erabiliz, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eman zen. Lege horretako 33. eta 45. artikuluen arabera, elkargoetako eta Kontseiluko estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzari jakinaraziko zaizkio, horrek legearekin bat datozela egiazta dezan eta agindu bidez behin betiko onar ditzan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, estatutuekin batera, eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialaren estatutuak legearekin bat datozela egiaztatu ondoren, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Onartzea

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialaren estatutuak onartzea.

2. artikulua.– Argitaratzea

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialaren estatutuak agindu honetako eranskin gisa argitara daitezela agintzea.

3. artikulua.– Inskribatzea

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialaren estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan argitaratzea, formalki eratzen den unean.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.– Eragina

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko otsailaren 13a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

JUSTIZIA, LAN ETA GIZARTE SEGURANTZA
SAILBURUAREN 2001EKO OTSAILAREN 13KO AGINDUAREN ERANSKINA.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO NEKAZARITZAKO INGENIARI TEKNIKOEN ETA NEKAZARITZAKO PERITUEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUEN ESTATUTU OROKORRA
SARRERA

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialaren ekimenez egin dira elkargo ofizialaren batzar orokorrari onar/sendets ditzan aurkeztu zaizkion estatutuak. Horretarako xedapen hauek izan dira kontuan: Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legea (irailaren 29ko 74/1978 Legearen bitartez zuzendua eta ekainaren 7ko 5/1996 Errege Lege-Dekretuaren eta apirilaren 14ko 7/1997 Legearen bitartez aldatua); Espainiako Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialen eta horien Kontseilu Nagusiaren estatutu orokorrak onartzen dituen irailaren 29ko 2772/1978 Errege Dekretua eta, azkenik, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Eusko Legebiltzarraren azaroaren 21eko 18/1997 Legea.

ATARIKO XEDAPENA

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofiziala eraentzeko egin dira estatutu hauek, 33. artikulua kontuan hartuta. Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Eusko Legebiltzarraren azaroaren 21eko 18/1997 Legearen lehenengo eta hirugarren xedapen iragankorren arabera, berriz, elkargoko barne funtzionamendurako arauzko xedapenen maila dute. Beraz, Espainiako Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialen Estatutu Orokorretan jasotako xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialean aplikatzeko araudia osatzen dute (Espainiako elkargoen estatutu orokorrak irailaren 29ko 2772/1978 Errege Dekretuaren bitartez onartu ziren).

I. KAPITULUA
IZENA, JARDUTE-EREMUA, HELBIDEA

1. artikulua.– Berezko nortasun juridikoa eta bere helburuak betetzeko erabateko ahalmena dituen zuzenbide publikoko korporazio bat sortzen da, aplika daitekeen indarreko legediari men eginez. Horren izena: Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofiziala.

Elkargo ofiziala den aldetik legeek esleitzen dizkioten helburuak betetzeko, honako hauek bilduko ditu nahitaez: beren kasa edo erakunde pribatuetan lanbidean diharduten nekazaritzako ingeniari tekniko eta nekazaritzako peritu guztiak; nekazaritzako ingeniari teknikoen edo nekazaritzako perituen titulua behar duten jardueretan dihardutenak eta titulu hori merezimendu edo baldintza duten jardueretan dihardutenak.

Eusko Jaurlaritzaren 18/1997 Legearen 30. artikuluari jarraituz, herri administrazioei zerbitzu-harremanen bitartez lotutako nekazaritzako ingeniari teknikoek eta nekazaritzako perituek ez dute nahitaez elkargoko kide izan behar, berdin delarik administrazioarekin duten harremana administrazio edo lan zuzenbidearen menpekoa den eta, beti ere, lanbidean administrazioaren zerbitzura baino ez badute jarduten.

2. artikulua.– Eremua eta helbidea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialak Euskal Autonomia Erkidegoan jardungo du eta helbidea Gasteizen izango du, Aurelio Vera-Fajardo Margolariaren kaleko 20an, beheko solairuan.

Elkargoko organo eskudunak Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetan ordezkaritzak jartzea erabaki dezake.

II. KAPITULUA
ANTOLAKETA, HELBURUAK ETA FUNTZIOAK

3. artikulua.– Antolaketa.

Batzar Orokorrak Elkargoaren funtzionamendua arautzen duten berariazko estatutu hauek sendetsi ondoren, Elkargoa horien arabera eraenduko da, beti ere, Espainiako Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialen Estatutu Orokorrak eta gainontzeko legeria betez.

4. artikulua.– Helburuak eta funtzioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargoak lanbide-elkargoei buruzko legeriak ematen dizkion zereginak beteko ditu hartzen duen lurraldearen barruak, eta zehazki honako hauek:

a) Administrazioak ematen dizkion zereginak betetzea, beti ere Elkargoak berezko dituen helburuen inguruan, eta hainbat erakunderi aholku ematea eta horiekin lankidetzan aritzea bere eskumeneko gaietan. Hona hemen erakundeok: Estatuaren, autonomia erkidegoen eta probintzien erakundeak, Justizia Administrazioa, toki-korporazioak, erakunde edo pertsona partikularrak eta elkargokideak.

b) Bere eskumeneko gaietan, Administrazioaren kontseilu eta erakunde aholku-emaileetan parte hartzea eta lanbidea garatzeko eta hobetzeko komenigarri iritzitako neurriak hartzeko proposamena egitea, horretarako beharrezko diren lege-xedapenak iradokiz.

c) Hala badagokio, Unibertsitateetako gizarte-kontseiluetan ordezkaritza izatea, une bakoitzean unibertsitateari buruz indarrean dagoen legeriak dioenarekin bat etorriz.

d) Lanbideko berezko tekniken aurrerapena eta nekazaritzarekin zerikusia duten zientzia-, kultura- eta gizarte-eginkizunen garapena bultzatu eta sustatzea eta elkargokideak beren lanean eraginkorrago izan daitezen behar diren neurriak hartzeko bidea egitea.

e) Nekazaritzako ingeniaritza teknikoko unibertsitate-eskoletako ikasketa-planak egiten laguntzea eta eskolok antolatzeko arauei buruzko irizpena ematea; Unibertsitatearekin etengabeko harremana izatea eta titulua lortu berri dutenei lanbidean sartzeko modua errazteko informazioa prestatzea.

f) Bere eremuaren barruan, lanbidea eta elkargoak ordezkatzea eta defendatzea Administrazioaren, erakundeen, auzitegien, entitateen eta norbanakoen aurrean, lanbidearen interesei eragiten dieten liskar guztietan parte izateko legitimatuta dagoelarik, bai kideen eskubideak eta bai beren lanagatik sor zaizkien ordainsariak defendatu behar direnean. Eskaera-eskubidea ere erabili ahal izango du legearen arabera.

g) Epaitegietan peritu aritzeko dei daitezkeen elkargokideak izendatzea edo horien zerrenda auzitegiei ematea legearen arabera, kasuan kasu.

Erakunde, entitate, norbanako edo elkargokideek eskatuta, lanbideko edozein eratako lanetan parte hartu behar duten titularrak izendatzea, dagokion prozeduraren bitartez.

h) Elkargokideen jokabideaz arduratzea, agintariekin eta kideekin dituzten harremanak eta lanbidekoak, oro har, behar bezalakoak izan daitezen, eta kideen arteko bidegabeko lehia eragoztea. Lanbideko jarduera lehia askean egingo da eta, zerbitzuen eskaintzari eta ordainsariei dagokienez, Lehiaren Defentsari buruzko Legea eta Bidegabeko Lehiari buruzkoa beteko dira.

Lanbidean etika eta duintasuna zaintzea eta kideei buruz hartu beharreko diziplina neurriak hartzea, horien hutsegiteak estatutu hauetan ezartzen diren zuzengarrien bitartez zehatuz.

i) Kideentzat interesgarri izan daitezkeen jarduera eta zerbitzu komunak antolatzea, alor hauen inguruan: lanbidea, prestakuntza, kultura, sorospena, aurreikuspena eta antzekoak. Jarduerok burutu ahal izateko, behar diren ekonomia-baliabideak jarriko ditu.

Elkargokideen artean euskara sustatzen lagundu.

j) Nekazaritzako ingeniari teknikoei eta lanbideari eragiten dieten intrusismo kasuen aurka egitea. Ildo horretatik, legezko eskakizunak betetzen ez dituzten guztiak salatuko dira, agintarien aurrean eta auzitegietan.

k) Lanbideko kontuak direla-eta elkargokideen artean sortzen diren liskarretan parte hartzea, arbitraje edo adiskidetze bidez.

l) Elkargokideek egindako lan profesionalen ondorioz sortzen diren obligazioak bete dituzten ala ez eztabaidagai denean, zalantzak laudo bidez ebaztea, alderdiek hala eskatuta.

m) Gutxi gorabeherako ordainsarien baremo-taulak egitea.

n) Lanbideko ordainsariei buruzko prozedura judizial edo administratiboetan irizpena ematea.

ñ) Lanbideko ordainsariak kobratzeko zerbitzua antolatzea. Elkargokideak estatutu hauetan ezarritako baldintzak beteta erabili ahal izango du zerbitzua, beti ere, berariaz eta askatasun osoz eskatzen badu.

o) Elkargokideek egiten dituzten lan profesional guztiak ikus-onestea, estatutu hauetan jarritakoaren arabera.

p) Lanbideari buruzko prestakuntza-ikastaroak antolatzea, hala badagokio, graduatu-ondokoentzat.

q) Legeria betetzea eta bazkideei betearaztea; zehazki, lege orokorrak eta bereziak, estatutu orokorrak eta berariazkoak eta Elkargoko organoek beren eskumenen barruan hartutako erabakiak eta emandako arauak.

r) Aurrekontuak eta aurreko ekitaldiko balantzea eta jardueren txostena egitea eta Kontseilu Orokorrari ematea, ezagutu ditzan.

s) Estatutu hauetan finkatzen diren kuota eta dirusarrera guztiak biltzea eta, beharrezkoa balitz, lege-bideetara jotzea eta eskumena duen epailearen aurrean, ohiko eta aparteko kuotak edo beste edozein diru-erantzukizun bete ez duten bazkideak salatzea.

t) Kontseilu Orokorrari edo, horrelakorik ez badago, Batzorde Iraunkorrari, bere jardueraren berri ematea, horretarako eskaria egiten diotenean.

u) Elkargokideentzat onuragarri diren gainontzeko zereginak burutzea.

v) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak berezko dituen zenbait zeregin, dekretu bidez horrela xedatzen bada.

x) Euskal Autonomia Erkidegoko foru eta toki administrazioek berezko dituzten zenbait zeregin, administrazio horietako organo eskudunek ebazpen, erabaki edo hitzarmen bidez xedatzen dutenean. Kasuan kasuko lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratu behar dira horiek.

III. KAPITULUA
ELKARGOAREN EGITURAREN ANTOLAKETA

5. artikulua.– Gobernu-organoak.

Elkargoaren egituran organo hauek nahitaez egon behar dute:

a) Elkargokideen Batzar Orokorra.

b) Gobernu Batzordea.

c) Lehendakaria.

6. artikulua.– Batzar Orokorra.

Elkargokideen Batzar Orokorrak Elkargoko bazkide guztiak biltzen ditu eta agintaritza gorena da. Beraz, bere erabakiak bazkide guztiek bete behar dituzte, baita absenteek, disidenteek eta baztertuek.

Batzar orokorrak ohikoak eta apartekoak izan daitezke.

7. artikulua.– Bilkurak.

Ohiko Batzar Orokorrak urtean birritan egingo dira: bata azkeneko hiruhilekoan, aurrekontuak onartzeko eta kargu berriak aukeratzeko, 12. artikuluan adierazten den bezala, eta bigarrena lehenengo seihilekoan, aurreko urteko balantzeari eta kontuei onespena emateko eta Elkargoak arlo guztietan izan duen jarduerari buruzko txosten orokorra onartzeko.

Batzar bietan, elkargokideek beren proposamenak adierazi ahal izango dituzte.

Batzar Orokorraren aparteko bilkurak bi kasutan egingo dira, Gobernu Batzordeak beharrezko ikusten duenean eta inskribatutako elkargokideen %20ak, gutxienez, idatziz eta sinatuta eskatzen duenean.

8. artikulua.–

Batzar Orokorreko lehendakari eta idazkari Elkargokoan kargu horiek dituztenak izango dira. Idazkariak bilkuraren akta egingo du eta akta hori Kontseilu Orokorrera bidaliko da, jazotakoaren berri izan dezaten.

Batzar Orokorraren bilkuretarako deia idatziz egingo zaie bazkide guztiei hamabost eguneko aurrerapenarekin, gutxienez. Deialdian biltzeko arrazoiak eta gai-zerrenda adieraziko dira.

9. artikulua.– quoruma, bozkatzeko eskubidea eta gehiengo-motak.

Batzarreko deliberazioak baliozkoak izateko, gehiengo osoak egon behar du bertan. Bigarren deialdian, berriz, baliozkoak izango dira bertaratutakoen kopurua dena dela.

Bazkide-eskubide guztiak izanik, ekonomia-betebeharrak beteta dituztenek bakarrik izango dute eskubidea hitz egiteko eta bozkatzeko. Hala ere, bozkatu ahal izateko, derrigorrezkoa izango da Batzarrean egotea, Gobernu Batzordeko kideak aukeratzen direnean izan ezik.

Batzarraren bileretan, gai-zerrendan finkatutako gaiei buruzko erabakiak baino ezingo dira hartu.

Bozkatzeko, txartel-eredu normalizatua erabiliko da, Batzar Orokorrak berak onartutakoa, alegia. Posta bidezko bozketak 12. artikuluan adierazitako eran egingo dira.

Elkargoan azkeneko sartu diren bi bazkideek bildu eta kontatuko dituzte botoak. Idazkari-lanetan, berriz, Batzarreko idazkariak jardungo du eta berak jasoko ditu emaitzak aktetan eta egingo ditu egiaztagiriak.

Botoak biltzerakoan Batzarreko norbaitek botorik eman nahi ez duela adierazten badu, gorabehera hori aktan jasoko da, bazkidearen izena adierazita.

Gehiengoak hauek izan daitezke:

Gehiengo soila: proposamen bati emandako botoak besteari emandakoak gehi zuriak baino gehiago direnean.

Gehiengo osoa: proposamen bati emandako botoak eman daitezkeen botoen erdia baino gehiago direnean. Eman daitezkeen botoak zenbat diren kalkulatzeko, emandako botoen, abstentzioen eta bertaratu ez direnen kopuruak batuko dira.

10. artikulua.– Batzar Nagusiaren zeregina izango da:

a) Gobernu Batzordeak egindako urteko memoria edo txostena aztertzea eta onartzea. Memorian Batzordearen jarduera eta urteko lanbideko gertakizun garrantzitsuenak jasoko dira.

b) Gobernu Batzordearen kudeaketa onestea.

c) Ekonomia-ekitaldiko kontuak eta ohiko zein aparteko aurrekontuak eztabaidatzea eta onartzea.

d) Ohiko eta aparteko kuotak finkatzea.

e) Orientabide-gisa, lanbideko ordainsari-baremoak finkatzea.

f) Gobernu Batzordearen proposamenez, Estatutu Partikularra onartzea.

Behin onartuta, Kontseilu Orokorrari eta Eusko Jaurlaritzako organo eskudunari igorriko zaie, behin betiko onarpena emateko.

Elkargoko Barne Erregimeneko Araudia onartzea. Ondoren, Kontseilu Orokorrari igorriko zaio, behin betiko ikus-onespena eman diezaion.

Elkargokideek eta Kontseilu Orokorrak zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte.

Estatutuak aldatzeko, onartzeko erabilitako prozedura bera erabiliko da, hau da, Estatutu Orokorrek eta Eusko Jaurlaritzaren 17/1997 Legeak ezartzen dutena.

Gobernu Batzordearen ekimenez edo elkargokideen %25ak eskatuta ekingo zaio aldaketa-prozesuari.

g) Egoki iritziz gero, Ordezkaritzak eta ordezkariordetzak jartzeko proposamenak onartzea, Estatutu Orokorretan ezarritakoaren arabera.

h) Elkargorako ondareak eskuratzea eta dituenak besterentzea. Horretarako, lehendakariak baimena izango du korporazioko ordezkari izateko, ondorio guztietarako, eta eskumena izango du kreditu-eragiketak hitzartzeko, hipotekak jartzeko eta kentzeko, baloreak bahitzeko eta batzarrak onartzen dituen gainontzeko eragiketa finantzarioak, baldin eta Elkargoaren ekonomia eta maniobragarritasuna hobetzen badute eta estatutu hauetako 4. artikuluan aipatzen diren helburu eta zereginei erantzuten badiete.

i) Dohaintzak eta jaraunspenak onartzea edo errefusatzea.

j) Elkargoaren jarduera eta interesen alorrean sartzen diren proposamenak egiten zaizkionean, horiek eztabaidatzea eta erabaki bat hartzea, beti ere, proposamena Gobernu Batzordeak edo bost elkargokidek, gutxienez, egiten badute. Proposamenok behar besteko aurrerapenarekin egingo dira, gai-zerrendan sartu ahal izateko.

k) Bat egiteko, bereizteko, xurgatzeko, desegiteko edo izena aldatzeko proposamenak egitea.

l) Gobernu Batzordeko kideak aukeratzea, estatutu hauetako 12. artikuluaren arabera.

m) Elkargoaren zerbitzuak ezartzea, kentzea edo aldatzea.

Batzar Orokorrak gehiengoen bitartez funtzionatuko du. Bat egiteko, bereizteko, xurgatzeko, desegiteko edo izena aldatzeko gehiengo osoa behar da; bestelako kasuetan, berriz, gehiengo soila.

11. artikulua.– Gobernu Batzordea.

Gobernu Batzordea hauek osatuko dute: lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak, idazkariordeak, diruzainak, diruzainordeak eta 6 bokalek.

Beren barrutiko ordezkari diren bokalak berezko kide izango dira.

Gobernu Batzordeak Elkargoko zuzendaritzaren eta administrazioaren ardura izango du, aplika daitezkeen xedapenen eta estatutu hauen arabera.

12. artikulua.– Kideen hautaketa.

Gobernu Batzordeko kide izateko baldintza hauek bete behar dituzte elkargokideek: Elkargoarekiko obligazioak beteta izatea; urtebeteko antzinatasuna izatea, gutxienez, Elkargoan; lanbidean jardutea eta, legearen edo estatutuen arabera, gaitasun gabetuta ez egotea edo debekurik jaso ez izana.

Idazkari edo diruzain izan nahi duten elkargokideek Elkargoak helbidea duen lurralde historikoan izango dute bizilekua.

Urteko azken hiruhileko ohiko Batzar Orokorra egin baino hilabete lehenago, Elkargoak plaza hutsen zerrenda argitaratuko du, elkargokideak jakitun izan daitezen. Hortik aurrera, 15 egun balioduneko epea emango, gutxienez, da plaza huts horiek betetzeko kandidaturak Gobernu Batzordeari aurkezteko.

kandidaturak bi eratakoak izan daitezke: indibidualak, plaza bakoitzerako, edo taldekoak, postu guztiak betetzeko, baina, azken kasu horretan, nor zein kargutarako aurkezten den adierazi beharko da.

Kandidatura bakoitzak bost kideren babesa izan behar du gutxienez. Babes hori sinaduraren bitartez adieraziko da.

Epe hori amaituta, Gobernu Batzordeak bederatzi egun izango ditu, gehienez, onartutako kandidaturak, estatutuetako eskakizunak betetzen dituztenak, alegia, argitaratzeko, bazkide guztiak jakitun izan daitezen. Baztertutako kandidaturen kasuan, berriz, ez onartzeko arrazoiak adieraziko ditu.

Deialdiaren berri banan-banan eta idatziz emango zaie bazkideei, batzarra egin baino hamar egun baliodun lehenago beranduen jota. Idazkia jasotzen dutenetik aurrera, bazkideek botoa postaz emateko aukera izango dute, egiazkotasuna frogatuta. Horretarako, gutun azal normalizatu bat erabiliko da eta, barruan, NANaren fotokopia eta beste gutunazal zuri, normalizatu eta itxi bat sartuko da, barnean boto-txartela duela. Gutunazala hauteskunde-mahaiko lehendakariari igorriko zaio. Pertsonalki bozkatu nahi dutenek berariaz eratutako mahaian emango dute botoa. Txartel guztiak hautestontzi zigilatu batean sartuko dira.

Behar bezala onartu eta argitaratutako kandidaturei baino ezin izango zaie botorik eman.

Mahaiak dauden boto guztiak zenbatuko ditu, bai idatzizkoak bai pertsonalak, eta baliodunak bakarrik hartuko ditu kontuan. Mahaiaren iritziz irregulartasunak dituzten botoak baliogabetzat joko dira.

Bi kandidaturen arteko berdinketa gertatuz gero, bertan daudenek bigarren bozketa egingo dute. Berriz ere berdinketa gertatuz gero, hurrengo bozketen emaitzak erabakiko du.

Hauteskunde mahaiko lehendakaria batzarrak berak aukeratuko du. Idazkari boto-zenbatzaileak berriz, batzarrean dauden bi bazkide berrienak izango dira. Batzarreko idazkaria hauteskunde-mahaikoa era izango da, eta aktak jaso eta idatziko ditu.

Hauteskundeen emaitzak aktan jasoko dira. Akta hori mahaiko lehendakariak eta boto-zenbatzaileek sinatuko dute, eta horren edukia une horretan eratuta dagoen batzarrari jakinaraziko zaio.

Hauteskundeetako emaitzen aurka errekurtso arrunta aurkeztu ahal zaio Kontseilu Orokorrari, errekurtso-araubidearen arabera.

Epea amaituta, errekurtsorik aurkeztu ez bada, Gobernu Batzorde berria eratuko da, Legearen 7,6 artikuluan xedatutako betez.

Gobernu Batzordea utzi dutenak hautatu berrien esanetara jarriko dira, behar dituzten jarraibideak eta aholkuak emateko.

Gobernu Batzorderako estreinakoz hautatu diren pertsonek derrigorrez onartu behar dute kargua, salbu eta justifikatutako arrazoiak badaude (kasu horretan arrazoiak Gobernu Batzordeari jakinaraziko zaizkio). Bigarrenez hautatutakoen edo ordura arte betetako postua ez den besterako hautatutakoen kasuan, berriz, borondatezkoa izango da postua hartzea. Dena dela, pertsona bat birritan hautatu ahal izango da, gehienez, segidan, idazkaria izan ezik.

Kargu-aldia lau urtekoa izango da eta bi urtetik behin karguen erdiak berrituko dira. Gobernu Batzorde osoa eratzea egokituko balitz, kideen erdiak handik lau urtera berrituko lirateke eta beste erdiak sei urtera, kasuan kasuko epea bukatu ondorengo lehenengo ohiko Batzarrean. Lehenengo txandan zein kargu berrituko diren Gobernu Batzordeak erabakiko du, kontuan izanik lehendakaria, idazkaria eta diruzaina ezin direla batera ordezkatu.

Gobernu Batzordeko kideren batek kargua uzten badu, Batzordeak aukeratuko du horren ordezkoa. Pertsona hori behin-behinean arituko da, arauz dagokionean berria aukeratzen den arte. Gobernu Batzorde osoa edo kideren bat bere kargutik kendu ahal izango da, baldin eta berariaz deitutako aparteko Batzar Orokorrean, bazkideen hiru laurdenak zentsura-mozioa onartzen badu.

13. artikulua.– Karguen ordainsariak:

Kargudunek ez dute kobratuko, idazkariak eta diruzainak izan ezik. Bi horiek Batzarrak erabakitako ordainsariak jasoko dituzte, bertan ezarritako eran.

Gobernu Batzordeko kideek lanean dihardutela sortzen dituzten joan-etorrietako eta ordezkaritzako gastuak ordaintzeko partidak egongo dira aurrekontuetan.

14. artikulua.– Bilkurak:

Gobernu Batzordearen ohiko bilkurak hilean behin egingo dira eta deialdia lehendakariak egingo du.

Aparteko bilkurak beharrezkotzat jotzen direnean egingo dira. Deialdia lehendakariak egingo du, bere kabuz edo kideen %20ak eskatzen duenean (zifra txikiagora biribilduko da).

Dei-idazkiak banan-banan bidaliko zaizkie kide guztiei zortzi eguneko aurrerapenarekin. Hala ere, oso presako kasuetan, deia ahoz egin daiteke, eta gero jakinarazpen idatziaren bitartez sendetsi.

Erabakiak bertan daudenen botoen gehiengoz hartuko dira, horien kopurua dena dela. Berdinketa errepikatzen bada, lehendakariak ebatziko du, kalitatezko botoaren bitartez.

Kideek nahitaez joan behar dute bilkuretara. Hirutan segidan justifikaziorik gabe huts eginez gero, karguari uzten zaiola joko da. Bilkura batera joan ezik, horren justifikazioa idatziz aurkeztu behar da, deialdiaren jakinarazpena jasotzen denetik Gobernu Batzordearen bilera egin eta zortzi egun pasatu arte.

15. artikulua.– Gobernu Batzordearen ahalmenak:

Hauek dira Gobernu Batzordearen ahalmenak:

a) Elkargoan sartzeko eskariak onartzea edo ukatzea eta elkargokide direnei bazkide-izaera kentzea, Estatutu Orokorretako VII. kapituluan eta estatutu hauetako V.ean ezarritakoaren arabera.

b) Elkargoaren eta bazkideen interesak eta izen ona defendatzea.

c) Lanbideko jokabide zuzenaren alde egitea.

d) Elkargokideen artean lanbideko lan-txandak egitea, Elkargoari hala eskatzen zaionean.

e) Diziplina-alorrean dagozkion zereginak gauzatzea.

f) Aldiro-aldiro, elkargokideen zerrenda egitea eta Kontseilu Orokorrari, gainontzeko elkargoei, lurraldean lanbidearekin zerikusia duten erakunde guztiei eta gobernuko agintariei, hala dagokionean, igortzea.

g) Elkargoaren ardura diren gaiak aztertzeko batzordeak sustatzea eta eratzea.

h) Legez ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenei, lanbidean jardutea eragoztea. Intrusoak agintarien aurrean salatuko ditu eta hausleak, berriz, auzitegietara eraman eta beharrezko eta komenigarri diren egintza zibil, penal eta administraziokoak gauzatuko ditu, baita administrazioarekiko auzietako bidekoak ere.

i) Elkargoaren fondoak bildu eta administratzea.

j) Elkargoko administrazioko langileak izendatzea eta lanpostutik kentzea.

k) Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko deialdia egitea.

l) Ohiko eta aparteko batzar orokorretarako deialdiak egitea. Apartekoak bere kabuz edo bazkideen %20ak, gutxienez, eskatuta deituko ditu.

m) Lan profesionalak ikus-onesteko sistema antolatzea. Horretarako, berariazko batzordea eratu eta ikus-onespenak egiteko behar dituen ahalmenak eskuordetzan emango dizkio.

n) Batzar Orokorraren eta Kontseilu Orokorraren erabakiak betetzeko egoki ikusten diren neurriak hartzea.

ñ) Aktak onartzeko era. Egiazkotasun eta bizkortasun prozedurak finkatuko ditu, erabakiak berehala bete daitezen.

o) Estatutu Orokorretan eta, hala bada, Elkargoko barne araudietan ezartzen diren gainontzeko ahalmenak.

16. artikulua.– Lehendakariaren zereginak.

Lehendakariak zeregin hauek izango ditu:

a) Barne araudiko estatutu hauek betetzen direla begiratzea, baita Batzar Orokorraren, Gobernu Batzordearen eta Kontseilu Orokorraren erabakiak eta agintariek emandako xedapenak ere.

b) Era guztietako agintari eta auzitegien aurrean, Elkargoaren ordezkari izatea eta, auzietan, abokatuak eta prokuradoreak izendatzea, bere kabuz edo Gobernu Batzordeak erabakita.

c) Gobernu Batzordearen bilkuren eta Batzar Orokorren buru izatea, ezarritako eran.

d) Elkargoa zuzentzea eta presako kasuetan erabakiak hartzea, beti ere Batzar Orokorraren eskumen ez diren gaietan. Gobernu Batzordeak egiten duen hurrengo bileran, hartutako erabakien berri emango dio.

e) Idazkariak ematen dituen ziurtagiriak ikus-onestea.

f) Elkargoaren fondoekin egin behar diren ordainketak onartzea.

g) Fondoak kontu korronteetatik ateratzea, bere sinadura estatutuetan aurreikusitakoei batuz.

h) Elkargokideei ordaindu ez zaizkien ordainsariak kobratzeko egintzak gauzatzea, Estatutu Orokorretako XI. kapituluan xedatutakoaren arabera.

i) Kontseilu Orokorreko bilkuretara joatea Elkargoaren ordezkari gisa, berezko kidea baita.

j) Aipatutako zereginak eta ematen zaizkion gainontzekoak burutzeko, erabateko agintea izango du, eta bere erabakiak bete egingo dira, legez ezarritako bideetatik jar daitezen erreklamazioak eragotzi gabe.

k) Estatutu hauetako 41.1 artikuluan eta Estatutu Orokorretan erabat deuseztzat jotzen diren egintzak etetea.

17. artikulua.– Lehendakariordearen zereginak.

Lehendakaria gaixorik edo kanpoan bada edo kargua hutsik badago, lehendakariordeak beteko du bere postua eta Gobernu Batzordeak ematen dizkion zereginak edo lehendakariak berak eskuordetzan ematen dizkionak beteko ditu, Batzordeko kide izateagatik dagozkionez gain.

18. artikulua.– Idazkariaren zereginak.

Idazkariari dagokio

a) Elkargoaren agiriak zaintzea.

b) Elkargoko administrazio-zereginak antolatzea eta langileen buru izatea.

c) Egiaztagiriak ematea, lehendakariaren oniritziarekin.

d) Urteko memoria egitea, Batzar Orokorrak onar dezan; zitazioak egitea; aktak eta txostenak egitea eta sinatzea eta Elkargoarekin zerikusia duten jakinarazpen eta agiriak izapidetzea.

e) Elkargoarekin zerikusia duten gaiei buruzko informazioa ematea elkargokideei eta interesa duten guztiei.

f) Batzar Orokorraren eta Gobernuko Batzordearen bilkuretako akten eta elkargokideen erregistroaz arduratzea.

g) Gobernu Batzordeko kide den aldetik dagozkion zereginak eta karguaren berezkoak, bere funtzioak behar bezala betetzeko nahitaezkoak direnak, alegia.

h) Gobernu Batzordeak izendatutako Ikus-onespenetako Batzordeko kide izatea. Egiten diren ikus-onespenak sinatzea eta erregistratzea. Elkargoak ikus-onespenak egiteko ezarritako arauak betetzen ez direnean, uko egingo dio eskakizun hori betetzeari.

19. artikulua.– Idazkariordearen zereginak.

Idazkaria gaixorik edo kanpoan bada edo kargua hutsik badago, idazkariordeak beteko du bere postua eta Gobernu Batzordeak ematen dizkion zereginak edo lehendakariak eskuordetzan ematen dizkionak beteko ditu, Batzordeko kide izateagatik dagozkionez gain.

20. artikulua.– Diruzainaren zereginak.

Diruzainari dagokio

a) Elkargoak jaso behar dituen edo zor dituen zenbatekoak kobratzea edo ordaintzea, araudian ezarritako prebentzioen arabera.

b) Bilketa-agiriak egitea eta sinatzea.

c) Kontabilitate liburuez arduratzea.

d) Kontu korronteetan eta gordailuetan dirua sartzea edo ateratzea, bere sinadura estatutuetan zehaztutakoei gaineratuz.

e) Aurreko ekitaldiko balantzea eta emaitzen kontua aurkeztea eta hurrengo ekitaldiko gastuen eta sarreren aurrekontua prestatzea, Gobernu Batzordeari eta Batzar Orokorrari aurkezteko, onar ditzaten.

f) Gobernu Batzordeko kide den aldetik dagozkion gainontzeko zereginak burutzea.

21. artikulua.– Diruzainordearen zereginak.

Diruzaina gaixorik edo kanpoan bada edo kargua hutsik badago, diruzainordeak beteko du bere postua eta Gobernu Batzordeak ematen dizkion zereginak edo lehendakariak eskuordetzan ematen dizkionak beteko ditu, Batzordeko kide izateagatik dagozkionez gain.

22. artikulua.– Bokalen zereginak.

Gobernu Batzordeko kide direnez, batzorde horren lanetan parte hartuko dute eta batzordeak berak ematen dizkien lan bereziak burutuko dituzte.

IV. KAPITULUA
EKONOMIA ARAUBIDEA

23. artikulua.– Ohiko baliabideak.

Hauek izango dira ohiko baliabideak:

a) Elkargokideen sarrera-kuotak. Horien zenbatekoa Batzar Orokorrak erabakiko du eta berrikusi egin ahal izango da. Bizilekuz aldatuz gero edo elkargo batean baino gehiagotan egon nahi izanez gero, beste elkargo batean sartzea doan izango da.

Elkargoan sartzeko eskaria karrera amaitu ondorengo 12 hilabeteetan egiten dutenei ez zaie sarrera-kuotarik kobratuko.

b) Aldizkako ohiko kuotak: Batzarrak finkatuko ditu. Ordaintzeko era Gobernu Batzordeak ezarriko du.

c) Elkargokideek Elkargoko zerbitzuak erabiltzeagatik ordaindutako dirua. Ikus-onesteko zerbitzua Kontseilu Orokorrak onartutako arauen arabera kobratuko da.

d) Eskatzen zaizkion agiriengatik edo bestelako administrazio-idazkiengatik Elkargoak kobratzen dituen eskubideak.

e) Elkargoak jabetzan edo usufruktuan dituen era guztietako ondasun eta eskubideen produktuak.

f) Argitalpenak edo baimendutako inprimakiak saltzetik lortzen diren diru-sarrerak.

24. artikulua.– Aparteko baliabideak:

a) Batzar Orokorrak ezar ditzan aldi baterako diru-sarrerak.

b) Jaso daitezkeen gainontzeko diru-sarrerak.

25. artikulua.– Elkargoaren gastuak:

a) Ohikoak: bere ohiko jardunerako behar direnak izango dira, Batzar Orokorrak onartutako aurrekontuen arabera.

Kontseilu Orokorraren sostengurako, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargoan izena emanda dagoen kide bakoitzagatik Kontseilu Orokorrak ezarritako zenbatekoa jarriko du Elkargoak.

b) Apartekoak: Batzar Orokorrak finkatuko ditu, gehigarrizko aurrekontu bat formulatu ondoren.

26. artikulua.– Ondasunen likidazioa.

a) Elkargoa beste elkargo batek xurgatzen badu, Batzar Orokorrak erabakiko du ondasunekin eta gauzekin zer egin.

b) Elkargoa desegiten bada edo horren izaera, eraketa edo helburuetan eragina duen berregituraketarik egiten bada, zorrak ordaindu ondoren gera daitezen ondasunak edo gauzak elkargokideen artean banatuko dira, baldin eta Elkargoan urtebeteko antzinatasuna badute eta une horretan bazkide badira. Ondasunen banaketa bakoitzak elkargoan daraman denboraren arabera egingo da.

Elkargoko ondasunen likidazioa egiterakoan, herri-administrazioen laguntzen eta dirulaguntzen araubide orokorrari buruz indarreko legerian jasotzen diren arauak beteko dira.

V. KAPITULUA
ELKARGOKIDEAK

27. artikulua.– Bazkide izateko beharra.

Helbide bakarra edo nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan duten nekazaritzako ingeniari teknikoek, lanbidean jarduteko, Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen eta Nekazaritzako Perituen Elkargo Ofizialeko kide izan behar dute nahitaez.

Lanbidean Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten dutenak ere, Elkargoko kide egin ahal izango dira.

Profesionalak nahi beste elkargotako kide izan daitezke aldi berean, beti ere, estatutuetan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte eta elkargo bakoitzak ezartzen dituen ohiko eta aparteko kuotak eta gainontzeko kargak ordainduta badituzte.

Zerbitzu-harremanen bidez herri administrazioei lotuta dauden nekazaritzako ingeniari teknikoek eta nekazaritzako perituek ez dute zertan elkargoko kide egin, Eusko Legebiltzarraren 18/1997 Legearen 30. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

28. artikulua.– Gaikuntzaren araubide juridikoa.

1.– Elkargokideren batek beste elkargo baten eremuan jardun behar badu, ezertan hasi baino lehen, egingo duen lanaren berri emango dio elkargo horri, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargoaren bitartez, ordenamendu, ikus-onespen, deontologia-kontrol eta diziplina-ahalmenari buruzko eskumenei dagokienez, horren menpe gera dadin.

Elkargokideak Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargo Ofizialean aurkeztuko du gaikuntza-eskaria, datu hauek adierazita: izen-abizenak, helbidea, lanbidea eta gaikuntza zein lan egiteko eskatzen den.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargoak kasuan kasuko elkargoari igorriko dio eskaria, honako hauek egiaztatzeko agiriekin batera: Elkargoko kide dela, Elkargoarekiko obligazioak beteta eta kargak kitatuta dituela eta lanbidean jarduteko gaitasunaz gabetzen duen arrazoirik ez dagoela. Ezin izango da gaikuntzarik ukatu baldintza horiek guztiak betetzen badira.

Aurreko izapideak beteta, elkargokideak lanbidean jarduteko gaikuntza lortuko du. Gaikuntza zertarako eskatu den, horretarako bakarrik erabili ahal izango da eta lan hori amaituta iraungi egingo da.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargo Ofizialeko Batzar Orokorrak gaikuntzak izapidetzeagatik kobratu beharreko ordainsariak ezartzeko eskumena du.

Gaitutako profesionalek elkargo hartzailearen menpe egongo dira deontologia-ordenazio, ikus-onespen eta diziplinako ahalmenei dagokienez.

29. artikulua.– Elkargokide-motak.

a) Ohorezkoak.

b) Numerarioak.

Lanbideari zerbitzu garrantzitsuak eman dizkioten edo luzaroan lanbidean aritu eta elkargokide izan direnak, horretarako merezimenduak badituzte, ohorezko elkargokide izango dira. Ohorezko elkargokide pertsona fisiko ala juridikoak izan daitezke eta ez dira nahitaez nekazaritzako ingeniari teknikoak edo nekazaritzako perituak izan behar. Izendapena Gobernu Batzordeak egingo du, bere ekimenez edo interesatuaren eskariz, eta Batzar Orokorrak sendetsiko du. Elkargokide horiek kuotak ordaintzetik salbuets daitezke, baina ezin izango dute inolako kargurik aukeratu, ezta horietara aurkeztu ere. Batzar orokorretan, berriz, hitza bai, baina ez dute bozkatzeko eskubiderik izango.

Gainerako elkargokideak numerarioak izango dira. Bazkide numerarioak, aldi berean, ohorezko ere izan daitezke, numerario izateagatik dituzten eskubideak galdu gabe.

30. artikulua.– Elkargokide izateko baldintzak eta bazkidetza galtzeko arrazoiak.

1.– Elkargoan sartzeko, baldintza hauek bete behar dira:

1.a.– Gobernu Batzordeari eskaria egitea. Eskariarekin batera, jatorrizko titulua ere aurkeztuko da, edo, bestela, ikasketak gainditu eta titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen administrazio-agiria.

2.a.– Epailearen ebazpen edo diziplinazko zehapen irmo baten ondorioz, Elkargoan edo lanbidean jarduteko desgaituta ez egotea.

3.a.– Elkargoan sartzeko indarrean dagoen kuota ordaintzea.

Bazkidegaia beste lurralde bateko elkargo batetik badator, tituluaren ordez, jatorrizko elkargoko agiria aurkeztuko du, Kontseilu Orokorrak onartutako ereduaren arabera. Agirian, besteak beste, elkargoarekiko obligazioak beteta dituen adieraziko da, baita elkargoaren zehapen baten ondorioz, lanbidean jarduteko desgaituta ez dagoela ere.

Gobernu Batzordeak hilabeteko epean erabakiko du eskaria onartzen duen ala ez.

2.– Hauek izango dira bazkidetza galtzeko arrazoiak:

a) Uko egin zaiolako edo baja hartu delako. Horren berri Elkargoko lehendakariari emango zaio, bai gutun ziurtatu baten bidez, bai erregistroan sarrera emandako agiri baten bidez.

b) Bazkidea desgaitu egin delako, baldin eta desgaikuntzak berekin badakar zehapena dirauen bitartean elkargotik iraiztea. Horrelakoetan, aldez aurretik, Elkargoak diziplina-espedientea instruituko du eta, une horretan, bazkidetza eten egingo da, Batzar Orokorrak erabakia hartu arte. Prozesu osoan estatutu orokorretako VIII. kapituluan eta legean xedatutakoa beteko da.

c) Ezintasuna edo desgaikuntza aitortzen duen epai judizial irmoa jaso delako.

Beren borondatez eta eskakizun guztiak beteta baja hartzen dutenek, geroago Elkargoan berriz sartzeko eskaria egiten badute, lehenengoz sartzen direnek bete beharreko izapide guztiak bete beharko dituzte, titulazioarena izan ezik, ez baitute hori aurkeztu beharrik izango. Gainera, Elkargoan berriz sartzeko ezarrita dagoen kuota ordaindu beharko dute.

31. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak:

a) Honako hauek betetzea: lanbidea arautzen duten arauak, estatutu hauek eta orokorrak, barne-araubideko erregelamenduak, deontologiako arauak eta Elkargoak, Kontseilu Orokorrak edo, hala badagokio, Autonomia Erkidegoko Kontseiluak ezartzen dituen arauak edo hartzen dituen erabakiak.

b) Elkargoak onartutako kuotak eta eskubideak ordaintzea.

c) Lanbideak berezko dituen zereginetan horretarako beharrezko den titulurik gabe jarduten dutenak, titulua izanik Elkargoko bazkide ez direnak eta elkargokide izan arren bazkidetzari dagozkion betebeharrak betetzen ez dituztenak Elkargoan salatu.

d) Lan profesional guztiak Elkargoan ikus-onestea eta erregistratzea. Izapide hori bazkidearen egoitzari dagokion elkargoan edo lana egingo duen lekuari dagokionean egin daiteke, Estatutu Orokorretan xedatutakoaren arabera.

e) Elkargokideen artean sortzen diren lanbideko liskarretan, Elkargoaren arbitrajea edo adiskidetzea onartzea, beti ere, gero errekurtsoa jartzeko eskubidea galdu gabe.

f) Lan profesionaletan, indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen arau eta manu guztiak betetzea, baita Elkargoak eta Kontseilu Orokorrak emandakoak eta lanbidearen izen ona, duintasuna, begirunea eta etika zaintzeko eta hobetzeko emandakoak.

g) Elkargoko eta Kontseilu Orokorreko zuzendaritza-organoekin dituzten harremanetan, diziplina, errespetua eta harmonia gordetzea.

32. artikulua.– Elkargokideen eskubideak:

a) Estatuan lanbidean jardutea, lanbide-elkargoei buruz indarrean dagoen legerian, estatutu hauetan eta, kanpoan lan egiten badu, bestako elkargoetako estatutuetan xedatutakoaren arabera.

b) Korporazioko kudeaketan parte hartzea eta eske-eskubidea, bozkatzekoa eta zuzendaritza-postu eta -karguak eskuratzekoa erabiltzea, estatutu hauetan zehazten diren prozedurak errespetatuz.

c) Elkargoaren ondasunak eta zerbitzuak erabiltzea eta horiekin gozatzea.

d) Erakunde ofizialek, entitateek edo norbanakoek Elkargoari lanen bat egiteko eskatzen diotenean, lan hori egitea, beti ere, aurretik ezarritako txanden arabera hala dagokienean.

e) Ordainsariak Elkargoaren bitartez kobratzeko aukeraz baliatzea eta Elkargoaren babesa izatea ordainsariok erreklamatzeko orduan, beti ere, arauz ezarritako emaitzak betetzen direnean.

f) Elkargoa edo, behar denean, Kontseilu Orokorra beren ordezkari izatea administrazio, erakunde, auzitegi, entitate edo norbanakoen aurrean bidezko erreklamazioak banaka edo taldean aurkeztu behar dituztenean edo lanbideko jardunean desadostasunak sortzen direnean.

g) Elkargoaren ekonomia-egoeraren berri izatea, Elkargoaren beraren arioz edo berak eskatuta.

33. artikulua.– Elkargokideen eskumenak.

Indarrean dauden lege-xedapenek, ohiturazkoek eta aurrerantzean ematen direnek esleitzen dizkieten eskumenak izango dituzte bazkideek lanbideko jardueran.

VI. KAPITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA

34. artikulua.–

Elkargokideek estatutu hauek, estatutu orokorrak edo, onartzen bada, barne-araubidea urratzen badituzte eta errudun badira, Elkargoak zehatu egingo ditu.

35. artikulua.– Sailkapena:

Hutsegiteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke. Hutsegiteak hauek dira:

1.– Oso larriak:

a) Nekazaritzako ingeniari teknikoen edo nekazaritzako perituen lanbidean jardutea titulurik izan gabe.

b) Lanbideko betebeharrak ez betetzea, baldin eta jarduera profesionala eskatu edo hitzartu dutenei kalte larria eragiten bazaie.

c) Lanbideko sekretua ez gordetzea.

d) Lanbideko jardueraren ondorioz, doluzko deliturik egitea, parte-hartzea dena dela.

f) Estatutu orokorretan oso larritzat jotzen direnen artean, lanbidearen ezaugarriei egokitzen zaizkionak, lanbide horretako elkargokideei dagokienez.

g) Bi urtetan bi hutsegite larri edo gehiago egitea. Hutsegite larria bi urtetan bost hutsegite arin egin izana bada, ez da paragrafo hau aplikatuko.

h) Lanbidean jardutea Elkargoko kide izan gabe.

2.– Hauek izango dira hutsegite larriak:

a) Elkargoan sartzeko arauak ez betetzea.

b) Lanbideko betebeharrak ez betetzea, baldin eta jarduera profesionala eskatu edo hitzartu dutenei kalterik eragiten bazaie.

c) Lanbidean intrusismo-kasuak edo jarduera irregularrak daudela jakinez gero, Elkargoari horien berri ez ematea.

d) Asegurua ez egitea.

e) Arrisku berezi, hondamendi edo hondamen publikoko kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ezarritako nahitaezko zeregin profesionalak ez betetzea.

f) Lanbideko kideen duintasuna, Elkargoko gobernu-organoena edo lanbideko jardunean elkargokidearekin harremanak dituzten pertsona edo erakundeena larriki iraintzea edo horiei fisikoki erasotzea.

g) Bidegabeko lehia diren egintzak burutzea.

h) Elkargoaren eta bere organoen edo Kontseilu Orokorraren ohiko jarduera eragozten edo oztopatzen duten egintzak burutzea.

i) Estatutu Orokorretan aipatutakoak, Eusko Legebiltzarraren 18/1997 Legean xedatutakoaren aurka ez badoaz.

j) Bi urtetan, bost hutsegite arin edo gehiago egitea.

3.– Lanbideko jarduera arautzen duen beste edozein manu haustea hutsegite arina izango da, hutsegite larria edo oso larria ez bada eta estatutu orokorretan horrela jasotzen bada.

36. artikulua.– Zehapenak.

1.– Hutsegite oso larriengatik, zehapen hauetako bat ezarri ahal izango da:

a) Urtebete eta egun bat eta hogei urte bitarteko desgaikuntza lanbiderako, Eusko Legebiltzarraren azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) 500.001 eta 5.000.000 pezeta bitarteko isuna.

2.– Hutsegite larriengatik, zehapen hauetako bat ezarri ahal izango da:

a) Urtebeteko desgaikuntza lanbiderako, gehienez, Eusko Legebiltzarraren azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 17. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) 50.001 eta 500.000 pezeta bitarteko isuna.

3.– Hutsegite arinengatik, zehapen hauetako bat ezarri ahal izango da:

a) Ohartarazpena.

b) 50.000 pezetako isuna, gehienez.

4.– Hutsegitearen ondorioz arau-hausleak mozkin ekonomikoak lortu baditu, mozkin horien balioespena egingo da, eta isunari, aurreko idatz-zatietan ezarritako gehienezko kopurutik balioespen horretara iristeko falta den zenbatekoa gehituko zaio gutxienez, eta zenbateko hori halako bi gehienez.

5.– Zehapenak mailakatu egingo dira, kasu bakoitzean biltzen diren gorabeheren arabera.

37. artikulua.– Eskumenak eta errekurtsoak:

Gobernu Batzordeak gauzatuko ditu diziplina-zereginak eta, hala badagokio, berak ezarriko ditu zehapenak.

Gobernu Batzordeko edo Kontseilu Orokorreko kideek lanbidean edo Elkargoan izandako jarduerengatik jarri beharreko zehapenak Kontseilu Orokorrak jarriko ditu.

Gobernu Batzordeak jarritako zehapenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Kontseilu Orokorrari.

38. artikulua.– Diziplina-prozedura.

1.– Hasiera. Diziplina-prozedura Gobernu Batzordeak hasiko du, bai bere arioz, bai Elkargoko lehendakariak edo dagokion ordezkariak eskatuta, bai nekazaritzako ingeniari tekniko batek edo bidezko interesa duen hirugarren batek eskatuta.

Diziplina-eskumenak dituen organoak, aurrekariak ikusita, jarduketak artxibatzea edo espedientea izapidetzea erabakiko du eta, une horretan, instrukzio-egilea izendatuko du.

2.– Instrukzioa. Ikerketak egin ondoren, instrukzio-egileak, bidegabekeriarik ikusten ez badu, espedientea largetsiko du eta, bestela, kargu-orria egingo du. Kargu-orrian honako hauek jasoko dira argi, zehatz eta behar bezala arrazoituta: Elkargoan edo lanbidean burututako egintza ustez bidegabeak; zein hutsegite-mota diren eta, hala badagokio, zein zehapen proposatzen den. Eragindakoari hamabost egun balioduneko epea emango zaio idatziz erantzun eta deskargu-orria aurkez dezan.

Espedientean, zuzenbidean onargarri diren froga-bide guztiak onartuko dira. Instrukzio-egilearen esku uzten da proposatu zaizkion frogen artetik egoki iruditzen zaizkionak eta berak erabakitakoak egitea. Egindako frogen eta audientzien berri idatziz jasoko da espedientean.

3.– Ebazpena. Diziplina-espedientearen instrukzioa amaituta, instrukzio-egileak espedientea eta ebazpen-proposamena diziplina-eskumena duen organoari igorriko dizkio eta horrek audientzia emango dio, berriro ere, eragindakoari, bere eskubideen alde egoki iritzitakoa alega dezan. Instrukzio-egileak ezin izango du parte hartu diziplina-eskumena duen organoaren deliberamenduetan, ezta erabakia hartzeko orduan ere.

39. artikulua.– Hutsegiteen eta zehapenen preskripzioa.

Preskripzioa.

1.– Hutsegite oso larriek hiru urtetan preskribituko dute, larriek bitan eta arinek batean.

2.– Preskripzio-epea hutsegitea egin den egunetik hasiko da kontatzen.

3.– Zehapen-prozedura hasten denean (eragindakoa jakinaren gainean dagoela), preskripzio-epea eten egingo da, eta berriz hasiko da zehapen-espedientea sei hilabetetik gora geldirik badago, baldin eta horren arrazoia ezin bazaio ustezko arau-hausleari egotzi.

4.– Hutsegite oso larriengatiko zehapenek hiru urtetan preskribituko dute, larriengatikoek bitan eta arinengatikoek batean. Hala ere, hiru urteko edo hortik gorako lanbiderako desgaikuntza dakarten zehapenen kasuan, preskripzio-epea zehapenaren iraupena bezain luzea izango da.

5.– Zehapenen preskripzio-epea zehapena ezartzen duen ebazpena irmo egiten den egunaren biharamunetik hasiko da kontatzen.

6.– Egikaritze-prozedura hasten denean (eragindakoa jakinaren gainean dagoela), preskripzioa eten egingo da, eta berriz hasiko da egikaritze-prozedura sei hilabetetik gora geldirik badago, baldin eta horren arrazoia ezin bazaio ustezko arau-hausleari egotzi.

VII. KAPITULUA
ELKARGOKO EGINTZEN ETA ERREKURTSOEN ARAUBIDE JURIDIKOA

40. artikulua.– Araubide juridikoa.

Nekazaritzako Ingeniari Teknikoen Elkargoaren antolaketa eta funtzionamendua xedapen hauen arabera eraenduko da:

a) Lanbide elkargoen alorrean Estatuan eta Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen legeria.

b) Lanbideko estatutu orokorrak.

c) Estatutu hauek eta horiek garatzeko eta aplikatzeko ematen diren arau orokorrak.

d) Gainontzeko ordenamendu juridikotik aplikagarri dena.

Estatutu hauetan jasotzen ez diren alderdiei dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko legeria aplikatuko da. Elkargoko Gobernu Batzordearen araubide juridikoa bat etorriko da Estatutu Orokorrean eta estatutu hauetan jasotako arauekin; zeinetan deialdiei, bilkurei eta ebazpenak hartzeko moduari buruzko araubidea ezartzen den.

41. artikulua.– Erabateko deuseztasuna.

1.– Kasu hauetan, Elkargoaren egintzak erabat deusezak izango dira:

a) Konstituzioak babestutako eskubide eta askatasunen funtsezko edukia urratzen dutenak.

b) Gaia edo lurraldea kontuan izanda, inolako eskumenik ez duen organo batek emanak.

c) Ezinezko edukia dutenak.

d) Zigor-zuzenbideko arau-hauste direnak edo horren ondorioz ematen direnak.

e) Legez ezarritako prozedura batere kontuan hartu gabe ematen direnak eta Elkargoko organoen borondatea eratzeko oinarrizko erregelak jasotzen dituzten arauak betetzen ez dituztenak.

f) Ordenamendu juridikoaren aurkako egintza espresu edo ustezkoak, baldin eta horien bitartez eskubideak edo ahalmenak hartzen badira horretarako oinarrizko eskakizunak bete gabe.

g) Lehiakortasuna Defendatzeko uztailaren 17ko 16/1989 Legearen 1.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioz debekatutako akordioak, erabakiak eta gomendioak, baldin eta legearen arabera salbuetsita ez badaude.

2.– Ordenamendu juridikoa hausten duten gainontzeko egintzak deuseztagarriak dira, agintea desbideratzea barne.

42. artikulua.– Korporazio-errekurtsoak.

Elkargoko organoek emandako egintzak, administrazio-zuzenbidearen menpekoak baldin badira, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean errekurritu ahal izango dira, behin korporazio barruko errekurtsoak amaitu ondoren.

Ordezkaritzek hartutako erabaki edo ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Elkargoko Gobernu Batzordeari. Horretarako epea hilabetekoa izango da, jakinarazten direnetik edo, hala badagokio, argitaratzen direnetik kontatzen hasita.

Elkargoko organoek hartutako erabaki edo ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kontseilu Orokorrari epe berberean.

VIII. KAPITULUA
LANBIDEKO JARDUERARI BURUZKO XEDAPEN OROKORRAK

43. artikulua.– Lanbideko enkarguen berri ematea.

Nekazaritzako ingeniari tekniko guztiek Elkargoari jakinaraziko diote zein enkargu onartu dituzten, Elkargoak eskainitako eredu normalizatuan. Jakinarazpenean, lanaren ezaugarri tekniko eta normatiboak eta lan hori identifikatzeko eta kokatzeko behar diren zehaztasunak adieraziko dira. Aitzitik, ez dira adieraziko ez ordainsariak ez kontratuaren bestelako ezaugarriak, askatasunez hitzartuak izan baitira.

Enkarguaren berri zenbateko aurrerapenarekin eman behar den Gobernu Batzordeak erabakiko du, lanaren izaeraren arabera.

Eskakizun hori bete ezik, ez da lan profesionalik onartuko ikus-onesteko. Aldez aurreko jakinarazpena egiten denean, Elkargoak lana ikus-onesteko orduan eragina izan dezaketen oharrak egin ditzake, egoki ikusten badu.

Berebiziko presa duten kasuetan, salbuespena egin daiteke, baina jakinarazpena lana amaitu orduko egingo da.

45. artikulua.– Elkargoaren ikus-onespena.

Nekazaritzako Ingeniari Tekniko eta nekazaritzako perituek sinatutako lan guztiak Elkargoak ikus-onetsi behar ditu.

Elkargoaren ikus-onespena lanbidearen kontrola egiteko da, eta honako hauek egiaztatuko ditu:

a) Lana egin duen nekazaritzako ingeniari teknikoaren identitatea eta legezko gaitasuna.

b) Lana osatzen duen dokumentazioa zuzena den eta osorik dagoen.

c) Elkargoak edo legeek zehaztasun teknikoei buruz ezarritako arauak betetzen diren, baina lanaren edukia edo horren zuzentasun teknikoa sendetsi gabe.

d) Lanbideko eta elkargoko arauetatik lanari aplikatu ahal zaizkionak betetzen diren.

Ikus-onespenean ez dira sartuko ez ordainsariak ez kontratuaren bestelako baldintzak, horiek alderdien artean erabakiko baitira.

Lan egin behar den tokiko elkargoak baino ez du izango ikus-onesteko eskumena.

Elkargoa harremanetan egongo da beste elkargoekin, bazkideek Estatu osoan jardun ahal izan dezaten erraztasunak emateko eta jarduera hori koordinatzeko, izan ere, tituluak Estatu osoan jarduteko eskumena ematen die.

Ikus-onespenik ez duen dokumentazioa ezin izango da bulegoetan ofizialki aurkeztu, beraz, bulego horiek ez dituzte onartuko.

46. artikulua.– Enkargu-oharra edo aurrekontua.

Nekazaritzako ingeniari teknikoek lanbideko enkargu bat jasotzen dutenean, onartzeko enkargu-orria emango diote bezeroari. ahalik eta zehatzen jasoko dira lanaren ezaugarriak eta ordainsarien gutxi gorabeherako kalkulua edo, bestela, horiek finkatzeko adostutako metodoa.

47. artikulua.– Elkargoaren kobrantza-zerbitzua.

Elkargoak kobrantza-zerbitzua jar dezake. Ezartzen denean, elkargokideek lanbideko ordainsariak kobratzeko gestioak egiteko eskatu ahal izango diote Elkargoari, beren borondatez eta berariaz adieraziz gero. Erreklamazioa auzi-bidean sartzen bada, Gobernu Batzordearen bideragarritasun-ebazpen bat beharko da eta Elkargoak parte hartzeari egoki iritziz gero, diru-zenbateko bat finkatuko du erreklamazioak dakartzan gastuak ordaintzeko, beti ere, bazkideak ikus-onespenari et enkargu-orriari buruzko arauak eta estatutu hauetan ezarritako gainontzekoak bete baditu.

48. artikulua.– Beste profesionalekin izan beharreko harremanak.

a) Lankidetzan egindako lanetan, elkargokideak sinaduraren bitartez hartuko du berak egindako lanaren erantzukizuna, eta lana bere elkargoan ikus-onetsiko du. Berak egindako zatiari, estatutu hauetan lan independenteei aplikatzen zaizkien baldintza eta eskubide guztiak aplikatuko zaizkio.

b) Jardueraren edo antolaketaren konplexutasuna handia delako edo beste edozein arrazoirengatik profesional bakoitzaren parte-hartze iraunkor edo iragankorra finkatzea zaila bada, Elkargoak ikus-onespen eskubideei buruzko hitzarmenak sinatuko ditu profesionalen ordezkari den entitatearekin edo pertsona juridikoarekin.

VIII. KAPITULUA
ELKARGOA DESEGITEA

Elkargoa Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 31. artikuluan xedatutako moduan desegingo da. Erabakia horretarako berariaz deitutako Batzar Orokorrak hartuko du, estatutu hauetako 10. artikuluan jasotako gehiengoa beharko delarik.

<FONT SIZE=2>


Azterketa dokumentala