Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2001eko apirilaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1962

AGINDUA, 2001eko martxoaren 23koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko mailetako irakasleentzako 2001-2002 Garatu planeko ikastaroen deialdia arautzen duena.

Jadanik ezarrita daude euskal hezkuntza-sistemaren oinarri berriak, horregatik, une honetan hezkuntza-sistema erabat murgilduta dago irakaskuntza hobetzea helburu duen berriztatze prozesu batean. Bestalde, prozesu hori gauzatzeko ezinbestekoa da hainbat jarduera-plan eratzea, haien bidez behar bezala erantzun ahal izateko eskola-elkarteen asmoei batetik, irakasleen eguneroko jardueran edo ikastetxeen eguneroko kudeaketan sortzen diren premiei bestetik, zein hezkuntza administrazioan sortzen diren beharrei

Horregatik, prestakuntzako jardunak egitea planteatzen da. Jardun horiek irakasleen garapen profesionala ahalbidetuko dute batetik eta, bestetik, erakunde-plangintza osatuko dute: Sailak berak sustatutako bideak aplikatzetik sortutako beharrei erantzuteko eta irakaskuntza-maila eta mota desberdinetako lanpostuetako eskakizunei erantzuteko plangintza.

2001eko otsailaren 14ko Agindu bidez (EHAA, otsailaren 26koa) dei egin zitzaien legez osatutako erakunde publiko eta pribatuei Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin elkarlanean aritzeko proiektuak aurkez zitzaten, 2001-2002 ikasturterako aurreikusitako lehentasunezko programak garatzeko.

Horiek horrela, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak proposatuta,

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Gaia.

Xedapen honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko mailetako irakasleen prestakuntza eta hobekuntzarako ikastaroetan parte hartu behar dutenei deitu eta hautatzeko prozedura ezartzea.

2. artikulua.– Ikastaroen deialdia.

1.– Dei egindako ikastaroen zerrenda eta ezaugarriak jendaurrean jarriko dira lurralde-ordezkaritzetan eta pedagogi aholkutegietan Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpen baten edo hainbat ebazpenen bidez.

2.– Ebazpen horietan honako hauek adierazi beharko dira:

a) Eskabideak aurkezteko epeak, parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak, agindu honen 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, behin-behineko zerrendak jendaurrean jartzea, erreklamazioak eta behin betiko ebazpena.

b) Ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

3.– Gainera, ikastaro-zerrenda bakoitzean honakook agertuko dira ezinbestean:

a) Ikastaro bakoitzaren izena, iraupena eta egutegia, bai eta programaren laburpena ere.

b) Ikastaroen fitxa bana, toki-kopurua adieraziz, dagokion ikastaroan parte hartzeko baldintza bereziak, kontuan hartu beharreko lehentasunak eta berariazko baremoa, egonez gero.

4.– Eskaintzekoak diren ikastaroen artean, 2001eko otsailaren 14ko Aginduaren I. eranskinean adierazitako modalitateen barruan (EHAA, otsailaren 26koa), espezializazio-ikastaroak sartzen dira, Hezkuntza Estatuko Idazkaritzaren 1996ko urtarrilaren 11ko Aginduan aurreikusitakoaren arabera dei egindakoak (EAO, urtarrilaren 23koa). Agindu honek Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Hezkuntza Berezia eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko irakasleentzako espezializazio-ikastaroak eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko irakasleak prestatzeko ikastaroak homologatzen ditu.

3. artikulua.– Parte-hartzaileak.

1.– Deialdi honen gai diren ikastaroetan unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako jarduneango irakasleek, Zonaldeko Laguntza Zerbitzuetako langileek eta hezkuntzako ikuskariek hartu ahal izango dute parte.

2.– Era berean, hezkuntza-beharrei buruzko ikastaroetan Hezkuntza Bereziko lan-legepeko irakasleek hartu ahal izango dute parte, zehaztutako baldintzak betez gero.

3.– Gainera, honako baldintza berezi hauek bete beharko dituzte:

a) Ikastetxeko zuzendaritzaren baimena (edo dagokion lurralde-burutzarena, Zonaldeko Laguntza Zerbitzuen eta Hezkuntza Ikuskaritzaren kasuan), osorik edo zati batean ikastorduetan burutu beharreko ikastaroetarako.

b) Prestakuntza-ekintzetan, hilabetetik gora liberatuta, parte hartu ez izana eta, liberazioa eskatzen duten ikastaroetan, ikasteko baimenik ez izatea ikastaroa egin aurreko hiru urteetan. Horri dagokionez, ez dira kontuan hartuko IRALEko ikastaroak.

c) Liberazioa eskatzen duen ikastaro batean onartutakoek ezin dute parte hartu liberazioa eskatzen duen beste ikastaro batean.

d) Ikastaro bakoitzaren deialdian jasotako berariazko baldintzak.

4.– Ikastetxeek irakasleak proposatu ahal izango dituzte deialdi honen gai diren ikastaroetan parte hartzeko, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barruan. Proposatutako pertsona- kopurua ez da ikastetxeko irakasle-plantilaren herenetik gorakoa izango.

4. artikulua.– Parte-hartzaileen hautaketa.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak parte-hartzaileak aukeratzeko prozedura ezarriko du publikotasunaren eta merezimenduaren printzipioen arabera, —aurreko artikuluaren 4. idatz-zatian aipatutako proposamenean jasotako irakasleei puntuazio gehigarria emango zaie—, eta deialdia ebatziko du.

2.– Eskatutako baldintzaren bat betetzen ez duten hautagaien eskabideak baztertu egingo dira eta gainerakoak ikastaro bakoitzaren fitxan ezarritako lehentasunaren arabera ordenatuko dira. Horretarako, kontuan hartuko da, lehentasun bakoitzaren barruan, eskatzailearen administrazio-egoera eta lanbide-esperientzia.

3.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren behin betiko ebazpenak, konbokatutako ikastaro guztietan onartutakoen, puntuazioaren arabera erreserban daudenen eta baztertutakoen zerrendak jasoko ditu, arrazoiak emanez, eta jendaurrean jarriko dira Saileko lurralde-ordezkaritzetan.

4.– Esanbidezko ebazpena horretarako ezarritako epean ematen ez badu, eskabideei uko egin zaiela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion beharrari kalterik egin gabe.

5.– Zuzendariaren ebazpenaren aurka gorako errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza sailburuordeari, lurralde-ordezkaritzetan argitaratu eta hilabeteko epean.

5. artikulua.– Ikastaroen garapena.

Ikastaroak burutzeari begira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dagozkion hitzarmenak izenpetuko ditu deialdian hautatutako erakunde laguntzaileekin, hau da, Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Plana garatzeko proiektuen aurkezpenean sailarekin elkarlanean aritu nahi dutenekin, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2001eko otsailaren 14ko Aginduarekin bat etorriz. (EHAA, otsailaren 26koa).

6. artikulua.– Ziurtagiriak.

1.– Ikastaroak gainditzeak dagokien ziurtagiria jasotzeko eskubidea emango du, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak horretarako emandako ebazpenen arabera.

2.– Espezializazio-ikastaroen kasuan, eta Hezkuntzako Estatuko Idazkaritzaren 1996ko urtarrilaren 11ko Aginduan zehaztutakoaren arabera (EAO, urtarrilaren 23koa), ikastaro horiek gainditzeak dagokion gaikuntza ekarriko die aipatutako aginduan adierazitako baldintzak betetzen dituztenei.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan prozedurari buruz aurreikusi ez den guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea ezarriko da osagarri moduan.

Bigarrena.– Baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari agindu hau garatzeko eta ezartzeko beharrezkoak diren jarraibideak eman ditzan.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 23a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.

<FONT SIZE=2>


Azterketa dokumentala