72. zk., 2001eko apirilaren 17a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ogasun eta Herri Administrazio Saila
1961
60/2001 DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, NEIKER Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, A.B sozietatearen kapital-gehikuntzan harpidedun izateko eta Sozietatearen estatutuak aldatzeko baimena ematen diona.
NEIKER Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, A.B sozietatearen kapitala, gaur egun, berrehun eta hamalau milioi bostehun eta hamahiru mila hirurehun eta hirurogei (214.513.360.-) pezetakoa da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa denez bazkide bakarra, berorrek guztiz ordaindutako zenbateko horren harpidedun bakarra ere bada. Mota eta serie bakarreko 5.748 akzio izendunez ordezkatuta dago zenbateko hori, 1etik 5.748ra arte –biak barne– hurrenkeran zenbatuta, bakoitzaren balio izendatua hogeita hamazazpi mila hirurehun eta hogei (37.320.-) pezetakoa izanik.
NEIKER Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, A.B sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2001eko martxoaren 22an, honako hau erabaki zuen: sozietatearen kapitala ehun eta laurogeita hamar milioi ehun eta berrogei (190.000.140.-) pezetatan gehitzeko proposatzea Akzionisten Batzorde Orokorrari. Kapitalak, orduan, laurehun eta lau milioi bostehun eta hamabost mila eta bostehun (404.515.500.-) pezetara joko luke; izan ere, sozietatearen akzio bakoitzaren izendun balioa hirurogeita hamar mila hirurehun eta hirurogeita hamabost (70.375.-) pezetara igoz lortuko litzateke zenbateko hori. Igoera horretarako jaulkipen-sari erabatekoa seiehun eta hamazazpi milioi zazpiehun eta berrogeita hamabost mila seiehun eta hirurogei (617.755.660) pezetatan jartzen da.
Euskadiko Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legeko 44.1 artikuluan xedatzen denez, edozein eratako sozietateak sortzeko eta horietako partaidetzak EAEko Administrazioak erosteko baimena dekretuz emango da. Horretarako proposamena batera egingo dute Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Administrazioan enpresaren gainetik dagoen sailburuak.
Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 2001eko martxoaren 27an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.– NEIKER Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, A.B sozietateak kapitala gehitzeaz har dezan erabakiaren arabera, EAEko Administrazioari baimena ematea gehikuntza hori bereganatzeko. Ehun eta laurogeita hamar milioi ehun eta berrogei (190.000.140.-) pezetara jotzen du gehikuntzak; izan ere, sozietatearen akzio guztien balio izenduna igoz lortuko litzateke zenbateko hori. Igoera horretarako jaulkipen-sari erabatekoa seiehun eta hamazazpi milioi zazpiehun eta berrogeita hamabost mila seiehun eta hirurogei (617.755.660) pezetatan jartzen da. Batzordeak ebatziko du ordainketa zelan eta zein epetan gauzatuko den.
2. artikulua.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ondare eta Kontratazio zuzendariari ahalmena ematen zaio aurreko artikuluan xedatutakoa exekutatzerakoan behar den eran jarduteko eta beharrezkotzat jotzen diren agiriak harpidetzeko.
3. artikulua.– Sozietatearen estatutuetako 5. artikulua aldatzea. Aurrerantzean, modu honetan erredaktatuta geldituko da:
"Sozietatearen kapitala laurehun eta lau milioi bostehun eta hamahiru mila eta bostehun (404.515.500) pezetatan gelditzen da.
Sozietatearen kapitala guztiz harpidetuta eta ordainduta eta bost mila zazpiehun eta berrogeita zortzi (5.748) akzio izendatutan zatituta dago, horietariko bakoitzaren balio izenduna hirurogeita hamar mila hirurehun eta hirurogeita hamabost (70.375) pezetakoa delarik. Mota eta serie bakarrekoak izango dira akzioak, 1etik bost mila zazpiehun eta berrogeita zortzira arte —biak barne-hurrenkeran zenbatuta."
Vitoria-Gasteizen, 2001eko martxoaren 27an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.
Nekazaritza eta Arrantza sailburua,
IÑAKI GERENABARRENA MARTÍNEZ DE LAHIDALGA.
<FONT SIZE=2>