Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2001eko apirilaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
1883

AGINDUA, 2001eko martxoaren 23koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, zeinaren bitartez 2001eko ekitaldiko deialdia egin baita abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuak aurreikusi dituen laguntzetarako. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautu ditu.

Abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautu ditu. Hona dekretu horren xedea: arrantza arloan Europako Batasunak gauzatu behar dituen esku-hartze egiturazkoetarako irizpide eta baldintzak zehaztea, euskal arrantza arlora zuzendutako laguntza guztietarako arau-markoa garatuz, eta Kontseiluaren 1999ko abenduaren 17ko 2792/1999 (EE) Arautegian aurreikusitako zeharkako laguntzak arautzea.

Dekretu horren bigarren xedapen gehigarriaren arabera, urtero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aginduz, deialdi baten bidez ezarriko dira laguntza eskatzeko aurkezpen epea eta lekua, aurrekontuen diru kopurua eta laguntzak emateko irizpideak eta baremazioa.

Beste alde batetik, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege xedapenen Bateratutako Testua onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren IX. tituluak aurreikusitako aurrekontu-luzapenaren araubideak zilegi egiten du aurtengo laguntzetarako deialdia egitea.

Horiek horrela, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza arloko egitura laguntzak arautu ditu. Bada, dekretu horrek arautu dituen zuzeneko eta zeharkako laguntzetara biltzeko eskabideak aurkezteko epea, 2001eko ekitaldian, agindu hau argitaratzen den egunetik 2001eko ekainaren 30ra bitartekoa izango da, biak barne.

2.– Eskabideak Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza Zuzendaritzara bidali beharko dira, eta zuzenean aurkeztuko dira, edota Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatutako bideetarik edozein baliatuz. Edonola ere, helbide hauetara aurkez daitezke:

– Eusko Jaurlaritza – Nekazaritza eta Arrantza Saila – Arrantza Zuzendaritza. Donostia kalea, 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritza – Nekazaritza eta Arrantza Saila – Arrantza Egituren Zerbitzua. Errekalde zumarkalea, 8 – 48009 Bilbao.

– Eusko Jaurlaritza – Nekazaritza eta Arrantza Saila – Arrantzaren Antolamendurako Zerbitzua. Easo kalea, 10 - 20006 Donostia-San Sebastián.

Bigarrena.– Betebeharrak eta agiriak.

1.– Agindu honetan ezarritakoa kontuan hartzeaz gain, eskabidea egiten dutenek honako hauek ere bete beharko dituzte: abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuak ezarritako baldintza eta betebehar orokorrak, eta laguntza-bide bakoitzerako ezarritako bereziak.

Aurrekoa gorabehera, esku-gaineko ontziak erosteko laguntzek irailaren 24ko 228/1996 Dekretuaren III. kapitulua izango dute arau, 297/2000 Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriak ezarri duenarekin bat.

2.– Eskabidearekin batera, esandako dekretuok eskatutako dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.

Hirugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

2001eko ekitaldian, 3.859.196.000 PTA / 23.194.235,09 euro erabiliko dira, guztira, laguntza-programa honetan. Horietatik, 3.209.196.000 PTA / 19.287.656,41 euro, 2001eko ekitaldiko ordainketa-kredituak dira; 650.000.000 PTA / 3.906.578,68 euro, berriz, 2002ko ekitaldiko konpromiso-kredituetarako. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarri den kredituaren arabera.

Deialdi hau finantzatzeko gorde den dirutza honela banatuko da:

a) Berriak eraikitzea: 1.800.000.000 pezeta

b) Zeharkako laguntzak: 350.000.000 pezeta

c) Modernizazioa: 425.000.000 pezeta

d) Akuikultura: 23.196.000 pezeta

e) Esku-gaineko ontziak erostea: 525.000.000 pezeta

f) Ereduzko proiektuak, ekintza berritzaileak: 80.000.000 pezeta

g) Profesionalek buruturiko ekintzak: 280.000.000 pezeta

h) Behin betiko geldiaraztea: 350.000.000 pezeta

i) Aldi baterako geldiaraztea: 26.000.000 pezeta

Deialdi honen kontura eman beharreko laguntzen kopuru osoak ez du esandako aurrekontu-kontsignazioa gaindituko, ezta —indarreko legeriak kreditu-loturari edo aurrekontu-aldaketari buruz aurreikusi duenaren arabera— aurrekontuetan ezarritako kopuru hori eguneratzearen ondorioz laguntza-bide bakoitzari tokatzen zaiona ere. Ondorioz, aipatu kopurua amaitu ondoren, ez da laguntza gehiago emango, eta xedapen honen indarraldia eten egingo da. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agertuko da horren berri.

Laugarrena.– Lehentasunezko laguntza-bideak.

1.– 2001eko ekitaldiko aurrekontu-baliakizunak mugatuak direla kontuan harturik, lehentasunezko laguntza-bideak finkatzen dira lehentasun-ordenaren arabera. Laguntza-bide bakoitza, hasiera batean bederen, aurrekontuan ezarritakoaren araberakoa izango da. Lehentasunezko laguntza-bideen xedeak hauek dira:

a) Arrantza-ontziak eraikitzea

b) Arrantza-ontziak modernizatu eta birmoldatzea

c) Esku-gaineko ontziak erostea

d) Akuikultura

e) Behin betiko geldiaraztea

f) Arrantza esperimentaleko ekintza ereduzkoak

g) Profesionalek burututako ekintzak

2.– Aurrekontuko zuzkiduraren gehikuntzarik egonez gero, eta gehikuntza hori ez badago —berariazko xedapen arautzaile baten ondorioz— laguntza-bide jakin bati loturik, lehenengo lerroaldean ezarritako lehentasun-ordenaren arabera aplikatuko da. Gisa berean jokatu behar da laguntza-bideetakoren batean soberako krediturik baldin badago.

Bosgarrena.– Ezarritako irizpideei aplikatzeko ehunekoak.

1.– Ondoren jarriko dira inbertsioan diruz lagundu daitezkeen kostuen gaineko zuzeneko laguntzaren ehunekoak, arrantza-ontziak egiteari dagokionez:

a) Baxurako sektorean, bakailaontzietan eta freskotarako altura-arrantzan, zuzeneko laguntza diruz lagundu daitezkeen kostuen %40 izango da.

b) Atunaren sektorearentzako, zuzeneko laguntza diruz lagundu daitezkeen kostuen %30 izango da.

Enpresa txiki eta ertainetan egindako inbertsioetarako, zeharkako laguntzen ehunekoa diruz lagundu daitekeen kostuaren %10a artekoa izango da.

2.– Arrantza-ontziak eraberritu eta modernizatzeko inbertsio-lerroan, berriz, laguntza-ehunekoak ondorengoak dira:

a) Baxuran, 30 urte edo gutxiagoko ontziak badira, zuzeneko laguntza diruz lagundu daitezkeen kostuen %40 izango da. Salbuespen gisa, 30 urte baino gehiagoko ontziak badira, segurtasuna, itsas-nabigazioa, higienea, ekoizpenaren kalitatea eta lan-baldintzak hobetzeko neurrientzako laguntzak eman daitezke, eta zuzeneko laguntza diruz lagundu daitezkeen kostuen %30 izango da, gehienez ere.

b) Gainerako sektoreetan, 30 urte edo gutxiagoko ontziak badira, zuzeneko laguntza diruz lagundu daitezkeen kostuen %40 izango da; betiere, inbertsioa 30 milioi pezetatik gorakoa ez bada. Inbertsioak zifra hori gainditzen badu, zuzeneko laguntza diruz lagundu daitezkeen kostuen %30 izango da; zeharkako laguntzaren ehunekoa, berriz, diruz lagundu daitekeen kostuaren %10a artekoa izango da, enpresa txiki eta ertainetan egindako inbertsioentzako. Salbuespen gisa, 30 urte baino gehiagoko ontziak badira, segurtasuna, itsas-nabigazioa, higienea, ekoizpenaren kalitatea eta lan-baldintzak hobetzeko neurrientzako laguntzak eman daitezke, eta zuzeneko laguntza diruz lagundu daitezkeen kostuen %30 izango da, gehienez ere.

Inbertsioak, gutxienez, proiektu bakoitzerako onetsitako ondorengo kostua iritsi beharko du:

– 500.000 pezeta, 50 TRBra bitarteko ontzietan.

– 1.000.000 pezeta, 50 eta 100 TRB bitarteko ontzietan.

– 2.000.000 pezeta, 100 eta 150 TRB bitarteko ontzietan.

– 4.000.000 pezeta, 150 TRBtik gorako ontzietan.

3.– Esku-gaineko ontziak erosteko laguntza-bidean, laguntza-ehunekoak irailaren 24ko 228/1996 Dekretuaren 13. artikuluak ezarritakoak dira, dekretu horrek arrantza eta akuikultura arloetan Europako Elkartearen esku hartze egiturazkoetarako irizpide eta baldintzak zehaztu baitzituen. Laguntza-bide honetatik kanpo geratu dira atunontziak eta arraste-ontzi izoztaileak.

4.– Arrantza-ontziak behin betiko geldiarazteko laguntza-bidean, 2001eko ekitaldian, ondorengo eskabideei baino ez zaie jaramonik egingo: arrantza-enpresa baten, portu baten edo arrantzako azpisektore baten garapen proiektuaren testuinguruan sartzen direnei. Gainera, honako hau ere justifikatu beharko da: laguntza horrek osorik edo hein handi batean bultzada ematen diola dena delako enpresa, portu edo azpisektoreari.

Hona laguntzaren zenbatekoa finkatzeko lehentasun-irizpideak:

– enpresa, portu edo azpisektore baten baitan, eraiki beharreko ontziaren tonajearen eta zatikatu beharreko ontziaren tonajearen arteko koefizienterik handiena.

– ontziaren adina: zaharrenek izango dute lehentasuna.

– armadoreen adina: zaharrenek izango dute lehentasuna.

Nolanahi ere, aurreko idatz-zatiak xedatu duenetik kanpo geratuko dira atunontziak, bakailaontziak eta arraste-ontzi izoztaileak.

5.– Arrantza esperimentaleko ereduzko proiektuen laguntza-bideari dagokionez, ekimen pribatuko proiektuetan, laguntzaren ehunekoa diruz lagundu daitezkeen gastu guztien %50 izango da.

6.– Profesionalek burututako ekintzetan, onuradun pribatuen parte hartze finantzariorik gabe egin badira, laguntzaren ehunekoa diruz lagundu daitezkeen kostuen %100 izango da. Profesionalek burututako ekintzetan, onuradun pribatuen parte hartze finantzarioarekin egin badira, laguntzaren ehunekoa diruz lagundu daitezkeen kostuen %40 izango da.

297/2000 Dekretuaren 45. artikuluak dakartzan neurrien barruan, 2001eko ekitaldian, lehentasun handikotzat joko dira ondoren jarriko direnak, agertzen diren hurrenkeraren arabera:

– Ontzi barruko lan-baldintzak hobetzeko neurrien sustapena.

– Selektiboagoak direla aitortzen diren arrantza-tresna eta -moten erabileraren sustapena.

– Merkataritza elektronikoaren eta informazioaren beste teknologia batzuen antolamendua.

– Produktuetan balio erantsia sortzea, esperimentazioaren edo berrikuntzaren bidez, edota azpiproduktuei eta produktukideei balioa gehituz, besteak beste.

– Ezagupenak eta ekoizpenean zein merkatuetan den gardentasuna hobetzea.

– Baliabideak kontserbatzeko neurri teknikoak sustatzea.

– Prestakuntzarako sarbidea.

7.– Idatz-zatiaren bukaeran aipatzen diren laguntza-bideetan, onuradunak ekintza gauzatu dela egiaztatzeko aurkeztutako agiriek beraiekin ez badakarte gastua benetan egin delako justifikazioa, aurretiazko ordainketetarako erregimena erabiliko da; hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak arautu duena (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Testu Bategina onetsi du Dekretu horrek). Hona laguntza-bideok: arrantza esperimentaleko ekintza ereduzkoak, ur-baliabideen babesa eta garapena, profesionalek burututako ekintzak, neurri berritzaileak eta laguntza teknikorakoak, eta merkataritza irtenbide berriak sustatu eta bilatzea.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Kontseiluaren abenduaren 17ko 2792/1999 (EE) Arautegiak esku-hartze egiturazkoen modalitateak eta baldintzak zehaztu ditu arrantza sektorean. Bada, 2001. urtean, eta agindu hau argitaratu baino lehen, Arautegi horren babesean aurkeztutako inbertsio eta laguntza-eskabideek —abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuak eskatutako baldintzak eta dokumentazioa betetzen badituzte— balioa izango dute agindua argitaratzen denetik aurrera, eta 2001eko ekitaldirako aurkeztu direla joko da, ondorio guztietarako.

Bigarrena.– Europako Batzordeak abenduaren 26ko 297/2000 Dekretuak ezarritako laguntza-erregimena onartzearen ondorioz, laguntza-erregimena aldatzen bada, dekretuaren hamaikagarren xedapen gehigarria kontuan hartuta, emandako ebazpenak aldatu egingo dira, eta Europako Batzordeak ezarritakoari egokituko zaizkio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen duenez, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko aukera ere izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 23a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

IÑAKI GERENABARRENA MARTÍNEZ DE LAHIDALGA.


Azterketa dokumentala