68. zk., 2001eko apirilaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
1881
AGINDUA, 2001eko martxoaren 12koa, Kultura sailburuarena, udal liburutegietan teknikariak hartu edo promozionatzeko egitarauak bideratzeko Euskal Autonomia Erkidegoko udalei edo udal bat baino gehiago batzen dituzten nortasun juridiko propiodun entitateei dirulaguntzak emateko modua arautu zuen Agindua 2001eko ekitaldian ezartzeko behar diren egokitzapenak egiten dituena.
Euskadiko Aurrekontuen Erregimenari buruzko legezko xedapenen Testu Bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintzako Dekretuaren IX. Tituluan ezarritakoaren babesean, abenduaren 26ko 275/2000 Dekretua eman zen. 275/2000 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen pentzutan emandako laguntzak eta dirulaguntzak arautzeko zenbait xedapenen indarraldia luzatzeko bidea ematen du; horri jarraituz, Jaurlaritzak eta gainerako sailek zein erakunde autonomoek behar diren epeak, betekizunak eta baldintzak molda ditzakete aipatutako Agindua 2001eko ekitaldian aplikatzeko.
2000ko ekitaldian, Kultura sailburuak 2000ko ekainaren 14ko Agindua eman zuen, udal liburutegietan teknikariak hartu edo promozionatzeko egitarauak bideratzeko Euskal Autonomia Erkidegoko udalei edo udal bat baino gehiago batzen dituzten nortasun juridiko propiodun entitateei dirulaguntzak emateko modua arautzen zuena, hain zuzen ere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 136 zenbakian argitaratu zen, 2000ko uztailaren 17an. Honako honen bidez, Agindu hori 2001eko ekitaldian aplikatu ahal izateko behar diren epeen eta baldintzen egokitzapenak egingo dira.
Horiek horrela,
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Kultura sailburuaren 2000ko ekainaren 14ko Aginduak udal liburutegietan teknikariak hartu edo promozionatzeko egitarauak bideratzeko Euskal Autonomia Erkidegoko udalei edo udal bat baino gehiago batzen dituzten nortasun juridiko propiodun entitateei dirulaguntzak emateko modua arautu zuen. 2001eko ekitaldian, Agindu horren bidez araututako dirulaguntza deialdian parte hartu nahi duenak hilabeteko epea izango du eskabidea aurkezteko, honako Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
2. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Honen bitartez emango diren dirulaguntzak eskatu nahi dituztenek eskabidea aurkeztu beharko diote Kultura Ondarearen Zuzendaritzari 2000ko ekainaren 14ko Aginduaren I. eranskinean datorren ereduari jarraituz; horrekin batera, eskatzen den dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute. Hori dena edo zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitako beste prozeduraren bat erabiliz egin ahal izango da.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
Agindu honen bidez ezarritako dirulaguntzetarako, 2001eko ekitaldi honetan 20.000.000 pezeta / 120.202,42 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-atalaren kontura.
Artikulu honetan finkatutako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da eskatutako dirulaguntzen guztirako zenbatekoa kontuan hartuta, baldin eta Kultura Sailean laguntzak emateko beste egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontua ahitu gabe geratzen bada eta, beti ere, dirulaguntzak artean ebatzi gabe badaude. Adierazitako aldaketaren berri Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen bidez eman beharko da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Herritar guztiek honen berri izan dezaten eta interesdunei lana errazteko, Agindu honi atxiki zaio, eranskin modura, Kultura sailburuaren 2000ko ekainaren 14ko Agindua eta 2001eko ekitaldirako aurreikusitako aldaketak batzen dituen testu bategina.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaioke Kultura sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena.– Honako Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 12a.
Kultura sailburua,
M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.
ERANSKINA
Udal liburutegietan teknikariak hartu edo promozionatzeko egitarauak bideratzeko Euskal Autonomia Erkidegoko udalei edo udal bat baino gehiago batzen dituzten nortasun juridiko propiodun entitateei dirulaguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duen Kultura sailburuaren 2000ko ekainaren 14ko Aginduaren artikulatua aldatzen duen Testua.
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honek, udal liburutegietan teknikariak hartu edo promozionatzeko egitarauak bideratzeko dirulaguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten du.
Deialdia liburazain-lanpostu berriak sortzeko egin da. Lanpostua sortzeko kontratazio-formula jakinak erabiliko dira honako baldintza hauek bete ahal izateko: ez dadila langile-zerrendan murrizketarik gertatu, lanpostua ez dadila lanpostu-zerrendan sartu eta aurrekontuetan ere ez dadila sartu.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako xederako jarriko diren diru-baliabideak 20.000.000 pezetakoak /120.202,42 eurokoak izango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoak urterako dituen eta indarrean dauden Aurrekontu Orokorretan horretarako berariaz ezarrita dagoen konpromiso-kreditutik aterako dira (2001-2003).
2.– Dirulaguntzen xede diren jarduerak honako urtealdi honetan hasi beharko dira eta bukatu, gehienez ere 2003ko abenduaren 31ean.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Agindu honetan ezartzen diren dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko udalek edo zenbait udal batu eta izaera juridiko propioa duten entitateek, beti ere, dirulaguntzak euren Udal Liburutegi Publikoarentzat/Publikoentzat erabiltzen badituzte eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Dirulaguntzaren xede izango diren Udal Liburutegi Publikoa/k eskaerak egiteko epea bukatzen denerako Euskadiko Nazio Mailako Liburutegi-Erapidetzan sartuta egotea eta hileroko estatistikak modu erregularrean helaraztea.
b) Liburutegia/k jendearentzako irekita egotea eskaera egiten den egunean.
c) Entitate onuradunak 3.000 biztanle edo hortik gora izatea; erreferentziatzat onartutako azken padroia erabiliko da.
2.– Agindu honetan ezartzen diren dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte baita liburuzain-teknikari baten zerbitzua eduki ahal izateko, lankidetza hitzarmen bidez beste udal edo udal-entitateekin elkartzen diren udal-multzoak ere. Egindako eskaerari udalaz gaindiko entitateei aplikatzen zaizkien esleipen- eta kuantifikazio-irizpideak aplikatuko zaizkio, beti ere hitzarmenaren baldintzetan ondorengo baldintzak betetzen direla ondorioztatzen bada:
a) Elkartutako udal-entitate bakoitzak liburuzain-teknikariari egindako lan-kontratua sinatzea, bakoitzak berea.
b) Zehaztea liburuzain-teknikariak nola eskainiko duen bere zerbitzua elkartutako udal-entitate bakoitzean (bakoitzean izango dituen lan-txandak eta asteko ordutegia.)
4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak.
Dirulaguntza jaso dezaketen egitarauak ondoren zehaztuko diren ezaugarriak izango dituen liburuzain teknikaria kontratatzeko direnak izango dira. Delako teknikaria A edo B taldekoa izango da, titulua izango du, bibliotekonomiako formazio berezia eta agiriak (posgraduko ikasketa ofizialak edo unibertsitate-masterra), 3. Hizkuntza-eskakizuna edo baliokidea eta liburuzain-teknikari gisa izandako lan-esperientzia.
5. artikulua.– Eskabideak.
Dirulaguntzak agindu honen I. eranskinaren bidez eskatuko dira eta, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari zuzenduko zaizkiko eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzan aurkeztuko dira, (Donostia kalea, 1 zk., 01010. Vitoria-Gasteiz) bai zuzenean bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako edozein erabiliz.
Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:
a) Udaleko Idazkariak egindako ziurtagiria, dirulaguntza eskatzea onartuz Udalbatzak edo Gobernu Batzordeak hartutako Erabakia jasoko duena.
b) Dagokion herri-liburutegian liburuzain-teknikariaren beharra justifikatzen duen udal liburutegietan teknikariak hartu edo promozionatzeko egitaraua azaltzen duen memoria, teknikari adituak sinatutakoa.
c) Hautaketa-prozesuaren deialdiaren oinarriak, agindu honen 4. Artikulura lotu beharko direnak.
d) Udalaren konpromisoa, liburuzain-teknikariaren lanpostua hiru urtean zehar teknikari berak beteko duela jasoz, berak ez badio, behintzat, lanari espreski uko egiten.
e) Xede bererako eskatutako beste dirulaguntzen zerrenda, eskaera egin zaien Entitate Publiko zein Pribatuen izenak eta egindako eskaeren egoeraren berri emango da (ukatuak izan diren, ebatzi gabe dauden, emanda dauden eta zenbateko diru-kopurua jaso den). Besterik eskatu ez bada, xede horretarako ez dela beste laguntzarik eskatu ziurtatzen duen agiria.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau eraginkorra den egunetik aurrera.
7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko eskumenak dituen organoa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio Agindu honen bidez araututako dirulaguntza programa kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideen akats-zuzenketa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Liburu eta Liburutegi Zerbitzuaren bitartez, eskabidea egin duenak aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du eta, osatu gabea edo akasduna dela ikusiz gero, interesatuari horren berri emango dio, hutsunea edo akatsa zuzen dezan hamar egun baliagarriko epea emanez. Epe hori bukatuta ez bada dokumentazioa behar bezala zuzentzen, uko egintzat joko da, aldez aurretik hartarako emandako ebazpenaren bidez.
9. artikulua.– Eskaeren ebaluazioa.
1.– Batzorde Kalifikatzaileari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, Agindu honen 10. artikuluan ezarritako jarraibideak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek osatuko du Ebazpen Proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari igorriko. Bertan azalduko dira, hala badagokio, entitate onuradun bakoitzari egokitutako diru kopurua eta emandako dirulaguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak.
2.– Batzorde Kalifikatzailea era honetan osatuko da:
– Kultura Ondarearen zuzendari jauna edo horrek izendatutako pertsona. Batzordeburu izango da eta kalitate botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi eta Liburu Zerbitzuko bi teknikari, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak izendatuak. Horietako bat batzordeko idazkaria izango da.
10. artikulua.– Esleipen-irizpideak.
Dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, baremo eta irizpidetzat hartuko da ondoren zerrendatuko diren elementu hauek batera gertatzea:
a)Liburutegira egiten diren bisitak per capita: azken urtean liburutegian izandako bisita guztiak eta jurisdikzioko biztanleak. Informazio hori Liburu eta Liburutegien Zerbitzuari bidalitako hileroko estatistiketatik aterako da. Gehienez: %20.
b) Liburutegiaren erabiltzaileak: erabiltzaileen (mailegu-zerbitzua gutxienez behin erabili dutenak) eta biztanle-kopuruaren arteko erlazioa azken urtean. Informazio hori Liburu eta Liburutegien Zerbitzuari bidalitako hileroko estatistiketatik aterako da. Gehienez: %20.
c) Liburutegian egindako inskripzioen portzentajea: liburutegian izena emana duten erabiltzaileak jurisdikzioko biztanle-kopuruarekiko. Informazio hori Liburu eta Liburutegien Zerbitzuari bidalitako hileroko estatistiketatik aterako da. Gehienez: %20
d) Irakurtzeko ezarlekuak per capita: irakurtzeko ezarlekuak zerbitzu eskaintzen dion biztanle-kopuruarekiko. Informazio hori Liburu eta Liburutegien Zerbitzuari bidalitako hileroko estatistiketatik aterako da. Gehienez: %20.
e) Biztanle bakoitzeko liburutegiak eskaintzen dituen dokumentuen bataz bestekoa. Informazio hori Liburu eta Liburutegien Zerbitzuari bidalitako hileroko estatistiketatik aterako da. Gehienez: %20
11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa, mugak, ordainketa eta bateragarritasuna.
1.– Dirulaguntza, egitarauerako kontratatutako liburuzain-teknikariaren soldataren %50erainokoa izan ahal izango da lehen urtean.
Bigarren urtean dirulaguntza liburutegiko langilearen soldataren %30erainokoa izan ahal izango da.
Hirugarren urtean dirulaguntza liburutegiko langilearen soldataren %20rainokoa izan ahal izango da.
Udalek beregain hartu beharko dute liburuzain-teknikariaren gastuaren aldea.
2.– Emandako dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da:
a) Lehenengo urtealdikoa:
– Dirulaguntza eman dela jasotzen duen Ebazpena argitaratu eta gehienez ere hilabeteko epean lehen zatia ordainduko da, dirulaguntzaren %75.
– Lehen urtealdirako emandako dirulaguntzaren %100 justifikatu eta likidatzeko Agindu honen 14. artikuluaren 1. zenbakian ezarritako agiriak jaso eta egiaztatu ondoren bigarren zatia ordainduko da, dirulaguntzaren %25.
b) Balizko beste bi urtealdietarako dirulaguntzen ordainketa-prozedura:
– Ordainketaren lehen zatia, dirulaguntzaren %75, bigarren edo hirugarren urtealdiaren lehen hiruhilabetearen zehar.
– Geratzen den ordainketaren bigarren zatia, %25, Agindu honen 14. artikuluaren 1. zenbakian ezarritako agiriak jaso eta egiaztatu ondoren.
3.– Dirulaguntzak bateragarriak izango dira xede berarekin beste Entitate Publiko zein Pribatuk emandakoekin, gainfinantzaketarik gertatzen ez den bitartean, horrelakorik gertatuz gero, honako artikulu honen 2. zenbakian zehazten den mugaraino gutxituko da dirulaguntza.
12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari dagokio Batzorde Kalifikatzaileak egindako Proposamena ikusita, aurkeztutako eskaerak ebaztea, eskaerak aurkezteko epea igaro eta hiru hilabeteko epean. Eskaerak egin eta esandako epean jakinarazpenik jasotzen ez bada eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko da, Herri-Adminitrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Dena den, aurreko lerroaldian esanak esanda ere, Agindu honen 8. artikuluan adierazitakoa gertatuz gero, ebazpena hartzeko epea etenda geratuko da tramite hark beharko duen denboran, jakinarazpen egunaren eta erantzuteko epearen arabera.
2.– Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Horrez gain, Agindu honetan ohartemandako laguntzen esleipenari buruzko ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie dirulaguntza egokitu zaienei.
13. artikulua.– Dirulaguntza jasotzen dutenen betebeharrak.
Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza ematen zaiela jakinarazteko gutuna jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espreski eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.
b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.
c) Udalaren konpromisoa honako hau jasoz: liburuzain-teknikariaren lanpostua hiru urtez beteta egongo dela eta langile bera egongo dela lanean hiru urteetan zehar, ez badio behintzat langileak berak espreski lanari uko egiten. Azken hori gertatuz gero, onuradunak Agindu honetan ezarritako baldintzen arabera, beste kontratazio bat egin beharko du.
d) Honako dirulaguntza hauek ematen dituen erakundeari jakinaraztea dirulaguntzaren xede bererako beste administrazio edo entitate publiko zein pribaturengatik jasotako dirulaguntzak edo laguntzak, dirusarrerak edo baliabideak.
14. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta likidazioa.
1.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa urtealdi bakoitzaren otsailaren 15a baino lehen bidali beharko da. Justifikazioa egiterakoan honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Emandako dirulaguntzaren helburua eta xedea bete direla eta erabili den diruaren berri jasotzen duen egiaztagiria, organo eskudunak egindakoa.
b)Langileen gastuen jatorrizko justifikagiriak edo fotokopia konpultsatuak, eredu ofizialaren arabera egindako nominak eta Gizarte Segurantza ordaindu izanaren justifikagiriak.
2.– Dokumentazioa jasotakoan edo epea bukatutakoan, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kasuan kasuko dokumentazioa aztertu ondoren, bakoitzari dagokion likidazioa proposatuko dio Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari, berari baitagokio horretaz ebazpena hartzea hilabete biko epean, dokumentazioa jasotzen denetik edo aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita.
Igorritako dokumentazioa dela medio emandako dirulaguntza gutxitu beharra gertatuz gero, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak hasierako ebazpena aldatuko duen aldaketa-ebazpena emango du dagokion likidazioa eginez. Halaber, jada jasotako zenbatekoak itzuli beharra gertatuz gero, dirua itzultzeko bideratu beharreko espedientea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen dutenaren arabera bideratu beharko da.
15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
Betebeharrekoak bete gabe geratu direla ulertuko da ondorengo kasuetan:
a) Dirulaguntza aipatutako helburuetarako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabiltzen bada.
b) Diruz lagundutako jarduerei dagozkien gastuen jatorrizko justifikagiriak aurkezten ez badira.
c) Dirulaguntzaren likidazioa egin ondoren dirua itzuli behar izanez gero, bueltatu beharreko diru kopurua itzultzen ez bada.
d) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, kasuan kasu, dirulaguntza emateko Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira.
Egoera horietakoren bat gertatuz gero, baldintzak betegabetzat joko dira eta, horrenbestez, laguntzarik izan duten udalek, jasotako diru kopuru guztia eta horri dagozkion interes legalak itzuli beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, hots, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu Bategina onartzen duenean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarrita dagoen prozeduraren arabera.
I. ERANSKINA
DIRULAGUNTZA ESKABIDEA
UDAL LIBURUTEGI PUBLIKOETAN TEKNIKARIAK HARTU EDO PROMOZIONATZEKO EGITARAUAK
BIDERATZEKO LAGUNTZAK
ESKATZAILEAREN DATUAK
Liburutegiaren izena:
Zein erakunderen menpe dagoen:
Helbidea:
Posta kodea: Herria / Hiria:
Telefonoa: Faxa:
Liburuzainaren izena:
LIBURUTEGIARI BURUZKO DATUAK
Azken urtean izandako bisitak:
Biztanleak:
Azken urteko liburutegiko mailegu-hartzaileak:
Liburutegian harpidetza duten erabiltzaileak:
Fondoen kopurua:
Irakurtzeko postu-kopurua:
ESKAERA EGIN DUEN ENTITATEAK EMAN BEHARREKO AGIRIAK
– Udaleko Idazkariak egindako ziurtagiria, dirulaguntza eskatzea onartuz Udalbatzak edo Gobernu Batzordeak hartutako Erabakia jasoko duena.
– Liburutegian liburuzain-teknikaria hartzeko edo promozionatzeko egitarauaren premia azaldu eta justifikatzen duen txostena, teknikari eskudunak sinatua.
– Hautaketa-prozeduraren deialdiaren oinarriak.
– Udalaren konpromisoa liburuzain-teknikariaren lanpostua hiru urtetan beteta egongo dela adieraziz.
XEDE BERERAKO EGINDAKO BESTE ESKABIDEEN ZERRENDA
ENTITATEA DIRU KOPURUA
........................... (e)n, 2001ko ..............aren
Kultura Arduraduraren izenpea Liburuzainaren izenpea
Izpta.: Izpta.: