68. zk., 2001eko apirilaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Herrizaingo Saila
1878
AGINDUA, 2001eko martxoaren 27koa, Herrizaingo sailburuarena, Eusko Legebiltzarrerako 2001eko hauteskundeetako gehienezko gastuak finkatu dituena.
Martxoaren 19ko 2/2001 Dekretuaren bidez (EHAA, 55. zk., martxoaren 20koa) Eusko Legebiltzarra desegin zen eta 2001eko maiatzaren 13an hauteskundeak egiteko deia egin zen. Bada, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko indarreko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 147. artikuluaren arabera alderdi, federakuntza, koalizio eta hautesle-elkarteei hauteskundeetan gehienez gasta dezaketen kopurua ezarri behar zaie, eta horixe da agindu honen bidez egin dena.
Horregatik guztiagatik, aipatu legearen 147.2. artikuluan hauteskunde-gastuetan ezarritako mugaren baremoak Herri Ogasun eta Administrazio Sailaren 2001eko martxoaren 22ko Aginduari jarraituz (EHAA, 58. zk., martxoaren 23koa) pezeta bihurtu ditugu eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetan 1999ko urtarrilaren 1ean ofizialki zeuden zuzenbidezko biztanleen kopuruei aplikatu dizkiegu aurrean aipatutako gehieneko gastuak finkatzeko, honako hau.
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Arabako hauteskunde-barrutian hauteskunde hauetan gehienez ere berrogei milioi bederatziehun eta sei mila zazpiehun eta laurogeita zortzi (40.906.788) pezeta gastatu ahal izango dira; kopuru horren kontrabalioa: berrehun eta berrogeita bost mila zortziehun eta berrogeita hamalau eta hirurogeita hamalau hamarreko euro da (245.854,74).
2. artikulua.– Gipuzkoako hauteskunde-barrutian hauteskunde hauetan gehienez ere hirurogeita bat milioi seiehun eta hirurogeita zazpi mila bostehun eta zazpi (61.667.507) pezeta gastatu ahal izango dira; kopuru horren kontrabalioa hirurehun eta hirurogeita hamar mila seiehun eta hogeita bederatzi koma hamazortzi euro da (370.629,18).
3. artikulua.– Bizkaiko hauteskunde-barrutian hauteskunde hauetan gehienez ere laurogeita sei milioi hirurogeita sei mila bostehun eta laurogeita bederatzi (86.066.589) pezeta gastatu ahal izango dira; kopuru horren kontrabalioa bostehun eta hamazazpi mila berrehun eta hirurogeita hamar koma hirurogeita bat euro da (517.270,61).
4. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hauteskunde-barrutietan aurkeztuko diren alderdi, federakuntza, koalizio edo hautesle-elkarteek hauteskunde hauetan gehienez ere egin dezaketen gastua ehun eta laurogeita zortzi milioi seiehun eta berrogeita mila zortziehun eta laurogeita lau (188.640.884) pezeta izango da; kopuru horren kontrabalioa milioi bat ehun eta hogeita hamahiru mila zazpiehun eta berrogeita hamalau koma berrogeita hamabost euro da (1.133.754,55).
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko martxoaren 22a.
Herrizaingo sailburua,
JAVIER BALZA AGUILERA.