Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2001eko apirilaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
1734

46/2001 DEKRETUA, martxoaren 13koa, Euskal Autonomia Erkidegoan erabiltzen ez diren pneumatikoen kudeaketa arautzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak hondakinen arloan darraien politikak, beste batzuen artean, berrerabiltzea, birziklatzea, balioztatzeko bestelako moduak eta zikloak ixtea sustatzea du eredu, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 69. artikuluari jarraituz. Halaber, Hondakinen apirilaren 21eko 10/1998 Legeak, Hondakinei buruzko 1975eko uztailaren 15eko 75/442/EEE Zuzentaraua aldatu duen Kontseiluaren 1991ko martxoaren 18ko 91/156/EEE Zuzentarauaren edukiarekin bat etorriz, hondakin-politikaren ikusmolde berria jaso du, hau da, hondakinak orokor eta arriskutsu gisa bakarrik sailkatzea alde batera utzi du eta hondakin guztientzat arau bera ezarri du, nahiz eta hondakin kategoria bakoitza berariazko araudiarekin osatu ahal izango den. Horrekin jarraituz, eta Hondakinak Isurtzeari buruzko 1999ko apirilaren 26ko Kontseiluaren 1999/31/EE Zuzentarauarekin bat, Dekretu honekin erabiltzen ez diren pneumatikoentzat berariazko arauketa ezarri nahi da, izan ere, historian zehar eta ia orokortasunez, hondakin horiek dituzten baliabideak ez dira behar bezala kudeatu. Erabiltzen ez diren pneumatikoak isurtzea lehengaiak eta bigarren mailako erregaiak xahutzea dela esan daiteke. Gaur egungo automobil-industriaren dinamika ikusita eta egun dauden ibilgailuen zenbatekoa ikusita, erabiltzen ez diren pneumatikoen sortzaile direnak, hondakin horien kudeaketa egokia lortzeko beharrezko neurriak hartu behar dira, birziklatzera eta balioztatzera bideratutako neurriak, alegia. Neurri horien artean, eta Hondakinen Isurketari buruzko Erkidegoko Zuzentarauaren 5.3 artikuluak jasotakoarekin bat, Dekretu honek pneumatikoak errauspen soilez edo birziklatzea eta balioztatzea berekin ez dakarten sistemak erabiliz, isurtegira botatzea adibidez, pneumatikoak osorik edo zati batean deuseztatzen dituzten jarduerak debekatzen ditu. Horretaz gain, Dekretu honek pneumatikoak baimendutako kudeatzaleei ematera behartzen ditu erabiltzen ez diren pneumatikoen edukitzaileak. Era berean, kudeatzaile horiek egingo dituzten jardueretan pertsona zein ingurugiroarentzat arriskurik egongo ez dela bermatzera behartzen ditu. Horretarako, Dekretuan baimen zehatzen bidez fiskalizazio-erregimena ezarri da, garraioak kontrol eta jarraitze sistemapean jarri dira, erantzukizun zibileko aseguruak sinatzera behartzen dira eta fidantzen gordailuak ere arautu ditu. Ingurugiroko organoak erabiltzen ez diren pneumatikoen kudeaketa-jarduerak garatzeko baimenak ematen dituenean, ingurugiro arloko legediaren arabera aplikagarriak izan daitezkeen baldintza eta betekizun teknikoak ere jaso beharko ditu.

Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko martxoaren 13ko bilkuran aztartu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoan sortu edo/eta kudeatzen diren erabilerarik gabeko pneumatikoak era egokian kudeatzeko jardueren erregimen juridiko arautzailea ezartzea da Dekretu honen xedea.

2. artikulua.– Definizioak.

Dekretu hau aplikatzeko orduan honako kontzeptu hauek erabiliko ditugu:

a) Erabiltzen ez diren pneumatikoak: horien egoera ikusita eta indarrean dauden segurtasun arauak kontuan hartuta, birziklatzeko edo balioztatzeko direnak edo zerbitzuan jarraitzeko horien bizi-erabilgarria luzatuko duten teknikak behar dituztenak. Halaber, erabiltzen ez diren pneumatikotzat edukiko dira fabrikazioan onartu ez diren ganbera edo pneumatikoak eta edukitzailea dutenak, nahiz eta lehen aipatutako betekizunak bete ez.

b) Ekoizlea: industria edo jardueraren titularra den heinean, erabiltzen ez diren pneumatikoak sortzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa. Ez da ekoizlea izango automozioko ibilgailuen erabiltzailea ezta jabea ere.

c) Edukitzailea: erabiltzen ez diren pneumatikoak ekoizten dituena edo pneumatikoak bere esku dituen pertsona fisiko edo juridikoa, hondakinen kudeatzaile izaera ez badu. Edukitzaile izango dira automozio ibilgailuen erabiltzailea zein jabea eta erabiltzen ez diren pneumatikoen aurrebiltzaileak.

d) Kudeaketa: erabiltzen ez diren pneumatikoei, horien ezaugarrien arabera, helbururik egokiena ematera bideratutako jarduera multzoa, beti ere, gizakien osasuna, ingurugiroa eta baliabide naturalak zainduz. Kudeaketa jarduera ere izango da erabiltzen ez diren pneumatikoak biltzea, biltegiratzea, aurretratatzea eta balioztatzea.

e) Kudeatzailea: erabiltzen ez diren pneumatikoen kudeaketa-jarduerak egin dituen eta horretarako behar bezala baimenduta dagoen pertsona fisiko edo juridiko oro.

f) Aurrebilketa: automozioko ibilgailuen erabiltzaileen edo jabeen erabilerarik gabeko pneumatikoak baimendutako kudeatzaileei eskualdatzea ahalbideratzen duten jarduera multzoa.

g) Aurrebiltzailea: erabiltzen ez diren pneumatikoen aurrebilketa-jarduerak egiten dituen pertsona fisiko edo juridikoa. Aurrebiltzaileak izango dira tailerrak, koipeztapen estazioak edo garajeak, ibilgailuak desgiteko lekuak, hondakinen beste gordailu batzuk eta pneumatiko arloan zerbitzu bereziak ematen dituztenak. Halaber, aurrebiltzaileak izango dira erabiltzen ez diren pneumatikoak aurrebiltzeari zuzendutako gunea daukaten merkataritza zentroak.

h) Bilketa: ekoizleek eta aurrebiltzaileek erabiltzen ez diren pneumatikoak aurretratatzaileei eta balioztatzaileei eskualdatzea ahalbideratzen duten jarduera multzoa. Bilketaren barne daude erabiltzen ez diren pneumatikoen garraioa, biltegiratzea eta, behar denean, sailkapena.

i) Biltzailea: erabiltzen ez diren pneumatikoak biltzeko jarduerak egiten dituen pertsona fisiko edo juridikoa.

j) Biltegiratzea: biltzaileek, aurretratatzaileek eta balioztatzaileek egindako erabilerarik gabeko pneumatikoen behin behineko gordailua, 6 hilabete baino gutxiagorako, pneumatiko horiek deuseztatzen edo zerbaiterako aprobetxatzen ez badira. Ez dira biltegiratzea izango, ekoizpen eta aurrebilketa instalazioetako behin behineko gordailuak, zehaztutakoa baino denbora tarte luzeagorako egiten badira.

k) Aurretratatzea: erabiltzen ez diren pneumatikoen bolumena gutxitxeko, horien manipulazioa errazteko, balioztatzeko gaitasunak hobetzeko edo balioztatze hori gehitzeko pneumatikoen ezaugarriak aldatzeko prozesuak.

l) Aurretratatzailea: erabiltzen ez diren pneumatikoak aurretratatzen dituen eta baimenduta dagoen pertsona fisiko edo juridiko oro.

m) Birziklatzea: ekoizpen prozesu baten barnean, erabiltzen ez diren pneumatikoak eraldatzea, hasierako xedea betetzeko edo beste xede batzuetarako. Ez da kontzeptu horren barruan sartzen energia berreskuratzeko errausketa.

n) Berrerabiltzea: pneumatiko horiek hasieran sortu ziren xede berdinerako erabiltzea. Birziklatzeko erabiliko dira 2. artikuluko a) atalean agertzen diren pneumatikoak, edukitzailea nor den ezaguna bada eta indarrean dauden segurtasun-tekniken arabera, bizi-erabilgarria luzatzeko teknikak behar ez badituzte.

ñ) Balioztatzea: erabiltzen ez diren pneumatikoen baliabideak aprobetxatzea ahalbideratzen duen prozesu oro, birziklatzea eta energia berreskuratzeko erraustea barne, beti ere, gizakien osasuna arriskuan jartzen ez bada eta ingurugiroa kaltetu dezaketen metodoak erabiltzen ez badira.

o) Balioztatzailea: erabiltzen ez diren pneumatikoen balioztatze-jarduerak egiteko behar bezala baimenduta dagoen pertsona fisiko edo juridiko oro.

3. artikulua.– Baztertutakoak.

1.– Dekretu honen aplikazio eremutik kanpo geratzen dira bizikleten erabilerarik gabeko pneumatikoak eta 1.400 mm baino diametro handiagoa duten pneumatikoak.

2.– Aurreko atalean ezarritakoaz gain, bizikleten erabiltzen ez diren pneumatikoak eta 1.400 mm baino diametro handiagoko pneumatikoak bosgarren artikuluko lehenengo atalean zehaztutako debekupean egongo dira.

4. artikulua.– Erabiltzen ez den pneumatikoen titulartasuna.

Dekretu honen ondorioetarako, erabiltzen ez diren pneumatikoek beti erantzungo duen titularra izango dute. Horien ekoizleek, edukitzaileek edo kudeatzaileek izango dute izaera dute.

5. artikulua.– Debekuak.

1.– Erabiltzen ez diren pneumatikoak bertan behera uztea edo kontrolik gabe isurtzea debekatzen da.

2.– Era berean, erabiltzen ez diren pneumatikoak errauspen soilez edo birziklatzea eta balioztatzea berekin ez dakarten sistemak erabiliz, isurtegira botatzea adibidez, osorik edo zati batean deuseztatzen dituzten jarduerak debekatzen dira.

3.– Ez dago aurreko ataleko debekupean, erabiltzen ez diren pneumatikoak beste hondakin batzuetarako gordailu edo isurtegietan elementu funtzional gisa behin behinean erabiltzea.

6. artikulua.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen ekoizleek eta automozioko ibilgailuen erabiltzaileek edo jabeek dituzten betebeharrak.

1.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen ekoizleek, beraiek kudeatzen ez badituzte, behar bezala baimendutako kudeatzaileari emateko beharra daukate, berriro erabili ezin badaitezke birzikla daitezen edo bestelako balioztatze-moduak aplika dakizkien.

2.– Automozioko ibilgailuen erabiltzaileek edo jabeek erabiltzen ez diren pneumatikoak Dekretu honetako 2. artikuluko g) atalean zehaztutako aurrebiltzaileei edo behar bezala baimendutako kudeatzaileei emateko beharra daukate.

7. artikulua.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen aurrebiltzaileek dituzten betebeharrak.

1.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen aurrebiltzaileek, hondakinen beste gordailu batzuen titularrek izan ezik, nahi eta nahi ez automozioko ibilgailuen erabiltzaileek edo jabeek erabiltzen ez dituzten pneumatikoen ardura hartu beharko dute, pneumatikoak erabiltzaile edo jabe horiei emandako zerbitzuan eta dagokien industria edo merkataritza jardueran sortu badira.

2.– Aurrebiltzaileak erabiltzen ez diren pneumatikoak baimendutako kudeatzaileari ematera behartuta daude, berriro erabili ezin badaitezke birzikla daitezen edo bestelako balioztatze-moduak aplika dakizkion. Behar horretatik salbuetsiko dira beste hondakinen gordailura botatzen badituzte, eta orduan horien araudia bete beharko dute.

3.– Erabiltzen ez diren pneumatikoak aurrebiltzaileen instalazioetan behin behinean gordetzea, horretarako egokiak diren baldintzetan egin beharko da eta, gehienez, sei hilabetetarako.

8. artikulua.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen biltzaileek dituzten betebeharrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak baimenduko dituen pertsona fisiko edo juridikoek bilduko dituzte erabiltzen ez diren pneumatikoak aurrebiltzaileen edo ekoizleen instalazioetatik, gero aurretratatzeko edo/eta balioztatzeko. Horretarako eskatuko den baimenarekin batera, sustatutako jarduera garatzeko ibilgailuei eta instalazioei buruzko agiri teknikoak aurkeztu beharko dira.

2.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen biltzaileek nahi eta nahi ez baimendutako aurretratatzaileen edo balioztatzaileen instalazioetan utzi beharko dituzte pneumatikook, ezin badaitezke berrerabili.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organo eskudunak erabiltzen ez diren pneumatikoak biltzeko emango duen baimenean hori garatzeko beharrezko betekizun eta baldintza teknikoak zehaztuko ditu.

4.– Aurreko atalean zehaztutako baimenak ematea, biltzaileak erabiltzen ez diren pneumatikoekin zer egingo duen agiriz egiaztatzearen menpe egongo da. Egiaztatzeko ingurugiro organoari Dekretu honen 13. artikuluan zehazten den onartzeko konpromisoa aurkeztu beharko dio, baliozta dadin.

5.– Ingurugiro-organoak emango duen baimenak erantzukizun zibileko asegurua izanpetzeko beharra zehaztu ahal izango du, ingurugiroari, hirugarren pertsonei edo horien gauzei egindako kalteei dagozkien kalte-galerak ordaintzeko. Halaber, jarduera garatzean Administrazioaren aurrean sortutako betebeharrak beteko dituela bermatzeko fidantza nahikoa eman beharko duela zehaztu dezake baimenak.

6.– Biltzaileek biltegiratu dituzten erabilerarik gabeko pneumatikoek ezingo dute eduki 50 tona baino gehiago eta ezingo dira 6 hile baino gehiago egon. Horretarako egokiak diren instalazioetan pilatu beharko dira eta erabiltzen ez diren pneumatikoak biltzeko Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak eman duen kudeaketa-baimenean zehaztu diren baldintza teknikoak bete beharko dituzte.

7.– Aurrebiltzaileek eskatzen badute, biltzaileek haien instalazioetan dauden erabiltzen ez diren pneumatikoak gutxienez bi hilero bilduko dituztela bermatuko dute.

9. artikulua.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen aurretratatzaileek dituzten betebeharrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak baimenduko dituen pertsona fisiko edo juridikoek aurretratatuko dituzte erabiltzen ez diren pneumatikoak. Horretarako eskatuko den baimenarekin batera, sustatutako jarduera hori garatzeko instalazioei buruzko agiri teknikoak aurkeztu beharko dira.

2.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen aurretratatzaileek nahi eta nahi ez baimendutako birziklatzaile edo bestelako balioztatzaileei eman beharko dizkiete pneumatikook, ezin badaitezke berrerabili.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organo eskudunak erabiltzen ez diren pneumatikoak aurretratatzeko emango duen baimenean hori garatzeko eta biltegiratzeko beharrezko betekizun eta baldintza teknikoak zehaztuko ditu. Biltegiratzeak bigarren artikuluko j) atalean ezarritako 6 hileen muga bete beharko du.

4.– Aurreko atalean zehaztutako baimenak ematea, aurretratatzaileak erabiltzen ez diren pneumatikoekin zer egingo duen agiriz egiaztatzearen menpe egongo da. Egiaztatzeko ingurugiro organoari Dekretu honen 13. artikuluan zehazten den onartzeko konpromisoa aurkeztu beharko dio, baliozta dadin.

5.– Ingurugiro-organoak emango duen baimenak erantzukizun zibileko asegurua izanpetzeko beharra zehaztu ahal izango du, ingurugiroari, hirugarren pertsonei edo horien gauzei egindako kalteei dagozkien kalte-galerak ordaintzeko. Halaber, jarduera garatzean Administrazioaren aurrean sortutako betebeharrak beteko dituela bermatzeko fidantza nahikoa eman beharko duela zehaztu dezake baimenak.

10. artikulua.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen birziklatzaileek edo bestelako balioztatzaileek dituzten betebeharrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak baimenduko dituen pertsona fisiko edo juridikoek birziklatuko edo balioztatuko dituzte erabiltzen ez diren pneumatikoak. Horretarako eskatuko den baimenarekin batera, sustatutako jarduera hori garatzeko instalazioei buruzko agiri teknikoak aurkeztu beharko dira.

2.– Ingurugiro-organoak emango duen administrazio-baimenak jarduera horiek garatzeko beharrezko betekizun eta baldintza zehatzak zehaztuko ditu. Gainera, erantzukizun zibileko asegurua izanpetzeko beharra zehaztu ahal izango du, ingurugiroari, hirugarren pertsonei edo horien gauzei egindako kalteei dagozkien kalte-galerak ordaintzeko. Halaber, jarduera garatzean Administrazioaren aurrean sortutako betebeharrak beteko dituela bermatzeko fidantza nahikoa eman beharko duela zehaztu dezake baimenak.

3.– Aurreko atalean aipatutako baimena gehienez ere 5 urtetarako emango da, baina automatikoki beste 5 urteko epeetarako luzatu ahal izango da, jarduera garatzen den instalazioen ikuskapena egin eta gero. Baimenak, gainera, urteko balioztatu daitezkeen erabilerarik gabeko pneumatikoen zenbatekoa zehaztuko du, baimenaren edukia eta proiektuaren ezaugarri teknikoak kontuan hartuz.

11. artikulua.– Baimenen eraginkortasuna.

1.– Ingurugiro-organoak erabiltzen ez diren pneumatikoen kudeaketa-jarduerak garatzeko eman dituen baimenek, aurreko artikuluetan zehaztutakoari jarraituz, pertsonen osasunean eta ingurugiroan kalterik sortzen ez dela bermatzea izango dute helburu. Horretarako, ingurugiroaren arloko legediak ezarritakoa bete beharko da.

2.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen kudeaketa-jarduerak garatzeko baimenen eraginkortasuna baimenetan zehaztutako baldintza eta betekizun guztiak betetzearen menpe egongo da. Ezingo da jarduera horrekin hasi, jarduera hori baimena eman duen Administrazioaren aurrean egiaztatu arte eta horrek agiri bidez onartu arte, dagokion egiaztaketa egin eta gero.

12. artikulua.– Erregistroak.

1.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen aurrebilketa-jarduerak fiskalizatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoak erabiltzen ez diren pneumatikoen aurrebiltzaileen izena emango du horretarako eratuko den erregistroan. Dekretu honen zazpigarren artikuluko 2. atalean ezarritako betebeharra bete dela egiaztatu eta gero.

2.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen ekoizleek eta kudeatzaileek pneumatikoekin egindako jarduerak gutxienez 3 urtetan erregistro batean jaso beharko dituzte. Erregistro horrek, gutxienez, honako informazio hau eduki beharko du:

– Sortutako edo kudeatutako erabilerarik gabeko pneumatikoen kopurua.

– Jatorria.

– Xedea.

– Jasotze-maiztasuna.

– Garraiabideak.

– Balioztatzeko metodoa.

3.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen ekoizleek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro-organoari erregistroan dauzkaten agiriak urtero bidali beharko dizkiote. Kudeatzaileek, ordea, hiru hilero bidali beharko dituzte agiriok.

13. artikulua.– Onartzeko agiria.

1.– Erabiltzen ez diren pneumatikoen ekoizleek, baimendutako kudeatzaileari pneumatikook eman aurretik, kudeatzaileak hori onartzen duela jasotzen duen agirizko konpromisoa eskatzeko beharra daukate.

2.– Kudeatzaileak, dagokion eskaria jasotzen duenetik hilabeteko epean, eskaria eta horren baldintzak onartzen dituela agiri bidez adierazi beharko du, edo behar denean ez duela onartzen. Onartzeko agirizko konpromiso hori beharrezko betekizuna izango da erabiltzen ez diren pneumatikoak horien jatorritik mugitu aurretik.

3.– Aurreko paragrafoetan zehaztutako era eta epeetan agirizko onarpenaren konpromisoa eskatzea kudeatzaileen beharra ere izango da. Eskaria erabiltzen ez diren pneumatikoak lekuz aldatzeko egin beharko dute.

4.– Bai erabiltzen ez diren pneumatikoen ekoizleek bai kudeatzaileek onarpen-agiriaren ale bat gordeko dute, hori indarrean dagoen bitartean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean sartzean legeztatuta dauden erabilerarik gabeko pneumatikoak biltzeko, aurretratatzeko, birziklatzeko edo balioztatzeko bestelako moduen jarduerak Dekretuak zehaztutako xedapenetara egokitu beharko dira, hori indarrean sartzen denetik 6 hilera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari baimen ematen zaio Dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezko xedapenak egiteko.

Bigarren.– Dekretu hau indarrean sartuko da sei hilera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteizen, 2001eko martxoaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta

Ingurugiro sailburua,

FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.


Azterketa dokumentala