Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2001eko martxoaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
1328

AGINDUA, 2001eko otsailaren 28koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, zeinaren bitartez "azalerakoak" eta "azienda-sariak" izeneko Europako laguntzen erregimenetako eskabideak aurkezteko epea luzatzen baita 2001erako.

Urtarrilaren 18ko 11/2000 Dekretuaren bidez, "azalerakoak" eta "azienda-sariak" izeneko Europako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzeko eta ezartzeko modua arautu zen. Dekretu horren 3.1.a) artikuluan xedaturikoaren arabera, "azaleraren araberako laguntzak" eta ardi, ahuntz eta behi ume-hazleentzako saria eskuratzeko eskabidea aurkezteko epea urte bakoitzeko urtarrilaren 2tik martxoaren bigarren ostiralera bitartekoa da. Horrez gain, azken xedapenetariko lehenengoan ahalmena ematen zaio Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, Europako araudian edo oinarrizko legedian aldaketaren bat sortzen baldin bada, dekretuan esaten dena agindu bidez egokitzeko. Halaber, azaroaren 29ko 30/1992 Legearen 49. artikuluak (lege hori, gerora, 4/1999 Legeak aldatu zuen) ahalmena ematen dio Administrazioari eskabideak aurkezteko epeak luzatzeko, legean aurreikusi bezala.

"Agenda 2000" deritzonetik eratorritako Europako laguntza-erregimen berriak abiaraztearen ondorioz, lan-zama handia gertatu da eskabideak jasotzeko eta mekanizatzeko ardura duten bulegoetan. Horrek beharrezko egiten du laguntzok eskatzeko epea luzatzea, Europako arauen mugen barruan betiere, eskatzaileei behar bezalako arreta eskaini, eta sistema informatikoetan ezinbesteko egokitzapenak egin ahal izateko.

Xedapen hau emateko, kontsulta egin zaie eragindako sektoreei eta foru aldundiei.

Beraz, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Epea luzatzea.

11/2000 Dekretuaren 3.1.a) artikuluan "azaleraren araberako laguntzak" eta ardi, ahuntz eta behi ume-hazleentzako saria eskatzeko aurreikusi den epea luzatu egingo da 2001erako, 2001eko martxoaren 23ra arte, alegia.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesatuek Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2001eko otsailaren 28a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

IÑAKI GERENABARRENA MARTINEZ DE LAHIDALGA.


Azterketa dokumentala