49. zk., 2001eko martxoaren 9a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1325
AGINDUA, 2001eko otsailaren 12koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzak xurgapen-bidezko bat-egite bat onartzeari buruzkoa eta bat-egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeari buruzkoa. Fundazio xurgatzailea "Fundación Euroventanilla del País Vasco" da eta xurgatua "Fundación Centro de Estudios Europeos – Europako Ikaskuntza Zentrua".
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzak xurgapen-bidezko bat-egite bat onartzeko eta bat-egite hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da. Fundazio xurgatzailea "Fundación Euroventanilla del País Vasco" da eta xurgatua "Fundación Centro de Estudios Europeos – Europako Ikaskuntza Zentrua". Hona hemen
AURREKARIAK
1.– 2000ko urriaren 31n, agiri batzuk aurkeztu ziren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzak onartzeko eta ondoren Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Hauek dira agiriak:
Xurgapen-bidez bat-egiteko, estatutuak aldatzeko eta patronatuko idazkariaren kargu-uztea eta izandapena egiteko eskrituraren kopia eskuetsi bat. Eskritura hori (3.027 protokolo zk.) Donostia-San Sebastiánen egin zuten 2000ko urriaren 18an "Fundación Euroventanilla del País Vasco" eta "Fundación Centro de Estudios Europeos – Europako Ikaskuntza Zentrua" fundazioek, Iruñako Notarioen Elkargoko José María Segura Zurbano jaunaren aurrean.
2.– Eskritura publiko horretan jasota daude, halaber, bat-egiteko proiektuaren onarpena, bat-egitearen onarpena eta "Fundación Euroventanilla del País Vasco" fundazioaren estatutuetako 2., 3., eta 16. artikuluen aldaketaren onarpena. Artikulu horiek, bestalde, fundazioak dituen helburu, helbide eta Fundazioko Patronatuko osaerari buruzkoak dira.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dagokio fundazioaren estatutuetako aldaketarako espedienteari ebazpena ematea agindu-bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 32. eta 36. artikuluetan eta urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 7-1.a) artikuluan agindutakoaren arabera.
Bigarrena.– Espedienteari funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 31. eta 32. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza antolatu eta jardunean jartzeko arutegia onartzeko den urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren 62. eta 63. artikuluetan agindutako baldintzak bete dira.
Hirugarrena.– 2000ko azaroaren 22an, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Lege Araubide zuzendariak, 404/1994 Dekretuaren 8.3 artikuluan agindutakoarekin bat, Kultura Sailari eskatu zion fundazioen bat-egitea erregistroan inskribatzeari buruzko nahitaezko txostena egin zezala, eta horretarako, hilabeteko epea eman zion. Epe hori igaro da eta ez du txostenik eman; beraz, txostena aldekotzat jo behar da, erregistroan inskribatzeko espedientea izapidetzen jarraitu ahal izateko.
Lege eta arau hauek ikusi dira: indarrean dagoen Konstituzioa; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza antolatu eta jardunean jartzeko arutegia onartzeko den urriaren 18ko 404/1994 Dekretua eta aplikagarri diren gainerako arau orokorrak.
Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak hau
EBATZI DU:
Lehenengoa.– "Fundación Euroventanilla del País Vasco" eta "Fundación Centro de Estudios Europeos – Europako Ikaskuntza Zentrua" fundazioen xurgapen-bidezko bat-egitea onartzea.
Bigarrena.– "Fundación Euroventanilla del País Vasco" (xurgatzailea) eta "Fundación Centro de Estudios Europeos – Europako Ikaskuntza Zentrua" (xurgatua) fundazioen xurgapen-bidezko bat-egitea eta fundazio xurgatzailearen estatutuetan egindako aldaketa inskribatzea agindu honen egunean.
Hirugarrena.– "Fundación Centros de Estudios Europeos – Europako Ikaskuntza Zentrua" fundazioari buruzko erregistro-idazpenak ezereztea.
Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Agindu hau azkena da administrazio bidean. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hilabete biko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2001eko otsailaren 12a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.