Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2000eko abenduaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
5853

265/2000 DEKRETUA, abenduaren 19koa. Honen bidez, onetsi egiten da Arabako Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak hartutako erabakia, errepideen alorreko funtzio eta zerbitzu batzuk Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeetatik lurralde historikoetara eskualdatzeak Arabako Lurralde Historikoan izango duen eragina zehazteari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegorako Autonomia Estatutuak (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onetsi zenak) bere 10.34 artikuluan ezartzen duenez, errepide eta bideen alorrean lurralde historikoetako foru aldundiek osorik gordeko dituzte lehendik dituzten araubide juridikoa eta eskumenak, bai eta Estatutuaren 3. artikuluaren arabera berreskura ditzaketenak ere. Horrez gain, Konstituzioaren 148.1.5. artikuluak aukera ematen die autonomia erkidegoei ibilbide osoa erkidegoaren lurraldean egiten duten errepideen gaineko eskumenak bereganatzeko.

Azaroren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru erakundeen arteko harremanei buruzkoak, foru erakundeei bakarrik ematen die errepide eta bideen plangintza, proiektuak, eraikuntza, mantentzea, aldaketak, erabilera eta ustiapena egiteko eskumena. Autonomia Erkidegoko errepide-sareen arteko koordinazio egokia bermatzeko, foru erakundeek erkidego osorako erakundeek onetsitako plan nagusia indarrean jarri beharko dute.

Abenduaren 3ko 1837/1999 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioaren eta Autonomia Erkidegoaren arteko Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak zehaztu zituen Bizkaiko Golkoko A-8 (Bilbao-Behobia) autobidearen funtzio eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion, autonomia estatutuak xedatutakoa betez. Zehazki, erabaki horretako B).1 idatz-zatian jasotzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak bere lurralde historikoen eskumen-araubidearen arabera bereganatuko du posizio juridikoa, haien erakunde-arauek ezartzen dutenarekin bat etorriz.

Kontuan izan behar da gaitasun estatutario berria

—Bizkaiko Golkoko A-8 (Bilbao-Behobia) autobidea Estatuko Administraziotik eskualdatzea ahalbidetzen duena— Autonomia Erkidegoaren barruan eskualdatzeak ez duela eskumenei loturiko ondorio zuzenik, ez eta ondorio juridiko zuzenik ere Arabako Lurralde Historikorengan; izan ere, lurralde historiko horri ez zaio inolako zerbitzurik eskualdatuko, A-8 autobidea oso-osorik Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeetatik igarotzen delako.

Hala eta guztiz ere, Autonomia Erkidegoaren baitako finantza-araubidea integratua denez gero, aipaturiko eskualdatzeak une honetako eragin ekonomikoak izan behar ditu araubide horretan. Horrek ez du esan nahi indarrean dagoen legeria —azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 22.8 artikuluak aipatzen duena— aplikatzearen ondorioz etorkizunean egoki diren araudiak aintzat hartuko ez direnik.

Orain arte adierazitako guztia kontuan hartuz, aipaturiko 27/1983 Legearen lehen xedapen iragankorraren bidez ezarritako Bitariko Batzordeak errepideen arloko funtzioak eta zerbitzuak lurralde historikoei eskualdatzeak Arabako Lurralde Historikoan zein eragin izan behar dituen zehaztu du, eta horri buruzko erabaki egokia hartu du 2000ko abenduaren 14an egindako osoko bilkuran. Eta hori guztia, ekainaren 19ko 194/1984 Dekretuak xedatzen duenaren arabera egin du; Dekretu horrek Erkidego osorako erakundeen eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren arteko zerbitzu-eskualdatzeak egiteko arauak onesten ditu.

Horren indarrez, aipaturiko 27/1983 Legearen lehen xedapen iragankorrean xedaturikoa betez, Jaurlaritzako lehendakariordeak eta Garraio eta Herri Lan sailburuak batera egindako proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko abenduaren 19an egindako bileran onetsi ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak hartutako Erabakia onestea. Erabaki horren bidez, errepideen arloan lurralde historikoen eskumenekoak diren funtzioak eta zerbitzuak eskualdatzeak Arabako Lurralde Historikoan zein eragin izango dituen zehazten dira. Bitariko Batzordeak 2000ko abenduaren 14an egindako osoko bilkuran onetsi zuen Erabaki hori, eta Dekretu honen Eranskinean jasota dago.

2. artikulua.– Zehazten diren eraginak Bitariko Batzordearen Erabakian bertan adierazitakoari jarraiki aplikatuko dira.

3. artikulua.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta dagokion Foru Dekretua, berriz, Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean; Dekretua aldizkari horietan argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 19an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

ALVARO AMMAN RABANERA

ERANSKINA

Sabino Torre Díez jaunak, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeko idazkaria den aldetik, hau

EGIAZTATZEN DU:

Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak, 2000ko abenduaren 14an egindako osoko bilkuran, errepideen arloko funtzioak eta zerbitzuak Autonomia Erkidego osorako erakundeetatik lurralde historikoetako foru-erakundeei eskualdatzeak Arabako Lurralde Historikoan zein eragin dituen zehaztea erabaki zuela, jarraian zehazten den bezala:

A) Arabako Lurralde Historikoak errepideen arloan izango dituen eskumenak.

Erabaki hau 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru erakundeen arteko harremanei buruzkoak, 7.a).8 artikuluan jasotzen duen eskumen-araudia betez egingo da; horrez gain, kontuan hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegorako autonomia estatutuak 10.34 artikuluan xedatzen duena eta aplikagarri diren gainerako araudiak.

B) Balorazio ekonomikoa.

Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoei Bizkaiko Golkoko A-8 (Bilbao-Behobia) autobidearen funtzioak eta zerbitzuak eskualdatzeak Erabaki honetan zehazten diren ondorio ekonomikoak eragiten ditu, jarraian adierazten den bezala:

1.– Eskualdatzen diren funtzio eta zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegorako 2000ko ekitaldian izango duten urteko guztizko kostua, ikuskaritza teknikoari dagokionez, Erabaki honi erantsitako zerrendan jasota dago.

2.– Indarrean dagoen emakida-kontratuaren iraungitze-datatik aurrera, eskualdatzen diren funtzio eta zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoarentzat urteko izango duten guztizko kostuaren baitan sartuko da, halaber, Gobernuak enpresa emakidadunean duen ordezkaritzari dagokiona ere.

3.– Eskualdatzeak indarra hartzen duen eguna ekitaldiko urtarrilaren 1arekin bat etorriko ez balitz, dagokion ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegorako urteko guztizko kostua hainbanatu egingo da, lurralde historikoek eskualdatzea bere gain hartu duten urtearen zatiarekin proportzioan.

C) Eskualdatzea indarrean noiz jarriko den.

Erabaki hau onesteko Dekretuak indarra hartzen duen eguna edozein delarik ere, eskualdatzea 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera izango da eraginkorra.

Eta jasota gera dadin, agiri hau ematen dut, Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 14an.

Erantsitako zerrenda
2000 ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegorako urteko guztizko kostua, errepideak lurralde
historikoei eskualdatzearen ondorioz

11. atala.– Garraio eta Herri Lanak

Pezetak

Ikuskaritza teknikoa 120.374


Azterketa dokumentala