Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2000eko abenduaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
5852

264/2000 DEKRETUA, abenduaren 19koa, giza zerbitzuen eta sorospenaren alorrean Itsas Gizonentzako Gizarte Institutuari (IGGI) esleitutako zeregin eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeetatik Arabako lurralde Historikora transferitzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10. artikuluko 12. puntuak Euskal Autonomia Erkidegoaren esku uzten ditu, oso-osorik, gizarte-sorospenaren alorreko eskumen guztiak.

Bestalde, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.C)1 artikuluaren arabera, gizarte-sorospenaren alorrean Erkidego osorako erakundeek egindako legeria gauzatzeko eskumena foru organoek dute, zeinek bere lurraldean, burutu ditzaten zuzeneko egintzak eragotzi gabe. Ildo beretik, lurralde historikoetako foru-organoei arlo horretan dagozkien eskumenak Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 legearen 11. artikuluan eta horrekin bat datozenetan daude jasota.

Eskumenak horrela banatu behar direnez eta Itsas Gizonentzako Gizarte Institutuak ematen dituen gizarte zerbitzuen eta sorospenaren alorreko zereginak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu zaizkionez, 27/1983 Legearen Lehenengo Xedapen Iragankorrean ezartzen den Bitariko Batzordeak zehatz-mehatz finkatu du zeintzuk diren IGGIak gizarte zerbitzuak eta sorospena emateko behar dituen zerbitzuak, giza-baliabideak, ondasunak, eskubideak eta obligazioak; beti ere, Erkidego osorako erakundeen eta Arabako lurralde Historikoaren arteko zerbitzu-aldaketak nola egin behar diren arautzen duen ekainaren 19ko 194/1984 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Horri buruzko erabakia 2000ko abenduaren 14an egindako bilkuran hartu zuen.

Ondorioz, 27/1983 Legearen Lehenengo Xedapen Iragankorrean xedatutakoarekin bat, Jaurlaritzaren lehendakariordearen eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren baterako proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko abenduaren 19an egindako bilkuran erabaki ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak hartutako erabakia onartzea. Erabaki hori abenduaren 14an hartu zuen Batzordeak, osoko bilkuran, IGGIak ematen dituen gizarte zerbitzuen eta sorospenaren alorrean Arabako Lurralde Historikoak dituen eskumenek hartzen dituzten zerbitzuak, giza-baliabideak, ondasunak, eskubideak eta obligazioak zehazteko. Erabakia Jaurlaritzaren Dekretu honen eranskinean dago jasota.

2. artikulua.– Ondorioz, Arabako Lurralde Historikoari transferitzen zaizkio Erabakian zehazten diren zerbitzuak, bertan zehazten diren eran eta baldintzetan.

3. artikulua.– Bitariko Batzordearen Erabakian zehaztutako egunetik aurrera izango du eragina transferentzia honek.

4. artikulua.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta dagokion foru-dekretua Araba Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean. Aldizkari bietan argitaratzen diren egunean jarriko dira indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 19an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.

ERANSKINA

Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeko idazkari Sabino Torre Díez jaunak hauxe

EGIAZTATZEN DU:

Giza zerbitzuen eta sorospenaren alorrean Itsas Gizonentzako Gizarte Institutuak dituen zeregin eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeetatik Arabako lurralde Historikora transferitzeko erabakia 2000ko abenduaren 14an hartu zuela Batzordearen osoko bilkurak. Hona hemen zehaztasunak:

A) Arabako Lurralde Historikoaren eskumenak giza-sorospenaren alorrean.

Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.C)1 artikuluaren arabera, gizarte-sorospenaren alorrean Erkidego osorako erakundeek egindako legeria gauzatzeko eskumena foru organoek dute, zeinek bere lurraldean, burutu ditzaten zuzeneko egintzak eragotzi gabe. Ildo beretik, lurralde historikoetako foru-organoei arlo horretan dagozkien eskumenak Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 legearen 11. artikuluan eta horrekin bat datozenetan daude jasota.

B) Transferitzen diren zerbitzuak eta erakundeak.

IGGIari dagozkion gizarte zerbitzuak eta sorospena emateko behar diren zereginak eta zerbitzuak Arabako Lurralde Historikoko foru-organoek hartuko dituzte beren gain, lurralde horri dagokionez; beti ere, Estatuak eta Autonomia Erkidego osorako erakundeek dituzten eskumen, zeregin eta jarduerak eragotzi gabe. Estatuari dagozkionak arau hauetan daude jasota: IGGIak ematen dituen zerbitzuei eta sorospenari dagozkien zereginak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitzeko Erabakian, apirilaren 2ko 558/1998 Errege Dekretuan eta Eusko Jaurlaritzaren apirilaren 27ko 80/1998 Dekretuan; Erkidego osorako erakundeei dagozkienak, berriz, beste hauetan: Autonomia Estatutuan, azaroaren 25eko 27/1983 Legean eta Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legean.

C) Aurrekontuen araubidea.

1.– Apirilaren 2ko 558/1998 Errege Dekretuaren Eranskineko E) puntua aplikatzearen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoaren alde ateratzen den zenbatekotik, %2,22 Erkidego osorako erakundeentzat izango da; gainontzekoa, berriz, lurralde historikoentzat.

2.– Lurralde historiko bakoitzari dagokion kopurua zehazteko, foru aldundiei dagokien kopuru osoari zera aplikatuko zaio, azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 22.8 artikuluan aipatzen den Legean (momentuan indarrean dagoenean) urte horretarako ezarritako ekarpen-koefizientea.

3.– Lurralde historiko bakoitzaren alde ateratzen den zenbatekoa kuota eta bestelako dirusarreren bidez finantzatu dela joko da, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren ekimenez emango zaio foru aldundi bakoitzari, Eusko Jaurlaritzaren hileroko transferentzien bitartez, hamar egun naturaleko epean, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiko fondoak iristen direnetik kontatuta.

4.– Behin aurrekontu-ekitaldia likidatu eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aldeko baliabideak doitu ondoren, Eusko Jaurlaritzak likidazioa egingo du foru aldundiekin. Aipatutako doikuntza apirilaren 2ko 558/1998 Errege Dekretuaren Eranskineko E) idatz-zatiko 5. puntuan zehaztutako eran egingo da.

Likidazio-eragiketen ondoriozko erregularizaziotik bakoitzari dagokion zatia behingoan gauzatuko da, ordainketa ondorengo epean bertan.

5.– Ordainketa ondorengo epean, Eusko Jaurlaritzak foru aldundien eskura jarriko ditu, halaber, bereganatutako zereginetarako IGGIaren aurtengo aurrekontu-ekitaldian onartutako kreditu txertaketa eta gehikuntzetako partaidetzatik dagokien zatia.

D) Transferentziaren eraginkortasun-data.

Hitzarmen hau onartzen duen Dekretua indarrean jartzen den eguna dena dela, transferentziek 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera izango dute eragina.

Erasota gera dadin egin dugu egiaztagiri hau Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 14an.


Azterketa dokumentala