Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

248. zk., 2000eko abenduaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
5851

263/2000 DEKRETUA, abenduaren 19koa. Honen bidez, onetsi egiten da Bizkaiko Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak hartutako erabakia, errepideen alorreko funtzio eta zerbitzu batzuk Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeetatik Bizkaiko Lurralde Historikoari eskualdatzeari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegorako Autonomia Estatutuak (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onetsi zenak) bere 10.34 artikuluan ezartzen duenez, errepide eta bideen alorrean lurralde historikoetako foru aldundiek osorik gordeko dituzte lehendik dituzten araubide juridikoa eta eskumenak, bai eta Estatutuaren 3. artikuluaren arabera berreskura ditzaketenak ere. Horrez gain, konstituzioaren 148.1.5. artikuluak aukera ematen die autonomia erkidegoei ibilbide osoa erkidegoaren lurraldean egiten duten errepideen gaineko eskumenak bereganatzeko.

Azaroren 25eko 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru erakundeen arteko harremanei buruzkoak, foru erakundeei bakarrik ematen die errepide eta bideen plangintza, proiektuak, eraikuntza, mantentzea, aldaketak, erabilera eta ustiapena egiteko eskumena. Autonomia Erkidegoko errepide-sareen arteko koordinazio egokia bermatzeko, foru erakundeek erkidego osorako erakundeek onetsitako plan nagusia indarrean jarri beharko dute.

Abenduaren 3ko 1837/1999 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioaren eta Autonomia Erkidegoaren arteko Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak zehaztu zituen Bizkaiko Golkoko A-8 (Bilbao-Behobia) autobidearen funtzio eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion, autonomia estatutuak xedatutakoa betez. Zehazki, erabaki horretako B).1 idatz-zatian jasotzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak bere lurralde historikoen eskumen-araubidearen arabera bereganatuko du posizio juridikoa, haien erakunde-arauek ezartzen dutenarekin bat etorriz.

Orain arte adierazitako guztia kontuan hartuz, aipaturiko 27/1983 Legearen lehen xedapen iragankorraren bidez ezarritako Bitariko Batzordeak errepideen arloan zein funtzio eta zerbitzu eskualdatu behar diren zehaztu du, eta horri buruzko erabaki egokia hartu du 2000ko abenduaren 14an egindako osoko bilkuran. Eta hori guztia, ekainaren 19ko 195/1984 Dekretuak xedatzen duenaren arabera egin du; Dekretu horrek Erkidego osorako erakundeen eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren arteko zerbitzu-eskualdatzeak egiteko arauak onesten ditu.

Horren indarrez, aipaturiko 27/1983 Legearen lehen xedapen iragankorrean xedaturikoa betez, Jaurlaritzako lehendakariordeak eta Garraio eta Herri Lan sailburuak batera egindako proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko abenduaren 19an egindako bileran onetsi ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak hartutako Erabakia onestea. Erabaki horren bidez, Bizkaiko Lurralde Historikoak errepideen arloan duen eskumenari dagozkion funtzioak eta zerbitzuak zehazten dira. Bitariko Batzordeak 2000ko abenduaren 14an egindako osoko bilkuran onetsi zuen Erabaki hori, eta Dekretu honen Eranskinean jasota dago.

2. artikulua.– Ondorioz, Bizkaiko Lurralde Historikoari eskualdatzen zaizkio Erabaki horretan jasotzen diren zerbitzuak, bertan zehazten diren moduan eta baldintzetan, bai eta Erabakiaren testuan eta erantsitako zerrendetan jasotzen diren ondasunak, eskubideak eta betebeharrak ere.

3. artikulua.– Eskualdatze hori Bitariko Batzordearen Erabakian bertan zehazten den egunean jarriko da indarrean.

4. artikulua.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta dagokion Foru Dekretua, berriz, Bizkaiko Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean; Dekretua aldizkari horietan argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 19an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN

Garraio eta Herri Lan sailburua,

ALVARO AMMAN RABANERA

ERANSKINA

Sabino Torre Díez jaunak, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeko idazkaria den aldetik, hau

EGIAZTATZEN DU:

Eskualdaketetarako Bitariko Batzordeak, 2000ko abenduaren 14an egindako osoko bilkuran, errepideen arloko funtzioak eta zerbitzuak Autonomia Erkidego osorako erakundeetatik Bizkaiko Lurralde Historikoko foru-erakundeei eskualdatzea erabaki zuela, jarraian zehazten den bezala:

A) Bizkaiko Lurralde Historikoak errepideen arloan izango dituen eskumenak.

Funtzio eta zerbitzuen eskualdatze hau 27/1983 Legeak, Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru erakundeen arteko harremanei buruzkoak, 7.a).8 artikuluan jasotzen duen eskumen-araudia betez egingo da; horrez gain, kontuan hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegorako autonomia estatutuak 10.34 artikuluan xedatzen duena eta aplikagarri diren gainerako araudiak.

B) Eskualdatzen diren zerbitzuak eta erakundeak, ondasunak, eskubideak eta betebeharrak.

1.– Bizkaiko Lurralde Historikoko foru erakundeek beren gain hartzen dituzte Bizkaiko Golkoko A-8 (Bilbao-Behobia) autobideak Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten duen ibilbidearen plangintza, proiektu, eraikuntza, mantentze, aldaketa, erabilera eta ustiapenaren arloetako funtzio eta ahalmen guztiak, beren lurralde-eremuari dagokionez. Eta hori guztia, Erabaki honetan zehazten den moduan egingo dute.

Azaroaren 25eko 27/1983 Legeak xedatzen duenarekin bat etorriz, Bizkaiko Lurralde Historikoak, goian aipaturiko funtzioak betetzeko, indarrean jarri beharko ditu Erkidego osorako erakundeek onesten duten errepideen plan orokorreko arau teknikoak nahiz seinaleztapenekoak. Horrez gain, gutxienez errepideen plan orokor horretan ezartzen diren aurreikuspen, helburu, lehentasun eta hobekuntzak bete beharko ditu.

Era berean, Bizkaiko Lurralde Historikoak men egingo die errepideak egiteko eta mantentzeko Estatuak ematen dituen arau tekniko orokorrei, alegia, nazioarteko hitzarmen, akordio edo gomendioen ondorioz ematen dituenei, Euskal Autonomia Erkidegorako Autonomia Estatutuaren 20.3 artikuluan ezarritakoa betez, nahiz Eskualdaketetarako Bitariko Batzordearen Erabakiak D idatz-zatian ezartzen duena betez (Erabaki hori abenduaren 3ko 1837/1999 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

2.– Bizkaiko Lurralde Historikoari eskualdatzen zaio Bizkaiko Golkoko A-8 (Bilbao-Behobia) autobideak Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten duen ibilbidearen titulartasuna. Eskualdatze hori erantsitako 1. zerrendan zehaztuta dago.

3.– Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa gorabehera, A-8 autobidea kudeatzeko une honetan indarrean dagoen emakida-kontratuari dagokionez, kontratua amaitzen den arte Autonomia Erkidego osorako erakundeen eginkizunak izaten jarraituko dute honako hauek: enpresa emakidadunean Gobernuko Ordezkaritzaren bitartez egiten diren harreman formal eta kontrol ekonomikoko harreman guztiak bateratzea, emakidadunari bere araubide sozialarekin zerikusia duten baimenak ematea onestea, eta autobidearen erabiltzaileek ordaindu beharreko tarifetan eragina duten arau orokorrak onestea.

Bere jarduera guztietan, Erkidego osoko erakundeek Bizkaiko Lurralde Historikoko foru erakundeekin lankidetzan jardungo dute; era berean, bermatu egingo dute erakunde horiei eragiten dieten erabakiak —aurreko paragrafoan Erkidego osorako erakundeentzat erreserbaturik geratzen direnak— hartu aurretik, erakunde horiei jakinarazi egingo zaiela eta erabakietan parte hartuko dutela.

Halaber, emakida-kontratuari dagokionez, abenduaren 3ko 1837/1999 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Eskualdaketetarako Bitariko Batzordearen Erabakiak B.2 idatz-zatian xedatzen duena aplikatuko da, Estatuko Administrazioari dagokionez eta 2001eko abenduaren 31ra arte.

C) Balorazio ekonomikoa.

1.– Eskualdatzen diren funtzio eta zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegorako 2000ko ekitaldian izango duten urteko guztizko kostua, ikuskaritza teknikoari dagokionez, erantsitako 2. zerrendan jasota dago.

2.– Indarrean dagoen emakida-kontratuaren iraungitze-datatik aurrera, eskualdatzen diren funtzio eta zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoarentzat urteko izango duten guztizko kostuaren baitan sartuko da, halaber, Gobernuak enpresa emakidadunean duen ordezkaritzari dagokiona ere.

3.– Eskualdatzeak indarra hartzen duen eguna ekitaldiko urtarrilaren 1arekin bat etorriko ez balitz, dagokion ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegorako urteko guztizko kostua hainbanatu egingo da, lurralde historikoek eskualdatzea bere gain hartu duten urtearen zatiarekin proportzioan.

D) Eskualdatzen diren zerbitzuen dokumentazioa eta espedienteak.

Eskualdatutako zerbitzuen dokumentazioa eta espedienteak hilabeteko epearen barruan entregatu beharko dira, Erabaki hau onesten duen Dekretuak indarra hartzen duenetik aurrera. Horretarako, bidezko aktak (onartzearenak eta entregatzearenak) izenpetuko dira.

E) Eskualdatzea indarrean noiz jarriko den.

Erabaki hau onesteko Dekretuak indarra hartzen duen eguna edozein delarik ere, eskualdatzea 2001eko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

Eta jasota gera dadin, agiri hau ematen dut, Vitoria-Gasteizen, 2000ko abenduaren 14an.

1. zerrenda

Bizkaiko Lurralde Historikoari eskualdatzen zaizkion ondasunen zerrenda

Ibilbidea Bizkaiko Lurralde Historikoaren barruan egiten duten Bizkaiko Golkoko A-8 (Bilbao-Behobia) autobideko zatiak. Guztira 36,11 kilometro dira: hasi 74,85 kilometro-puntutik, hori baita Bizkaiko Lurralde Historikoak Gipuzkoako Lurralde Historikoarekin muga egiten duen puntua, eta Basauriko udalerrian dagoen 110,960 kilometro-puntura arte.

2. zerrenda
2000 ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegorako urteko guztizko kostua, errepideak lurralde
historikoei eskualdatzearen ondorioz

11. atala.– Garraio eta Herri Lanak

Pezetak

Ikuskaritza teknikoa 120.374


Azterketa dokumentala