Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2000eko urriaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
4316

AGINDUA, 2000ko irailaren 20koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Agindu honen bidez, martxoaren 12ko 50/1996 Dekretuan ezarritako laguntzak eskatzeko aurtengo epea ezartzen da (luzaroan langabeturik dauden pertsonentzako esparru lokalean egiteko enplegu-prestakuntza programa integratua arautzen du dekretu horrek).

Martxoaren 12ko 50/1996 Dekretuaren bidez, luzaroan langabeturik dauden pertsonentzako esparru lokalean egiteko enplegu-prestakuntza programa integratua arautzen da (1996ko martxoaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 61 zenbakidunean, argitaratu zen dekretu hori). Dekretu horrek Eusko Jaurlaritzako Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak luzaroan langabeturik dauden pertsonen laneratzeko aukerak hobetzeko eman ditzakeen laguntzak ezarri zituen honako tratamendu osoaren bitartez: hasteko, informazio, orientazio eta lanpostua lortzeko motibazioa; gero, lanerako prestakuntza eta lan-esperientzia; eta, azkenik, enplegua bilatzeko teknikak irakastea, eta laneratzeko laguntza eskaintzea.

Dekretu hori otsailaren 3ko 13/1998 Dekretuaz aldatu zen, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz ezarritako aldaketetara egokitu ahal izateko (1/1997 Legegintzako Dekretuaz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen).

Halaber, martxoaren 12ko 50/1996 Dekretuko 8.1. c) artikuluan aurreikusitako diru-laguntzen kopuruak 1998rako eguneratu ziren Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 1998ko otsailaren 4ko Aginduaz. Agindu horrek, martxoaren 12ko 50/1996 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzen kopuruak eguneratu eta eskaerak aurkezteko urte horretako epeak ezarri zituen.

Martxoaren 12ko 50/1996 Dekretuan Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari buruz egiten diren aipamenak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari eginak direla ulertu behar da, Lehendakariak urtarrilaren 4an emandako 1/1999 Dekretuan ezarritakoaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dira, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen).

Martxoaren 12ko 50/1996 Dekretuko 12. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan propio ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira dekretuaren helburua betetzeko behar diren diru baliabideak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 49.5 artikuluak ezartzen duenez (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen dekretu horren bidez), Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean dirulaguntzak emateko arauak gaurkotu nahiz berrikusiko dira, edo, behar izanez gero, arau berriak ezarriko dira, eta, orobat, zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien dirulaguntzak iragarriko.

Horregatik guztiagatik, aurrekontuak abenduaren 29ko 4/1999 Legearen bitartez onarturik daudela, eta martxoaren 12ko 50/1996 Dekretua indarrean dagoela, 9.2. artikuluan ezarritako habilitazioa egikarituz (otsailaren 3ko 13/1998 Dekretuak aldatu zuen artikulu horretan, dekretuan aurreikusitako dirulaguntzak eskatzeko epea urtero argitaratuko da, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren agindu bidez), zilegi da 2000ko aurtengo ekitaldiko deialdia egitea.

Hori guztia dela-eta, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Aurten, martxoaren 12ko 50/1996 Dekretuan aurreikusitako dirulaguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen denetik kontatzen hasita (luzaroan langabeturik dauden pertsonentzako esparru lokalean egiteko enplegu-prestakuntza programa integratua arautzen du dekretu horrek).

Bigarrena.– Martxoaren 12ko 50/1996 Dekretuaren helburua lortzeko, 2000rako guztira 629.300.000 PTA-ko kreditua ezarri da (3.782.169,17 euro), era honetara banatua: 2000ko ekitaldiko 259.300.000 PTA-ko ordainketa-kreditu baten bitartez (1.558.424,39 euro), eta 2001. urteko ekitaldirako 370.000.000 PTA-ko konpromiso-kreditu baten bitartez (2.223.744,79 euro).

Hirugarrena.– Aipatutako Dekretuan daude ezarrita dirulaguntzak lortzeko eta emateko baldintzak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen duenez, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari; berraztertzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1 a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko irailaren 20a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala