Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2000eko urriaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
4314

EBAZPENA, 2000ko irailaren 4koa, Industria eta Meategiak Administratzeko zuzendariarena, gas galdaradun instalazio indibidualetan konbustioak sortutako gasek hustuketa bidea lehendik dauden eraikuntzen aireztapen patioetan dutenean bete beharreko behin-behineko jarraibideak ematen dituena.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko uztailaren 12ko Aginduak gasezko ur-berogailu eta galdaren instalazio indibidualetan konbustioak sortutako gasen hustuketa arautzen du. Agindu horretako 3.4 artikuluaren arabera, lehendik dauden eraikuntzen aireztapen patioetan gutxieneko neurriak eta baldintzak arautzea beharrezkoa da, horrela gas galdaradun instalazio indibidualetan konbustioak sortutako gasen hustuketak onargarriak izan daitezen.

Gai horri buruzko kezkak, gas banatzaile enpresaren batek zenbait irizpide ezartzea edo UNE 60670 Arauaren 5.2.2. ataleko zehaztapenetan adierazitako eran arazo hau borondatez konpontzea eragin du. Gaur egun, kontuan hartu beharreko irizpideak barne hartzen dituzten berariazko azterketa teknikoak egiten ari dira.

Azterketa horiek eduki eta balioztatu arte, eragindako erabiltzaileen segurtasun egokia bermatzeko irizpideak, behin behingoz, ezartzea beharrezkoa da.

Legezko agindu horiek nahiz horiekin bat datozen eta ezargarriak diren gainontzeko xedapenak kontuan hartuta, honakoa

XEDATU DUT:

1.– Patioaren gutxieneko azalera.

Gas galdaren instalazio berrietan konbustioak sortutako gasen hustuketarako lehendik dauden eraikuntzen aireztapen patioak erabiltzen badira, horien oineko azalera, metro karratutan neurtuta, gutxienez patio horretara husten duten irteera instalatuen kopuruaren berdina izan beharko da.

Patioak ez baditu aipatutako gutxieneko neurri horiek betetzen, hustuketak eraikuntzaren estalkitik egin beharko dira, 2000ko uztailaren 12ko Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren Aginduaren 2. artikuluan adierazten den baldintzetan.

2.– Patioaren goiko irekiera.

Aireztapen patioak goiko aldetik estali ahal izango dira, betiere kanpoaldearekin gutxienez oineko azaleraren %25eko komunikazio azalera iraunkorra uzten bada. Edozelan ere, gutxienez 4 metro karratuko azalera uzti beharko da.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko irailaren 4a.

Industria eta Meategiak Administratzeko zuzendaria,

RUBÉN MENDIOLA ERKOREKA.


Azterketa dokumentala