182. zk., 2000eko irailaren 21a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila
4093
AGINDUA, 2000ko urtarrilaren 11koa, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuarena, EB2-BI-GI-89/72 espedientean Silvia Pérez Yarza andreak ezarririko gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.
GERTAKARIAK
1.– 1998ko uztailaren 28an, Silvia Pérez Yarza andreak Getxon kokaturiko etxebizitza baten (Bidebarrieta kalea, 10, 1. C) borondatezko deskalifikazioa eskatu zuen. Etxebizitza hori, 1975eko ekainaren 5ean babes ofizialeko etxebizitzatzat jo zen behin betiko.
2.– 1999ko abuztuaren 18an, Bizkaiko Lurralde ordezkariak ebazpena eman zuen esanaz, ez zela onartzen eskaturiko deskalifikazioa. Ebazpen hori 1999ko urriaren 28an jakinarazi zitzaion interesatuari.
3.– 1999ko azaroaren 23an, Silvia Pérez-Yarza Esteban andreak, emandako ebazpenarekin bat ez zetorrenez, gora jotzeko errekurtsoa ezarri zuen ebazpen horren aurka; indarreko araudiaren esana alegatu zuen bertan. Honela dio araudiak: "Babes Ofizialeko Etxebizitzen Araudia onartzen duen uztailaren 24ko 2114/1968 Dekretuan ezarritakoaren arabera, babes ofizialeko etxebizitzak deskalifikatzeko espedieenteei dagokienez, dagokion eskaera aurkeztu eta hilabetera berariazko ebazpenik eman ez bada (beti ere, etxebizitza horiek urriaren 31ko 31/1978 Legegintzako Errege Dekretuaren aurretiko erregimenen babespekoak izan behar dute), espedientea onetsi egin dela ulertuko da".
Gertakari horietan oinarriturik, honako zuzenbide oinarri hauek ezarri dira:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Sail honetako sailburua da aztergai den gora jotzeko errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoa, Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 28ko 176/1995 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu horrek Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren egitura organikoa ezartzen du otsailaren 7ko 139/1995 Dekretuak aldatu zuen urtarrilaren 3ko 1/1995 Dekretuari jarraituaz (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu 1/1995 Dekretuak, eta horien funtzioak eta jardute-arloak zehazten ditu).
2.– Errekurtso-egilea prozedura honetan interesduntzat jotzen da, hala baitago aurreikusita Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan. Bestalde, errekurtsoa Lege horren beraren 114. eta 117. artikuluetan jasotako eran eta epean aurkeztu zuen.
3.– Espediente honen izapidetzean behar bezala bete dira aurreko lerroaldean aipaturiko 30/1992 Legean, Etxebizitza arloko finantza neurriei buruzko uztailaren 30eko 213/1996 Dekretuan eta Babes Ofizialeko Etxebizitzen Araudia onartzen duen uztailaren 24ko 2114/68 Dekretuan jasotako arauak, bai eta horiekin bat datozen gainontzeko arauak ere.
4.– Uztailaren 30eko 213/1996 Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren bigarren paragroak, honako hau dio:
"Babes Ofizialeko Etxebizitzen Araudia onartzen duen uztailaren 24ko 2114/1968 Dekretuan ezarritakoaren arabera, babes ofizialeko etxebizitzak deskalifikatzeko espedieenteei dagokienez, dagokion eskaera aurkeztu eta hilabetera berariazko ebazpenik eman ez bada (beti ere, etxebizitza horiek urriaren 31ko 31/1978 Legegintzako Errege Dekretuaren aurretiko erregimenen babespekoak izan behar dute), espedientea onetsi egin dela ulertuko da".
Aztergai dugun kasuari dagokionez, deskalifikazioaren gaitzespena adierazten duen ebazpena 1999ko abuztuaren 18an eman zen; 1999ko urriaren 28ra arte ez zitzaion, ordea, horren berri eman interesaturi. Beraz, ezarritako hilabetea baino denbora gehiago igaro zen jakinarazpena egiteko. Horregatik guztiagatik, interesatuak aurkeztu duen gora jotzeko errekurtsoa eta bere etxebizitza deskalifikatzeko egin duen eskaera onartu egin behar dira.
Goian aipatutako legezko arauak, ezarpen orokorreko gainontzeko arauak zein gai honekin bat datozen bestelako arauak ikusirik, honakoa
EBATZI DUT:
ONESTEA Silvia Pérez-Yarza Esteban andreak Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren Bizkaiko Lurralde ordezkariaren ebazpenaren aurka aurkeztu zuen gora jotzeko errekurtsoa, eta Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak interesatuak duen etxebizitza hori (Bidebarrieta kalea, 10, 1. C, Getxo) deskalifika dezan agintzea.
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Donostia-San Sebastiango Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzietako Salan, interesdunak jakinarazpen hau jasotzen duen egunaren biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2000ko urtarrilaren 11.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza
eta Ingurugiro sailburua,
FRANCISCO JOSÉ ORMAZABAL ZAMAKONA.