146. zk., 2000ko abuztuaren 1a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Nekazaritza eta Arrantza Saila
3421
AGINDUA, 2000ko uztailaren 5ekoa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, lehorreko zein itsasoko natur inguruneari buruzko azterlanak eta jarduerak egiteko 2000 urterako dirulaguntzen banaketa arautzen duena.
Urtean urteko aginduaren bitartez, natur inguruneari buruzko azterlanak eta jarduerak egiteko laguntza hauetarako deialdia egin izan da, eta laguntza horiek gero eta harrera hobea izan dute iritsi diren esparruetan. Hori dela eta, aurkezturiko lanen kalitate eta interes publikoa handiagoa izan da edizio batetik bestera; eta hala, bada, natur ingurunearen kudeaketa hobetzen nabarmenki lagundu dute lan horiek, eta natur gertakariak ezagutu eta ikertzeko tresna erabilgarri eta beharrezkoak bilakatu dira.
Agindu hau natur ingurunearen ezagutza hobetzeko eta zabaltzeko bide eraginkor bilakatu ondoren, bi helburu gehiago lortu nahi dira 2000ko ekitalditik aurrera. Alde batetik, deialdi honetatik diru-laguntzarik jaso dezaketen proiektuak ahalik eta gehien lotzea Nekazaritza eta Arrantzarako I+Gren Euskal Plan Estrategikoak (1998-2000) definitu dituen natur ingurunearen alorrei. Bestetik, hemen arautzen diren laguntzak eskatzen dituztenei bultzada ematea beraien proiektuak elkarlanean egin ditzaten, natur ingurunearen alorreko ikerketan eta kudeaketan esperientzia aitortua duten erkidegoko zentroekin batera, zertarako-eta aurrera eramandako proiektuak zehatzago izan daitezen erabilitako gaietan.
Esandakoaren arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2000. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu dituen abenduaren 29ko 4/1999 Legeak ezarritakoaren araberako gastu-gaikuntzan oinarrituta, eta maiatzaren 11ko 218/1999 Dekretuak xedatuarekin bat, aipatu dekretuak Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta egitekoena arautu baitu, honako hau
XEDATU DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Ondorengo proiektu hauek gauzatzeko dirulaguntzak ematea da xedapen honen helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko gea, basa-landaretza eta basa–fauna, lehorrekoa zein itsasokoa, hobeto ezagutu, artatu, babestu eta berreskuratzeko azterlanak eta lanak burutzea, Nekazaritza eta Arrantzarako I+Gren Euskal Plan Estrategikoak (1998-2000) natur ingurunearen barruan lehentasunezkotzat hartutako ildo eta arloen barruan (Agindu honen I. eranskinean jasota daude).
2.– Natur ingurunearen eremuan duten garrantzia dela-eta, interes berezikotzat joko dira hurrengo jarduera-ildoak:
a) Uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuak onetsitako Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskal Autonomia Erkidegoko Zerrendaren barruan dauden basa espezieen errolda, banaketa eta egungo egoera xede duten ikerketa-proiektuak.
Proiektu-mota honen barruan ez dira sartuko galtzeko arriskuan dauden espezieak, kudeaketa-tresna bereziak dituzte eta.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Naturgune Babestuen Sarean kokaturik dauden fauna edo landarediko basa espezieen, lehorrekoen zein itsasokoen, populazioen ikerketa-proiektuak.
c) Naturgune Babestuen Sarean egiten diren edo egingo diren jarduera sozioekonomikoek naturgune babestuen barruko fauna edo landarediko basa espezieen populazioetan eta haien habitatetan izan dezaketen eraginak edo ondorioak aztertzeko proiektuak.
Bigarrena.– Finantzaketa.
Aipatu helbururako 20.000.000 PTA (120.202,42 euro) erabiliko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera, edo bestela, agindu honen lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin bat egindako kreditu-eguneratzetik ateratzen denaren arabera
Hirugarrena.– Onuradunak.
Ondorengo hauek dira dirulaguntza eskatu nahi duten elkarte edo elkargoek bete behar dituzten eskakizunak:
a) Elkartearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) Elkartea legearen arabera eraturik egotea.
c) Irabazasmorik ez izatea.
d) Elkartearen xedeek, batik bat, natur ingurunearen azterketa, defentsa eta artapenarekin zerikusia izatea.
Laugarrena.– Laguntzen izaera eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez-itzultzekoak izango dira eta, zehazki, ondoko sail hauek subentzionatzeko izango dira:
a) Azterlanaren burutzapenari loturiko lan-kontratuko langileriaren gastuak. Halaber, zerbitzuen errentamendu izeneko kontratu mota daukan langileriaren gastuak ere ordainduko dira, beti ere elkartearekin sozietate-harremana daukaten profesionalen alde egiten bada. Alderdi honi dagokionez, ez da aintzat hartuko ordainsariaren inolako gehikuntzarik, abenduaren 29ko 4/1999 Legean Euskal Administrazio Publikoko langileentzat gehinezko limite bezala ezartzen denetik gora. (2000rako %2).
b) Joan-etorri, mantenu eta ostaturako gastuak, beti ere, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritako muga unitarioen barruan.
c) Proiektua gauzatzeko behar den materiala eskuratzeko gastuak.
d) Proiektua gauzatzeko behar diren ekipamendu-ondasunak eskuratzeko gastuak.
e) Agindu honetan aipatu proiektuak burutzeko propio egindako beste gastu batzuk, proiektutik kanpo erabilgarritasunik ez dutenean, behar bezala justifikaturik daudenean, eta guztizkoaren %10 baino gehiago ez direnean.
2.– Laguntzen zenbatekoa, iritsi ere, aurkezturiko proiektuari onartu zaion aurrekontuen % 100eraino irits daiteke.
Bosgarrena.– Eskabideen aurkezpena eta erantsi beharreko dokumentazioa.
1.– Agindu honetan arautautako laguntzak lortu nahi izanez gero, onuradun izaera dutenek agindu honen II. eranskineko eskabidea behar bezala bete eta eranskin berean esaten diren agiriak aurkeztu behar dituzte, hurrengo helbidean aurkeztu ere:
«Natur ingurunerako diru-laguntzak - 2000».
Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketa Zuzendaritza.
Nekazaritza eta Arrantza Saila.
Eusko Jaurlaritza.
Donostia kalea, 1
01010 Vitoria-Gasteiz.
Eskabidea helbide horretara zuzenean aurkeztuko da, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako bideetarik edozeinetaz baliatuz.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
3.– Eskabidea eta eskatutako gainerako dokumentazioa aztertu, eta akatsik edo zehazgabetasunik antzemanez gero, eskatzaileari hala jakinaraziko zaio, eta 10 egun balioduneko epea emango hutsa zuzentzeko, dagokion jakinarazpena hartu eta biharamunetik hasita. Era berean, jakinaraziko zaio, ezen aipaturiko epe hori hutsa zuzendu gabe igaroz gero, eskatzaileak atzera egin duela ulertuko dela, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeak ebazpena eman ondoren, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarri duenaren ildotik.
4.– Edonola ere, Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketa Zuzendaritzak (deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea baitagokio) egoki edo beharrezkotzat jotako dokumentazio edo/eta informazio osagarria eska diezaioke eskabide-egileari, hark aurkeztutako eskaria behar bezala ulertu eta ebaluatu ahal izateko.
Seigarrena.– Ebaluazioa.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lehiaketaren bitartez emango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.4 artikuluaren arabera.
2.– Balioespen-batzordea eratuko da. Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketako zuzendariak eta hark berariaz izendaturiko bi teknikarik osatuko dute batzordea. Horietako bat Neiker, A.B.ko Nekazaritza eta Arrantzako Zientzia eta Teknologiaren Unitate Estrategikoko kide izango da. Batzorde horren zereginak izango dira aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, eta ebazpen-proposamena egitea.
3.– Ebazluazioa egiten ari dela, balioespen-batzordeak proiektuetan aldaketak sartzeko aholkua eman diezaieke eskatzaileei, Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketako Zuzendaritzak natur ingurunea artatu, babestu eta berreskuratzeko gaietan ezarritako helburuei hobeto egokitzearren proiektuok.
4.– Balioespen-batzordeak, bidezko ikusten dituen jarduerak ofizioz burutu ondoren, eta ezarri diren eskakizunak betetzen dituzten proiektuak balioetsi ondoren, ebazpen-proposamena egingo du idatziz, eta laguntza eman behar duen organoari helaraziko dio; hain zuzen ere, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeari.
Zazpigarrena.– Balioespenerako irizpideak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuei buruzko ebazpen-proposamena egin, eta dagokien laguntzaren zenbatekoa zehazteko, irizpide orokor hauek hartuko dira kontutan:
a) aurkezturiko proiektua nola egokitzen zaien Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Nekazaritza eta Arrantzarako I+Gren Euskal Plan Estrategikoak (1998-2000) natur ingurunearen barruan lehentasunezkotzat hartutako ildo eta arloei,
b) agindu honen lehen puntuaren bigarren paragrafoan interes berezikotzat jotako proiektu-multzoei nola egokitzen zaien,
c) proiektuaren kalitate edo interes zientifikoa,
d) metodologia berrien aplikazioa,
e) proposamena egiten duten lantaldeen gaitasun eta esperientzia tekniko eta zientifikoa,
f) azterlanaren emaitzek natur ingurunearen ezagutza, artapen, babes eta lehengoratzeari ekar diezazkioketen abantailak,
g) natur ingurunearen alorreko ikerketan eta/edo kudeaketan esperientzia aitortua duen Euskal Autonomia Erkidegoko zentroren batekiko lankidetza.
2.– Aipaturiko irizpideok banan-banan baloratuko dira, eta, gehienez, 5 puntu emango zaizkio bakoitzari.
Zortzigarrena.– Ebazpena.
1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren, balioespen-batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusita, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeak ebazpen bat emango du, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik bertatik kontatzen hasi eta hiru hilabeteko epearen barruan. Aipatutako epea igaro eta eskabideari buruzko beren beregiko ebazpena eman ezik, delako eskabide hori gaitzetsi egin dela ulertuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz; betiere, lege berak Administrazioari ezarri dion ebazteko beharraren kaltetan gabe.
2.– Balioespen-batzordearen proposamena loteslea ez bada ere, bekak emateko ebazpena proposamenetik aldentzen bada, erabaki horren arrazoiak azaldu beharko dira.
3.– Esleipen-ebazpena, bestetik, interesatu bakoitzari jakinaraziko zaio, eta bertan kontu hauek zehaztuko dira:
– emandako diru kopurua,
– zertarako erabili behar den dirulaguntza,
– burutzeko epea, eta
– ordainketak egiteko epeak.
4.– Laguntza emateko ebazpena onuradun bakoitzari jakinarazi behar zaio. Hala ere, Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketako zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta publizitate ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen babespean onuradun atera diren elkarte edo elkargoen zerrenda eta emandako dirulaguntzen guztizko kopurua.
5.– Puntu honen lehen paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honetako bosgarren puntuaren 3. paragrafoan ezarritakoa aplikatu beharko balitz, ebazpena emateko epea eten egingo da esandako izapideak dirauen bitartean, jakinarazpena jaso eta erantzuna emateko epearen arabera.
6.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea berariazko ebazpenik eman gabe igaroz gero, interesatuek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Bederatzigarrena.– Laguntzaren onespena.
1.– Onuradunak, laguntza eman zaiolako jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epearen barruan, laguntza onartu duela gaztigatzen duen dokumentua bidali beharko du Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketako Zuzendaritzara. Dokumentu horretan hauexek aipatuko ditu: proiektuaren izena, eman zaion laguntzaren zenbatekoa eta proiektua egiteko epea.
Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan bidaltzen ez bada, laguntzari uko egin zaiola ulertuko da, eta, ondorioz, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aldarrikatu.
2.– Onuradunak diru-laguntza onartzeak hauxe esan nahi du: agindu honetan eta dagokion ebazpenean ezarritako baldintzak onartzen direla. Halaber, onuradunak bere gain hartuko ditu, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2. artikuluan ezarritako betebeharrak, eta, bereziki, Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak —beren eginkizunak betetzeko— programa honen konturako laguntzei buruz eskatzen dituzten argibide guztiak emateko betebeharra.
Hamargarrena.– Burutzeko epeak.
1.– Diruz lagundutako jarduerak 2000ko ekitaldian egingo dira.
2.– Diruz lagundutako jarduerak hasita egon daitezke agindu hau indarrean sartzen denean, baina, betiere, aipatu ekitaldirako programaziorako onartu den programazioari badagozkio.
3.– Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketako zuzendariak, zio eta guztiko eskaria egiten badiote, jarduerak egiteko epea luzatzea erabaki dezake. Luzapenak, edonola ere, ez du 2001eko abenduaren 31 gaindituko.
Bukatzeko aurreikusitako eguna baino gutxienez hilabete lehenago eskatu beharko da burutzeko epearen luzapena. Luzapena emateak dagokion laguntzaren ordainketa atzeratzea ekarriko du.
Hamaikagarrena.– Dirulaguntzaren ordainketa.
1.– Emandako diru kopuruaren ordainketa honela gauzatuko da:
a) %30a, bederatzigarren puntuan aipaturiko epea amaitu ondoren.
b) Gainerakoa, proiektua guztiz burututakoan.
2.– Aurreko lerroaldeko b) idazatian aipatutakoa ordain dadin, hainbat agiri aurkeztu behar dira Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketa Zuzendaritzara, proiektua burutzeko epea amaitu eta hamar eguneko epearen barruan. Hona hemen agiriok:
– egindako gastuak frogatzen dituzten faktura edo agiriak;
– lana burutzeko egin diren jardueren amaierako oroit-idazkiaren bi kopia.
Hamabigarrena.– Gastuen justifikazioa.
Aurreko puntuan ezarritakoari jarraituz, diruz lagundua izan den proiektua burutzeko egin diren gastu guztiak justifikatu beharko dizkio elkarteak edo elkargoak Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketa Zuzendaritzari, eta, horretarako, honako agiri hauek aurkeztuko ditu:
a) Langileri gastuak finantzatzen badira, kontratuaren kopia erkatuaz gain, azterlanetan edo ekintzetan lan egin duten pertsonen nominen kopia erkatua aurkeztu behar da, langileek sinaturik. Halaber, Gizarte Segurantzari ordaindutakoaren ziurtagiriak eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren bidez Foru Ogasunak atxikitako kopuruaren agiria aurkeztuko dira.
Zerbitzu errentamendua baldin bada, behar bezalako fakturaz gain, honakoa aurkeztuko da:
– Ekonomi jardueren gaineko zergaren altaren kopia, eta, ordainketei dagokienez, interesatua egunean dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
– Ogasunarekiko zerga-betebeharrei dagokienez, interesatua egunean dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
– Gizarte Segurantzaren autonomoen araubideko altaren ziurtagiria, eta, ordainketei dagokienez, interesatua egunean dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
b) Dagokionez, natur ingurunearen ikerketa edo/eta kudeaketa zentroak elkarteari edo elkargoari emandako faktura, aipatu zentroak proiektua lantzen emandako lankidetzak eragindako gastuei buruzkoa. Agindu honetako laugarren puntuko lehen paragrafoan ezarritako partidak zehaztuko dira faktura horretan.
c) Jatorrizko fakturak, edo Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketa Zuzendaritzan erkaturiko fotokopiak. Faktura horiek, izan ere, laguntza jaso duen azterlana edo jarduera burutzen egindako gainerako gastuei buruzkoak izango dira, eta onetsitako kontzeptuen araberakoak.
Hamahirugarrena.– Jardueraren aldaketak.
1.– Proiektua burutzerakoan gertatzen diren funtsezko aldaketa guztien berri eman beharko du onuradunak.
Proiektua aldatzeko eskabideak salbuespena izango dira, ongi justifikaturik egongo dira, eta aldaketarako bide ematen duten zergatiak gertatu eta berehala egingo dira.
2.– Laguntzak itzultzeko arautegian ezarritakoaren kaltetan jo gabe, eta puntu honetan aurreikusitakoaren arabera, laguntzaren zenbatekoa, edukia eta baldintzak aldatu ahal izango dira, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuaren beste ebazpen baten bidez.
Hamalaugarrena.– Bateragarritasunak.
1.– Hemen araututako laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein Herri Administraziok edota beste edozein organismo edo erakunde publiko zein pribatuk emandakoekin. Edonola ere, Agindu honen ondorioz emandako dirulaguntza, beharrezkoa izanez gero, dagokion neurrian gutxituko da, laguntza guztien zenbateko osoa aurkeztutako aurrekontuaren %100etik gorakoa izan ez dadin.
2.– Arau honen bitartez laguntza jaso duen onuradunak helburu bereko beste laguntzarik eskuratuz gero, haren berri emango dio aipatutako zuzendaritzari.
Hamabosgarrena.– Jarraipena eta kontrola.
1.– Onuradun suertatzen den elkarte edo elkargoak nahitaez onartu beharko ditu Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketa Zuzendaritzak dirulaguntzaren aplikazioa egiaztatu, jarraitu eta ikuskatzeko egingo dituen ekintza guztiak.
2.– Jarraipena honela egingo da: aldiro-aldiro txostenak eskatuz, eta aipatu zuzendaritzako teknikariek egindako ikuskapenaren bitartez.
Hamaseigarrena.– Argitalpena.
1.– Agindu honetan xedatutakoari jarraiki, dirulaguntza jaso duten azterlanak edo jarduerei buruzko txostenak argitaratzeko eskubidea bere egiten du Nekazaritza eta Arrantza Sailak, lana entregatu den egunetik kontatzen hasi eta urtebeteko eperako.
Argitalpen hori gauzatuz gero, lehenengo edizioa ustiatzeko eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarenak izango dira, eta subentzionatutako egileak konpromezua hartuko du eskubide horiek Administrazioari doan eskualdatzeko.
2.– Aurreko paragrafoan zehaztutakoaren kalterik gabe, laguntzaren onuradunak agerian jarriko ditu Sailak agindutako ezaugarriak, bai erabiltzen den material inprimatu guztian, bai subentzionatutako azterlanen eta jardueren hedapenerako egiten diren ekintzetan.
Hamazazpigarrena.– Ez betetzeak
1.– Ondorengoak izango dira ez betetzeak:
– Jasotako laguntzak agindu honetan zehazten ez diren helburuetan erabiltzea osorik edo zati batean.
– Agindu honetan edo laguntza emango duen ebazpenean zehaztutako obligazioak ez betetzea.
– Laguntza kitatzeko ebazpenean kopururen bat itzultzeko eskatzen baldin bada, halakorik ez egitea horretarako ezarritako epearen barruan.
– Aurkeztu den proiektua guztiz edo zati batean aldatzea, Natur Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketako Zuzendaritzak halakorik onartu gabe.
– Beste xedapenen batean orokorrean ezarrita dagokeen beste edozein obligazio ez betetzea.
2.– Laguntza ematea eragin zuen baldintzetakoren bat ez dela bete egiaztatzen baldin bada, eskuratutako kopuruak eta kopuru horiek legezko interesengatik sortuko lituzketenak itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari; hori guztia azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak esaten duten baldintzetan egin beharko da.
3.– Ez betetzeek eragindako espedienteak Nekazaritza eta Landa-Garapeneko sailburuordeak izapidetu eta ebatziko ditu, 698/1991 Dekretuan xedatutakoaz bat.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Deialdi honen kontura eman beharreko laguntzen guztirakoak ezin gaindituko du agindu honetako bigarren puntuan jarritako kopurua, edo kopuru hori eguneratuz, indarreko legeriaren araberako aurrekontu-aldaketen bitartez eguneratu ere, ateratzen dena.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honen aurka, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritza eta Arrantza sailburuari hilabeteko epearen barruan, agindu hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epearen barruan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita
Bigarrena.– Honako Agindu honetan aurreikusten ez den guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
Hirugarrena.– Honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2000ko uztailaren 5a.
Nekazaritza eta Arrantza sailburua,
IÑAKI GERENABARRENA MARTINEZ DE LAHIDALGA.
I.ERANSKINA
NEKAZARITZA ETA ARRANTZARAKO I+G-REN EUSKAL PLAN ESTRATEGIKOAK (1998-2001) NATUR INGURUNEAREN BARRUAN LEHENTASUNEZKOTZAT HARTUTAKO ILDO ETA ARLOAK
NATURAREN PROGRAMA SEKTORIALA
I. ARLOA: FAUNA ETA LANDAREDIA
I.1 ildoa: landaredia eta fauna ezagutzea
I.2 ildoa: intereseko espezieen karakterizazio genetikoa.
II. ARLOA: NATURGUNEEN KONTSERBAZIOA
II.1 ildoa: aisialdiko jarduerak.
II.2 ildoa: lurraldearen iragazkortze ekologikoa.
II.3 ildoa: natur arriskuei antzematea.
III. ARLOA: LURRALDEA ANTOLATZEKO ETA KUDEATZEKO TEKNIKAK
III.1 ildoa: Balio agrologikoa eta kalitatea.
III.2 ildoa: Mendialdeen karakterizazioa.
IV. ARLOA: NATUR BALIABIDEEN EKONOMIA
ITSAS INGURUNEAREN PROGRAMA SEKTORIALA
I. ARLOA: OZEANOGRAFIA ETA ITSAS EKOLOGIA
I.1 ildoa: ingurumenaren eragina populazioen parametro biologikoen aldagarritasunean.
I.2 ildoa: erauzteko jarduerek ekosistemari eragiten dizkiotenak.
I.3 ildoa: ingurumenaren eta arrantzaren ekoizkortasunaren arteko erlazioa.
II. ARLOA: ITSAS INGURUNEAREN KONTSERBAZIOA
II.1 ildoa: baliabideen ebaluazioa.
II.2 ildoa: komunitate naturalen azterketa.
II. ERANSKINA
ESKABIDE EREDUA
(Ikus .PDF)