Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2000ko abuztuaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3420

EBAZPENA, 2000ko ekainaren 30ekoa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Segurako Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz sailkatzeko eta hura zaintzeko Babes-Erregimena onartzeko zen otsailaren 6ko 30/1996 Dekretua aldatzeko hasitako espedientea berriz jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epeari hasiera emateko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Segurako Hirigune Historikoaren interes kulturala ikusirik, Jaurlaritzaren Kontseiluak otsailaren 6ko 30/1996 Dekretua onetsi zuen, Segurako Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz sailkatzeko eta hura zaintzeko Babes-Erregimena onartuz.

Aurrekoa horrela izanik ere, espediente mota hauek izapidetu eta idazteko orduan egun lortutako hobekuntza eta garapen maila dela eta, aurreko paragrafoan aipatutako 30/1996 Dekretua aldatu beharra ikusi zen. Ondorioz, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 1999ko apirilaren 19ko Ebazpenaren bitartez Segurako Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz sailkatzeko eta hura zaintzeko Babes-Erregimena onartzeko zen otsailaren 6ko 30/1996 Dekretua aldatzeko espedienteari eman zitzaion hasiera.

Aipatu aldaketa-espedientearen izapidetzan, berridatzitako Babes-Araubidearen testua eta zerrendak puntu batzuetan egokitu beharra ikusi zen, hau berriz ere argitaratzea gomendagarria izanik babes espedienteentzat ezarritako legezko prozedura jarraitzearren. Zehazki, III. kapituluan sail berri bat sartu da, bigarren saila, Monumentu Multzoaren Babes Eremua arautuko duena; babes araubideko 8. artikulua eta bere 3., 4. eta 8. zerrendak moldatu dira; babes partzialeko zerrenda zuzendu da, eta Gebara eta Arrua jauregien fatxada nagusiak ezezik, beste guztiak ere sartu dira; Arrue jauregia garrantzi bereziko elementutzat jo da eta 5. zerrendan dagoen errakuntza zuzendu da, «Telefónica eraikuntza»-ren ordez «Postetxea» agertzen baita.

Babes-araubide honen egokitze lanak burutu ondoren eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako Ebazpen-proposamena ikusirik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehena.– Segurako Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz sailkatzeko eta hura zaintzeko Babes-Erregimena onartzeko zen otsailaren 6ko 30/1996 Dekretua aldatzeko hasitako espedientea berriz jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, Babes Araubide berri gisa III. Eranskinean agertzen dena ezarriz. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/92 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Bigarrena.– Interesdunei, Segurako Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz sailkatzeko eta hura zaintzeko Babes-Erregimena onartzeko zen otsailaren 6ko 30/1996 Dekretua aldatzeko hasitako espedientearen babes-araubide berria jakinaraztea, jakinarazpena jasotako egunaren biharamunetik hasi eta 15 eguneko epean beren eskubideak defendatzeko egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta dokumentuak aurkez ditzaten.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Segurako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko ekainaren 30a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

IMANOL AGOTE ALBERRO.

I. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Segura Gipuzkoako hiri bat da, Goierrin, Oriaren haraneko buruan dagoena. Alfontso X.ak sortu zuen, 1256an, Gasteizko Forua emanez. Hiri berria muino baten gainean eraiki zen, ibaiaren eskuinaldean, gotorlekua egiteko aproposeko lekuan. Kokapen hori oso komenigarria zen estrategiaren aldetik, Nafarroako erreinuaren mugan, oso ondo komunikatuta baitzegoen, Gipuzkoarako bide nagusiaren ertzean hain zuzen ere. Bide hori Arabatik zetorren eta iparralderantz zihoan, San Adrian tuneletik. Dagoen lekuagatik, Segura asko hazi zen Berant Erdi Aroan, eta hori erraz antzematen da hirigunea noraino zabaldu zen ikusita (3,4 hektareatara iritsi zen).

Ondoren, XVI. mendetik aurrera, hiria bere garrantzia galtzen hasi zen, muga lekuz aldatzeagatik eta, batez ere, San Adrian errepidea apurka-apurka baztertuta geratzeagatik, Leintz haraneko bidea nagusitzen hasi zenean. Horixe izan zen XVIII. mendean kotxeen errepidea egiteko aukeratu zena. Etxegarateko atea egin zenean, Segura komunikabide nagusietatik baztertuta geratu zen eta merkataritza-hiriaren izaera galdu zuen.

Hiri zaharrak kalitate historiko handia dauka, bai eraikinen motengatik bai horiek bilbatzen diren moduarengatik. Planoak Erdi Aroko hirigintza-ezaugarriak mantentzen ditu: triangelu-itxurako antolaketa erregularra, iparraldetik sartzeko kale bakarra (Kale Nagusia), eta hortik ateratzen den beste kale bat, Unzurrunzaga. Hori bitan banatzen da, Lardizabal eta Zurbano kaleetan alegia. Kale Nagusia eta Zurbano eta Lardizabal kaleak paraleloak dira eta hiri zaharreko hegoaldean daude. Bi kantoi (Zerain eta Oxinakoak) kale horien perpendikularrean daude, eta zeharkako bideak osatzen dituzte. Hiriko errebala batez ere iparraldean garatu zen, bide zaharraren alboetan.

Hiria harresiz inguratuta egon zen garai batean, eta bost ate zituen. Horien artean nagusi ziren Behekoa (iparraldean) eta Goiko edo Gaztelako Ataria (hegoaldean). Bien bitartean errepidea zegoen, gaurko Kale Nagusian. Beste ateak Zeraingoa (Zubihaundikoa) eta Oxinakoa (Nafarroakoa) ziren, Zerain kantoiko sarreretan zeudenak, eta Oxinakoa, izen berbereko kantoiaren ekialdeko muturrean zegoena. Hiri zaharraren inguruetan, mendebaldean, dagoen parrokia-eliza hiriko harresiaren zati bat zen. Gaur egun ez dago harresirik, baina kantoietako hiru atariak kontserbatu dira, baita hormaren zati batzuk ere, gune batzuetan.

Hiri zaharraren barrualdeko etxaldeak bikoitzak dira, eta dagokien karkaba kontserbatu da. Ertzetako etxaldeak, ordea, bakunak dira. Orubeetako batzuk estuak eta sakonak dira, gotiko berantiarrean bezalaxe, baina sute ugarien eragina ere sumatzen da bertan, horiek izan ondoren eraiki ziren etxeetan. Bestalde, populazioa oso astiro hazten zenez, esparru zabalagoak sortu ziren, hala nola Oxina kantoian dagoen San Juan plaza. Hori 1645eko sute handiaren ondoren egin zen, etxalde oso bat desagertzean gelditutako orubeak udalaren esku geratzean.

Eraikinak mota anitzekoak dira, baina batez ere mehelina duten etxeak daude, bi edo hiru solairukoak. Aniztasunak arkitekturaren bilakaera islatzen du: badaude hiriko etxe tradizionalak, 1645eko sutearen ondoren egindako etxe klasizistak (barrokoak), Errenazimentu eta Barrokoko jauregiak eta neoklasizismo eta eklektizismoko adibideren bat.

Hiriko etxe tradizionalak ugari dira. Lursail sakonetan egindako eraikinak dira, zeharkako bi hormarte dituztenak. Suhesi bat daukate mehelin moduan. Fatxadetan bilbadura daukate eta solairuak hegalkinean eginda daude. Kale Nagusiko 12an dagoena, Ardixarra, azpimarratzeko da, horixe baita, agian, Segurako hiri zaharreko etxerik zaharrena. Barroko klasizista ere leku askotan sumatzen da: estilo horretako eraikinak soilak dira, hiriko etxearen eta jauregiaren arteko erdibide bat. Beren fatxadak harlanduzkoak izaten dira, arku itxurako portadekin. Horietako batzuen lursailak Erdi Aroko neurrikoak dira; beste batzuen orubeak zabalagoak dira, Kale Nagusiaren hasierako Balantzegi etxea esaterako, eta horietako batzuk eraikin askeak dira (Ondarra, Latinetxe). Jauregi izeneko jauregiaren estiloa ere barrokoa da, baina ornamendu gehiagorekin. Neoklasiko herrikoiari dagokionez, adibideak San Juan plazan eta, batez ere, errebalean ditugu. Eraikin horiek diskretuak dira eta erraz egokitzen zaizkio hiri zaharrari. Eklektizismo historizistaren adierazgarri nagusia Zurbano jauregia da, gaurko Kultura Etxea alegia. Estilo erromantikoaren adibideak ere badaude: Alustiza jauregia (Kale Nagusiaren bukaeran) eta Arrietaenea etxea (Unzurrunzaga kalean).

Eraikin bitxien artean, Gebara jauregia aipatuko dugu, Zerain atearen kantoiaren izkinan dagoena. Oso aldaketa handiak jasan ditu, baina motaren aldetik ikusita ez dauka parekorik Gipuzkoa osoan. Gainera, Segurako eraikin bitxirik zaharrena da. Goiko Atearen ondoan dagoen Arrue jauregiak (Sandonen etxeak) ere aldaketa handiak izan ditu, baina lehenengo jauregiaren ezaugarri mudejarrak kontserbatu ditu. Kontuan izan behar da arkitektura-mota hori Gipuzkoan oso urria dela. Motaren aldetik, Lardizabal jauregia (gaur udaletxea) ere oso interesgarria da. Kalitate handiko hiri-jauregi bat da, barroko klasizistakoa. Isurialde atlantikoaren kostaldean hain urriak diren jauregi patiodunetako bat da.

Santa Isabel komentua (kontzepzionistena gure garaian) barrokoko komentu-arkitekturaren adibide on bat da. Hiri zaharreko harresietatik kanpo dago, alde zaharraren hegoaldean. Parrokia-eliza euskal Errenazimentuko eraikuntza bikain bat da, Gipuzkoako arkitektura erlijiosoan guztiz azpimarragarria.

II. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren justifikazioa.

Segurako Hirigune Historikorako zehaztutako monumentu-multzoaren mugaketak hiribilduko harresi zaharraren trazaduraren barruko gunea eta bi zabalgune historikoak barne hartzen ditu: Zurbano jauregitik banandutako lurrek eta komentuak osatzen duten multzoa -hegoaldean- eta iparraldeko errebala. Halaber, hiribildua asentatuta dagoen muinoaren ekialde eta mendebalderanzko mendi-hegalak babes-inguru gisa barne hartzen dira mugaketan.

Horrenbestez, hauexek dira monumentu-multzoaren mugak: iparraldean, Undaria baserrirako sarbidea eta Beasaindiko sarbide-errepiderainoko luzapena; errepide honen ekialdeko ertza, Kale Nagusiko sarreraraino, eta ekialdeko mendi-hegalaren aldapa handieneko lerroa, puntu horretatik hartuta. Ekialdean, asentamendu-muinoaren mendi-hegaleko auzo-bidea. Hegoaldean, ekialdeko mendi-hegalaren aldapa handieneko lerroa, Lardizabal kaleko 13 zenbakiko atzeko fatxadaren parean; erronda-bidea; Lardizabal kaleko 15 eta 17 zenbakien atzealdeak, Arrue etxea eta aldameneko pabilioia barne; Ama Frantziskotarren komentuaren kanpoko perimetroa; komentuaren fatxada nagusiaren parean dagoen espazio librearen hegoaldeko ertza, Zegamako errepideraino; eta mendebaldeko mendi-hegalaren aldapa handieneko lerroa, Alustiza etxearen menpeko lurren hegoaldeko ertzetik Oria ibairaino. Mendebaldean, Oria ibaiaren mendebaldeko ertza.

b) Mugaketa

Segurako Hirigune Historikoaren mugaketa grafikoa Eranskin honetako irudian agertzen dena da.

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA
BABES-ERREGIMENA
I. KAPITULUA: BABES-ERREGIMENAREN IZAERA

1. artikulua.– Babes-erregimenaren helburua.

Babes-erregimen hau Segurako Hirigune Historikoa sailkatutako monumentu-multzo izendatzearen alderdi bat da eta, horrenbestez, kalifikazioaren eraginpean dauden ondasunen kontserbazioa bere menpe jarri beharko da eta hirigintza-plangintzako tresnek bere estipulazioak bete beharko dituzte.

2. artikulua.– Aplikazio-esparrua.

Jarraian finkatzen den babes-erregimena Segurako Hirigune Historikoaren mugaketan barne hartutako higiezin eta espazio guztietan aplikatzekoa izango da.

II. KAPITULUA: ERREGIMEN OROKORRA

3. artikulua.– Edukia.

1.– Testu honen edukiak ordezkatu egiten du Segurako Hirigune Historikoa sailkatutako Kultura Ondasuntzat aitortu zenean ezarritakoa eta babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintzak nahiz etorkizunean egin litezkeen plangintza horren berrikuspenek ondarea babesteari dagokionez bete beharko dituzten baldintza orokorrak finkatzen ditu.

2.– Babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintzak babestutako elementu desberdinen babes-mailak zehazten dituzten zerrendak aldatzeko proposamena egin ahal izango du, elementuak babesteko erregimenak ezarritakoaz bestelako babes-maila baten menpe jartzeko komenientzia motibatzen duten arrazoiak justifikatuz.

3.– Kultura Sailak hirigintza-plangintzako tresnen aldeko txostena eman behar du eta, hala badagokio, proposamena ikusita, sailkatutako Monumentu Multzoa babesteko erregimena aldatzeko dagokion espedientea hasiko du.

4. artikulua.– Garapeneko hirigintza-plangintza.

1.– Babes-erregimen honetan barne hartutako ondasunei aplika dakiekeen hirigintza-plangintzak Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 28.1. artikuluak aipatzen duen txostena beharko du. Txosten honetan edozein esku-hartzeren harmonizazio-maila barne hartuko da, oin berriko eraikuntzak barne.

2.– Babes-erregimen hau garatuko duten hirigintza-tresnak onartzen ez diren bitartean, goian aipatutako Legeko 28.2. artikulua zorrozki bete beharrekoa izango da.

5. artikulua.– Agindu orokorrak.

1.– Espazio publikoetan burutu beharreko jarduera orok espazio horien izaera eta egitura indartuko du eta, halaber, hiri-altzariak multzo osoaren ingurune-izaerarekin integratu eta harmonizatuko ditu.

2.– Babes-erregimen honen babes-mailetan barne hartutako eraikin guztiek, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zigor, arau-hauste eta gainerako alderdiei dagokienez, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean aurreikusitakoa bete beharko dute.

3.– Babes-erregimen honek aipatzen dituen birgaitzeko esku-hartze motak Ondare urbanizatua birgaitzeko jarduera babestuei buruzko uztailaren 30eko 214/1996 Dekretuan garatutakoak dira.

4.– Monumentuen kategoriarekin sailkatutako kultura-ondasuntzat aitortuta dauden edo etorkizunean halakotzat jotzen diren higiezin eta elementuei, horren ondorioz babes-erregimen xehatua ezarrita dutenei, erregimen hori aplikatuko zaie eta araudi hau osagarri gisa aplikatzekoa izango da.

5.– Babes-erregimen honen eraginpean dauden ondasunen jabeek Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 20 eta 35. artikuluek eta Lurzoruaren 6/1998 Legeko 19. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.

6. artikulua.– Lursailen zatiketak.

1.– Erdi Aroko Hirigune Historikoaren eta geroztik egindako zabalkuntzen egituraketa berezia kontuan izanik eta bere baldintza morfologikoak babestu ahal izateko, lursailen egungo zatiketa bere horretan utziko da orokorrean, horrela iraunaraztea berez baloratzeko modukotzat jotzen baita.

2.– Lursailaren forma eta tamainari eusteko baldintza zorrozki bete beharrekoa izango da Babes Morfologikoaren mailako elementuen kasuan. Gainerako babes-mailetan zilegi izango da lursailak bereiztea, Hirigune Historikoaren ezaugarriei hobeto egokitzen zaizkien eskala-baldintzak mantentzearren edota lursailen zatiketen jatorrizko zentzua berreskuratzearren (orientazio bikoitzeko lote angeluzuzenak), baina inolaz ere ez lursailak bereizteak adierazitako lotizazio-irizpidearen kontrako egoerak dakartzanean. Lursailak bateratzeko kasuak, bestalde, babes-erregimen honetako V. kapituluan espresuki jasotakoak izango dira.

7. artikulua.– Esku-hartze proiektuak.

Babes bereziko, ertaineko edo oinarrizko mailetan barne hartutako edozein eraikinetan burutzen diren esku-hartze proiektuek egungo egoeraren dokumentazio grafiko zehatza bilduko dute, 1/50 eskalan oin, fatxada eta sekzioetarako, arkitektura-xehetasunak 1/20 eskalan adieraziz, eta dokumentazio fotografiko osoa, planoak eta abar bilduko dituzte proposatzen den esku-hartzea baliozkoa dela frogatzeko.

8. artikulua.– Eraikuntzak eraberritu eta ordezkatzeko obrak.

Hirigune Historikoaren barruko eraikuntzak eraberritu eta ordezkatzeko obretan bete beharreko baldintzak finkatzen dituen hirigintza-plangintza onartzen ez den bitartean, bereziki egungo okupazioa irregularra edo zatikatua den kasuetan, ezin izango da lursail desberdinen antolaera bolumetrikoan aldaketarik egin, eta mota honetako jarduerek honako irizpide hauek bete beharko dituzte:

a) Estalkiak bi isurkikoak izango dira eta gailurra fatxada nagusiarekiko paralelo egongo da, kasu berezietan izan ezik, hala nola kaleen elkargune diren eraikinak, hiri-jauregiak eta eraikin isolatu ospetsuak, eta abar.

b) Arkitekturako aurreizanaren teilategal eta gailurrerainoko altuerei eutsiko zaie, hauek Oinarrizko Babesekotzat jotzen diren higiezinenak gainditzen dituztenean izan ezik, altuera hauetara egokitu beharko dira-eta. Aurreizanaren altuerak txikiagoak badira, adierazitako eraikinen altueretara egokitu ahal izango dira.

c) Teilategalek, bai hegalkinean, bai ertzean, hirigunearen ingurune-balioaren adierazgarri direnen ezaugarriak beteko dituzte. Ez da inolaz ere 20 cm-tik gorako ertzik onartuko.

d) Fatxadaren kontzepzio laua errespetatuko da eta, horrenbestez, ez da hegalkin trinkorik egitea onartuko. Begiratokiak onartzen diren lekuetan, hau da, Zerkalde kalean eta Zerkaldean, hauen estalkia higiezinaren teilategaletik bereiz ezarriko da, argi eta garbi ikus dadin begiratokia fatxadari erantsitako elementua dela.

e) Debekatuta dago etxabeetan markesinak eta hegalkinak egitea.

f) Debekatuta dago tarteko oinak egitea.

g) Estalkietako faldoien planoetatik kanporatzen diren kasetoi eta bolumenen burutzapena mugatu egingo da, pertzepzioari dagokionez azken hauek lehendabizikoei nagusi dakizkien.

h) Hiriguneko konposizio-elementu bereizgarriak erabiliko dira:

– Baoak ardatz bertikaletan antolatuko dira.

– Fatxada-konposizioak berau osatzen duten elementu desberdinen irakurketa hierarkikoa ahalbidetuko du.

– Debekatuta dago begiratokiak egitea, d) idatz-zatian finkatutakoa izan ezik.

– Balkoi irtenen zorua ez da 15 cm-tik gorakoa izango, osatzen duen materiala dena dela ere.

– Balkoietan erabili ohi diren materialak erabiliko dira (zura eta metala) balkoietako babesak egiteko.

i) Fatxadak kalera eta kantoira begira dituzten higiezinetan tratamendu hierarkizatua emango zaie.

j) Arkitekturako aurreizana kontserbatu egingo da, hala badagokio bere zentzua berreskuratuz behe-oineko fatxada-aurrealdeetan, elementu hori silarriz eginda duten higiezin guztietan.

k) Higiezin batek kalera eta kantoira ematen duten fatxada-aurrealdeak baditu, komunikazio-gune bertikalerako sarbidea kalera ematen duen fatxada-aurrealdetik egingo da.

l) Fatxada-akaberak zarpeatuta edo entokatuta burutuko dira silarria ez den edozein fabrikaren kasuan edo harri-elementu adierazgarriak (ateburuak, leihoburuak, harkantoiak, eskantzuak eta abar) erabiliz beste edozein egoeratan. Behe-oinetan, fatxada-akaberak harrizkoak edo harri-iztukuzkoak izango dira eta higiezinaren zokaloa goiko oinek osatzen duten gorputzetik bereiz irakurtzea ahalbidetuko dute. Akabera leunduak debekatuta daude.

9. artikulua.– Aplikazio-esparrua.

Kapitulu honetako erregimen orokorra Segurako Hirigune Historikoa sailkatutako Monumentu Multzotzat jotzen duen mugaketan barne hartutako higiezin eta elementu guztiei aplikatuko zaie.

III. KAPITULUA: BABES-MAILAK
1. saila.– ALDEZ AURREKO GAIAK.

10. artikulua.– Sailkapena.

1.– Mugaketan barne hartutako ondarea jarraian adierazitako kategoria edo babes-mailetan sailkatuko da:

– Hiri-espazioak.

– Babes berezia.

– Babes ertaina.

– Oinarrizko babesa.

– Babes morfologikoa.

– Bat ez etortzea.

2.– Kokatuta dauden higiezinari dagokion babes-maila dena dela ere, erregimen honek babesten dituen eraikinak osatzen dituzten zati edo elementu jakin batzuk banan-banan baloratu ahal izango dira. Horretarako, babes partzialeko kategoria edo maila hauek ezartzen dira:

– Babes partziala.

– Partzialki bat ez etortzea.

11. artikulua.– Garrantzi bereziko elementuak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 12.1.e) artikuluan erabakitakoa betetzearen ondorioetarako, garrantzi bereziko elementutzat hartuko dira Babes bereziko elementuen zerrendan barne hartuta dauden higiezin guztiak eta Balenziaga, Jauregi, Zurbano, Alustiza, Lardizabal, Gebara eta Arrue jauregiak.

2. saila.– MONUMENTU MULTZOAREN BABES EREMUA.

12. artikulua.– Babesaren objektua.

Monumentu Multzoaren babes eremutzat Segurako Hiribildua kokatuta dagoen muinoaren hegalak hartuko dira. Hiribilduaren Monumentu Multzoa babestu eta azpimarratzearen funtzioa bete eta Segura defentsa herri moduan irakurtzea aizutzeak esparru hauei lehentasunezko balioa ematen die.

13. artikulua.– Zehaztapenak.

Monumentu Multzoaren babes eremuan bakar-bakarrik lurzoru ez-urbanizagarrikoak diren erabilera eta jarduerak baimenduko dira, bere balio eta iraupenarekin bat datozen heinean, eraikin berriak debekatuz orain kontsolidatuak direnak ezik. Kontsolidatutzat hartuko dira hiltegi zaharra, ekialdeko mendi-hegalean kokatua dagoena eta hirigunearen mugaren eta mendebaldeko mendi-hegalaren ibaiaren artean kokatutako baserria.

3. saila.– HIRI-ESPAZIOAK.

14. artikulua.– Babesaren xedea.

Babes-erregimen honen ondorioetarako, hiri-espaziotzat hartuko dira Hirigune Historikoaren hiri-egitura osatzen duten espazio eraiki gabeak, erabilera publikokoak nahiz bestelako erabilerakoak, hots:

– Kaleak eta kantoiak.

– Plaza eta parkeak.

– Patioak eta karkabak.

15. artikulua.– Garapeneko hirigintza-plangintzaren zehaztapenak.

1.– Hiri-espazioak Hirigune Historikoaren hiri-bilbea osatzen duten elementu bereziki baliagarriak direnez gero, plangintzak horiek kontserbatzeko beharrezkoak diren neurriak ezarri beharko ditu. Horretarako, dokumentu honetako 4. artikuluan adierazitako txostena egin beharko da.

2.– Babes-erregimen honetan barne hartutako hiri-espazio guztiek banan-banan bete beharko dituzten baldintza zehatzak finkatu beharko ditu plangintzak, erregimen honetan azaldutako irizpideak betez.

3.– Bai kale, eskalinata eta kantoietan, bai plaza eta parkeetan, bai patio eta karkabetan, urbanizazio egokia aurreikusi beharko da; plangintzak zehaztu beharko du zein motatako akaberak eta hiri-altzariak ezarriko diren.

16. artikulua.– Kaleak eta kantoiak.

1.– Kale eta kantoietan egungo lerrokadurak bere horretan utziko dira eta ez da inolako atzeraemangunerik onartuko. Bertan burutzen diren jarduerak leku hauek leheneratu eta higienizatzera zuzenduko dira.

2.– Kaleetako jarduerak eta, batez ere, kantoietakoak, ahal den neurrian oinezkoen alderdi bihurtzera eta gainazaleko aparkaleku-erabilera desagertaraztera zuzenduko dira. Neurri hau lehentasunezkoa izango da kantoien kasuan.

3.– Kale eta kantoiak urbanizatzeko jarduerek horien guztien zolaketa aurreikusiko dute.

4.– Zerbitzu guztiak pixkanaka lurpean kanalizatuko dira. Ez da inolaz ere baimenduko gainazaleko edo aireko linearik egotea.

5.– Eranskin degradatzailetzat hartuko da kantoiaren lerrokaduraren edozein inbasio, irtena izan ala ez. Eraikuntzen teilategala horretatik salbu geratzen da, baina ezin izango du inolaz ere 50 cm-tik gorakoa izan.

17. artikulua.– Karkabak eta patioak.

1.– Karkaba eta patioei buruzko jarduerak espazio hauen eta argiztatu eta aireztatzen dituzten higiezinen higiene- eta osasun-baldintzak bermatzera zuzenduko dira.

2.– Karkabaren zabalera generikoa 2,5 m - 3 m inguruko distantzian finkatzen da; etxadi batetik bestera aldatu egin daiteke horien berariazko ezaugarrien arabera.

3.– Jarduera berriek (orube, eraikin ordezkagarri edo bat ez datozenetan) eta berreraikuntzek orokorrean karkabaren ardatzetik karkaba horretarako zehazten den zabaleraren erdiraino atzeraeman beharko dituzte atzealdeko lerrokadurak. Baldintza orokor hau plangintzak zehaztu ahal izango du lehendik zeuden elementu jakin batzuen kontserbazioak karkabaren lerrokaduraren trazadura bortxatzen duenean, eta karkabaren zabalera ezarritako marjinean kontserbatu beharko da. Ez da inolako hegalkinik onartuko finkatutako lerrokadurarekiko, eraikuntzaren teilategala izan ezik.

4.– Eranskin degradatzailetzat hartuko dira karkaben edo patioen inbasioak, hegalkin egiten dutenak edo behe-oinetakoak. Higiezinean edozein jarduera burutzen denean, eraitsi egin beharko dira.

5.– Karkabak eta patioak higienizatzeko jarduerek horien zolaketa barne hartu ahal izango dute, baita bertako nahiz fatxadak bertara begira dituzten eraikinetako euri-uren kanalizazioa ere. Halaber, edozein motatako hiri-zerbitzuak lurpean kanalizatzera zuzendutako obrak onartuko dira.

4. saila.– BABES BEREZIA.

18. artikulua.– Babesaren xedea.

Babes bereziko elementutzat hartuko dira, izaera berezia eta arkitektura-, arte- edo kultura-balio apartekoak izanik, eta beren jatorrizko arkitektura-ezaugarriak berreskuratzeko aukera ematen duen kontserbazio-egoeran egonik, erregimen honen estaldurarik zabalena merezi duten higiezinak eta hiri-elementuak.

19. artikulua.– Babes bereziko mailan barne hartutako elementuei buruzko aginduak.

1.– Babes bereziko eraikinei maila goreneko babesa dagokie; bertan burutzen diren eraberritze-jarduerek eraikinen egitura eta ezaugarriak errespetatu beharko dituzte eta ezin izango dute inolaz ere berriz asmatutako edo diseinu berriko ekarpenik egin.

2.– Bereziki babestutako ondasunen eraiste osoa edo partziala Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluan xedatutakoaren arabera baino ezin izango da baimendu.

3.– Eraikin hauek eraginpean hartzen dituen obra edo esku-hartze orotan, beren konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak ezin izango dira aldatu.

4.– Higiezin hauetan gauzatuko diren erabilerek eraikinen kontserbazioa bermatu beharko dute, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko III. Tituluaren zehaztapenak urratu gabe.

5.– Eraikin hauek kontserbatu eta balioztatzera zuzendutako eraikuntza esku-hartzeak onartuko dira; ondorio horretarako, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko 214/1996 Dekretuan eraberritze zientifikorako ezarritako obrak egitea onartuko da.

20. artikulua.– Babestutako elementuak.

Segurako udalerriko Monumentu Multzo gisa mugatutako esparruan, dokumentu honetan barne hartutako 1. zerrendako elementuak garrantzi berezikotzat barne hartzen dira babes bereziko mailan.

5. saila.– BABES ERTAINA.

21. artikulua.– Babesaren xedea.

Babes ertaina eskaini beharko zaie jarraian adierazitako baldintzaren bat betetzen duten higiezin eta hiri-elementuei:

– Garrantzi bereziko arkitektura-balioak ez dituzten arren, barne-banaketa, banaketa bertikaleko elementuen antolaera, lursail gaineko okupazio eta antolaera edo beste edozein ezaugarri morfologiko dela medio, tipologiaren ikuspegitik ondare eraikiaren osagai garrantzitsuak direnei.

– Garrantzi bereziko arkitektura-balioak izanik, berreskuratzeko esku-hartzeak babes bereziko elementuetarako tipifikatutakoen barruan kokatu ezin direnei.

22. artikulua.– Babes ertaineko mailan barne hartutako elementuei buruzko aginduak.

1.– Eraikin hauen eraiste osoak edo partzialak Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluaren aginduak bete beharko ditu.

2.– Eraikin hauek eraginpean hartzen dituen obra edo esku-hartze orotan, beren konfigurazio bolumetrikoa eta lerrokadurak ezin izango dira aldatu.

3.– Higiezin hauetan gauzatuko diren erabilerek eraikinen kontserbazioa bermatu beharko dute, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko III. Tituluaren zehaztapenak urratu gabe.

4.– Babes ertaineko higiezin eta elementuetan baimentzen diren esku-hartzeak hauek kontserbatu eta beren funtzionaltasuna ziurtatzera zuzenduko dira; horretarako egingo diren obrek higiezinen elementu tipologikoak, formalak eta egiturazkoak errespetatu beharko dituzte. Babes bereziko erregimenean baimendutakoez gainera, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko uztailaren 30eko 214/1996 Dekretuak kontserbatzeko eraberritzearen A eta B kategorietan ezartzen dituen obrak egin ahal izango dira, eraikuntzen kontserbazio-egoeraren arabera.

23. artikulua.– Babestutako elementuak.

Segurako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzo gisa mugatutako esparruan, dokumentu honetan barne hartutako 2. zerrendako higiezinak eta elementuak barne hartzen dira babes ertaineko maila honetan.

6. saila.– OINARRIZKO BABESA.

24. artikulua.– Babesaren xedea.

Oinarrizko babes-mailan barne hartuta daude jarraian adierazitako bi baldintzetako bat betetzen duten higiezinak:

– Arkitektura-, historia- edo arte-balio nabarmenik ez duten arren, tipologiaren edo ingurunearen ikuspegitik ondare eraikiaren zati interesgarri gisa finkatzekotzat jotzen diren higiezinak, eraberritzeko obrak aurreikusten diren babes ertaineko mailan barne hartu ahal izateko behar adinako interesik ez dutenak.

– Arkitektura-, historia- edo arte-balio nabarmenak izanik, berreskuratzeko esku-hartzeak goragoko babes-mailetako elementuetarako tipifikatutakoen barruan kokatu ezin direnak.

25. artikulua.– Oinarrizko babes-mailan barne hartutako elementuei buruzko aginduak.

1.– Babes-maila honetan barne hartutako higiezinen eraisteak Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluan xedatutakoa bete beharko du.

2.– Eraikin hauetan baimendutako esku-hartzeak, goragoko babes-mailetan barne hartutakoez gain, Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko Eusko Jaurlaritzaren 214/1996 Dekretuan Finkapen izeneko eraikuntza esku-hartzerako adierazitakoak izango dira. Halaber, Eraberritzeko esku-hartze mota zilegi izango da (are eraiste partzialarekin ere), eraikina babes-erregimen hau garatuko duen plangintzak xedatutako etxadi barruko lerrokaduren baldintzetara egokitzeko beharrezkoa den heinean.

26. artikulua.– Babestutako elementuak.

Segurako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzo gisa mugatutako esparruan, dokumentu honetan barne hartutako 3. zerrendako higiezinak eta elementuak barne hartzen dira oinarrizko babes-maila honetan.

7. saila.– BABES MORFOLOGIKOA.

27. artikulua.– Babesaren xedea.

Babes-maila honetan barne hartzen dira, arkitektura-, historia- edo arte-baliorik ez izan arren, Hirigune Historikoaren bilbearen bereizgarri diren etxadiak konfiguratzen dituen eskemari erantzuten diotelako baloratzen diren lursailetan kokaturik dauden higiezinak.

28. artikulua.– Babes morfologikoaren mailan barne hartutako elementuei buruzko aginduak.

1.– Lursaila orain dituen forma eta dimentsioei buruzko baldintzetan iraunarazi beharko da, karkabarako lerrokadurak aldatzearen ondorioz izan litezkeen aldaketen kasuan izan ezik, babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintzak karkabari loturiko patioaren zabaleran aldaketaren bat proposatzen duenean, edota kalerako lerrokadurak aldatzearen ondoriozkoetan, lerrokadurak erregularizatzen direnean, kaleko espazioa hobeto definitzera zuzendutako itxitura-hormaren posizioan egindako aldaketa txikitzat hartuz, eta inolaz ere kalearen sekzioan egindako funtsezko aldaketatzat.

2.– Eraikin hauetan baimendutako esku-hartzeak Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko uztailaren 30eko 214/1996 Dekretuan Ordezkapen izeneko eraikuntza esku-hartzerako adierazitakoak izango dira, ordezkatutako eraikinaren egitura-erretikularen oinplanoko antolaera errespetatzearen kaltetan izan gabe.

3.– Higiezinen ordezkapena babes-erregimen honetan zerrendatutako babes partzialeko eraikinaren elementuak kontserbatu beharraren kaltetan izan gabe egingo da. Elementu horien artean egun dauden harresiaren hormatalak edo zoruan geratzen diren aztarnak aipa litezke.

4.– Plangintza hori onartzen ez den bitartean, eraikinak eraberritu edo ordezkatzeko esku-hartzeetarako babes-erregimen honetako 8. artikuluan zehaztutakoa aplikatuko da.

5.– Eraikin berriek, egun daudenekin batera, hirigunearen tradiziozko ezaugarri morfologikoekin bat datozen etxadiak konfiguratu beharko dituzte. Higiezinek bildu beharko dituzten baldintzek hirigintza-plangintzak finkatu beharreko parametroak kontuan hartu beharko dituzte. Izan ere, honako kontzeptu hauek definitu beharko dituzte lursail bakoitzerako:

– Lursailaren definizio bolumetriko osoa; gorputz eraiki desberdinak izanez gero, hauen erabilerak eta erlazioak zehaztu beharko dira.

– Sakonera eraikia.

– Teilategal eta gailurren altuerak.

– Estalki-planotik kanporatzen diren bolumenek bete beharreko baldintzak.

– Behe-oineko altuera.

– Kanpoaldeko altxaeren konposizio-eskemak; lehendik beste elementu batzuk badaude, hauei buruz hartu beharreko jarrera zehaztu beharko da.

– Fatxadan erabil litezkeen elementuen dimentsioei buruzko baldintzak.

– Akabera-materialak eta lehendik zeuden elementuen tratamendua, halakorik badago behintzat.

– Eredu-etxebizitza lursailean gauzatzeko eskema.

29. artikulua.– Babestutako elementuak.

Segurako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzo gisa mugatutako esparruan, dokumentu honetan barne hartutako 4. zerrendako higiezinak barne hartzen dira babes morfologikoaren maila honetan.

8. saila.– BAT EZ ETORTZEA.

30. artikulua.– Xedea.

Babes-erregimen honen ondorioetarako, bat ez datozen elementutzat hartzen dira eraikuntzak ingurunera egokitzeko legezko betebeharra betetzen ez duten higiezinak, baita beren bolumetria, eraikuntza, forma edo kokapenari buruzko ezaugarriak direla-eta babes-erregimen honek helburu duen Hirigune Historikoa birgaitzeko plangintza orokorrean interferentzia larriak sortzen dituztenak ere.

31. artikulua.– Bat ez datozen higiezinek eta hiri-elementuek bete behar dituzten aginduak.

1.– Interferentzia larritzat hartuko dira jarraian adierazitako egoeraren bat edo gehiago ekarri dituzten jarduerak:

a) Hirigunea birgaitzeko espazio libreen eskema egokia ezartzea eragozten duten bolumenak egotea.

b) Historia edo arkitekturaren ikuspegitik balio berezirik izan gabe, aldameneko higiezinak karkaben bitartez argiztatu eta aireztatzeko aukerak mugatzen dituzten bolumenak egotea.

c) Fatxada-akaberetan Hirigune Historikoan nagusi direnekin kontraste negatiboa sortzen duten materialak eta elementuak erabiltzea.

d) Eraikinean eranskin degradatzaileak egotea, halako proportzioan non ezinezkoa baita aldaketa horiek egin zaizkion jatorrizko eraikuntza-unitatea antzematea.

e) Ingurukoen ezaugarriekin nabarmen bat ez datozen bolumenak ezartzea, bai gehiegizko altuera dutelako, bai etxadien barruko edo kanpoko lerrokaduretan aldaketak egin direlako.

f) Monumentu-multzoan barne hartuta dauden gainerako eraikinekin bateratzen ez diren eraikuntzak ezartzea, ez baitira oinarrian egokitzen kokaturik dauden ingurunera.

g) Babes-erregimen honetako 15.3. artikuluan definitutako kasuak.

2.– Eraikin hauetan baimendutako esku-hartzeak eraistea edo ordezkatzea izango dira, babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintzan definituta geratuko den hitzetan betiere.

3.– Horrez gain, Lurzoruaren 6/1998 Legeko Higiezinak kontserbatu beharrari buruzko 19. artikulutik eratortzen diren esku-hartzeak baimenduko dira, baita Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko uztailaren 30eko 214/1996 Dekretuan definitzen diren kontserbatu eta apaintzeko esku-hartzeak ere.

4.– Babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintza onartzen ez den bitartean, babes-erregimen honetako 8. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

32. artikulua.– Bat ez datozen elementuak.

Segurako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzoan bat ez datozen higiezinak eta hirigintza-elementuak dokumentu honetan barne hartutako 5. zerrendan adierazitakoak dira.

9. saila.– BALORAZIO PARTZIALAK.

33. artikulua.– Balorazioaren xedea.

Eraikin baten zati edo alderdi jakin bat osatzen duten elementuei buruzko balorazioak egin ahal izango dira, elementu hauei osatzen duten eraikinerako ezarritakoaz bestelako babes-maila ezartzeko.

34. artikulua.– Mailak.

Elementuen balorazioaren emaitza positiboa edo negatiboa den kontuan hartuta, elementuok Babes partzialeko mailan edo Partzialki bat ez datozen elementuen artean barne hartuko dira.

35. artikulua.– Babes partziala.

Higiezin bateko elementu jakin batzuen gainean ezarritako Babes partzialak elementu horiek babes-erregimen honetako 20.4. artikuluan eraikinetarako ezarritako baldintzetan tratatu eta leheneratu beharra dakar.

36. artikulua.– Partzialki bat ez etortzea.

Partzialki bat ez etortzea globalki babes-erregimenari dagokionez beren balorazioa egina daukaten eraikinetan kanpoaldeko akabera edo elementu desegokiak egotearen ondorio izan daiteke. Edozein babes-mailatan barne hartutako eraikinetako partzialki bat ez datozen elementuen gaineko esku-hartzeak elementu horiek kentzera zuzenduko dira eta Lurzoruaren 6/1998 Legeko Higiezinak kontserbatu beharrari buruzko 19. artikulutik eratortzen diren esku-hartzeak baino ez dira baimenduko.

37. artikulua.– Babes partzialeko elementuak edo partzialki bat ez datozenak.

Segurako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzo gisa mugatutako esparruan, dokumentu honetan barne hartutako 6. zerrendako elementuak Babes partzialeko mailan barne hartzen dira eta 7. zerrendakoak partzialki bat ez datozen elementuen artean. Zerrenda horietan hirigune historikoan dauden egoerarik nabarmenenak biltzen dira. Hirigintza-plangintzaren eginkizuna izango da partzialki baloratzeko modukoak diren egoera guztien zerrenda egitea eta horiek guztiak babes-erregimen honek finkatutako zentzuan tratatzeko ordenantzak idaztea.

IV. KAPITULUA.– BABESIK EZA

38. artikulua.– Xedea.

Babesik gabeko elementuak dira babesteko moduko arkitektura-, historia- edo arte-balio aipagarririk ez dutenak.

39. artikulua.– Babesik gabeko elementu eta higiezinei buruzko aginduak.

1.– Eraikin hauetan baimendutako esku-hartzeak mota guztietakoak izango dira, ordezkapena barne, babes-erregimen hau garatuko duen hirigintza-plangintzan definituta geratuko den hitzetan betiere.

2.– Plangintza hori onartzen ez den bitartean, eraikinak eraberritu edo ordezkatzeko esku-hartzeetarako babes-erregimen honetako 8. artikuluan zehaztutakoa aplikatuko da.

40. artikulua.– Babesik gabeko elementuak.

Segurako Hirigune Historikoaren Monumentu Multzoan babesik gabekotzat jo diren higiezinak eta hiri-elementuak dokumentu honetan barne hartutako zerrendetan ageri ez direnak dira.

V. KAPITULUA.– ZERRENDAK

1. zerrenda: Babes berezia.

– Andre Mariaren Jasokundearen eliza (eliz ataria izan ezik)

– Zeraingo portalea.

– Jauregiko portalea.

– Oxinako portalea.

2. zerrenda: Babes ertaina.

– Kale Nagusia 4, Balenziaga jauregia

6

10, Jauregi jauregia

21

29, Zurbano jauregia

30

42, Alustiza jauregia

– Lardizabal kalea 5 eta 7, Lardizabal jauregia

– Unzurrunzaga kalea 1

17

– Zurbano kalea 9

– Gurutze Santuaren baseliza

– Harresiz kanpoko komentua Gorputz nagusia

3. zerrenda: Oinarrizko babesa.

– Kale Nagusia 1

2

2-bis

3

Osasun Etxea

11

12

14

15

16

19

25 (Jon Deunaren enparantzako izkina)

27

32, Gebara jauregia

36, Jon Deunaren egoitza

40

– Jon Deunaren enparantza Txabolinpe

z/g (Kale Nagusiko 25 zenbakiaren ondoan)

– Lardizabal kalea 1

z/g, Oxina baserria

13

– Unzurrunzaga kalea 3

6

15

– Zurbano kalea 11

12

19

21

22

24

26

27, Arrue jauregia

– Beheko Errebale kalea z/g, «Buena Vista»

3

4

5

7

4. zerrenda: Babes morfologikoa.

– Kale Nagusia 2-bis

8

13

17

18

20

22

28

– Unzurrunzaga kalea 8

– Zurbano kalea 2

4

6

14

16

18

20

5. zerrenda: Bat ez etortzea

– Beheko Errebale kalea Garajea (4 eta 5 zenbakien artean)

– Lardizabal kalea 9

11

17

z/g, Arrue jauregiari erantsitako pabilioia

– Kale Nagusia 5-bis

– Zerkaldea z/g, (Jauregi jauregiaren atzealdean)

z/g, (Kale Nagusiko 12 zenbakiaren atzealdean)

– Zurbano 1

15 (Garaje exentua atzealdean)

Telefónica eraikuntza

6. zerrenda: Babes partziala.

– Beheko Errebale kalea 6 (armarria)

– Kale Nagusia 22 (Behe-oineko fatxada eta atzeko behe-oineko fatxada)

28 (Behe-oineko fatxada)

32, Gebara jauregia (fatxadak)

– Lardizabal kalea 13 (Lursailaren itxitura)

– Unzurrunzaga kalea 8 (Fatxada nagusia eta albokoa)

– Zurbano kalea 2 (Fatxada)

4 (Fatxada)

6 (Fatxada)

16 (Fatxada)

18 (Fatxada)

20 (Fatxada)

27, Arrue jauregia (fatxadak)

– Harresiz kanpoko komentua Ur-gordailua

– Zurbano jauregiko lorategia Sarrera

7. zerrenda. Partzialki bat ez etortzea.

– Kale Nagusia 1 (Alboko eranskina)

2 (Atzealdeko eranskina)

5 (Begiratokiak eta atzealdeko eranskina)

6 (Hegalkinak atzealdeko fatxadan)

11 (Alboko eranskina)

13 (Alboko eranskinaren kanpoaldeko tratamendua)

21 (Tratamendua alboko fatxadan)

22 (Hegalkina atzealdeko fatxadan)

24 (Atzealdeko eranskina)

26 (Atzealdeko eranskina)

27 (Alboko eranskina, balkoi korritua fatxada nagusian)

29 (Kanpoko tximinia hegoaldeko altxaeran)

32 (Eraikin nagusiaren atzealdeko eranskinak)

36 (Eraikin nagusiaren eranskinak)

– Lardizabal kalea 1 (Txapitulak)

7 (Alboko eranskina)

z/g, Zurbano kaleko 25 zenbakiaren ondoan (Alboko eranskina eta balkoien aurrealdeak)

z/g, Oxina baserria (Atzealdeko eranskina)

13 (Atzealdeko eranskina)

– Unzurrunzaga kalea 3 (Bigarren eta hirugarren oinetako balkoiak)

4 (Kanpoko tratamendua alboko eranskinean)

5 (Fatxada-tratamendua eta atzealdeko balkoia)

6 (Kanpoko tratamendua alboko eranskinean)

13 (Atzealdeko terraza)

17 (Atzealdeko lursail-itxitura)

– Zurbano kalea 4 (Lehen oineko balkoia)

6 (Lehen oineko balkoiaren hegalkina)

8-10 (Lehen oineko balkoiaren hegalkina)

11 (Alboko gorputz irtena 13 zenbakiaren gainean)

12 (Lehen oineko balkoiaren hegalkina)

13 (Kanpoko tratamendua alboko eranskinean, hegalkinak fatxadan)

14 (Lehen oineko balkoi korritua)

27 (Eranskinak)

– Jon Deunaren enparantza z/g, Txabolinpe (Balkoi korritua arkupeen gainean eta eranskinak)

8. zerrenda: Baimendutako lursail-baterakuntzak.

– Lardizabal kalea, 5 - Lardizabal kalea, 7

– Kale Nagusia, 10 - Zerkaldea, z/g

– Kale Nagusia, 12 - Zerkaldea, z/g

– Beherko Errebale Kalea z/g (2. zkiaren ondokoa)-Beheko Errebale Kalea z/g (3. zkiaren ondokoa)


Azterketa dokumentala