Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2000ko abuztuaren 1a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
3413

AGINDUA, 2000ko uztailaren 19koa, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, behi-esnearen erreferentzia-kopuruak berresleitzeko prozedura eta irizpideak ezartzen dituena.

Kontseiluaren maiatzaren 17ko 1256/1999 (EB) Arautegiaren bidez, esne eta esnekien Merkatuaren Antolamendu Komunaren erreforma egituratu zen, eta 2000ko apirilaren 1etik aurrera jarri zen indarrean. Horren barruan, besteak beste, kide diren estatuek bermaturik zituzten esne-kuotaren kopuru orokorrak handitzea erabaki zen; hori dela eta, Estatuaren esne-kuotak 550.000 tonako hazkundea izan du, eta 2000/2001 eta 2001/2002 urtealdietan banatu beharko da.

1999ko urriaren 25eko Nekazaritza Arloko Biltzarrak aldeko irizpena eman zuen, aipaturiko esne-kuota autonomia-erkidegoen artean banatzeari dagokionez. Euskal Autonomia Erkidegoari 26.000 t aintzatetsi zitzaizkion. Horietatik 2.600 t Erreserban gordetzeko dira, 15.210 t 2000/2001 aldian erabiltzeko, eta 8.190 t 2001/2002 aldirako.

Azaroaren 28ko 324/1994 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen denez, Erreserba Nazionalean sartutako behi-esnearen erreferentzia-kopuruak esleitzeko eta berresleitzeko proposamena egitea esnegintza uzteko programa finantzatu duen autonomia-erkidegoari dagokio, baldin eta autonomia-erkidegoen baliabideen kontura finantzaturiko esnegintzari borondatez uzteko programetan badute jatorria.

Abenduaren 30eko 360/1992 Dekretuak (dekretu hau, gerora, ekainaren 1eko 164/1993 Dekretuak aldatu zuen) Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza Zuzendaritzari aitortzen dio, EAEren lurralde-eremuaren barruan, behi-esnearen erreferentzia-kopuruak esleitzeko eta berresleitzeko kudeaketa, baldin eta esnegintza usteko programetan badute jatorria, eta programa horiek guztiz edo zati batean Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen kontura finantzatuta badaude.

Agindu honen bidez, 2000/2001 eta 2001/2002 aldian Erreserban Euskal Autonomia Erkidegoan erabilgarri dauden behi-esnearen erreferentzia-kopuruko 30.700 kg EAEn esleitzeko eta berresleitzeko irizpideak eta baldintzak ezartzen dira. Kopuru horretatik, 23.400 t Europako Batasun osorako onartu den behi-esnearen kuotaren hazkundetik datoz, eta 7.300 t Euskadiko 1999ko esnegintza uzteko planetik datoz. Esnegintza uzteko Plan hori Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1999ko azaroaren 10eko Aginduak arautu zuen.

Hori dela eta, egokitzat jotzen da 2000/2001 eta 2001/2002 aldietan EAEko abeltzainek erabili beharreko behi-esnearen erreferentzia-kopurua esleitu eta berrikusteko prozedura eta irizpideak ezartzea.

Ondorioz, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– 1.– Agindu honen xedea Erreserban erabilgarri dauden erreferentzia-kopuruak esleitzeko eta berresleitzeko prozedura eta irizpideak ezartzea da. Aipaturiko kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko ustiategiak dituzten abeltzainei eta esnegintzan hasi nahi duten nekazari gazteei banatuko zaizkie, hartara Euskal Autonomia Erkidegoko esne-sektorea berrantolatzeko beharrizanak betetzeko.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzainei esleitzeko edo berresleitzeko Erreserbako behi-esnearen erreferentzia-kopuruak 30.700 t-koak dira. Horietatik, 23.400 t Europako Batasun osorako onartu den esne-kuotaren hazkundetik datoz, eta 7.300 t EAErako 1999ko Lagatze Planetik datoz. Esnegintza uzteko Plan hori Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1999ko azaroaren 10eko Aginduaz arautu zen.

2. artikulua.– 1.– Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emanda dauden abeltzainek behi-esnearen erreferentzia-kopuruaren hazkundea lortu ahal izango dute, hala eskatuz gero, eta hurrengo baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Esleituriko erreferentzia-kopururen bat izatea, eta nekazaritzan aritzea Agindu hau indarrean jarri den egunean.

b) Bizimodua ateratzeko jarduera nagusia nekazaritza izatea.

c) 1999/2000 kanpainan erreferentzia-kopuruaren %90 esne edo esnekitan eman izana, eta ez badu kopuru hori eman, honako gertaeraren bat jazo delako izan bada:

– esne-ekoizpenean zuzeneko eragina duen hondamendi naturala,

– abelburuen osasun-kanpaina dela-eta, esne-behiak nahitaez akatu beharra,

– bazka-baliabideak nahiz esnea eraisteko kortak ustekabean galtzea,

– ekoizlearen aldi baterako ezintasuna edo baliaezintasunagatik, bera baldin bada ustiatze-jardueraz arduratzen den bakarra.

d) Esnegintza betiko uzteko programetatik laguntzarik jaso ez izana.

e) Aldez aurretik esleitutako erreferentzia-kopurua beste ustiategietara eskualdatu ez izana, ez osorik ez eta zati batean ere.

f) Aurtengo kanpainan, erreferentzia-kopuruaren %25 bat baino gehiagoko aldi baterako lagapenak egin ez izana, ezinbesteko kasuetan salbu.

g) Animalien osasun-arloan indarrean dagoen araudia betetzea.

h) Esnearen kalitate-betekizunak betetzea, edo, bestela, dagokion Lurralde Historikoko Foru Aldundiarekin itundutako programa bateko kide izatea, hain zuzen ere, esnearen kalitatea hobetzeko programa batekoa, eta animaliaren ingurumen- eta ongizate-eskakizunetara egokitzea edo egokitu ahal izatea.

i) Kuota murrizketarik jazan ez izana.

3.– Erreferentzia-kopurua esleitu ahal zaie nekazari gazteei, hala eskatuz gero, eta sektoreko jardueran hasi berriak izanik nekazaritza ustiategi bateko titularrak badira, bai jabetza-tituluaren bidez, errentamendu-bidez, lagatze-bidez, edo jaraunspen-tituluaren bidez.

3. artikulua.– 1.– Banatzeko erreferentzia-kopuru erabilgarriak Agindu honetako 2. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten abeltzainei esleitu behar zaizkie, baldin eta eskabidea egin badute. Horretarako, gogoan izan behar dira ondorengo lehentasun-egoerak:

a) Nekazaritza-ustiategiaren egitura hobetzeko 1998. eta 1999. urteetan onetsitako edota 2000an aurkeztutako inbertsioaren zenbatekoa, baldin eta azkenengo bost urteetan betearazi bada edo betearazten ari bada. Bestela, ustiategia kokatuta dagoen tokiko Lurralde Historikoko Foru Aldundiak, egiturak hobetzeko onetsitako plana aurkeztu izana.

b) Kudeaketa tekniko-ekonomikoko programetan parte hartzea.

c) Ustiategiko abeltzain titularrak, aldi berean, nekazari gazteak badira.

d) Esnekien sektoreko Nekazari Ekoizleen Elkarteko kide izatea.

e) Esnea edo Esnekiak Merkaturatzeko Kooperatiba bateko kide izatea.

f) Esleitutako behi-esnearen erreferentziako kopurua.

g) Ustiategiaren ekoizpen-gaitasuna.

h) Abelburu-kopurua.

2.– Sektoreko jardueran hasi berri diren nekazari gazteek tratamendu berezitua izango dute, horregatik, ekoizpen-gaitasunaren araberako erreferentzia-kopurua esleituko zaie behi-esnetan.

4. artikulua.– Aurreko artikuluan adierazitako egoeretako batzuei edo guztiei esleitu behar zaizkien puntuaketak Nekazaritza zuzendariaren Ebazpen baten bidez ezarriko dira; Ebazpenak ezarriko ditu bai eskabide bakoitzari egokituko zaion behin betiko puntuaketa, bai eta erreferentziako-kopuruak esleitzeko jarraitu behar diren baremoak ere. Ebazpena onartu auirretik, 1997ko maiatzaren 7ko Aginduak araututako Esnearen Sektorekako Batzordeari aldez aurretik egin zaio kontsulta. Bestalde, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5. artikulua.– 1.– Eskabideak Eskualdeetako Nekazaritza-Bulegoetan aurkeztu behar dira agindu hau indarrean jarri eta biharamunetik aurrera 2000ko irailaren 15era arteko epean, egun hori barne. Eskabidea betetzeko, Agindu honen eranskinean jasotako eredua jarraitu behar da.

2.– Eskabideak Nekazaritza zuzendariari aurkeztu behar zaizkio, honako agiri hauekin batera:

a) Titularraren edo titularren NANaren fotokopia.

b) Nekazaritza-ustiaketarako txartelaren fotokopia.

c) Beharrezkoa izanez gero, dagokion Foru Aldundiko egiaztagiria, bertan 1995ean eginiko inbertsioak jasoko dira, edo, bestela, abeltzaintza-ustiategian egin beharreko eta oraindik onetsi gabeko edo betearazi gabeko inbertsio-planen txostena (mota, zenbatekoa, ekitaldia, esleituriko dirulaguntza eta gainerako argibideak).

d) Ustiategiko kide guztiek, eskabidea aurkezten den egunean, nekazaritzako Gizarte Segurantzan kotizatu izanaren egiaztagiria

e) Kudeaketa tekniko ekonomikoko egitamuetan parte hartuz gero, horren egiaztagiria.

f) Erreferentzia-kopuruaren %90 bada, organo eskudunak, salbuespena dela egiaztatuz, emaniko egiaztagiria, aurkeztuko da.

g) Hala badagokio, esneak higiene-kalitateko betekizunak betetzen dituela baieztatzen duen ziurtagiria, edo, bestela, dagokion Lurralde Historikoko Foru Aldundiarekin itundutako programa bateko kide izatea, hain zuzen ere, esnearen kalitatea hobetzeko programa batekoa.

h) Hala badagokio, esnekien sektorean diharduen Nekazaritza Ekoizleen Elkarte bateko kide izatea baieztatzen duen ziurtagiria.

i) Beharrezkoa izanez gero, Esnea edo Esnekiak Merkaturatzeko Kooperatiba bateko kide izatea baieztatzen duen ziurtagiria.

j) Jardueran hasi berri diren nekazari gazteek, nekazaritza ustiategiaren salerosketa-kontratua, errentamendu- nahiz lagatze-kontratua edo jaraunspen-titulua.

k) Animaliaren osasun-arloari dagokionez, indarrean dagoen araudia betetzen dela baieztatzen duen ziurtagiria.

6. artikulua.– 1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, organo eskudunak, erreferentzia-kopuruak esleitzeko edo ezeztatzeko Ebazpenak emango ditu, aldez aurretik, aurkeztutako eskabide guztiak aztertu, Agindu honen 3. artikuluan ezarritako lehentasun-egoerak aintzat hartu, Agindu honen 4. artikuluan aurreikusitako Nekazaritza zuzendariaren Ebazpenean ezartzen diren puntuaketak eta baremoak aplikatu eta indarrean dagoen araudian ezarritako jardun eta izapide guztiak bete ondoren.

2.– Erreserbako erreferentzia-kopuru erabilgarrien arabera egin beharko dira esleipenak edo berresleipenak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoari Erreserbaren pentzutan esleitu behar zaion behi-esnearen erreferentzia-kopurua murriztua denez, behi-esnearen erreferentzia-kopuru hori kuota bukatu arte esleituko da, nahiz eta kuota berresleitzea eskatu duten abeltzainek Agindu honetan ezarritako betekizun guztiak bete. Horretarako, Agindu honen 4. artikuluan aurreikusitako Nekazaritza zuzendariaren Ebazpenean ezarritako puntuaketa eta baremoen arabera eratorritako lehentasun hurrenkera jarraituko da.

7. artikulua.– 1.-Ez da esleituko 5000 kg-ko kuotatik beherako behi-esnearen erreferentzia-kopururik.

2.– Abeltzain bakoitzari esleitutako kopurutik, %65 izango da eragingarria 2000/2001 aldian; 2001/2002 aldian, berriz, %100, hala Europako Batasunaren esne-kuotaren gehikuntzari dagokionez, nola Esnea Ekoizteari Borondatez Uzteko Euskal Herriko Planari dagokionez. Plana Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 1999ko azaroaren 10ean emaniko Aginduan dago araututa.

8. artikulua– 1.– Erreferentzia-kopuru erabilgarrietan gehikuntzarik egiten bada, edota sektoreko jardueran hasi berri diren abeltzain gazteei esleitutako kopuruetan gehikuntzarik egiten bada, gehikuntza horiek osagarriak izango dira eta, hortaz, aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz, ezin izango dira salmentan edota errentamenduan eskualdatu ez laga, ez eta kalte-galera ordainez lagunduriko programetara atxiki ere. Beraz, kasu horretan, Erreserbara sartu behar dira berriz.

2.– Erreserbako erreferentzia-kopuruen onuradunek hitz eman behar dute ez dutela beraiei dagokien kuota eskualdatuko ez eta aldi baterako lagako 2000/2001 alditik aurrerako bost kuota-alditan. Hala eta guztiz ere, erreserbakoa ez den kuota aldi baterako lagatzea ahalbideratuko da honako hauetan: ezinbestean abelburuak akatu behar direnean, osasun-kanpaina ofizialak direla eta.

3.– Ustiategi beraren gainean eginiko eskualdaketak, dela jaraunspenez dela dohaintzaz, salbuetsirik geratuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2000ko uztailaren 19a.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

IÑAKI GERENABARRENA MARTINEZ DE LAHIDALGA.

ERREFERENTZI KOPURU OSAGARRIA LORTZEKO ESKABIDEA

2000

SOLICITUD DE ASIGNACIÓN SUPLEMENTARIA DE CANTIDAD DE REFERENCIA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala