110. zk., 2000ko ekainaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
2499
EBAZPENA, 2000ko maiatzaren 23koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Vitoria-Gasteizko (Araba) Arkaiako Arkeologi gunea Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera emateko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Arkaiako Arkeologi gunearen kultura-interesa ikusirik, Kultura sailburuaren 1994ko abuzturaren 8ko Aginduaren bitartez, ondasun hori, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman zitzaion.
Sailkatzeko prozeduraren izapide horretan babesaren objektu den ondasunaren mugaketa jendaurrean jarri zen. Hau horrela izanda ere, dagozkion ikerketa lanak aurrera eraman ondoren, horietatik eratorritako informazioaren ondorioz, mugaketaren aldaketa burutzea beharrezko jo da.
Bestalde, aipatutako Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 12.1. artikulua betetzeko, hasteko espedientean ondasun horri dagokion deskribapena eta babes-araubidea idaztea falta da.
Azkenik, 2000ko maiatzaren 4ko dataz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Erregistroan Arabako Kultura Foru Diputatua den Pedro de Sancristóval de Múrua jaunak izenpetutako idatzi bati eman zitzaion sarrera, bertan Vitoria-Gasteizko (Araba) Arkaiako Arkeologi gunea babesteko jarraitzen ari zen babes espedientearen izapidetzari zegokionez atzerapena salatu zuen. Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak, bere 11.4. artikuluan, sailkatzeko espediente bat ez bada 12 hilabetetako epean erabakitzen beronen atzerapena salatzeko aukera dagoela xedatzen du, honen aurkezpenetik kontatzen hasita hiru hilabeteko epean ebatzi beharko duelarik espreski Administratioak, bestelakoan espedientea iraungitzat emanaz.
Babes-araubidea egin ondoren eta espedientea osatu eta eguneratu ondoren dagozkion deskribapen eta mugaketak erantsiz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako Ebazpen-proposamena ikusirik, honako hau
EBATZI DUT:
Lehena.– Vitoria-Gasteizko (Araba) Arkaiako Arkeologi gunea Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari hasiera ematea, bere mugaketa Ebazpen honen I. Eranskinean agertzen den moduan zehaztuz eta deskribapen eta Babes Araubide gisa II. eta III. Eranskinetan agertzen dena ezarriz. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.
Bigarrena.– Interesdunei Vitoria-Gasteizko (Araba) Arkaiako Arkeologi gunea Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako, osatutako eta eguneratutako espedientea jakinaraztea, jakinarazpena jasotzen duten egunaren biharamunetik hasi eta hamabost eguneko epean beren eskubideak defendatzeko egoki iritzitako alegazioak eta dokumentuak aurkez ditzaten.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Vitoria-Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Araba Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2000ko maiatzaren 23a.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,
IMANOL AGOTE ALBERRO.
I ERANSKINA
ONDASUNAREN MUGAKETA
1994ko abuztuaren 8ko Agindu bidez (1994ko abuztuaren 30eko EHAA, 164. zka.), espediente bati emango zaio hasiera, Arkaiako Arkeologi Gunea Sailkatutako Kultur Ondasun izendatzeko. Aipatu Aginduaren I. eranskinean gune horren mugaketa ezartzen da.
Geroago, 1996ko maiatzaren 9ko Agindu bidez (1996ko maiatzaren 17ko EHAA), Arkaiako aztarnategiaren mugaketa-proiektua burutu zen. Horri esker, eta ordurako babestu nahi zen arkeologi gune haren mugak ezartzeko adina datu garrantzitsu ezagutzen ziren arren, arkeologi zundaketen kanpaina garrantzitsu bat eginez, lur azpian artean in situ zegoen aztarnategi zatia hobeto ezagutu ahal izan da. Aztarnategia zainduko zela ziurtatzeko, merezi zuen erabilera eta jardueretarako erregimen bat ezartzea.
Zundaketa horien emaitzen arabera, mugaketa berri bat ezarri zaio Arkaiako Arkeologi Guneari.
Arkaiako Arkeologi Guneari ezarri zaion eremua, Sailkatutako Kultura Ondasun izendatuko dena, txosten honen I. eranskinean adierazitakoa da.
II ERANSKINA
ONDASUNAREN DESKRIBAPENA
Arkaiako aztarnategia egun izena ematen dion hirigune edo entitatearen alderdi bateko lur azpian dago, baita handik hurbil dauden laborantzako lurretan ere, hirigunearen ekialdean.
Aztarnategia kokatzen den lurrak 19 Ha-ko gainazala du eta lautada-erliebeduna da. Hirigunetik kanpo, lurra sailka dago eta labore tradizionalak lantzen dira bertan: patata, erremolatxa eta zerealak.
Bestalde, aztarnategian burututako azken ikerketei esker, hobetu ezagutu ahal izan da aztarnategiaren definizioa. Oin berriko asentamendu erromatar bat da, Astorga-Burdeos bidearen gainean dagoena, Antoninoren Ibilbidearen 34. zenbakian.
Litekeena da asentamendu horrek forum funtzioak bete izana, horrek dakarren guztiarekin, eta bertako gizartearen eta erromatarren topaleku bihurtu izana, alegia, era guztietako truke kultural, komertzial eta legalerako gune. Hala adierazten du, leku honetan, Foruaga toponimoa XVIII. mendera arte mantendu izanak.
Era berean, mansio bat izango da (agian, lehen aipatutako Antoninoren Ibilbidean aipatutako Suessatio-ren mansio-a), beti terma bat inguruan izaten duten horietakoa. Denboraren poderioz, hirigune gisa finkatuko da, inguru hurbileko populazioa barne hartu eta populazio-asentamendu berrien gune sortzaile bihurtuko da.
Aztarnategi honetan hainbat arkeologi indusketa egin dira. Lehen kanpainak 1976 eta 1981 urteen bitartean burutu ziren, Otazibarra barrutian. Kanpaina horien ondorioz, agerian geratu zen bertan zegoen terma. Terma I. mendearen bigarren erdialdera jarri zen abian (K.o), eta hainbat aldiz berritua izan ondoren, IV. mende aldera terma izateari utzi zion. Aztarna horiek, ordutik eta gaur arte agerian geratu dira aztarnategiaren erdian, eta duela urte batzuk Arabako Foru Aldundiak, lursailen jabeak, metalezko hesi baten bidez itxi zituen (lursail hauek babes-erregimenean 1 Gunea osatzen dute).
Egitura zaharrenak harresi txikietako hormatal batzuk dira, Klaudio I.aren, Neronen eta Vespasianoren hainbat txanponekin batera. Horrek egitura horiek lehen aipatu garaikoak direla adierazten du. Bestalde, bigarren okupazioak terma-egitura du eta bi gela oso. Gela horietako batek kalitatezko lur iragazgaitza du, eta bertan, hypocaustum primitiboko adreilu-hondarren arrastoak ikus daitezke.
Hirugarren faseak –Adrianoren agintaldikoa seguruenik (117-138 K.o.)–, termen behin-betiko birmoldaketa ekarriko du berekin. Jatorrizko patioko zorua sendotuko da, gelen orientazioa aldatu eta putzu berri bat egingo da aurreko hypocaustum-aren gainean. Multzo hori ia oso-osorik gorde da, baita bertako eremu sakratua ere. Eremu sakratu horretan, bestalde, eskaintzarako hainbat ontzi eta botozko aldare txiki bat aurkitu dira.
Eraikuntza egiteko hainbat elementu erabili zen: harlanduxkoz eta zementuz ondo armatutako harresiak, karezko eta opus-signinum-ezko hainbat zoru, horma iztukatu eta gorrixkak, eta marmolezko zokaloak. Terma horiek K.o.go III. mendearen amaiera arte funtzionatuko dute, eta gainbehera IV. mendean gertatuko da. Ordukoak dira hainbat harresi bertako material zaharrak erabiliz eginak.
1981etik 1994 arte ez zen arkeologi lan gehiago egin Arkaian, baina urte horretan bertan berriz jarriko dira abian lan horiek, izan ere, Arzua eta Otazibarra inguruan eraikin berriak altxatzeko proiektuak egingo dira eta aztarnategia babesteko beharra ikusiko dute. Eskuhartze horien ondorioz aztarna gehiago jarriko da agerian.
Arkaian egindako azken kanpo-lanak 1996 urtekoak dira eta argi uzten dute han hirigune bat zegoela, izan ere, lan horien ondorioz hainbat arrasto topatuko dira, hala nola, zolatutako kaleak, aire zabaleko guneak, gela-egiturak; gainera, eremu horren hegoaldean asentamendua itxitzeko egitura bat -harresi bat, alegia- izan zitekeenaren aztarnak ere aurkituko dira.
Halaber, eta egitura hauekin batera, material higigarri ugari ere aurkituko da, gehienbat erromatarren kokalekuetakoak, nahiz eta beste kultura-mota batzuetako materialak ere aurkituko dituzten, bai Burdin Arokoak, bai Erdi Arokoak ere. Burdin Aroko ekarpenak erraz azal daitezke, kontuan izaten badugu erromatarren kokaleku honetara bertako biztanleak ere heldu zirela, eta bertan finkatu eta erromatar haiekin bizi izan zirela. Erdi Arokoak, berriz, Arkaian populazioa egun arte egon izanak azalduko luke. Zehazki, idatzita gordetzen diren agiriek erakusten dute XI. mendean bazegoela populaziorik bertan.
III ERANSKINA
BABES ERREGIMENA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Babes-erregimen honen araupean dago Arkaiako Gune Arkeologikoaren Sailkatutako Monumentu Multzoa, bere gune, egitura eta eraikuntza guztiekin. Multzo hori Vitoria-Gasteizen dago.
2. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-erregimen hau Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 12. artikuluan agintzen duenari jarraituz idatzia da. Arkaiako arkeologia-gunea sailkatutako kultura-ondasun izendatzea eta monumentu-multzoaren kategoria ematea asmoaren barne sartzen da. Erregimena loteslea da hirigintza-plangintzari dagokionez, aipatutako legearen 28.1 artikuluak xedatutakoarekin bat.
3. artikulua.– Babes-maila.
Arkaiako Arkeologi Gunean bi babes-maila bereiziko dira: Babes Zorrotza eta Kontserbazioa. Babes maila horiek dagokien guneetan aplikatu dira: lehenengoa, 1 gunea deituko diogun horretan, eta bigarrena, 2 eta 3 guneetan. Guztiak I. eranskinean adieraziko dira.
Orokorrean, Arkaia Arkeologi Gune osoari esleitzen zaion Babes Maila Kontserbaziokoa izango da (2 eta 3 gunean), LAAko Kultur Ondarearen Antolamendua kapituluan definituta dagoen bezala. Horien arabera, Arkaiari babes-maila hori ematen zaio bertako aztarnak garrantzia dutelako eta horrek aztarnategia intereseko bihurtzen duelako, alegia, Erkidegoko arkeologiako lekuko garrantzitsuak direlako.
Kontserbazio maila horren ondorioz ez da baimenduko babestu beharreko elementua hondatuko duen jarduerarik; egiturak finkatzeko eta berritzeko jarduerak besterik ez dira baimenduko. Aztarna horiek, kokatuta dauden sare hiritar edo landatarrean integratzeko aukera dagoen kasuetan, horretarako ahaleginak egingo dira. Dena dela, integrazioaren ondorioz ezingo du aldaketa handirik jasan babestu beharreko kultur ondasun horrek. Eremu honetan, kultura, turismo eta aisialdiko jarduerekin zerikusia duten erabilerak bultzatuko dira.
Termak dauden eremuan, aztarnategian burututako lehen indusketen ondorioz agerian jarriak (gaur egun itxia dagoen horretan) aurkeztutako babes-maila babes zorrotza izango da, ahalik eta gehien murriztuko delarik gizakiaren jarduera eremu horretan, bertan dauden elementuen egoera alda ez dadin.
Eremu horretan, aztarnategia berreskuratu eta birbaloratzeko egokiak diren jarduera zientifikoak bakarrik baimenduko dira, beti ere arkeologi kontrolpean egiten badira eta bertan aldaketarik eragiten ez badute. Eremu honetan aztarnategiaren ikerketa bultzatuko duten jarduerak soilik burutu ahal izango dira eta bertan baimendutako erabilerak izaera zientifikoa izango dute, erabilera hauen bidez sustatu beharko delarik babestutako ondasunaren ezagutza eta hedapen egokia. Programa zehatzak diseinatuko dira, elementu horiek babesteko.
4. artikulua.– Hirigintza-plangintza egokitzeko jarraibideak
Arkaiako Gune Arkeologikoa Sailkatutako Ondasun bezala jaso beharko da, Monumento Multzo kategorian, dagoen herriaren plangintza-tresnetako Kultura Ondarearen Katalogoan. Era berean, gune hau antolatzerakoan, berariazko babes-erregimen honetara egokitu beharko dira plangintza-tresnak, gunea behar bezala zaindu eta babestuko dela ziurtatzeko. Gainera, tresna horiek onartzeko, Kultura Sailaren oniritzia beharko da beti.
Instrumentu horiek babes-erregimen hau baino lehenago sortuak badira, aldatu egin beharko dira erregimen honetako babes-neurriekin bat ez datozen edo neurri horien aurkako diren guztietan.
II KAPITULUA
ERABILERA ETA JARDUEREN ERREGIMEN
OROKORRA
5. artikulua.– Sailkatzea.
Arkaiako Arkeologi Gunearen babesa ziurtatuko duen erabilera eta jardueren erregimen orokorra ezartzeko, hiru gune bereizten dira: 1 Gunea.– Termen gunea, lehen arkeologi indusketen ondoren agerian geratutako erromatar egiturei dagokiena, eta 2. eta 3. Guneak.
2. eta 3. Guneetan aztarnategi arkeologikoaren babes araubidea aurrera eraman daitezkeen erabilera eta eremu horretan tradizionalki burututako jarduerekin ondo etortzen direnek osatutakoarekin egituratzen da, babes araupide honetan zehazten diren ñabardura eta betebehar batzuk ezarriz.
Gune hauetako bakoitzaren mugak txosten honen I. eranskinak dakarren planoan zehazten dira.
6. artikulua.– Irizpide orokorra.
1.– Babes-erregimen honetako erabilera eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ondorengo arau hauetan aipatzen ez diren erabilera eta jarduerak babes-erregimenaren kontrakotzat joko dira.
2.– Hala ere, eta babes araubide honek ezarritako jaurpideen menpe, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko arrasto arkeologikoak errespetatzen badira.
7. artikulua.– 1 guneko erabilera eta jarduerak.
1.– Irizpide orokorra:
Oro har, aurrez adierazi bezala, gune honetan jarraitu beharreko irizpidea babes maila honetan dauden ondasunen egoera aldatu dezakeen giza jarduera oro gehien murriztean datza, agerian dauden higiezinen aztarnak hondatzea suposa dezakeen erabilera eta jarduera guztiak deuseztuz.
Ondasun higiezintzat hartuko dira jatorrian ondasun higiezin zirenak, nahiz eta egun bere tamaina edo kontserbazio-egoeragatik lekuz alda daitezkeen, eta ondorioz, ondasun higigarritzat har daitezkeen.
2.– Eraikuntzaz kanpoko erabilera eta jarduera baimenduak:
2.1.– Zientzia arloko jarduerak garatzeko baldintzak.
Gune arkeologikoko lurra iraultzea ez da onartuko, ikerketa zientifikoek hala eskatzen duenean izan ezik, eta beti baldintza bi hauek bete beharko dira: aldez aurretik egitasmo bat izatea eta egitasmo hori Arabako Foru Aldundiak onestea.
Eremu horretan burutuko diren jarduera zientifiko guztiak (indusketa arkeologikoak, analisiak, ikerketak etab.) aztarnategia osorik ikertzeko programa antolatu batean sartuko dira. Beren helburu nagusia ondasuna ezagutaraztea eta horren balorea handitzea izango da. Bertan burutu beharreko edozein jarduera arkeologikoren lehenengo asmoa ondasun higiezinen aztarnak -eremu honetan arkeologi metodologia bidez aurkituak- dauden lekuan bertan kontserbatzea izango da.
Burutzen den egitasmoaren bidez, ondasuna "in situ" finkatu, kontserbatu eta zaharberritu beharko da, bai orain lur gainean dauden parteak, bai industean ateratzen direnak ere, beti ere hondamen-prozesuak saihesteko edo ahalik eta gehien moteltzeko.
2.2.– Jarduera zientifikoak eta ondasuna ezagutzera ematea.
Jarduera zientifikoak garatu eta bultzatu ahal izango dira, aztarnak kontserbatzeko kaltegarriak ez diren artean. Horien bidez, ezagutzera emango dira ondasunak, lekua eta ondare bezala dituen baloreak. Babestutako gunea kultur ibilbideetan sartu ahal izango da eta bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo txikiak burutuko dira, hori erakusteko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko hainbat elementu berreraikiko da eta abar
Arkaiako I Gune Arkeologikoan horrelako jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena lortzea, eta hori jasotzeko, kontserbazioa bermatzen dela ziurtatu beharko da. Bestalde, arkeologiako aditu batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.
Gunea behar bezala seinalatu ahal izango da eta biztanleek beren garaian izan zuten gunearen mugak errespetatuko dira. Lekua turismo gidaliburuetan eta antzekoetan jasotzeko erraztasunak emango dira, jakitera ematearren; horrek ondasuna errespetatu eta mantentzen lagunduko du.
3.– Eraikuntzazko erabilera eta jarduera baimenduak.
Lekua babesteko helburua duten jarduerak, eta ikertzeko edo kultura zabaltzeko ezinbestekoak diren eraikuntzak eta instalazioak baino ez dira onartuko. Horietako edozein egin aurretik, arkeologo aditu batek beharrezkotzat jo behar du jarduera, eta ondasuna ikertzeko eta bere balorea azpimarratzeko egitasmo oso batean jaso beharko da.
8. artikulua.– 2 guneko erabilera eta jarduerak.
1.– Irizpide orokorrak.
Gune honetarako esku-hartzeko irizpide orokorra gune honetan finkatuta dauden erabileren iraupena zaintzea da; erabilera horiek beti ere aztarnategiaren eremu honetan azaltzen diren intereseko egitura-aztarnen babesarekin bateragarri izan beharko dira.
2.– Baimendutako erabilera eta jarduerak, eraikuntzazkoak eta eraikuntzaz kanpokoak.
2.1.– Nekazaritzako erabilerak
Eremu horretako lur azpia aldatzea ekar lezakeen edozein jarduera baino lehen (eraikuntza-jarduerak, instalazio higieniko-sanitarioak, saila ixtekoak, azpiegiturak etab.) arkeologi proiektu bat egin beharko da. Eta proiektatutako obra guztiak burutzeko lizentziak proiektu horren arabera emango dira eta, beti ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 45.5. artikuluak arkeologi eremu edo ondasun kalifikatu eta inbentariatuei buruz ezarritakoa bete.
Arkeologi proiektu horren ondorioak Arabako Foru Aldundiak baimenduak beharko dute izan eta ondorio horien arabera kasu bakoitzean dagokion neurri zuzentzaileak ezarriko dira. Nolanahi ere, neurri zuzentzaile horiek ziurtatu egin beharko dute bertan geratuko direla oraindik lur azpian dauden arkeologi aztarnategiaren egiturak, eta bateragarri izango direla eraikinak, kanalizazioa edo beste edozein obra egitea eta aztarnategiaren egiturak bertan kontserbatzea.
Egiturak kontserbatzeko erabakia hartzerakoan, duten garrantzia edukiko da kontuan, dela ikuspegi historiko-arkeologikotik begiratuta dutena, dela bere kontserbazio-egoerak ondasun horiek berreskuratu eta birbaloratzeko etorkizuneko aukera.
9. artikulua.– 3 guneko erabilera eta jarduerak.
1.– Irizpide orokorra:
Gune honetarako irizpide orokorrak tradizioz eremu honi eman zaion erabilera eta jardueraren jarraipena ziurtatzea da: nekazaritza. Dena dela, behar adina neurri hartuko da, etorkizunean leku honetan ager daitezkeen aztarnak berreskura eta birbalora daitezen, baita museotara eraman, bisitatu eta ezagutarazi daitezen ere.
2.– Eraikuntzaz kanpoko erabilera eta jarduera baimenduak.
2.1.– Nekazaritza-erabilerak.
Eremu honetako erabilera nagusia baimentzen bada ere, tradizioz eremu honekin lotura handia izan baitu, jarduera hori bideragarri izateko betiko moduan burutu beharko da, eta ez da utziko lurrean 20 cm baino sakonera handiagoko aldaketarik edo mugimendurik egiten (betidaniko goldeak egiten duena).
Eremu honetako nekazaritza jarduerarekin zerikusia duen beste edozein jarduera ere baimenduko da, hau da, ureztatze-azpiegiturak, eguraldiaren gorabeheretatik babesteko egiturak etab. Dena dela, jarduera horiek burutzeko ere lehen aipatutako 20 cm gehienezko sakontasun hori errespetatu beharko da. Hori, gainera, arkeologian aditua den profesional batek kontrolatu beharko du. Bestalde, landare-elementuz egindako sailen itxituretan ere gauza bera aplikatu da.
2.2.– Izaera zientifikoa duten jarduerak.
Aurreko atalean adierazi dira nekazaritza-jarduerarako baldintzak. Jarduera horretaz aparte, gune arkeologikoko lurra kasu batean baino ez da irauliko, hau da, ikerketa zientifikoek hala eskatzen dutenean, eta baldintza bi beteta gainera: aldez aurretik egitasmoa izatea eta egitasmo hori Arabako Foru Aldundiak onetsia izatea.
Eremu horretan burutu beharreko jarduera zientifiko guztiak (indusketa arkeologikoak, analisiak, ikerketak etab.) aztarnategia osorik ikertzeko programa antolatu batean sartuko dira. Jarduera horien helburu nagusia ondasunaren balorea handitzea izango da. Eremu horretan burutu beharreko jarduera arkeologiko ororen lehenengo asmoa, bestalde, aztarnak aurkikuntza-lekuan bertan kontserbatzea izango da.
Proiektu bat burutuko da, eta horren bidez, ondasunak sendotu, kontserbatu eta zaharberrituko dira, bai orain lur gainean dauden zatiak, bai industean ateratzen direnak ere, beti ere hondamen-prozesuak saihesteko edo ahalik eta gehien moteltzeko. Indusketa guztiekin batera programa bat egingo da, ateratzen diren aztarnak kontserbatzeko. Ez da inolako lanik egingo programa hori sortu arte.
2.3.– Kultura-jarduerak. Ondasuna ezagutzera ematea.
1 Gunean aipatutako horiek.
3.– Eraikuntzako erabilera eta jarduera baimenduak.
3.1.– Nekazaritzako erabilerak.
Baimena emango da nekazaritzako lanabesak gordetzeko eraikuntzak altxatzeko edo nekazaritza-ustiapenarekin zerikusia duten jarduerak burutzeko, baldin eta aldi baterakoak badira, arkitektura iragankorrez egiten badira, eta lurrean zimendurik sartzen ez bada. Baldintza hauek saila ixteko egiturei ere aplikatuko zaizkie.
3.2.– Erabilera zientifiko eta kulturalak, kontserbaziozkoak eta hedapenezkoak.
Baimenduko dira eremua bera babesteko helburua duten eraikuntzak, eta ikerketa edota kultur hedapeneko helburua duten eta beharrezkoak diren eraikinak. Beharrezkoa izango da jarduera horiek burutzeko ikerketazko proiektu bat, edo aztarnategia kontserbatzeko eta bere balioa handitzeko proiektu osoa. Proiektu hori, gainera, arkeologi arloko tekniko eskumendun batek sinatu beharko du, egokia eta beharrezkoa dela adieraziz.
3.3.– Azpiegiturak.
Lurzoruaren egungo egoera alda dezaketen lanak egiteko, hala nola, linea elektriko berriak instalatzeko (airezkoak edo lur azpikoak), telefono-lineak ezartzeko, ura kanalizatu eta bideratzeko azpiegitura-lanak egiteko, gasa ezartzeko etab. (8 artikuluko 1.1. atalean adierazitakoa izan ezik), eremu osotik kanpo dagoen trazaketa planteatu beharko da, lan horiek lurrak mugitzea baitakarte berekin.
Instalazio hori baimentzeko, ezinbestekoa izan beharko du, eta gainera, Arabako Foru Aldundiaren Kultura Sailak gainbegiratu beharko du obra-proiektua instalazioa egin aurretik. Kultura Sailak egoki iruditzen zaizkion neurri zuzentzaileak ezarriko ditu kasu bakoitzean.
Egun dauden bideei dagokienez, zaintzea baimenduko da, baina beti ere zabalkuntzarik egin gabe eta berririk egin gabe.
III.– BESTE XEDAPEN BATZUK.
10. artikulua.– Gizartearen interesekoa.
Arkaia Guneko espazioan indusketa-prozesu sistematikoak burutzearen ondorioz, lur azpian mantentzen diren azpiegitura eta aztarna arkeologikoak topatzen badira, eta ikusgai mantendu nahi badira, finkatzeko, berritzeko, berreskuratzeko eta birbaloratzeko (1 gunean gertatzen den bezala), orduan, eta Kultur Ondarearen 7/1990 Legearen 21 artikuluarekin bat, espazio multzo hori gizartearen interesekotzat hartuko da, eta horrek posible egingo du aztarna horiek Sistema Orokor gisa Kalifikatzea.