110. zk., 2000ko ekainaren 12a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2496
AGINDUA, 2000ko maiatzaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, 2000-2001 ikasturtean Eibarko Hezkuntza-Esparruko Egoitza-Zentroan, barnetegi-erregimenean, tokia izateko deia egiten duena.
Herritar guztiek dute hezkuntzarako eta irakaskuntza askatasunerako eskubidea, eta hezkuntzara berdintasun egoeran sartzeko dauden muga eta desorekak berdintzeko diren neurriak jartzea aginte publikoaren egitekoa da.
Eibarko Hezkuntza-Esparruak dituen ezaugarri bereziak direla eta, oso eskaintza egokia egin daiteke, batez ere, beren ohiko bizilekua dagoen herritik kanpoan mota bateko ikasketak egiten dituzten ikasleentzat.
Horregatik, urteko deialdi baten bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak barnetegi-erregimenean egoteko tokiak eskaintzen dizkie interesatuei.
Aipatutako tokiak eskatu ditzaten izangaiek bete behar izango dituzten baldintzak arautzeko, honako hau
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA
1. artikulua.– Eibarko Hezkuntza-Esparruko Egoitza-Zentroan, barnetegi- erregimenean, tokia izateko deialdia egitea da Agindu honen xedea.
2. artikulua.– Barnetegiko toki horiek honako ikasleei bakarrik emango zaizkie:
1.– Eibarko Ingeniaritza Tekniko Industrialeko Unibertsitate-Eskolan, izena emateko legezko betebehar guztiak izanda, onartuta dauden ikasleei.
2.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2000ko martxoaren 8ko aginduaren arabera (00-04-14ko EHAA), agindu honetako 5.3 artikuluan adierazitako ikastetxeren batean onartuta dauden Derrigorrezkoa ez den Bigarren Hezkuntzako ikasleei.
3. artikulua.– 1.– Ikastetxeen zuzendariak finkatuko du egoitzan zenbat toki dauden betetzeko eta nola banatu behar diren mailaka eta kurtsoka. Ondoren, hautaketa eta tokien esleipenerako batzordeari emango dio horren berri.
2.– Konpartitutako barrutia dela-eta esleituriko plaza kopurua ez da ondoko hau baino handiagoa izango: egoitza plazei dagokien portzentaia aplikatzetik ateratzen dena.
4. artikulua.– Izangaiak aukeratzeko prozesua hurrengo artikuluetan xedatutakoari lotuko zaio.
II. KAPITULUA
BALDINTZA OROKORRAK ETA
IKASKETA-BALDINTZAK
5. artikulua.– Tokiak eskatzeko honako baldintza hauek bete behar dira:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean familiaren helbidea izatea. Baldintza hau eskaria aurkezterakoan egiaztatu beharko da, dagokion udalak emandako erroldaratze-egiaztagiriaren bidez.
Ez dute baldintza hau bete beharrik 1999-2000 ikasturtean deialdi honetako Egoitza-Zentroan tokia izan zutenek, ezta, unibertsitate-barruti konpartitua dela eta, Eibarko Ingeniaritza Tekniko Industrialeko Unibertsitate-Eskolan onartuta dauden Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikasleek ere.
2.– Ikasi nahi dituen ikasketak emango dituen fondo publikoekin ordaindutako ikastetxerik ez izatea, ez bere ohiko bizilekua dagoen herrian, ezta garraiobideak direla medio erraz joan eta etorri daitekeen herri hurbilen batean ere.
Salbuepen gisa, beharkizun hau betetzea ez da beharrezkoa izango, Batzordeak, dagokion Hezkuntza Lurralde ordezkariak proposaturik, ikaslearen egoera familiar, sozial edo ekonomikoa apartekoa dela uste baldin badu eta behar bezala egiaztatu bada hori.
3.– Eskualdeko honako ikastetxe hauetan ikastea:
– Eibarko Ingeniaritza Tekniko Industrialeko Unibertsitate-Eskolan
– I.E.S. "Uni Eibar-Ermua" B.H.I.n
– Eibarko "Armeria-Eskola" G.B.L.H.I.n
– I.E.S. "Elgoibar" B.H.I.n
– Elgoibarko Makina-Erreminta Institutu Tekniko Berezian.
III. KAPITULUA
ESKARIAK AURKEZTEA ETA IZAPIDETZEA
6. artikulua.– 1.– Eskariak egiteko Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan edo deialdi honetako Egoitza-Zentroan banatuko diren orriak erabili beharko dira. Orri horietan eskari-egileek aurkeztu eta bete behar dituzten agiriak eta datuak datoz zehaztuta.
2.– Eskari-orriak behar bezala beteta Eibarko Hezkuntza-Esparruko Egoitza-Zentroan aurkeztuko dira edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako edozein bulegotan.
3.– Ikasleek azaldutako arrazoiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte eskari-orriak aurkezterakoan.
4.– Eskabideak jaso ditzaten funtzionarioek orrietako alderdi guztiak behar bezala beteta daudela ikusi beharko dute eta gerta daitezen hutsak konpontzeko edo agindutako agiriak aurkezteko eskatuko diete interesatuei.
7. artikulua.– Egoitzako tokiak eskatzeko bi txanda izango dira:
– Lehenengo txanda ekainaren 15ean hasi eta uztailaren 24an bukatuko da.
– Bigarren txanda irailaren 11tik urriaren 10era artekoa izango da, biok barne
IV. KAPITULUA
HAUTAKETA-ORGANOA
8. artikulua.– Hautaketa-batzorde bat izango da balioespena eta egoitzako tokiak esleitzeko proposamena egiteko eta gerta litezkeen hutsuneak beteko dituzten ordezkoak aukeratzeko. Hona partaideak:
– Ikastetxeen zuzendaria, edo berak aukeratutako ordezkoa, Batzorde honen lehendakaria izango delarik.
– Eibarko Hezkuntza-Esparruko gerentea, edo bertako Kudeaketa, Administrazio eta Zerbitzuetako burua.
– Eibarko Hezkuntza-Esparruko Egoitza-Zentroko zuzendaria.
– Eibarko Hezkuntza-Esparruko Egoitza-Zentroko idazkaria, Batzordeko idazkari izango da eta hizpidea izango du baina ez botorik.
V. KAPITULUA
AUKERAKETA EGITEKO BIDEA
9. artikulua.– 1.– Eskariak aurkezteko lehen txanda bukatuta, hain zuzen ere agindu honetako 5.3. artikuluan zehaztutako ikastetxeek ikasleak hartzeko deialdia edo onarpenaldia erabakitako epeen barruan amaitzen dutenean, hautaketa-batzordea bilduko da eta egoki deritzon tokiak esleitzeko lehen proposamena gertatuko du, agindu honetako 7. artikuluan zehaztutako lehen epealdian eskaria aurkeztu zuten ikasleen artean.
2.– Hautaketa-batzordea urriko bigarren hamabostaldian bilduko da, berriro, egoitza-toki gehiago esleitzeko proposatzeko, beharrezkoa dela uste badu.
10. artikulua.– Hautaketa-batzordeak, deialdi honetan ezarritako egoitzako tokiak esleitzeko proposamena jakinaraziko dio Hezkuntza sailburuordeari. Horrekin batera, egoitzako tokietarako ordezkoen zerrenda ere aurkeztuko dio.
11. artikulua.– Deialdi hau ebaztea Hezkuntza sailburuordeari dagokio.
12. artikulua.– Azaroaren 15a baino lehenago emango zaio ebazpena deialdi honi eta interesatuei jakinaraziko zaie hori. Ebazpen adierazirik ematen ez bada aipatutako epe horren barruan, eskaria ezetsia izan dela ulertuko da.
VI. KAPITULUA
EGOITZARAKO TOKIAK ESLEITZEA
ETA BERRIZTATZEA
13. artikulua.– Eskariak aurkezteko epea bukatuta, Hautaketa-Batzordea bilduko da, eskabideak balioesteko eta deialdi honetan ezarritako tokiak esleitzeko, baita bete gabe gera daitezkeenak betetzeko ordezko kopuru egoki baten izendatzeko ere. Horretarako Batzordeak hurrengo artikuluan ezarritako irizpideak erabiliko ditu.
14. artikulua.– 1.– Aurkeztutako eskabideen balioespena egiteko, izangaiek eskolatzeko duten zailtasun maila handiari eta aparteko problematika erakusten duten kasuei begiratuko zaie.
2.– Eskolatzeko zailtasunak dituzten izangaien kopurua baino txikiagoa bada tokiena, ikaslearen egoera sozioekonomikoa kontuan hartuko da, egoera hau behar bezala egiaztatuta izan behar duelarik. Horretarako, ikasketetarako bekak emateko deialdi orokorrean ezarritako familiaren errenta garbia kalkulatzeko metodoa erabiliko du Batzordeak.
15. artikulua.– 1.– Aurreko artikuluan bildutako arauak betez eskabideak balioetsi ondoren, izangaiei beraiek egindako eskabideari buruz hartutako erabakiaren berri emango zaie.
2.– Eskabideari ezetza ematen bazaio, arrazoietan oinarritua izan beharko da eta legez erreklamazioak aurkezteko dituzten bideen berri emango zaie ikasleei.
16. artikulua.– Ziklo edo maila hasierakoak ez diren ikasturteetako ikasleak izan eta deialdi honetako xede diren ikastetxeetan ikasketak egiten ari direnen kasuan, hezkuntza maila bereko tokiak berriztatzea besterik gabe egingo da, beti ere, 5. artikuluan ohartemandako ikasketa beharkizunak betetzen badituzte.
VII. KAPITULUA
EGOITZA-ZENTRORA BERTARATZEA
17. artikulua.– Egoitza-Zentroak bertaratzeko egunak esleituko dizkie ikasleei, beren ikasketak egiten dituzten ikastetxeko eskola egutegiaren arabera. Ikasleek, esleitutako egunetan bertaratzen ez badira, egoitzako tokia betetzeko eskubidea galduko dute, behar bezala justifikatutako halabeharrezko arrazoirik ez badute behintzat.
18. artikulua.– Baten batek huts eginez gero, ordezkoei deituko zaie, zerrendaren hurrenkera gordez, hutsunea betetzeko.
19. artikulua.– Egoitzako tokia lortu duten ikasleek Egoitza-Zentroko barruko arauak bete beharko dituzte.
20. artikulua.– Ikasleek osasun-egoera agiri bidez egiaztatu beharko dute egoitzan sartzen direnean, eta egoitzako ohiko bizimodua ez galarazteko modukoa izan beharko du.
VIII. KAPITULUA
DIRU EKARPENA
21. artikulua.– 1.– Egoitza-tokia duten ikasleek diruz lagunduko dute egoitzako gastuei aurre egiteko. Ikasle bakoitzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erabakitako 2000-2001 ikasturterako egoitzaren prezio publikoa ordaindu beharko du.
2.– Dagokion zenbatekoaren ordainketa gehienez hiru zatitan banatuko da, hiruhilabeteko bakoitzaren hasieran ordainduko delarik.
3.– Egoitzan tokia duten ikasleek, tokiaren zenbatekoa ordaintzeko laguntza ekonomikoa nahi izanez gero, ikasketa-beka eta laguntzetarako deialdi orokorraren bidez eskatu beharko dute.
IX. KAPITULUA
ERREKLAMAZIOAK ETA IKUSKARITZA
22. artikulua.– Deialdi honetako ebazpenaren aurka, interesatuek gorako errekurtsoa aurkeztu diezaiokete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari. Ebazpena jakinarazten zaien egunaren biharamunetik kontatzen hasita, hilabeteko epea izango dute horretarako.
23. artikulua.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beretzat gordetzen du eskari-egileek egiazko datuak azaldu ote dituzten aztertzeko eta agindu honetan araututakoa betearazteko ahalmena.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Egoitzan tokia duten ikasleek ez dute ostatu eta jantoki zerbitzuen eskubiderik izango, ez asteburutan, ezta jaiegunetan ere. Hala eta guztiz ere, Hezkuntza-Esparruko Gerentziari eta Egoitza-Zentroko Zuzendaritzari baimena ematen zaio, aipatutako egunetan ikasle egoiliarrek ostatu eta jantoki zerbitzuak erabiltzeari buruzko arauak emateko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.– Agindu honek hartzen ez duen guztirako, azaroaren 26ko 30/1992 Legera (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) joko da.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2000ko maiatzaren 10a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
INAXIO OLIVERI ALBISU.