Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

225. zk., 1999ko azaroaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5009

AGINDUA, 1999ko azaroaren 3koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Euskal Herriko Unibertsitatean titulazioak jartzeko, aldatzeko edo kentzeko espedienteak izapidetzeko eta erabakitzeko epeak eta epe-mugak arautzeko dena.

Euskal Herriko Unibertsitatean titulazio berriak ezartzeko eta lehendik daudenak aldatzeko edo kentzeko prozedura uztailaren 20ko 294/1999 Dekretuaren bitartez arautu zen. Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea antolatzen duen ekainaren 29ko 19/1998 Legearen 9. eta 10. artikuluetan dioena garatzeko eman zen Dekretu hori. Ekainaren 29ko 19/1998 Legearen 9.2 artikuluaren arabera, titulazio eta espezialitate berriak ezartzeko eta guztiz garatzeko, eta daudenak aldatzeko edo kentzeko berariazko programak Unibertsitate Planaren barruan sartuko dira, hori baita unibertsitate irakaskuntza publikoa antolatzeko, Jaurlaritzak sortu duen berariazko tresna.

Dena den, Unibertsitate Plana hainbat urtetarako denez, derrigorrezko egiten da uztailaren 20ko 294/1999 Dekretuaren II. Kapituluan arautzen den prozedura denboran antolatzea; era horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beren eskumen diren egitekoak behar bezala betetzeko denbora izan dezaten.

Beraz, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak eta eskumena duten gainontzeko organoek finkatuko dituzte Euskal Herriko Unibertsitatean titulazioak jartzeko, aldatzeko edo kentzeko espedienteen barne izapideketa egiteko epeak eta epe-mugak. Dena den, Agindu honetako 2. eta 3. artikuluetan zehazten diren epeak eta epe-mugak bete beharko dituzte.

2. artikulua.– Titulazio bat edo batzuk halako ikasturtetan jarri, aldatu edo kendu nahi badira, ikasturte hori hasten den urtearen aurreko urteko azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari egin beharreko eskariak, uztailaren 20ko 294/1999 Dekretuko 12. artikuluaren arabera.

3. artikulua.– Titulazioak halako ikasturtetan jarri, aldatu edo kendu nahi badira, ikasturte hori hasten den urteko urtarrilaren 15a baino lehen erabaki beharko du espedientea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, uztailaren 20ko 294/1999 Dekretuko 13. artikuluaren arabera.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Agindu hau indarrean jartzean Unibertsitateko I. Plana oraindik egiten ari denez, Aginduko aurreikuspenak ezin izango zaizkio aplikatu 2000-2001 ikasturtean titulazioak jarri, aldatu edo kentzeko eskariei.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 1999ko azaroaren 3a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.


Azterketa dokumentala