137. zk., 1999ko uztailaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
3217
AGINDUA, 1999ko ekainaren 30ekoa, Kultura sailburuarena, nazioarteko zein estatu mailako kirol gertakariak burutzeko dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.
Kultura Sailak kirol mundua suspertzeko eragile eta pizgarri izan daitezkeen ekintzetarako zenbait dirulaguntza ezartzen ditu Agindu honen bitartez.
Era horretara, zenbait erakundek eta instituziok antolatuta, nazioartekoak zein estatu mailakoak izanik, berebiziko garrantzia duten zenbait kirol ekitaldiri 1999ko jardunaldian laguntzeko modua finkatzen da Ebazpen honetan, Kultura Sailaren ustetan, kirol arloan betetzen duten zeregina behar-beharrezko oinarri baita euskal biztanleen artean kirol zaletasuna zabal dadin.
Beraz, horretarako beharrezkoa da ondo zehaztea zein diren kirol jarduera garrantzitsuak eta zeintzuk diren horretarako bete beharreko baldintzak eta, modu berean, beharrezkoa da aipatutako dirulaguntzak eskatu, bideratu eta emateko modua antolatzeko arauak ematea ere.
Honi dagokionez, 1998. urtean zehar, Kultura Sailak, laguntza hauetarako deialdia egin zuen, 1998ko apirilaren 8an emandako aginduaren bidez. Agindu horrek indarrean jarraitzen du abenduaren 15eko 371/1998 Dekretuaren arabera. Azken hau aurrekontuen luzapen-garaian Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura dauden laguntza eta dirulaguntzen hainbat xedapen erregulatzaile indarrean mantentzeari buruzkoa da. Eta beronek aurtengo urteari dagozkion laguntzetarako deialdia egitea ahalbidetzen du, irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretuaren IX. Tituluan erregulatzen den luzapen-erregimenaren arabera. Aipaturiko Dekretuak Euskadiko Aurrekontu-erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu berritua onartzen du.
Horrenbestez:
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honetan, 1999. urtean hasi edo burututako kirol egitarauak zein jarduerak burutu daitezen dirulaguntzak emateko modua ezartzen da, atal honetan jasotako jarraibideak errespetatuz.
Ildo horretatik, honako hauek jaso ahal izango dute dirulaguntza:
a) Kirol modalitate desberdinetan egiten diren jarduerak, honako hauek antolatzen badituzte: Euskadiko kirol federazioek, Euskal Autonomia Elkartean egoitza duten nazioarteko kirol federazioek, toki erakundeek, kirol elkarteek eta bestelako erakundeek, Euskal Autonomia Elkartean kokatuta badaude.
b) Aurreko puntuan finkatutako elkarte zein erakundeek, kirol modalitate ezberdinetako jardueretan partaide izanez gero.
c) Kirol modalitate desberdinetan egiten diren beste jarduera batzuk, Kultura Sailaren politikarako interesgarritzat jotzen badira.
Dirulaguntza jaso dezaketen kirol modalitateetako jarduerek, bai antolaketari bai partaidetzari dagokienez, nazioartekoak beharko dute izan edota, beti ere, oro har, Euskal Autonomia Elkartearen promoziorako lagungarriak, eta, bereziki, Kirol Zuzendaritzaren politikarako onuragarriak, berebizikoak eta garrantzi handikoak izango dira.
Diruz laguntzen diren jarduerak, kirol modalitate desberdinetakoak, dirulaguntza eskatu duten erakundeek zein elkarteek eurek egin ditzakete zuzenean edo, bestela, beste erakunde publiko zein pribatu batzuekin batera elkarlanean, lankidetzan edo haiekin hitzarmenena eginda.
1999an hasitako jarduerak zein egitarauak urtebeteko epean bukatu beharko dira, dirulaguntza ematearen aldeko Ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denetik kontatzen hasita.
1999. urtean hasten diren ekintzetarako ematen diren dirulaguntzak ezingo dira erabili urte ekitaldi horri ez dagozkion gastuak ordaintzeko.
2. artikulua.– Aurrekontu baliabideak.
1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da eta guztira 121.474.000 milioi pezeta erabiliko dira. Horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira eta, 7. atalean finkatutako irizpideak aplikatuz, eskabideak lehentasun hurrenkeran jarriko dira. Dirulaguntzak puntu gehien lortzen dituzten eskaerei emango zaizkie, horretarako dagoen diru kopurua agortzen den arte.
3. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen entitateak.
1.– Honako erakunde hauek eskatu ahal izango dituzte Agindu honetan araututako dirulaguntzak:
a) Indarrean dagoen legediari jarraituz eratuta eta dagokion erroldan izena emanda dauden Euskadiko kirol federazioek.
b) Nazioarteko kirol federazioek, Euskal Autonomia Elkartean egoitzaren bat izanez gero.
c) Kirol elkarteek, legez eratuta eta bakoitza dagokion erroldan izena emanda izanez gero, baldin eta baltzu egoitza Euskal Autonomi Elkartean badaukate.
d) Aldiro zein noizean behin kirol modalitate desberdinetako ekintzak antolatzen dituzten erakundeak, baldin eta baltzu egoitza Euskal Autonomia Elkartean badaukate.
e) Euskal Autonomia Elkarteko toki erakundeek.
2.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso ondoko egoeran dauden federazioek: Euskal Autonomi Elkarteko administrazio orokorraren eskutik hemen arautzen diren dirulaguntzen antzekoak jaso eta haiek itzularazteko prozeduraren bat edo zigor-prozeduraren bat hasia duten federazioek, hura izapidetze prozesuan dagoelarik.
4. artikulua.– Eskabideak.
1.– Agindu honetan adierazitako dirulaguntzak jasotzeko egin beharreko eskabideak Kultura Saileko Kirol Zuzendaritzan aurkeztuko dira, edo entitate eskatzailea kokatua dagoen Lurralde Historikoaren arabera dagokion Kultura Lurralde Unitatean (Arabakoan, Bizkaikoan edo Gipuzkoakoan), Kultura Saileko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzara zuzenduta, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eskainitako bideetarik edozein erabiliz. Horrekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Kirol Zuzendaritzak berak zuzenean zein Kultura Lurralde Unitateen bitartez emandako eskabide orria, eskabidea egiten duen pertsona fisikoak entitate onuradunaren izenean jarduteko baimena duela egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu behar delarik.
b) Diruz lagunduko den jarduerari buruzko txostena eta aurrekontua. Dirulaguntza eskatu duen erakundea partaide hutsa izan arren, bere partaidetzari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko du.
c) Eskabidea egin duen erakundearen IFZren fotokopia eta zerga kontuetan betebehar guztiak ordainduta dituela egiaztatzeko agiria.
d) Banketxearen egiaztagiria, kontu zenbakia eskaera egin duen entitatearena dela ziurtatzeko.
e) Zuzendaritza batzordearen egiaztagiria.
f) Eskabidea egin duen Erakundean horretarako ahalmena duen Zuzendaritza Batzordeak hartutako konpromezua, proposatutako jarduera edo programa garatzerakoan eta, batez ere, iragarki eta dokumentazioan (gutunak, kartelak, foiletoak, programak, megafonia, etab.) Euskal Autonomia Elkarteko bi hizkuntza ofizialak erabiliko dituela hitz emanez.
g) Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako dirulaguntzak eta, ustez, jasoko direnak, erakundearen izena eta laguntzen egoera aipatuta (ezetsiak, erantzunaren zain, emanak eta diru-kopuruak). Horrelakorik egon ezean, dirulaguntza jaso nahian aurkeztutako egitarauetarako beste inongo dirulaguntzarik ez dela eskatu egiaztatzeko jakinarazpena.
h) Kirol jarduera beste erakunde publiko zein pribaturen batekin batera lankidetzan edo hitzarmena sinatuta eginez gero, jardueraren garapenerako oinarri den hitzarmen edo kontratuaren kopia bat. Kasu honetan, dirulaguntzarik eskatu ez duen erakundeari dagokionez ere, aurreko ataletan ezarritako dokumentazioa eska daiteke.
i) Burututa dauden jarduerei dagokienez, izandako gastuak justifikatzeko Agindu honetan zehaztutako dokumentazio guztia aurkeztu beharko da.
2.– Kirol Zuzendaritzak dirulaguntza emateko beharrezko iritzitako dokumentazio osagarri guztia eska dezake.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA) adierazitakoa betez, 30 milioitik gorako dirulaguntzak emateko beharrezkoa izango da benetako bermaketa eratzea, Dekretu horretan ezarritako baldintzei jarraituz.
4.– Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kultura Unitateek eta Kultura Saileko Kirol Zuzendaritzak Agindu honetan araututako dirulaguntzez behar duten informazio guztia jarriko dute dirulaguntza eskabideren bat egin duten entitateen esku.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Agindu honetan azaldutako kirol jarduerak burutzeko dirulaguntza eskabideak aurkezteko azken eguna 1999ko irailaren 17a da, eta ekitaldi bakarrean ebatziko dira 1999ko azaroaren 17aren aurretik.
6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Kirol Zuzendaritzak, Agindu honen 4. atalean ezarritakoari jarraituz aurkeztutako eskabidea eta gainerako dokumentazioa aztertuta, aurkeztutako dokumentazioa ondo osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusiz gero, eskabidea egin duen entitateari horren berri emango dio. Jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, hogei eguneko epea emango da dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eta, epe hori bukatuta, eskatutako dokumentazioa ez bada era egokian zuzentzen, ez onartutzat joko da Kultura, Gazteria ea Kirol sailburuaren Ebazpenaren bitartez.
7. artikulua.– Hautaketarako eta diru-kopuruak zehazteko irizpideak.
1.– Dirulaguntzak ematerakoan eta diru-kopuruak zehazterakoan, 1. atalean ezarritakoaren aurka jo gabe, proposatutako egitarauan edo jardueran honako osagarri hauek zein neurritan betetzen diren hartuko da kontuan:
a) Proposaturiko jarduerak garatzen duen kirol modalitateak hartzen duen esparrua lurralde-mailakoa edo komunitatea baino zabalagokoa den. Horren arabera, hurrenez hurren, 50 edo 100 puntu emango dira, gehienez jota. b) Proposaturiko jarduerak ea goi-mailako kirola hobetzeko modurik bideratzen duen. Gehienez, 75 puntu.
c) Proposatutako jarduerak ea bertan egiten den kirol motaren maila teknikoa hobetzen zein neurritaraino laguntzen duen. Gehienez jota, 60 puntu.
d) Kirol jardueran burutzen den kirol mota ea zenbat zabaltzen edo suspertzen den. Arlo honetan 50 puntu emango dira gehienez jota.
e) Proposaturiko jarduerak kirolari dagokionez duen maila. Gehienez jota, 40 puntu.
f) Erakunde onuradunak duen proiekzioa: lurralde-mailakoa, komunitatekoa edo komunitatea baino zabalagoa. Horren arabera, 25 puntu emango dira, gehienez jota.
2.– Dirulaguntzak jaso ahal izateko behar-beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Elkarteko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea proposatutako jarduera edo programa garatzerakoan eta, batez ere, iragarkietan eta dokumentazioan (gutunak, kartelak, foiletoak, programak, megafonia, etab.).
3.– Aurreko lerroaldean adierazitakoaren aurka joan gabe, kirol jarduera bakoitzeko gehienez jota jaso dezakeen dirulaguntza ez da inola ere berrogei milioi (40.000.000) pezetatik gorakoa izango. Era berean, dirulaguntza ez da inoiz jarduera-kostuaren %70 baino handiagoa izango.
4.– Agindu honetan adierazitako dirulaguntzak, erakunde eta enpresa publiko zein pribatuek helburu berberaz emandako beste laguntza batzuekin bateragarriak izango dira, beti ere, guztira jasotako diru-kopuruak aurrekontu osoa gainditzen ez badu. Horrela gertatuz gero, dirulaguntzatik murriztu egingo da jasotako gehiegizko diruari dagokion kopurua, aurkeztutako aurrekontuari egokitu arte.
8. artikulua.– Ebazpena.
1.– Eskabideak aurkeztu eta, hala behar izanez gero, berauetan ikusitako akatsak zuzentzen direnean, Batzorde Kalifikatzaileak bilera bat egingo du aurkeztutako eskabideak eta gainerako gorabeherak agindu honetan ezarritako irizpide eta ezaugarrien arabera aztertzeko.
2.– Kalifikazio batzordea honela osatua egongo da: Kirol zuzendaria (batzordeburua), eta arlo horretako bi teknikari, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak izendatuak (horietako bat idazkari lanetan).
3.– Hilabeteko epean, gehienez ere, aipatutako batzordeak ebazpen proposamena egingo du, finkatutako irizpideetan oinarrituz eta 2. atalean ezarritako aurrekontu-mugei egokituz. Ebazpen proposamen horretan dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak zehaztuko dira, bai eta laguntzen zenbatekoa ere.
4.– Kalifikazio batzordeak egindako ebazpen proposamenak Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari bidaliko zaizkio, eta horrekin batera espediente osoa ere bai, sailburuordeak eskaerei buruzko ebazpena har dezan.
5.– Ebazpenak ekitaldi bakarrean hartuko dira, agindu honen 5. atalean ezarritako epeetan. Agindu honen babespean aurkeztutako eskabideak ebazteko gehienezko epeak ez du sekula sei hilabeteko muga gaindituko.
6.– Ebazpena hartzeko epea bukatu eta erantzunik jaso ez bada, eskatutako dirulaguntza ezetsi egin dela ulertu behar da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) 44. atalean ezarritakoaren ondorioetarako, Lege horrek berak Administrazioari berariaz ebazpena har dezan agindutakoaren aurka jo gabe.
7.– Dirulaguntza egokitzen zaienei hartutako Ebazpenaren berri emango zaie. Dena den, Ebazpena argitaratu ere egingo da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
9. artikulua.– Ordainketa.
Dirulaguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da: lehen zatian, dirulaguntza kopurutik ehuneko hirurogeita hamar ordainduko da Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen onespen ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean eta, bigarrenean, gainerako kopurua, kirol jarduera edo egitaraua bukatuta, emandako dirulaguntzaren diru kopuru osoa behar bezala justifikatu ondoren.
Aurreko lerroaldean ezarritakoaren aurka joan gabe, burututa dauden jardueren dirulaguntzak ordainketa bakar batez gauzatu ahal izango dira, bi hilabeteko epean, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen onespen ebazpena hartzen denetik hasita, beti ere, eskabidearekin batera jardueraren aurrekontua burutu dela erakusten duen dokumentazioa aurkeztu eta Agindu honen 12. atalean adierazitako moduan justifikatu ondoren.
10. artikulua.– Dirulaguntza jasotzen dutenen betebeharrak.
Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza ematen zaiela jakinarazteko gutuna jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espreski eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza aurkeztutako aurrekontuan zehaztutako gastuak ordaintzeko erabiliko da, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak dirulaguntza emateko hartutako ebazpenaren arabera.
c) Emandako dirulaguntza ezingo da erabili, 1998an entitate eskatzailean jardundako langileentzat ezarritako urteko ordainketa osoa kontuan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden langileentzako finkatzen den igoera baino gehiago ordaintzeko.
d) Ekonomi Kontrolerako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazio guztia ematea, eskatuz gero.
11. artikulua.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.
Dirulaguntzaren bat jaso duten entitate onuradunek, programaren bilakaerari buruz eskatutako informazio guztia eman beharko diote Kirol Zuzendaritzari.
Jarduera burutzen den bitartean, agerian jarri beharko da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren dirulaguntza jaso dela eta, horretarako, Kultura Sailak berak emango dituen ikurrak erabiliko dira.
12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
Dirulaguntzaren bat jaso duten erakundeek, ondoren zehaztuko den dokumentazioa aurkeztu beharko dute Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzan hiru hilabeteko epean, diruz lagundutako kirol jarduera edota, hala badagokio, partaidetza, bukatu eta hurrengo egunetik hasita:
a) Burututako jarduera edo egitarauari buruzko txosten zehatza.
b) Arau orokor gisa, gastuaren jatorrizko froga-agiriak, edo, bestela, haien fotokopia konpultsatuak, aurkeztutako gastu osoari dagozkionak.
Salbuespen gisa, eta Euskal Autonomi Elkarteko aurrekontuen bidez finantzatu beharrekoa aurkeztutako gastuen aurrekontuaren %50 baino gutxiagokoa baldin bada, aurkeztu beharreko froga-agiriak emandako dirulaguntzaren zenbateko osoari dagozkionak izan beharko dute, eta aurreko idazatian ezarritakoari jarraituz aurkeztu beharko dira.
c) Pertsonal gastuak justifikatzeko langileek 1998 eta 1999 urteetan jasotako kopuruen egiaztagiri edo dokumentu baliagarria aurkeztu beharko da.
d) Kultura Sailak ekintza babestu duela berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzen arabera.
e) Jarduera edo egitaraua garatzerakoan Euskal Autonomia Elkarteko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzeko dokumentazioa.
f) Gertakariaren gastuen behin-betiko balantzea, bertan diru-sarrera eta gastuak zehaztuta eta, batez ere, eskabidea aurkezteko momentuan hartuko zutenik ez jakiteagatik adierazi gabe geratu eta ondoren xede berberaz jasotako gainerako laguntza guztiak aipatuta.
Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak dagokion kitapena Ebazpena hartuko du eta, hala badagokio, ordurako ordainduta dagoen dirulaguntzatik zein diru-kopuru itzuli behar den zehaztuko du. Hori gertatzekotan, horretarako bi hilabeteko epea emango da, kitapen Ebazpena ematen den egunetik hasita.
13. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
Dirulaguntza ematearen aldeko ebazpena hartzeko eragin zuen baldintzetakoren bat betetzen ez dela ikusten baldin bada, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako diru kopuru guztia eta haren interesak itzuli beharko zaizkio, hala egin dadila agintzen baitute azaroaren 11n emandako 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak.
14. artikulua.– Errekurtsoak.
1.– Agindu honen aurka berrezartzeko errekurtsoa jartzeko aukera egongo da Kultura sailburuaren aurrean hilabeteko epean, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
2.– Berrezartzeko errekurtsoa jartzen bada, ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ipini, berrezartzeko errekurtsoa espreski ebatzi edo ustezko gaitzespena ematen duten arte.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 1999ko ekainaren 30a.
Kultura sailburua,
M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.