199. zk., 1998ko urriaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiroa
4676
259/1998 DEKRETUA, irailaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioen kudeaketari buruzkoa.
Ekainaren 21eko 216/1994 Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautu zen. Baina arau hori ezarri zenetik lortutako eskarmentua eta alor horretan egon diren aurrerapen teknikoak direla eta, ezinbestekoa da eremu honetako ekimenak bideratuko dituzten printzipoen arabera xedapen egokiagoa eranstea, betiere otsailaren 27ko 3/1998 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko ezarriak), 1994ko ekainaren 24an Eusko Legebiltzarrak onartutako Hondakin Bereziak Kudeatzeko Planak, eta Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Lege berriak ezarritakoaren arabera.
Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorrak, 69. atalean ezartzen duenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak hondakinen arloan honako printzipioei jarraitu beharko die: lehenik, hondakinak jatorrian prebenitu eta minimizatu egingo dira, beren produkzioa eta kaltegarritasuna murriztuz; bigarrenik, hondakinak berriz erabiltzea, birziklatzea, edota horiek birgaitzeko eta zikloak osatzeko beste edozein bide bultzatuko da; hirugarrenik, eta azkenik, erabil ezin daitezkeen hondakinak egoki ezabatuko dira, eta horiek ondo kudeatzeko behar diren neurriak ezarriko dira.
Aipatutako legearen 76. atalaren lehen puntuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoak hondakin arriskutsuak sortzen dituzten produkzio- eta kudeaketa-jarduerak baimendu, ikuskatu eta zigortu beharko ditu, betiere Ingurugiro-organoak hondakin arriskutsuei buruz prestatutako planen arabera.
Halaber, Aldi baterako Xedapenetatik Bigarrenaren arabera, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 77. atalean aipatzen diren hondakinak kudeatzeko planak onartzen ez diren bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Berezien Planak indarrean jarraituko du.
Bestalde, Hondakinei buruzkoaren apirilaren 21eko 10/1998 Legearen arabera, hondakinak kudeatzeko planak prestatzea Autonomia Erkidegoei dagokie, eta hondakinen produkzio- eta kudeaketa-jarduerak baimendu, zaindu, ikuskatu eta zigortzea ere bai. Erkidegoek hondakin arriskutsuak erregulatzen edo kontrolatzen laguntzeko beharrezko diren babes-arauak erantsi ahal izango dituzte.
Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuaren proposamenari jarraituz, eta 1998ko irailaren 29an Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, ondorengoa
XEDATU DUT:
1. atala.– Helburua.
Dekretu honen helburua erabilitako olioari buruzko zuzenbide-erregimen erregulatzailea ezartzea da. Erregimen horretan, bere ezaugarri bereziak direla eta, erabilitako olioa era egokienean erabiltzeko ekimen-sorta zehaztuko da.
2. atala.– Definizioak.
Dekretu hau aplikatzean honako definizioak kontuan hartu beharko dira:
a) Erabilitako Olioa: oinarri mineral edo sintetikoa duen edozein olio industrial edo lubrifikatzaile, lehen erabiltzearen ondorioz zegokion lana bete ezin dezakeenean.
Bereziki, eta arau honetan aipatzen den zuzenbide-erregimena aplikatzeko, erabilitako olio-motak honakoak dira: automobilgintzan erabiltzen den lubrifikatzailea, karterretarako olio industriala, olio hidraulikoa, tenplaketarakoa, termikoa eta itsas olioa.
b) Kudeaketa: Gizakien osasuna zaindu, eta Ingurugiroa zein baliabide naturalak babesteko, erabilitako olioa era egokienean kudeatzeko ekimen-sorta, jasotze, bilketa, aurretratamendua eta tratamendua bera barne.
k) Ezabapena: Erabilitako olioaren osagarriak inola ere erabiltzen ez dituen edozein tratamendu.
Erabilitako olioa 6 hilabetetik gora bilduta edukitzea kontzeptu honetan barne dago.
l) Produzitzailea: Enpresa- edo jarduera-titularra izanik, erabilitako olioa sortu edo inportatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa. Hurrengo ataletan ezarritakoa ezeztatu gabe, kontsumo-jardueraren ondorioz erabilitako olioa sortzen duen erabiltzailea ez da produzitzailetzat hartuko. m) Produzitzaile Txikia: Urteko 20 tona edo gutxiago hondakin arriskutsu sortu edo inportatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa, hondakinak erabilitako olioa baizik ez delarik. Erabilitako olioaz gain beste hondakin arriskutsuak sortzen dituztenek ere, betiere urteko 10 tona edo gutxiago, produzitzaile txikitzat har daitezke.
Nolanahi ere, kopurua urteko 10 tonatik gorakoa edo beherakoa izateaz gain, hondakin horiek giza osasunarentzat, baliabide naturalentzat eta Ingurugiroarentzat arriskutsuak diren kontuan hartuz pertsona fisikoa edo juridikoa produzitzaile txiki bilaka daiteke.
Erabilitako olioaren produzitzaile txikiek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro Sailaren erregistroan izena eman beharko dute.
n) Banakako erabiltzailea: Kontsumo-jardueraren ondorioz erabilitako olioa sortzen duen erabiltzailea, bereziki ibilgailu baten jabea.
ñ) Kudeatzailea: Erabilitako olioa kudeatzeko edozein ekimen egiteko baimena duen pertsona fisiko edo juridikoa, erabilitako olioa berak sortzen duen ala ez kontuan hartu gabe.
o) Aurrejasotzailea: Erabilitako olioa jaso arte bere instalazioetan gordetzen duen pertsona fisiko edo juridikoa, bereziki lantegiak, koipeztaketa-estazioak eta garajeak.
Aurrejasotzaile izango dira, halaber, beren zentroetako guneren batean erabilitako olioa gordetzen dutenak. Ingurugiro Sailak baimena eman ondoren olioa erabili eta aldatzen duten beste edozein instalazio ere aurrejasotzaile izango da, nahiz eta eragiketak erabiltzaileak berak egin.
p) Jasotzailea: Produzitzaileek eta aurrejasotzaileek bidalitako hondakinak kudeatzaileei (edo kudeatzaile batetik bestera) bidaltzen dizkien pertsona fisiko edo juridikoa.
3. atala.– Salbuespenak.
Dekretu hau ez zaie honakoei aplikatuko:
a) Landare-olioei.
b) Kutxetetarako, eta horiek bereizteko sistemetarako olioari.
c) Erregai-deposituen hondoei eta beste ur hidrokarburatuei. d) Taladrina erdisintetiko, sintetiko edo mineralei.
e) Animalien olio eta koipeei.
4. atala.– Erabilitako Olioaren Titularra.
1.– Erabilitako olioak titularra izango du beti, eta hori produzitzailea, aurrejasotzailea ala kudeatzaile baimendua izango da.
2.– 2. atalean definitutako banakako erabiltzaileak ere titular izango dira.
5. atala.– Debekuak.
1.– Erabilitako olioa duten, edo horren titular diren pertsona fisiko edo juridiko guztiak hondakinak egoki kudeatzera behartuta daude, eta poluzioa jasotzen dituztenei ez pasatzen saiatuko dira.
2.– Aurreko paragrafoaren arabera honakoak galerazita daude: a) Erabilitako olioa gainazaleko uretara, barrukoetara, lur azpikoetara, lurraldeko itsasoko edozein gunetara, eta hondakin-uren estolderia- edo hustuketa-sistemetara isurtzea.
b) Lurzorurako kaltegarri den erabilitako olioa isurtzea, eta erabilitako olioa tratatzean sortzen diren hondakinak kontrolik gabe isurtzea.
c) Indarrean dauden legeek ezartzen dutena baino aire-poluzio handiagoa eragiten duten erabilitako olioaren tratamenduak erabiltzea.
6. atala.– Helburuak.
1.– 1994ko ekainaren 24an Eusko Legebiltzarrak onartutako Hondakin Bereziak Kudeatzeko Planaren arabera, eta, une honetako egoera (teknika, ekonomia eta antolaketaren aldetik) dela eta, erabilitako olioa bereskuratzeko aipatutako Planaren helburuak (hurrengo puntuan zehaztuko direnak) bete ezin direnez, energia-balioztatzeari emango zaio lehentasuna.
2.– Aurreko puntuan eta Hondakin Bereziak Kudeatzeko Planaren arabera, urtero Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen diren erabilitako 17.050 tona olioren energia beranduenez 2000. urterako balioztatzeko helburua ezarriko da, gutxienez 10.000 tona Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetan balioztatuko direlarik.
7. atala.– Erabilitako olioa beste Autonomia Erkidegoetara eramatea
Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen diren erabilitako olioak tratatzeko beste Autonomia Erkidegoetara bidaltzearen ondorioz Eusko Legebiltzarrak 1994ko ekainaren 24an Hondakin Bereziak Kudeatzeko Planaren helburuak, aurreko atalean zehaztu direnak, bete ezin baldin badira, edo horiek betetzea zailago baldin bada, Ingurugiro-organoak hondakinak kanpora bidaltzea galarazi ahal izango du.
8. atala.– Erabilitako olioen produzitzaileen betebeharrak.
1.– Bosgarren atalaren lehen puntuan bete ahal izateko, erabilitako olioaren produzitzaileek honakoak bete beharko dituzte:
a) Beren lantegietan sortu den erabilitako olioa egoki bildu, poliklorobifeniloak, beste hondakin arriskutsuak, ura eta hondakin ez-oleaginosoak dituzten nahasteak saihestuz.
b) Erabilitako olioa jasotzen duten arte, bertan gordetzeko instalazio aproposak eduki, olioa jaso behar duten ibilgailuentzat aurkitzen eta sartzen errazak direnak.
2.– Halaber, erabilitako olioaren produzitzaileek baimendutako kudeatzaileari eman beharko diote olioa, betiere horren ezaugarri fisiko-kimikoak aztertu ondoren Dekretu honek 20. atalean ezarritakora egokitzen dela baieztatuz.
3.– Erabilitako olioa 15. atalean aipatzen diren jasotzaileek garraiatu ahal izango dute, baldin eta horretarako baimenduak badaude eta beharrezko baimenak badituzte. Jasotzaileak ez dira erabilitako olioaren titular bihurtuko. Erabilitako olioa horretarako baimena duen beste edozein garraio-motak jaso ahal izango du.
4.– Aurreko bi puntuetan ezarritakoa ezeztatu gabe, produktore txikiek erabilitako olioa Dekretu honetako 15. atalean zehazten diren jasotzaileei eman beharko diete. Jasotzeileek, olioa baimendutako kudeatzaileari bidali aurretik, olioaren ezaugarri fisiko-kimikoak Dekretu honen 20. atalak ezartzen duenera egokitzen direla egiaztatu egingo du.
9. atala.– Produzitzaileen beste zenbait betebehar.
1.– Erabilitako olioaren produktoreek honako Lege eta Dekretuetan jasota dauden betebeharrak izango dituzte: Erabilitako Olioak Kudeatzeko 1989ko otsailaren 28an eta 1990eko ekainaren 13an emandako aginduak; hondakin arriskutsuak sortzen dituztenentzako apirilaren 21eko 10/1998 Legea, Hondakinei buruzkoa, eta uztailaren 20ko 833/1988 eta ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuak.
2.– Aurreko paragrafoaren arabera, produzitzaileek beren jarduera babesteko baimena lortu beharko dute. Horrez gain urtero aitorpena egin beharko dute, beren jardueren erregistroa eduki beharko dute, haien kontrola eta ikuskapena ziurtatuz.
3.– Dekretu honen 2. atalean definitu diren produzitzaile txikiek ez dute produzitzaile-baimena lortu beharrik izango, ezta urteroko aitorpena egin beharrik ere. Produzitzaile txiki gisa jarduteko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuan zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte.
10. atala.– Aurrejasotzaileen betebeharrak.
1.– Lantegi, koipeztaketa-estazio eta garajeek erabiltzaileengandik datorren erabilitako olioa derrigor jaso beharko dute, baldin eta olioa merkataritza- edo industria-jardueran erabiltzaileari emandako zerbitzuaren ondorioz sortu bada. Erabilitako olioa jasotzeko baimena duen pertsonari eman beharko dio gero.
2.– Beren instalazioetan erabilitako olioa gordetzen duten merkataritza-zentroek, edo automobilentzako olioa erabili edo aldatzen duen beste edozein instalaziok (nahiz eta olioa erabili edo aldatzen duena erabiltzailea bera izan) Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organotik beren jarduera babesteko baimena lortu beharko dute. Horretarako eskaera egitean, dokumentazio bidez erabilitako olioa nola kudeatuko duten adierazi beharko dute, eta baimendutako kudeatzaileak jaso baino lehen erabilitako olioak maneiatzeko zein baliabide erabiliko diren zehaztu ere bai, bereziki zein eratako ontziak diren, non kokatuko diren eta nola babestuko diren.
3.– Aurreko puntuan aipatutako baimena lortzeko fidantza ordaindu beharko da batzuetan, eta horren zenbatekoa jardueraren ondorioz Administrazioarekiko betebeharrei aurre egiteko adinakoa izango da.
11. atala.– Aurrejasotzaileen erregistroa.
1.– Erabilitako olioei buruzko jarduerak fiskalizatzearren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoak erabilitako olioen aurrejasotzaileen erregistroa eratuko du.
2.– Ingurugiro-organoak zuzenean inskribatuko ditu garajeak, koipeztaketa-estazioak eta lantegiak horretarako eratzen den erregistroan, betiere aurrejasotzeko eragiketak egiten direla bilketa-kontroleko dokumentuen bidez agirizko egiaztapena dagoenean.
3.– Gainerako aurrejasotzaileei dagokienez, Dekretu honen 10-2 atalak aipatzen duen baimena lortzen dutenean inskribatuko dira erregistroan.
12. atala.– Ontziratzea eta etiketa ipintzea. Olio erabilien aurrejasotzaileek, baimendutako jasotzaileei entregatu baino lehen, erabilitako olioa ontziratu eta etiketa ipini beharko dute, ondoko baldintzak betez:
a) Ontziak eta hauen itxiturak ihesik ez izateko moduan diseinatu eta egingo dira eta edukiak erasoko ez dien eta edukiarekin konbinazio arriskutsuak sortuko ez dituzten materialez egingo dira.
b) Ontziak eta beren itxiturak beharrezko manipulazioei seguru erantzuteko sendoak eta erresistentziadunak izango dira eta egiturazko akatsik gabe eta itxuraz ihesik gabe mantenduko dira.
c) Erabilitako olioa duten ontziek etiketa argi, irakurtzeko moduan eta ez ezabatzeko moduan izango dute.
Etiketan honakoak ipini behar dira:
– Ekainaren 20ko 952/1997ko Errege Dekretuak aldatutako uztailaren 20ko 833/1988ko Errege Dekretuaren I. eranskinean erabilitako olioarentzat ezarritako identifikazio-kodea.
– Titularraren izen, helbide eta telefonoa.
– Arriskuak nolakoan diren. Horretarako aipatutako Araudiaren II. eranskinean dauden piktogramak erabiliko dira ontzietan, bertako 14.3 atalean agintzen den bezala Toxiko eta Arriskutsuentzat. Horretarako, aipatutako xedapenean 14.6 atalean esandakoa ere kontuan izango da.
13. atala.– Olio erabilia aurrejasotzearen kontrol-erregimena.
Olio erabiliaren aurrejasotzaileek Erabilitako Olioei buruz 1990eko ekainaren 13ko Aginduan lantegi, koipeztaketa-estazio, garaje eta produzitzaile txikientzat aurreikusitako kontrol eta segimendurako erregimenaren menpe geratzen dira.
14. atala.– Aurrejasotzeko bilketa-baldintzak.
1.– Erabilitako olioa aurrejasotzaileen instalazioetan eduki behar da biltegiratuta, egoera egokian eta hiru hilabete baino epe laburragoan.
2.– Aurrejasotzaileek erabilitako olioa jaso arte mantentzeko instalazioak eduki beharko dituzte eta instalazio horietara aipatutako olioa jasotzeko ibilgailuek erraz iristeko modua izango dute.
3.– Erabilitako olioa aurrejasotzeko ondoko arauak izango dira kontuan:
a) Erabilitako olioak ezin dira poliklorobifeniloekin edo beste gai arriskutsuekin nahastu; ezta urarekin edo hondakin ez-oleaginosoekin ere.
b) PCB/PCTren 50 p.p.m. baino gehiago duen erabilitako olioari, dagokion berariazko araudia aplikatuko zaio eta pertsonei zein ingurugiroari kalterik ez eragiteko moduan kudeatu beharko dira.
15. atala.– Erabilitako olioa jasotzea.
1.– Aurrejasotzaileen instalazioetatik edo produzitzaile txikien zentroetatik erabilitako olioa jaso eta gero kudeatzaileari entregatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoak horretarako baimendutako pertsona fisiko edo juridikoek egingo dute.
2.– Erabilitako olioa jasotzeko jarduera garatzeko aurrez behar den eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoak ematen duen baimena, apirilaren 21eko 10/1998ko Hondakin Legeak eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak ezarritako baldintza eta betekizunen arabera emango da.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoak erabilitako olioak jasotzeko jarduerarako ematen duen baimenak jarduera horretarako eta garraio-jarduerarako baldintza eta betekizun teknikoak ezarriko ditu (eta zehazki, Dekretu honetako 20. atalean eta bertan adierazitako kasuetan aurreikusitakoaren arabera, erabilitako olioari ezaugarri fisiko-kimikoak egiaztatu beharra).
4.– Aurreko puntuan adierazten diren baimenak ematea, 1994ko ekainaren 24an Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Berezien Kudeaketa Planean aurreikusitako helburuak betetzearen menpe egongo da, eta jarduera Dekretu honetako 6. atalean zehazten diren helburuen kontrakoa denean, baimena ukatu ahal izango da.
5.– Jasotzaileek erabilitako olioa aurrejasotzaileen instalazioetatik gutxienez hiru hilabetetik behin jasotzea bermatuko dute.
6.– Aurreko 8.3. atalean ezarritakoaren arabera, titulartasuna bere gain hartu gabe erabilitako olioa produzitzaileengandik zuzenean eramaten duten jasotzaileek, horretarako prestaturik egon beharko dute eta arauzko baimen guztiak eduki beharko dituzte, kasu horretan erabilitako oliaren garraiatzaile izaera izango dutelarik.
7.– Erabilitako olioa garraiatzen duten bitartean, produzitzaileek emandako kargaren izaera fisiko-kimikoa mantentzea bermatuko dute. Titular desberdinen olioak batera garraiatzea debekatuta dago, ontziaren egoera dela eta olioak bereizita mantenduko direla bermatu ezin denean.
16. atala.– Erabilitako olioaren jasotzeko kontrol-erregimena.
1.– Erabilitako olioaren jasotzaileek bermatu egin beharko diote Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoari erabilitako olioaren azken helmuga bere ezaugarrientzat egokiena dela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Berezien Kudeaketa Planean aurreikusitako helburuen kontrakoa ez dela.
2.– Erabilitako olioa jasotzeko jarduera, batetik 1990eko ekaineko 13ko Aginduak ezarritako kontrol eta segimendurako erregimenaren eta bestetik Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoari izandako jardueraren hileroko laburpena aurkeztearen menpe dago.
3.– 1990eko ekainaren 13ko Aginduan adierazten diren bilketa-kontroleko «A» dokumentuak Ingurugiro-organoak emango ditu baimendutako jasotzaileak eskatuta. Dokumentu-kopurua bere jarduera-bolumenaren araberakoa izango da, lehenago emandako dokumentuen bi herenak fiskalizatzeko aurkeztu ondoren.
4.– Erabilitako olioa jasotzeko jardueran Dekretu honetako 14.3. atalean adierazitako baldintzak kontuan izango dira.
17. atala.– Erabilitako olioa kudeatzeko beste zenbait jarduera.
1.– Erabilitako olioa ontziz aldatzea, aurretratamendu eta tratamendurako estazioetako biltegiratze-jarduerak burutzeko aurrez baimen administratiboa behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoak apirilaren 21eko 10/1998ko Hondakin Legean eta uztailaren 20ko 833/1988ko Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera emandakoa.
2.– Aurreko puntuan adierazten diren baimenak ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Berezien kudeaketa Planean adierazi eta Dekretu honetako 6. atalean zehaztutako helburuak betetzearen menpe egongo da, eta jarduera helburu horien kontrakoa denean baimenak ukatu egin daitezke.
3.– Erabilitako olioaren biltegiratze, aurretratamendu eta tratamendurako jardueretan kontuan izan behar da Dekretu honetako 14.3. atalean aurreikusitakoa.
4.– Erabilitako olioek barne dituzten lehengaiak edo energia aprobetxatzeko erabiltzea, xede guztietarako hondakin arriskutsuen kudeaketa-jardueratzat hartuko da, eta ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoaren baimena beharko du.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoaren kontrolaren menpe egotearen kalterik gabe, aurrez kudeatzaile baimenduaren instalazioetan tratamendua izandako olioa erregai edo lehengai gisa erabiltzea ez da hondakin arriskutsuen jarduera gisa hartuko, betiere tratamendu horrek olioa gero erabiltzeko kudeatzaileari emandako baimenean ezarritako baldintzak betetzen baditu.
6.– Olioak aurrez tratamendua beste Autonomia Erkidegoko baimendutako kudeatzailearen instalazioetan izan badu, Ingurugiro-organoak olio hori erregai edo lehengai gisa erabiltzea baldintza dezake Euskal Autonomia Erkidegoan antzeko kudeaketa-instalazioei eskatzen zaizkien parametroak betetzera.
7.– Ingurugiro-organoak kontrola egin dezan, kudeatzaile baimenduaren instalazioetan aurrez tratamendua egindako olioa erabili nahi den instalazioen titularrek, aipatutako organoari jakinarazi egin beharko diote onarpena eskatuz eta, erregai gisa erabili nahi bada, aurreko puntuan adierazitakoaz gain erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen 1989ko otsailaren 28ko Aginduan ezarritako emisio-mugak errespetatzen direla justifikatuz.
18. atala.– Ontziz aldatzeko estazioak.
1.– Ontziz aldatzeko estazioetan erabilitako olioak biltegiratzeak, 1991ko uztailaren 18ko Aginduan xedatutakoa bete beharko du. Agindu horrek ikido sukoi eta erregaiak biltegiratzeko MIE APQ-001 Jarraipide Tekniko Osagarria aldatzen du.
2.– Ontziz aldatzeko estazioen hondakin arriskutsuen kudeaketako jarduera gisa baimenak izapidetzeko, aurreko puntuan ezarritakoa bete egiten dela justifikatu beharko da.
3.– Beren helmuga ontziz aldatzeko estazioa duten erabilitako olioak egokiak direla egiaztatzeko, estazio horrek behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak edukiko ditu, Dekretu honen Eranskinaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoak horretarako ezarritako onarpen-parametroak betetzen direla egiaztatu ahal izateko.
4.– Ontziz aldatzeko estazioaren berezko hornidurak, gutxienez bertan hartuko diren erabilitako olioen kopuruek duten PCB eta PCTen edukia, guztizko kloroa eta su hartzeko puntua zehazteko aukera eskainiko du. Balio horiek zehaztea betiere eta olio-sail bakoitzeko laborategi-arduradun baten ikuskaritzapean egingo da. Aipatutako arduraduna ontziz aldatzeko estazioko plantilan egongo da eta espezializatutako goi-mailako tituluduna izan behar du.
5.– Aurreko puntuetan adierazitako eskakizunak erabilitako olioak tratatzeko instalazioetan exiji daitezke.
19. atala.– Garraialarien erregistroa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiro-organoak erabilitako olioen garraialarien erregistroa prestatuko du. Erregistoran inskribatzeko, erabilitako olioa garraiatzeko jardueren titular direnek erregistroan inskribatzea eskatuko dute, aurrez ondoko dokumentazioa aurkeztuta:
a) Eskatzen duen titularra identifikatzeko datuak.
b) Erabilitako olioa garraiatzeko izango diren ibilgailuen zerrenda.
c) Aipatutako ibilgailuen ezaugarri teknikoak.
d) Errepide Garraiorako Araudia eta ibilgailu-zirkulazioko gainerako arauak betetzearen ziurtagiria.
e) Ikuskaritza teknikoaren txartelaren kopia eguneratua.
2.– 15. atalean adierazitako erabilitako olioen garraialariak ofizioz inskribatuko dira garraialari-erregistroan, beren jardueran aritzeko Ingurugiro-organotik baimena jaso ondoren. Inskribapenak ahalmena ematen die erabilitako olioa garraiatzeko, Ingurugiro-organoan Dekretu honetako 15.6. atalean ezarritako baldintzak bete egiten dituztela egiaztatu ondoren.
20. atala.– Erabilitako olioaren analisia.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan sortu edo bertara etortzen den erabilitako olioaren ezaugarri fisiko-kimikoak egiaztatzea Ingurugiro-organoari dagokio, gero baimendutako kudeatzaileak emango dion tratamendurako egokia dela egiaztatzeko.
Erabilitako olio bera bi aldiz ez egiaztatzeko (produzitzaileek eta jasotzaileek erabilitako olioa Dekretu honetako 2. atalean definitutako ontziz aldatzeko estazioetara entregatzen dutenean), puntu honetan aipatutako egiaztapena erabilitako olioa ontziz aldatzeko estaziotik tratatzeko azken kudeatzaile baimenduraino eraman baino lehenago egin beharrekoa bakarrik izango da derrigorrezkoa.
2.– Aurreko puntuan xedatutakoa behar bezala betetzeko, Dekretu honetako 15. eta 19. ataletan adierazitako erabilitako olioen jasotzaile eta garraialariek erabilitako olioen kargekin batera bilketa-kontroleko «A» dokumentuak eta kontrol eta segimenduko «B» dokumentuak eramango dituzte, erabilitako olioen kudeaketa arautzen duen 1990eko ekainaren 13ko Aginduan zehazten direnak, hain zuzen.
3.– Erabilitako olioen jasotzaileek eta garraialariek erabilitako olioen bi edo karga gehiago beren ezaugarri fisiko-kimikoak bereizita eramaten dituztenean, karga bakoitzak 1990eko ekainaren 13ko Aginduan adierazitako kontrol eta segimenduko dokumentua izan beharko dute eta bakarka egiaztatuko dira, atal honetako lehen puntuan aipatzen den bezala.
21. atala.– Ingurugiro-organoaren zereginak.