Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 1998ko ekainaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiroa
2539

ERABAKIA, 1998ko maiatzaren 14koa, Ingurugiro sailburuordearena, "Hernaniko hegoaldeko saihesbidea eraikitzeko proiektua" delakoari buruzko Ingurugiroarekiko Erasoa deklaratzeko dena.

Ekainaren 28ko 1302/1986 E.L.D., Ingurugiroarekiko Erasoa Neurtzeari buruzkoa, eta irailaren 30eko 1131/1988 E.D. betez, hauen eraskinetan jasotako obra, instalazio edo beste edozein jarduera gauzatzean dautzan egitasmo publiko zein pribatuak, Ingurugiroarekiko Erasoaren Ebaluaketaren Jardunbidera jarri beharko dira. Ondorioz, eta aipatutako jardunbidearen eta, era berean, otsailaren 14ko 27/1989 Dekretuaren indarrez, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saileko Ingurugiro Sailordetzari dagokio ingurugiro eta natura baliabideen zaingo egokirako ezarri behar diren baldintzak jasoko dituen Ingurugiroarekiko Erasoaren Deklarapena gauzatzea. «Hernaniko hegoaldeko saihesbidea eraikitzeko proiektua» delakoak Ingurugiroarekiko Erasoari buruzko indarreango araudia betetzen duenez, eta irailaren 30eko 1131/1988 E.D.aren 22. atalean jasotako izapidea betez, Ingurugiro sailburuordeak, hauxe

ERABAKI DU:

1.– «Hernaniko hegoaldeko saihesbidea eraikitzeko proiektua» delakoaren Ingurugiroarekiko Erasoaren Deklarapen hau egitea, aldeko izaeraz. 2.– Proiektua baimentzeko, honako baldintza hauek ezartzea: A.– Obrak Gipuzkoako Foru Aldundiak Ingurugiro Sailordetza honetan ingurugiroaren ebaluaketa egiteko aurkeztu dituen agirietan jasotakoari egokituko zaizkio orohar eta, batez ere, erabaki honetan jasotakoari.

Obrak egin ahala proiektuan sor daitezkeen aldaketak eta ingurugiro arloan eragin dezaketen funtsezko aldaketak ekar baditzakete, Ingurugiro Sailordetzari jakinarazi beharko zaio horiek egin aurretik, ekainaren 28ko 1302/1986 L.E.D.aren arabera, ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluaketa egitea komenigarri den zehatz dezan.

B.– Obrei hasiera eman aurretik, eraikuntza proiektuen zehaztasun mailarekin garatu beharko dira ondoan aipatzen direnak, kasuan kasuko neurri babestzaile eta zuzentzaileak, zaingo plana, aurrekontua eta betekizunen plegua barne:

b.1.– Zabortegiak burutzeko proiektua.

Berariazko proiektua idatzi beharko da indusketako hondakinak biltzeko zabortegiak kokatzeko. Honako hauek izango ditu kontutan proiektu horrek:

a) Lehentasuna emango zaio indusketatik sortutako materialak inguruko eremu degradatuak birjasotzeko erabiltzeari, eta batez ere Santa Barbara harrobikoak, hori guzti hori Hernaniko Udalak sustatzen dituen birjasotze planen arabera.

b) Dolina eta sakana karstikoei dagozkien kokapenak kanpoan geratuko dira.

c) Iturburu eta urbide iraunkorrak, bai eta interes naturalistikoa duten landare eta fauna ere jasotzen dituzten ibarrak kanpoan geratuko dira.

Kontutan hartutako kokapen bakoitzak ingurugiroan egiten duen eraginari buruzko azterketa, hartutako aterabidearen justifikazioa, aurrikusitako birjasotze neurriak eta horietarako aurrekontua jaso beharko ditu proiektuak. Honako hauen azterketa zehatza egin beharko da bereziki:

a) Aurrikusitako, badauden eta egin beharreko sarbideak.

b) Gehienez hartuko den eremua seinalizatzea.

c) Paisajea birjasotzeko diseinua, zabortegi bakoitzari egokitua.

d) Drenajerako gailuak paisajean sartzea.

b.2.– Obrei hasiera eman aurretik, obraren titularrak hondakinen biltegiak ezartzeko proiektua aurkeztu beharko du beti ere, Ingurugiro Sailordetzak onets dezan, hondakin bizigabe eta bizigabetuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Proiektu horren edukia 1995eko otsailaren 15eko Aginduan, hondakin bizigabe edota bizigabetuetarako isurtegien instalazio, betedura eta lur egokitzapenari buruzko proiektu teknikoen eta azalpen-memorien edukiari buruzkoa, «betedurei» dagokienez ezarritakoari egokituko zaio.

b.3.– Obra bideetarako, makineria kokatzeko eta materialak, lur begetala eta abar biltzeko proiektua.

Proiektu hori kontratistak diseinatu beharko du, ingurugiroaren gaineko erasoak gutxitzeko eta obra zuzendariari aurkeztu beharko zaio, onespena eman dezan. Berariazko atala izan beharko du, eragindutako espazioa birjasotzera bideratutako jardueren diseinua jasoko duena. Obraren zuzendariaren onespena berariazkoa izan beharko da, erabakiaren E atalean aipatzen den Ingurugiro Aholkularitzak irizpena eman ondoren. Arreta berezia jarri beharko da auzo bideetan eta, batez ere, auzoak lotzen dituzten bideetan ohiko zirkulazioa luzaro ez eragozteko.

b.4.– Drenaje lanak paisajean integratzeko beharrezkoak diren neurriak eta aurrekontu eskuarteekin osatu beharko da birlandaketa proiektua. C.– Ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanean proposatutako neurri zuzentzaile guztiak jardunean jartzeko bideetara egokitu behar da proiektua. Horretarako, neurri zuzentzaile horiek obra kontratatzeko Betekizunen Pleguetan jaso beharko dira eta kasuan kasuko aurrekontua izendatu behar zaie, betetzen direla bermatzeko. Gainera, honako hauen araberako aginduak erantsi beharko dira:

c.1.– Hondakin berezien tratamendua.

c.1.1.– 2+500 eta 2+600 kilometroen artean egindako mozketatik sortutako materialak, azterlan geologikoan aurkeztutako informazioaren arabera betedura artifizialak direnak, karakterizazio azterlan batera jarri beharko dira eta proposamen berria idatzi beharko da aurrikusitako erabilera planari buruz, horren izaeraren arabera.

c.1.2.– Erabilitako olioak eta mundrunak botatzeko badira, hondakin toxiko eta arriskutsu legez hartuko dira, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritakoaren arabera. Beraz, debekatuta dago horiek zuzenean edo beste material batzuekin nahastuta botatzea, kontratistak Ingurugiro Sailordetzan egiaztatu egin beharko duela hondakin horien irisleku egokia. Era berean, hondakinen sortzaile izatearen baimena eskatu edo, bestela, hondakin toxiko eta arriskutsuen sortzaile txikien erregistroan, ingurugiro organo honek sortua, izena eman beharko du.

c.2.– Eraginak itsas-lehorreko jabari publikoko babes-zorpeko aldean.

I-1/5 lotunearen zati bat (horrela deituta ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanean jasotzen den neurri zuzentzaileen proiektuan) eta T1 drenaje lana, itsas-lehorreko jabari publikoko babes-zorpeko aldeak eragindutako lurretan aurrikusi dira. Eremu horretan aurrikusitako lanek Ingurugiro Sailordetzaren baimena beharko dute, beraz, obrei hasiera eman aurretik, obraren titularrak kasuan kasuko baimen eskaria eskatu beharko du, abuztuaren 29ko 196/1997 Dekretuan xedatutako jardunbidearen arabera.

c.3.– Eragin zuzenak urbideetan.

Mozketaren hondakinak, lur begetala edo obraren bestelako materialak urbide naturaletatik hurbil aldibaterako biltzea aurrikusten bada, ubideetara solidoak ez jausi ez arrastatzeko moduan egin beharko da. Hala behar izanez gero, eraginak saihesteko beharrezkoak diren elementuak finkatuko dira.

Elementu horien ezaugarriak, kokapen zehatza eta dimentsioak erabaki honen b.3 puntuan aipatutako proiektuan jaso beharko dira.

c.4.– Lur mugimenduek ingurugiroan egiten dituzten eragin negatiboak zuzentzeko neurriak.

Material maileguak lortzeko harrobiak ireki behar badira, proiektuaren titularrak, aldez aurreko onarpena emateko behar besteko denboraz, proiektua, ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlana eta birjasotzeko plana aurkeztu beharko ditu Ingurugiro Sailordetzan.

c.5.– Bistari dagokionez, erasoak babesteko eta zaintzeko neurriak.

Indusketako ezponden hidrosiembra obrek dirauten bitartean egingo da, ezpondak egin ahala, azalerak homogeneoak direnean eta hezetasuna gordetzen dutenean. Baldintza hori obretarako planean jaso beharko da.

c.6.– Ondare naturalari dagokionez, erasoak babesteko eta zaintzeko neurriak.

Ezin izango dira urria eta ekaina bitartean egin Urumea gaineko zubibideari dagozkion lanak, zuzenean edo zeharka ubideari eragiten badiote, izokinen migrazio eta ugaltze sasoian erasoak saihesteko.

c.7.– Bideen birjarpena.

Alegazioak aztertzetik gai honetan proiektuak izan ditzakeen aldaketa zehatzak justifikatu egin beharko dira ingurugiroaren ikuspuntutik ere, neurri babestzaile eta zuzentzaile, zaingo plan, aurrekontu eta betekizunen pleguan sartuta aldaketok.

c.8.– Zarataren aurkako neurri babestzaileak.

c.8.1.– Ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanaren arabera, zenbait eremu oso sentikorrak dira soinu kalitatea galtzeari dagokionez, beraz, 0+450 eta 1+250 kilometroen arteko tartea azalkaduraren zarata gutxitzeko moduan burutu beharko da. Horretarako, ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanaren 1 zenbakiko eraskineko 6.4 atalak aipatzen duen zolu drenatzaile porotsua jarriko da.

c.8.2.– Erabaki honen f.2 atalak aipatzen dituen neurketatik lortzen diren datuen arabera, ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanean soinu kalitateari dagokionez jarri diren helburuak gainditu egiten direla egiaztatzen bada, azterlan horretan ohartemandako neurri zuzentzaileak gauzatu beharko dira.

c.9.– Beste neurri babestzaile eta zuzentzaile batzuk.

c.9.1.– Alegazioak aztertzetik edo obrak burutu bitartean sortutako beste edozein arrazoirengatik proiektuan sortzen diren aldaketa zehatzak ingurugiroaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira, neurri babestzaile eta zuzentzaile, zaingo plan, aurrekontu eta betekizunen pleguan jaso beharko direla aldaketok.

c.9.2.– Obrak dirauen bitartean garbiketa lanen kontrol zehatza egingo da ibilgailuak pasatzeko tokietan, bai proiektuaren eraginpeko ingururik zehatzenean eta eragindutako ingurunean bai irisbideetan eta, batez ere, dauden bide eta bizilagunak dituzten guneetatik obrarako sarbideetan.

c.9.3.– Obra amaitu eta gero, garbiketa ekitaldi zehatza egin beharko da, proiektuaren eraginpean egondako eremua obra hondakin guztietatik zeharo garbi gera dadin. Eraikinak lurreratzetik sortzen diren materialak, zimenduak, enkofratuak eta, oro har, alferriko elementu guztiak inguru horretatik kendu eta baimendutako zabortegiren batera eraman beharko dira.

c.9.4.– Saihesbidearen mantenimendu lanetan herbizidak erabiltzea ahalik eta gehien murriztu behar da, lehentasuna izanik prozedura mekanikoak. Beharrezkoak badira, ingurugiroari gutxien eragin diezaioketen produktuak erabiliko dira.

c.9.5.– Ondare kulturalaren babesari dagokionez, Ondare kulturalari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoa betetzeaz gain, 1998ko maiatzaren 11ean Ingurugiro Sailordetza honek egindako kontsultari Gipuzkoako Foru Aldundiak igorri dezaken erantzunaren edukia kontuan izan beharko da bereziki.

D.– Neurri babestzaile eta zuzentzaileetarako aurkeztutako aurrekontua osatu egin beharko da obrak bermea duen bitartean birlandatutako eremuak mantentzeari buruzko, proposatutako zaingo plana garatzeari buruzko eta, hala behar izanez gero, erabaki honetan aipatutako betekizunetatik sortzen diren obra-unitateekin.

E.– Obrak amaitu arte eta horren bermeak dirauen arte, ingurugiroko gaietan, Ondare Historiko-Artistikoaren zaingoan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza eduki beharko du Obraren Zuzendaritzak. Betekizunen Pleguan Obraren Zuzendaritzari izendatutako egitekoak direla eta, aipatutako gaiei buruz Obraren Zuzendaritzak erabakiak hartu aurretik aholkularitza horretako espezialistek egindako txostena hartu beharko dute gogoan.

F.– Ingurugiroaren zaingo egitaraua ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanean proposatutakoaren arabera burutu beharko da orohar. Egitarau hori obraren kontrataziorako betekizunen pleguan sartuko da eta berari dagokion aurrekontua beharko du izan, obrak behin-behinean hartu artean ezezik, bermeak dirauen arte ere, hau da, gutxienez hiru urte. Aldi horietan zehar ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanean proposatutakoarekin bat etorriz burutu beharko da zaintza hori, honako hauek gehituta:

f.1.– Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, baita neurri zuzentzaileak, babestzaileak eta konpentsaziozkoak noraino bete diren jasotzeko ere. Erregistro hori Ingurugiro Sailordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko da eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailordetzari bidali beharko zaio.

f.2.– Zarataren kontrola.

f.2.1.– 1. fasea. Autopista jardunean hasten denetik aurrera bi hiletik bi hilera neurtu beharko da zarata lehenengo urtean zehar 0+501, 0+580, 0+725, 0+820, 1+000 eta 1+160 kilometroetan kokatuta dauden etxebizitzen fatxadetan, puntako egunak barne, eguneko eta gaueko neurketak eginez. Ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanean ohartemandako kalitate helburuak gainditu egin direla egiaztatzen bada, azterlan horretan ohartemandako neurri zuzentzaileak edo aipatutako kalitate helburuak lortzeko beharrezkoak diren neurriak burutu beharko dira.

f.2.2.– 2. fasea. 1. faseari dagokion aldia bukatutakoan, jarraitu egingo da neurketak egiten sei hiletik sei hilera aipatutako puntuetan eta baldintzetan. Eraginaren azterlanean ohartemandako kalitate helburuak gainditu egin direla egiaztatzen bada, azterlan horretan ohartemandako neurri zuzentzaileak edo aipatutako kalitate helburuak lortzeko beharrezkoak diren neurriak burutu beharko dira. Neurketok sei hiletik sei hilera egiten jarraituko da aipatutako neurri zuzentzaileak burutzen badira ere, harik eta lortutako emaitzak egonkortu eta epe ertainera Hernaniko hegoaldeko saihesbidearen jarduera fasearen ezaugarri adierazkorrak direla jotzen diren arte.

f.3.– Obrak burutzen direnetik hurrengo urtean zehar berariazko txostena egin beharko da, Urumeako izokin taldeenganako eraginei buruzkoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten dituen kontroletan oinarrituta.

f.4.– Neurri zuzentzaile guztiak ezartzeak oro har izandako arrakastaren kontrola.

Urtero idatziko da txosten bat helburu horrekin, neurri zuzentzaile berrien proposamena jasoko duena, ezarritakoak nahiko ez direla izan frogatuz gero, eraso berriak antzemanez gero edo aurrerakuntza teknologikoek zuzenketarako jardunbide eraginkorragoak aplikatzeko bide ematen badute.

G.– Erabaki honen aurreko ataletan xedatutakoaren kalterik gabe, proiektuaren titularrak honako agiri hauek bidali beharko ditu, ingurugiroari dagozkion ondorioetarako soilik, Ingurugiro Sailordetzara, onets daitezen:

g.1.– Obrak hasi aurretik, obrek eragindutako betedura artifizialak erabiltzeari buruzko agiriak aurkeztu beharko ditu proiektuaren titularrak, erabaki honen c.1.1. puntuaren arabera.

g.2.– Obrak hasi aurretik, zabortegiak burutzeko proiektuei buruzko agiriak aurkeztu beharko ditu proiektuaren titularrak, erabaki honen b.1. puntuaren arabera.

G atalean aipatu diren agiri bakoitza igortzen denetik hogei asteguneko epea igarotzen bada berariazko adierazpenik izan gabe, kasuan kasuan aplikagarri den jardunbideari jarraitu ahal izango zaio.

H.– Proiektuaren titularrak honako agiri hauek bidali beharko ditu Ingurugiro Sailordetzara:

h.1.– Obrak bukatutakoan, obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa, baita neurri zuzentzaileak, babestzaileak eta konpentsaziozkoak noraino bete diren ere, erabaki honen f.1. puntuaren arabera.

h.2.– Urtean behin, neurri zuzentzaile guztiak ezartzeak orohar izandako arrakastari buruzko txostena, erabaki honen f.4. puntuaren arabera.

3.– Ingurugiroarekiko Erasoari buruzko Deklarapen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 1998ko maiatzaren 14a.

Ingurugiro sailburuordea,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.


Azterketa dokumentala